Txoritan (1)

Martin Rezola Clemente

(Ingelesez birding / birdwatching eta gaztelaniaz pajarear / pajareo erabiltzen da, euskaraz «txoritan ibiltzea» «txoritara joatea» esan genezakeena adierazteko. Egia da adin batetik gorakoek euskarazko esamoldea errazago lotuko dutela txori-harrapaketarekin, baina, zorionez, garaiak aldatzen ari dira, eta gero eta gehiago zabaltzen ari da bigarren adiera honetan: halaxe darabil, esate baterako, Asier Sarasua Aranberri txorizale nekaezinak.)

Bukaeratik hasiko naiz: bi artikulutan, saiatuko naiz azaltzen hegaztien izendegietan euskaraz dauden hutsuneak, premiak eta eguneratzeko beharrak. Izan ere, uste dut garaia dela UZEIk 2003an egindako bilketa eta estandarizazio-lana berraztertzeko eta, hura gaitzetsi gabe, zientziaren eremu horretan egon diren aldaketak aintzakotzat hartzeko. Ez da apeta hutsa; itzultzaile eta naturazale gisa, sinetsita nago Euskaltermen bitartez eskaintzen den materiala jada «iraungita» dagoela, ez diela gaurko premiei erantzuten, eta beharrezkoa dela horren gaineko gaurkotze-lanari ekitea.

Duela gutxi, Euskal Herrian ornitologiari buruz dagoen fororik aktiboenean honako eskaera hau egin zuen erabiltzaile batek:

Aupa:

Un amigo necesita un listado de aves en Euskara ya que en el listado multilingue de aves de la SEO de 2005 parece que faltan muchos de los nombres que le hacen falta.

Un saludo

Forokideen artean txorizale euskaldunak egon arren, inork ez zion erantzunik eman, nik dakidala. Oso esanguratsua iruditu zitzaidan. Neuk ere ez nuen jakingo zer esan: espezie batzuk euskaraz bataiatu gabe daude; beste batzuek izen bat baino gehiago dituzte (dela Hiztegi Batuak izen berriak proposatu dituelako, dela iturri ezberdinetatik ordain ezberdinak ematen direlako…).

Baten batek pentsa dezake gaztelaniaz ere korapilo bera dagoela, baina ez da hala.

Gaztelaniazko zerrendak

2012an argitaratu zuen SEO Birdlife Espainiako Ornitologia Elkarteak Espainiako hegaztien azken zerrenda[1], non hainbat aldaketa biltzen ziren aurreko zerrendaren aldean (2005ekoa). Aldaketa gehienak ikerketa zientifikoek emandako datu berrietan oinarritzen dira: espezie berriak identifikatzen dira batzuetan, espezie batzuk taxonomikoki beste genero batean sailkatzen dira beste batzuetan (eta, ondorioz, izen zientifikoa ere berria izango dute), eta, azkenik, badira izen arrunt egokiago bat hartzen dutenak, besterik gabe.

Euskarazko zerrendak

Euskaraz dagoen erreferentzia nagusia Euskalterm datu-baseak eskaintzen duena da. Baina Euskaltermek Espainiako 2005eko zerrenda zaharra erabiltzen duenez, gaztelaniaz ematen dituen baliokideak zaharkituta geratu dira kasu askotan. Proba bat egin dut: SEOren zerrendan A letraz hasten diren hegaztiak bilatu ditut Euskaltermen; eta kolorez markaturiko datuak ez ditu zuzen jasotzen (taulan ez da aztertzen euskarazko izenaren egokitasuna; bakarrik gaztelaniazkoarena eta zientifikoarena):

txoriberri3

Euskaltermetik kanpo, beste erreferentzia garrantzitsu bat SEOk berak eskaintzen dituen euskarazko izenak dira (beharbada, Euskaltermek baino zabalkunde handiagoa dutenak, paradoxikoki). Tamalez, SEOren euskarazko zerrendak oinarriko akats batzuk ditu jatorritik beretik, eta Interneten, inertziaren bitartez, akats horiek edonora zabaldu dira nahi gabe (karnava, butzangora, ego-gailupa, ezkal-txinboa, sai zuia…).

BirdLife International eta HBW

Baina nork erabakitzen du zein diren munduan dauden txori-espezieak eta zein den haien izen zientifikoa –eta, bide batez, ingelesezkoa–? BirdLife International izeneko erakundeak, eta bere lana Munduko Hegaztien Eskuliburua deritzonean plazaratzen du: HBW. (Duela gutxi eguneratu dute zerrenda, eta 462 espezie berri ateratzen zaizkie.)

Jakina, etengabeko lana da, ez dago behin betiko bertsiorik. Zergatik da, hortaz, orain une egokia guretzat? Bada, horrexegatik, berriki plazaratu delako munduko hegazti-espezie guztiak biltzen dituen lan ikaragarri mardul hori; gainera, horri segika gaztelaniaz ere zerrendak berritu direlako eta, gainera, gurean, euskaraz,izendegia zaharkituta gelditu delako.

[1] http://www.seo.org/wp-content/uploads/2012/10/Lista_-Aves_Espana_2012.pdf

5 Replies to “Txoritan (1)”

  1. Aupa Martin. Zer esan! Lehenengo eta behin, eskerrik asko aipamenarengatik (eta ados “txoritan” erabilerari dagokionez). Hurrengo urratsa, “pajarero/birder” berbentzat ordezkoa topatzea. “Txoriburu” proposatu izan dut inoiz (erdi brometan, erdi serio 😉 ).

    Eta bigarren kontuari dagokionez ere, erabat ados. Txorien euskarazko izendegia errepasatu beharra daukagu. Alde batetik, zuk diozun moduan, hegaztien izendegian (eta sailkapenean) hainbat aldaketa izan direlako azkenaldian. Gainera, susmoa daukat, txori batzuen izenetan XX. mende hasieran egindako zenbait zerrendaren soka jarraitzen ari garela, behin eta berriz, kopiatzearen kopiatzeaz. Hori guztiori ondo gainbegiratu, azkenaldian izan diren berrikuntzak mahai gainean jarri, eta ea guztion artean aurrera egiten dugun.

    Euskal Herriko ornitologoen artean Lan Batzorde Ornitologiko bat sortzen ari dira/gara une honetan. Une egokia izan daiteke.

    “Txoritan (2)” artikuluaren zain 😉

    Atsegin dut

    1. Aupa, OEHn “txorikari” (“paxarero”) agertzen da, eta baita “txoriketa” eta “txoriketari” (“oiseleur”).

      Atsegin dut

Utzi iruzkina