Jatorria, iraupena, harrimenak

Iñaki Segurola

Mitxelenaren esaldi bat dabilela edo dagoela esan didate kulturaren tenpluren batean. (Mitxelena jainkotuarena, zehazkiago esanda; nik Mitxelena irakasle, ikertzaile eta gizonarekin izan nuen tratua, ez beste Izaki horrekin.) Esaldiak omen dio euskarak duen egiazko misterio edo gauza harrigarriena ez dagoela bere jatorrian, baizik-eta iraupenean.

Egia da jatorrian ez duela euskarak aparteko edo beste hizkuntzek ez bezalako misteriorik, ez baitago sekula iristerik hizkuntza baten edo hizkuntza familia baten jatorri absoluturaino. Ez dago iristerik, eta ez dago irudikatzerik ere. Ehundik gora kontatzen dira munduan hizkuntza ustez ahaidegabeak, eta hirurehundik gora, berriz, hizkuntza familia ezagunak. Bakartzat jotako hizkuntzak ez dauka ahaide ezagunik eta jatorri absoluturik, baina orobat esan daiteke edozein hizkuntza familiak ere, bere osoan, ez daukala ez ahaide ezagunik eta ez jatorri absoluturik. Jatorria, beraz, beti da misterioa, ezezaguna edo iritsi ezina hizkuntzetan (eta giza hizkuntzan berean!), eta euskararena beste guztien misterio edo ezin berbera da.

Euskararen iraupena omen da harrigarria. Nik uste dut bati erakutsi egiten diotela zerk harritu behar duen eta zerk ez, eta moduren batean aukeratu egiten duela harritu behar duen hori. Historiara jotzen baldin bada harrimen bila, eta Historia «norabidedunean» sinesten bada, orduan harrigarritzat har daiteke euskarak gaurdaino bizirik iraun izana, eta normaltzat jo, berriz, inguruan noizbait zituzkeen beste hizkuntza batzuk galdu izana. Esango bagenu bezala: «beste batzuei gertatu zitzaien; zergatik ez euskarari?» Baina Historia alde batera utzi eta hizkuntza bere hartan edo «barrutik» sentitu ezkero, non dago harrimena?; non dago aparteko harrimena?; zergatik galdu eta ixildu behar zuen euskarak?… Eta ez dut inon erantzunik aurkitzen, Historiak agintzen duen idatzizko sasi-harrimen horretatik kanpora. Neri iruditzen zaidana da bat berdin-berdin harritu eta zurtu dezakeela beste hizkuntza horien desagertze edo heriotzak: zergatik ez zuten iraun?; zergatik ez zioten eutsi?; zergatik ez zioten entzungor egin Historiaren zaratari? Esango bagenu bezala: «euskarari ez zitzaion (osoki) gertatu; zergatik besteei bai?» Hor dago neretzat benetako harrimena eta harrimina, «normala da, esplikatua dago, kausak daude» dioen Historiaren kontrako harrimen buru-bihotzetakoa.

Mitxelenaren itzal ez-jainkotuari mintzo natzaio: euskararen jatorriak ez du aparteko misteriorik, baina iraupenak ere ez.

Edonori mintzo natzaio: giza hizkuntza gauza harrigarria da, baina hizkuntza jakin bat ez. Euskarak ez du harritzekorik deus ere.

——————–

Luzagarritxoa-1. Nolanahi ere, harrimen bat aukeratzekotan, nik erdararen harrimena aukeratzen dut. Oraingoxea eta noiznahikoa da nere harrimen hori; belarria ez zait sekula jarri erdararen indar hazkor harrigarrira, eta ez dut uste egundo jarriko zaidanik. «Sozio-historikoki» pentsatu ezkero beharbada ez, baina bihotz-belarri hutsez ume-umetatik egin zait harrigarria ikustea zeinen aise dabilen hemengo erdara ahotik belarrira.

Luzagarritxoa-2. «Hemengo erdara» atera zait ustekabean. Mitxelena jainkotuak botea omen da «Erdara ere hemengoa da» esaldi sonatua. Zatarki eta baldarki botea; etsia hartutako gaixoari «minbizia ere geurea da» esatea adinakoa.

Luzagarritxoa-3. «Maisuaren kontra» ariko naiz zenbaitentzat. Nik uste dut guri dagokigula Mitxelena tratatzea hark berak Azkuerekin egin zuen bezala, edo Azkuek Larramendirekin, edo Larramendik…

Mitxelenazaleak ezin jainkotu dezake inor, eta are gutxiago Mitxelena bera.

2 Replies to “Jatorria, iraupena, harrimenak”

  1. Euskararen iraupena misterio da, inondik ere… Ez Mitxelenak esan zuelako, baizik eta inork ez duelako jakin esplikatzen zergatik iraun duen bizirik inguruko hizkuntza guztiak (hizkuntza zeltiberoak, batik bat) hil zirenean, latinaren bultzadari eutsi ezinik. Eta ez dakielako inork zergatik iraun zuen Erdi Aroan, hizkuntza erromantzeak zabaldu zirenean.

    Hortaz, euskararen iraupena ulergaitza, harrigarria eta esplikaezina denez, gure maisuek diote misterio handia dela hori.

    Etorriko da egunen batean azpeitiar gururen bat eta esplikatuko digu zergatik gertatu zen iraute hori, baina bitartean jakin-min hori ase gabe segitu beharko dugu. Zer egingo diogu, ba, horrelakoa da bizitza…

    Hauek guztiak esplikatzeak lotsa pixka bat ere ematen dit, baina ikusten dut ez dagoela beste erremediorik azpeitiar guztiak donostiartzen ez diren arte…

    Ignazio Txalupalari, donostiar ikertzailea…

    Atsegin dut

Utzi iruzkina