Herri kirolaz

Iratxe Goikoetxea Langarika

Gizarteko eta kiroleko beste arlo askotan bezala, hainbat aldaketa gertatu dira herri kiroletan azken hamarkadetan, materialetatik hasi eta arauetara. Eta guztiotatik bat aipatu nahi dut hemen: emakumeen parte hartzeak hizkeran eragindakoa.

Gizon proba edo gizon dema entzunda, berehala ulertzen dugu denok zer den: probarriari tiraka, gizasemeak indarrak neurtzeko proba. Harri jasotzea ere izan liteke gizon proba berez, baina ez: gizon proba vs idi proba, hortik datorkio izena. Gerri proba ere esaten zaio bakarkako gizon probari, gerri kolpeka eramaten baita harria narras. Nik dakidala, bakarkako saioetan oraindik ez da emakumezkorik plazaratu; bai, ordea, taldeka, eta horrek probaren izena aldatu beharra ekarri du. Neskek neskei jokatzen dietenetan, arazorik ez: emakume proba. Talde edo proba mistoak direnetan, zer? Garbi dago izen tradizionalak ez digula balio; beraz, eman diezaiogun izen argiago bat.

Giza proba? Hori zabaldu da bazterretan, eta sarrera ere badu Wikipedian. Egokia ote da?

Harri proba? Harri jasotzaileena ere bada harri proba.

Harri tiratze? Abereekin egiten dena ere bada harri tiratzea. Halere, argia eta erabilgarria dela deritzot, honelakoetan erabiltzeko: emakumeak gizonen kontra harri tiratze desafioan. Eta izendapen horren alde egitea aholkatu diegu herri kiroletan diharduten kazetariei.

Harri, barkatu, hari horri tiraka, ETBko herri kirolen emanaldietako esatari, aditu eta kirolariei entzundakoak jaso, Ahotsak eta Bizkaieraren ataria webguneetako lekukotasunak batu, eta zerrenda honetan antolatu ditugu, denen erabilgarri. Aizkora arloa kanpoan utzi genuen, luze eta zabal jorratuta baitago EHUk 2012an argitaratutako Aizkora hiztegian[1].

Lehenago ere landu izan ditugu antzeko hiztegiak kiroletako kazetariekin (futbola, errugbia, saskibaloia, atletismoa, automobilismoa…), baina honek badu berezitasun bat: abiapuntua. Aurreko glosarioetan, erdarazko hitzei ordaina eman behar genien. Oraingoan, euskarazkoak batu, sailkatu eta azaldu ditugu, emanaldietako beharrizanak kontuan hartuta. Segan, esate baterako, ekintzak, tresnak, belarra, lehia eta lantaldea dira eremuak. Eta euskarazko berbaren ondoan, gaztelaniazkoa eman dugu, ez buruko min gutxirekin. Esaterako, idi probetan, itzainei carretero esaten zaie normalean. Eta emakume direnean? Carretera? 😉


[1] Bidez batez, inork jakin-minik balu, jakizue erdi-lanak egin eta lan-erdiak egin, biak jasota daudela aizkora hiztegi horretan, sinonimo moduan.

2 Replies to “Herri kirolaz”

  1. Azken hamarkadetan gertatu den aldaketarik latzena da aizkora-apustuak, sega-apustuak eta gainerakoak “kirol” bihurtzea.
    Ez dakidana da zergatik deitzen zaien “herri kirol”, eta zergatik ez den adibidez futbola herri kirola, izanik gure artean kirolik herrikoi edo herritarrena.
    Nik kasik nahiago nuke “baserri kirol” deituko balitzaie, baserri giroko apustuetatik baitatoz horiek denak, baina berdin dit, zeren segan, aizkoran eta abar horietan ari direnek ez baitituzte ariera horiek hitz bakar baten azpian sartzen eskuarki. Fedabideek nahi duten krixto esan dezatela.
    Baserritarren apustuak kirol bihurtu dira. Arautu eta “normalizatu” egin dira. Baina apustua baino lehenago lana ziren, baserriko lana. Eta lana baino lehenago, eta badakit oso urrutira noala eta tranpatan ari naizela, dena zen josteta eta libertimendua munduan. Begira non harrapatu dugun hitzaren aurreneko zuztarra: “andauan todos alli dançando & faziendo quirola” (Alpontxo X.aren testu bat da, XIII. mendekoa). Euskaraz 1596ko esaera bilduman ageri da aurrenekoz: “astoagaz adi kirolan”, eta han bertan itzulirik, “regocíjate con el asno”.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina