Hainbat ez dira batzuk

Alfontso Mujika Etxeberria

Ez nuen asmorik gaurko gai honi buruz ezer idazteko, baina, hainbat aldiz ikusi baitut kontu bera, ezin tentaldiari eutsi. Zenbatzaile zehaztugabeei buruzko kontutxo bat ekarri nahi dut hona. Zehaztugabeak direnez, ezin zehaztasun handirik eman, ezta?

Zehaztugabeak izanik ere, horrelako zenbatzaileek kopuru txikia edo kopuru handia adierazten duten zehazteko adina balio behar digute. Eta, dena erlatiboa bada ere, «gutxi» eta «asko» zenbatzaile zehaztugabeen artean kokatzeko besterik ez bada ere, gai izan beharko genuke zenbatzaile zehaztugabeen hurrenkera ordenatu bat adosteko.

Alegia, zuzenki baten mutur batean asko/anitz eta bestean gutxi izanik, gutxieneko adostasuna behar dugu batzuk, zenbait, ugari, hainbat, franko, makina bat eta abar ordenatzeko.

Alde batera utziko dut, erraztearren, nahiko/aski bikotea, kanpo-erreferente batekikoak izanik ez baitira eskala absolutu batean kokatzekoak. Alegia, «zerbaitetarako X aski» izateko, gerta daiteke «X gutxi» edo «X asko» behar izatea, zerbait horren arabera.

Bestalde, makina bat, franko eta ugari, zalantzarik gabe, askoren sinonimoak dira, eta ugaritasunaren ideia ematen digute. Haiekin ere ez dago arazorik.

batzuk, zenbait eta hainbat geratzen zaizkigu. zenbait eta batzuk sinonimoak dira (zenbaitetan = batzuetan; zenbaiti = batzuei;…): bat baino gehiago adierazten dute, baina «asko» eta «gutxi» muturren arteko continuum horretan, gertuago daude gutxitik askotik baino.

Eta hainbat? Inork zalantza egiten badu, hiztegietara jotzea besterik ez du. Adibidez:

Euskaltzaindiaren hiztegia:

hainbat
(…)
2 zenbtz. Batzuk baino gehiago, asko. (Dagokion izenaren ezkerrean ezartzen da). Hainbat lagun batu ginen han. Hainbat eta hainbat aldiz errepikatuagatik. Hortik etorri dira hainbat kalte

Elhuyar (hiztegi elebiduna):

hainbat
(…)
2  zenbtz. zehaztgb. mucho(s), bastante(s)
hainbat lagun batu ginen han: nos reunimos bastantes amigos
hainbat tokitan gertatuagatik: aunque haya sucedido en muchos sitios
hainbatek uste du gaizki ari garela: muchos piensan que lo estamos haciendo mal

Labayru hiztegia:

hainbat
(…)
2
izord., zenb. zehazbak.
mucho -cha, muchos -chas.
Hainbat jente batu zan herriko plazan.
Hainbati entzun dio gauza bera.
Hainbat biderrez esan deutsat, baina ez deust jaramonik egin.
Frantzian hainbat parajetan egon gara.
SIN asko

Zalantzarik ez, beraz: hainbat = batzuk baino gehiago, asko.

Jatorri-hizkuntza gaztelania duten itzulpenetan, ordea, maiz ikusten da hainbat erabilita batzuk edo zenbait egokiago gertatuko liratekeen tokian. Eta horrelakoak, han eta hemen ikusten dudanagatik, gaztelaniazko «varias/varios», «diferentes» edo «diversas/diversos» adjektiboak itzultzean gertatzen dira batez ere, zenbait itzultzailek («hainbat itzultzailek» idazten ez naiz ausartzen), halakoetan, sistematikoki jotzen baitute hainbat erabiltzera, zenbait eta batzuk bazterrean utzita (bat baino gehiago ere ordain egokia izan liteke batzuetan).

Ezin da, hala ere, erabat txartzat jo jokabide hori, zeren eta, RAEren hiztegiaren arabera, ez baitago kasu guztietan oso argi zehaztuta halakoen esanahia, ez behintzat euskaraz batzuk (edo zenbait) eta hainbat artean bezain garbi.

DRAE:

vario, ria.
5. adj. pl. Algunos, unos cuantos.

diverso, sa.
3. adj. pl. Varios, muchos.

diferente.
1. adj. Diverso, distinto.

Alegia, badirudi nekez izan daitekeela hainbat zenbatzailea «varias/varios»en ordaina; «diversos/diversas»ena, ordea, izan liteke («varios, muchos» gisa definituta baitago). Nire gaztelanian, «diversos» ez da «muchos»en sinonimo petoa, baizik eta «varios», «algunos» edo «unos cuantos»en sinonimoa, baina RAEren hiztegiak ez du horrela bakarrik definitzen.

Beraz, honelako disimetria bat dugu, zenbatzaile zehaztugabeen continuumean, euskararen eta gaztelaniaren artean:

(gutxi) __ (batzuk = zenbait) __ (hainbat) __ (asko/anitz)

(pocos) __ (algunos = varios = diversos = diferentes) __ (bastantes) __ (diversos = diferentes = muchos)

Nik, halakoetan, zuhurtzia-printzipioa aplikatuz, batzuk, zenbait (bat baino gehiago ere bai) erabiltzen dut euskaratzean, eta ez dut halakoetan hainbat erabiltzen, non eta testuinguruak ez didan ugaritasunaren nozioa argiro iradokitzen edo adierazten.

Bestela, gaztelaniaren eskema euskarara mimetikoki aldatuz gero, batzuk = hainbat ekuaziora iritsiko gara, eta ekuazio hori, orain arteko tradizioan eta gaur egungo ohiko erabileran, faltsua da.

Utzi iruzkina