Aparteki sintaktikoak

Jesus Maria Agirre Berezibar

Aparteki sintaktikoak, hitzak dioenez, aparte batzuk dira, idatzizko jardunaren bereizgarriak, parentesiz edo marraz adierazi ohi direnak. Eten egiten dute hari sintaktikoa, gutxiago aurreko adieraziarekin konkordantzian doazenean, gehiago konkordantziarik gabe azaltzen direnean. Apartekien bidez adierazi sekundario batzuk eman ohi dira, informazio edo balorazio osagarriak. Eten horiek traba ez bihurtzeko, esan daiteke ezen, eraketari dagokionez, komeni dela laburrak izatea, ahal dela konkordantzia edukitzea eta beti ere ez kokatzea kate sintaktikoaren toki sensibleetan (genitiboen ondoren, galdegaiaren ondoren), eta testu-motei dagokienez, agian ez liratekeela erabili behar testu formal batzuetan, adibidez testu dispositiboetan. Apartekien erabileran, beraz, sen ona eta gutxieneko trebetasun bat behar dira.

Badira nire gustuko idazle batzuk apartekietara erruz jotzen dutenak testu argumentatibo, esplikatibo eta baloratiboetan. Normalean, zehaztapen eta ñabardura ugariko idazkera trinko bihurria izan ohi dute, eta estilo hori nekosoa den arren, barkagarri egiten zait, beren idazkiek, mami eta azal, izan ohi duten zorroztasunagatik. Horietako bat Carlos Arribas El Paiseko kirol-artikulugilea da (adibide guztietan azpimarren bidez nabarmendu ditut apartekiak):

No era su primer prólogo una carrera especial porque siempre la victoria lleva aparejado el maillot amarillo—, ni el segundo, ni el tercero de Cancellara, un verdadero especialista, un hombre habituado a ese tipo de orgasmo, sino el quinto (en el Tour solamente: también ha dejado su sello en Luxemburgo, en Suiza, en California, en la isla de Rodas), lo que convierte su alegría en algo más que sorprendente, extraordinario.

Euskaraz ere badira apartekien erabiltzaile abantailatu batzuk, nire iritziz adierazpenean eranskin zukutsuak sartzen dituztenak, nahiz eta adibide batzuetan hari sintaktikoa dexente trabatzen duten. Hona hemen Juan Garziaren bi pasarte, Joskera lantegi liburutik hartuta:

Zorionez edo zoritxarrez (halako balorazioak ez dagozkit niri), euskarak badu (eta hori gabe ez da euskara) bere egitura diogunez aski berezi eta alde batzuetatik guztiz auzo-erdaren antipodikoa. (…) Txikiak gara, gutxi, eta inguruko auzoko eta bertoko hizkuntzen aldean beste planeta batekoa izateko itxura edo du gureak: edo ondo antipodetakoa, bederen (euskaraz egiten zeneko Paradisu galdu hura han ote?).

Hurrengo hau Iñaki Segurolarena da, Arrazoia ez dago edukitzerik liburutik hartuta:

Hemengo nahasmendu eta kale-giro politizatuak bukatu zirenean (Gataxka betikotzea bere odol, malko, biktimismo eta martirologioarekin ez nuen politikatzat jotzen), toki okupatuak eta autogestionatuak sortu ziren han-hemenka (ederki), eta jende bal azaldu zen bere burua zerekin okupatu eta autogestionatu ez zekiena (zatarki) eta, besterik ezean, espezie eta sexu desberdinen inguruko babokeriak banderatzat hartu zituena.

Esan bezala, autore batzuen estilo-ezaugarritzat jo daiteke apartekien baliatze ugaria. Nire arlo profesionalera pasatuz (itzulpen juridikoa), iristen zaizkidan euskarako itzulpenetan (lege-proiektuak) iruditzen zait aski indiskriminatuki erabiltzen direla apartekiak, baliabide unibertsal balira bezala, pixkat bereizi gabe testu-motak, estiloak eta testuinguruak. Baliteke Amurizak aipatzen duen “artazien erabilera”ren emaitzetako bat izatea, Administrazioari dagokionez hartan euskara argi-erraza erabiltzearen aldarriarekin zabaldu dena. Hona hemen adibide bat, legealdi berriko lehenengo lege-proiektukoa (aparteko ordainsariak), zioen azalpenetik hartuta:

Ikuspegi materialetik begiratuta eta aurrekontu izaera alde batera utzi gabe, ekimen hori guztiz legitimoa da, Autonomia Erkidegoak funtzionario publikoen erregimenean duen eskumenaz Autonomia Estatutuaren 10.4 artikuluan aitortzen da eta sektore publikoko langileen erregimen juridikoan esku hartzeko aukera ere ematen dio nahiz Euskadiko sektore publikoaren arloan duen eskumenaz Estatutuaren 10.24 artikuluan aitortutako eskumen esklusiboa baliatuta gauzatu baita.

Legeak testu formalak dira eta legeen estiloan printzipioz desegokia litzateke halako etenak egitea; hala ere, apartekiak kasu honetan legearen alde argumentatiboan kokatuta daudenez, salbuespentzat har daitezke. Ordea, testuinguru sintaktikoari dagokionez galdegai-posizioan kokatuta daude besteak beste, eta estiloari dagokionez eten luzeak, komunztadura gabeak eta segidan doazenak dira; ondorioz, hari-puntada desegokiak dira nire ustez, josi baino gehiago urratu egiten dutenak. Nire iritzian, testu-mota inpertsonal eta formal horri hobeto doakio estilo kateatu bat, holakoa adibidez:

Inplikatutako gaiaren ikuspegitik begiratuta, eta eman nahi zaion aurrekontu-izaeraz haratago, argi dago ekimen hau Autonomia Erkidegoaren eskumenen erabilera legitimo bat dela, Erkidegoak eskumena daukalako funtzionario publikoen erregimen juridikoaren arloan, Autonomia Estatutuaren 10.4 artikuluak aitortuta, horrek aukera ematen diolarik gainera sektore publikoko langileen erregimen juridikoari buruz jarduteko, eta eskumen esklusiboa orobat euskal sektore publikoaren arloan, Estatutuaren 10.24 artikuluak deklaratuta.

Bestetan bezala, apartekiak baliabide bat gehiago ditugu, bai, baina ez da komeni nonahi eta indiskriminatuki erabiltzea. Hari sintaktikoa eten egiten dutenez gero, uste dut, besteak beste, ez dela egokia apartekiak testu-mota batzuetan erabiltzea eta desegokia dela testuinguru sintaktiko batzuetan kokatzea.

One Reply to “”

  1. Jesus Mari,

    Interesgarria iruditu zitzaidan zure artikulua (zure besteak bezala), eta harrezkero hor ibili dut gogoan apartekien kontu hori. Azkenean, berandu bada ere, iruzkin hau egitera deliberatu naiz.
    Adibide horretan, bada apartekiak baino arazo handiago bat: aditz baten posizioa (“…baliatuta gauzatu baita”). Horrek bihurtzen du irakurgaitz testua.
    Zure bertsioan, konpondu duzu arazo hori; apartekiak kentzea baino erabakigarriagoa izan da aditza (“eskumena daukalako”) aurrean jartzea, testu irakurgaitza irakurgarri bihurtzeko.
    Zentzuzkoa eta tajuz esana iruditzen zait apartekien erabileraz diozun guztia, eta arrazoi duzu, ziur asko, “legeen estiloan printzipioz desegokia litzateke horrelako etenak egitea” diozunean (ezer gutxi dakit nik hizkera juridikoaz). Baina beste printzipio bat ere oso garrantzitsua iruditzen zait, eta da hizkuntza bakoitzak bere beharretarako egokitu behar duela puntuazio-sistema. Gure kasuan, ditugun joskera-arazoak ditugularik, ez ote genituzke baliatu behar aparteki-marrok (eta komak, puntu eta komak, bi puntuak…) arazook konpontzeko eta sintaxia arintzeko, baita testu dispositiboetan ere?

    Atsegin dut

Utzi iruzkina