Warsan Shireren poema bat

Garazi Ugalde Pikabea

Hizkuntzak ez dio errealitateari iskin egiten, eta ez dugu guk ere halakorik egingo atari honetako lehenengo postean. Bestelako burutazio posibleak ordenagailuko karpetan gerorako utzita, Warsan Shire gaztearen poema bat ekarriko dugu blogera: «Home».

Warsan Shire (1988) Nairobin jaiotako poeta somaliarra da, Londresen hazia, eta egun ere hiri britainiarrean bizi da. Idazle eta aktibista, idatziz lantzen ditu traumaren zirrikituak eta joan-etorrien inguruko istorioak. 2011n eman zuen argitara lehen liburua (Teaching my Mother How to Give Birth, flipped eye publishing, 2011), baina haren poemak han-hemenka aurki ditzakegu aldizkari eta antologietan ere (esaterako: The Salt Book of Younger Poets, Salt, 2011 eta Ten: The New Wave, Bloodaxe, 2014). Dena dela, inon izatekotan, sarean zabaldu dira batik bat Shireren poemak —poema bakoitzaren bertsio bat baino gehiago ere bai zenbaitetan—, bereziki, errefuxiatuen krisia bere gordinean ikusten hasi garenetik. Azken urteotan hainbat sari eskuratu ditu somaliarrak, tartean, African Poetry Prize, eta 2013an hiriko lehenengo poet laureate gazte izendatu zuten. Britainia Handian ez ezik nazioartean ere ibili da poemak irakurtzen, besteak beste, Hego Afrikan, Italian, Alemanian, Kanadan, Ipar Amerikan eta Kenyan.

Badirudi batzuetan hizkuntzak hozka egin nahi izaten diola errealitateari. Halakoxeak behar lukete nazioarteko larrialdi neurriek.

Etxea

inork ez du etxea uzten
etxea marrazo-aho izan ezean
mugarantz egiten duzu korri soilik
hiri osoa ere korrika ikusten duzunean

bizilagunak zu baino azkarrago korrika
eztarrietan odoltsu arnasa
eskolara zurekin joan zen mutila
lata fabrika zaharraren atzean mozolo musu eman zizuna
gorputza baino handiagoko fusila eskuan
etxea uzten duzu soilik
etxeak geratzen uzten ez dizunean

inork ez du etxea uzten etxea jarraika izan ezean
oinpean sua
odol beroa sabelean
inoiz ez zenuen halakorik egiterik pentsatu
erre zizun arte labana-ahoak lepoa
mehatxuz
eta orduan ere himnoari eutsi zenion
ahopean
pasaportea aireportuko komunetan negar-zotinka puskatzeak
paper ahokadaka bakoitzak baino ez zuen argi utzi
ez zenuela atzera egingo

ulertu behar duzu
inork ez dituela seme-alabak ontziratzen
ura lurra baino seguruagoa izan ezean
inork ez ditu esku-ahurrak erretzen
trenen azpialdean
bagoipean
inork ez ditu egunak eta gauak ematen kamioi baten urdailean
egunkariak janez, egindako kilometroak
bidaia baino zerbait gehiago izan ezean
inor ez da hesi azpitik arrastaka igarotzen
inork ez du jipoirik
errukirik nahi

inork ez ditu errefuxiatu-eremuak
edo gorputza minberaturik uzten duten
arroparik gabeko miaketak hautatzen
edo espetxea,
seguruagoa delako espetxea
suzko hiri bat baino
eta espetxe-zaindari bat
gauean
hobe delako zure aitaren eiteko
kamioikada bat gizon baino
inork ezingo luke jasan
inork ezingo luke pairatu
inoren larrua ez litzateke hain sendo

zoazte-etxera
beltzak
errefuxiatuak
immigrante zikinak
asilo-eskatzaileak
gure herrialdea xurgatzen ari zaretenak
eskuak kanpoan dituzten beltzak
usain arraroa dute
basatia
beren herrialdeak hondatu eta orain
geureak hondatu nahi dituzte
nola erortzen ote zaizkizue hitzak
begirada zikinak
bizkarrean behera
akaso kolpea leunagoa delako
gorputz-adar erauzi bat baino

edo samurrago direlako hitzak
zure hankartean
hamalau gizon baino
edo errazagoak irensten
irainak
zaborra baino
hezurrak baino
zure haur gorputz
zatikatua baino.
etxera joan nahi dut,
baina etxea marrazo-ahoa da
etxea arma baten kanoia da
eta inork ez luke etxea utziko
etxeak kostaraino jarraitu ezean
etxeak esan ezean
azkartu hankak
utzi atzean arropak
zoaz arrastaka desertuan
igaro ozeanoak
ito zaitez
salbatu
izan gose
ibili eskean
ahaztu harrotasuna
kontuzkoago zaizu bizirautea

inork ez du etxea uzten etxea belarrian ahots izerditu izan artean
esanez:
zoaz,
zoaz orain nigandik urrun
ez dakit zer bihurtu naizen
baina badakit seguruago zaudela
hemen baino beste inon

Jatorrizkoa interneten: http://www.revistafogal.com/2016/03/15/warsan-shire-dos-poemas/

 

Utzi iruzkina