Nola jokatu zenbakiak digituz idaztean? Orain, kontrakarrean ari gara

Alfontso Mujika

Zenbaki batek digitu asko dituenean, digitu guztiak bata bestearen ondoan jarriz gero, nekeza gertatzen da zenbakia irakurtzea. Horregatik, hirunaka antolatu ohi dira digituak, eskuinetik hasita, eta mugatzaile bat erabiltzen da hirukote bakoitza beste hirukoetatik (edo gainerako digituetatik) bereizteko.

Txikitan, eskolan (Hego Euskal Herrian, bai; Ipar Euskal Herrian, ez dakit), mugatzaile hori puntu bat zela irakatsi ziguten guztioi. Hau da:

                Honela idatzi beharrean: 56789

                Honela idaztea: 56.789

Euskaltzaindiaren 7. arauan (Zenbakien idazkeraz), adibidez, sistema hori erabili da. Honela ageri da:

1.000.000             milioi bat

10.000.000           hamar milioi

1.000.000.000     mila milioi (miliar bat)

Sistema hori zenbaki osoei bakarrik dagokie. Zenbaki dezimaldunen kasuan, zenbakiaren zati osoan bakarrik erabiltzen da; zenbakiaren parte dezimalean, ez da erabiltzen puntua. Hau da:

                Honela idazten da: 56.789,43219

                Eta ez honela: 56.789,432.19

Sistema hori, hala ere, ez da nazioartekoa (beste herrialde batzuetan —zenbakiaren parte osoa eta parte dezimala bereizteko puntua erabiltzen dutenetan—, koma erabiltzen dute horretarako). Nazioarteko arauek (ISO/IEC 80000; SI/ISO 31-0) berariaz diote puntua ez dela erabili behar horretarako. Zehazki, hau da araua:

D’après la 9e Conférence générale (1948, Résolution 7) et la 22e Conférence générale (2003, Résolution 10), les nombres comportant un grand nombre de chiffres peuvent être partagés en tranches de trois chiffres, séparées par un espace, afin de faciliter la lecture. Ces tranches ne sont jamais séparées par des points, ni par des virgules. Cependant, lorsqu’il n’y a que quatre chiffres avant ou après le séparateur décimal, il est d’usage de ne pas isoler un chiffre par un espace. L’habitude de grouper ainsi les chiffres est question de choix personnel ; elle n’est pas toujours suivie dans certains domaines spécialisés tels que le dessin industriel, les documents financiers et les scripts qui doivent être lus par ordinateur.

  • 43 279,168 29 mais pas 43.279,168.29 • 3279,1683 ou  3 279,168 3

En ce qui concerne les nombres d’un tableau, le format utilisé doit être cohérent dans une même colonne.

Nazioarteko arau hori ez da berria: 1948koa da, eta berariaz berretsia izan zen 2003an. Arauak dio digituak hirunaka taldekatu daitezkeela irakurketa errazteko (aukerakoa dela, ez nahitaezkoa), eta hiruko taldeak besteetatik bereizteko hutsune bat erabil daitekeela, baina komak eta puntuak ezin direla erabili horretarako.

Nazioarteko arau hori gero eta gehiago erabiliz joan da azken urteotan, eta finkatuz doa nazioarteko argitalpenetan, baina, gainerakoan, ez zaio oraintsu arte kasu handirik egin, eta herrialde bakoitzak bere ohiturari eutsi dio.

Horren guztiaren jakinean zegoen EAEko ikasmaterialetan erabiltzeko estilo-liburuaren zientzia eta teknikako atala prestatu zuen lantaldea (Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak, Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko Aholku Batzordea, Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza, 2011ko urtarrila), eta, egoera ikusirik, hau zehaztu zuen:

4. Bestalde, zenbaki oso batek digitu asko dituen kasuan, digituak hiruko taldetan antolatzeak erraztu egiten du zenbakiaren identifikazioa eta irakurketa. Horretarako, eskuinetik hasita, marka bat jartzen da hiru digitutik behin. Horretan ere, bi ohitura izan dira nagusi hiru digituko taldeen arteko markari dagokionez, lurraldeen arabera*:

*Gauzak horrela, nazioarteko sisteman, hiru digituko multzoen artean hutsuneak uztea proposatu da (123 456 789, alegia), nahiz horrek arriskua duen inprimategian, zenbakia lerro berean idatzi behar izaten baita osorik (ikus ISO 0-3.3.1 araua). Adibideetan, eta testu zientifikoetan, honela idazteko dio arauak: 230 945; 2 345 678 091…

Nolanahi den, arau hori nazioarteko argitalpen zientifikoetan finkatzen ari bada ere, testu orokorretan, lurralde bakoitzak bere ohiturari eutsi dio.

— Europa kontinentalean, puntu batez banandu izan dira hiru digituko multzoak: 230.945; 2.345.678.091
— Ingelesezko tradizioan, ordea, puntuaren ordez koma erabili izan da gauza bera adierazteko: 230,945; 2,345,678,091

Euskarari dagokionez, Euskaltzaindiak gai horretaz erabakirik hartu ez duen arren, Ortotipografia liburukian (ikus 44. or.) ageri dira ikasmaterialetako arau-gomendioak:

«Bestalde, eta nazioartean bestelako joerarik ageri bazaigu ere, honela ematen segituko dugu zenbakiak: batetik, milatik gorako zenbaki osoetan, digituak hirunaka multzokatuz eta puntuz bereiziz; bestetik, zatiki hamartarrak komaz bereiziz.

15.756.552,1724 15[puntu]756[puntu]552[koma]1724

100 € = 16.638,6 pezeta 16[puntu]638[koma]6[hutsunea]pezeta»

Zientzia eta teknikarako ere, bide bera proposatzen dugu. Nabarmendu behar da digitu dezimalen kasuan ez dela punturik jartzen hiruko multzoak bereizteko.

Alegia, ikasmaterialetarako estilo-liburu horretan, nazioarteko araua zein zen jakinik ere, puntua erabiltzea gomendatu zen hiru digituko multzoak bereizteko, hori zelako/delako ohitura Hego Euskal Herrian (Ipar Euskal Herrian, ez dakit), hala agertzen zelako jada estilo-liburuaren lehen atalean (Ortotipografia, 2004) eta hala erabilita agertzen delako Euskaltzaindiaren 7. arauan (arau horretan puntu hori esplizituki agertzen ez bada ere).

Hala ere, estilo-liburu hori inprimategian zegoenean (2011ko urtarrilean argitaratu zen), egoera aldaraziko zuen zerbait gertatu zen: 2010eko abenduaren 16an Ortografía de la lengua española obraren edizio berria aurkeztu zuen Espainiako Errege Akademiak (RAE). Eta edizio berriak aurrekoak ez zuen arau garbi bat ezarri du:

2.2.1.1 Los números enteros y el separador de millares

Advertencia. No deben utilizarse ni el punto ni la coma para separar los grupos de tres dígitos en la parte entera de un número. Para ello solo se admite hoy el uso de un pequeño espacio en blanco.

[A principios de siglo Madrid tenía una población de 3 132 463 habitantes]

Horren ondorioz, Hego Euskal Herriko gaztelaniazko eskola-liburu berrietan hasi dira arau hori aplikatzen, eta puntuaren ordez hutsunea erabiltzen.

Beraz, gaur egun, euskarazko ikasmaterialetan erabiltzen den irizpidea ez dator bat gaztelaniazko ikasmaterialetan erabiltzen denarekin, eta ez dator bat nazioarteko arauarekin ere (halaber esango nuke ez datorrela bat frantsesezko ikasmaterialetan erabiltzen denarekin, baina hori ezin izan dut egiaztatu).

Aldatu egin da egoera, eta hobe genuke euskaraz ere nazioarteko araura bilduko bagina, batez ere ikusi ondoren aldamenean dugun hizkuntza erraldoiak ere —gaztelania— bat egin duela nazioarteko bide horrekin.

Euskaltzaindiak egin lezake aldaketa hori. Horretarako, nahikoa litzateke 7. araua eguneratzea. Gizartean legeak nola, hala hizkuntza-arauak eta estilo-hobespenak ere egokitu behar zaizkio errealitate aldakorrari, eta duela 21 urte Euskaltzaindiak arau hori argitaratu zuenean genuen egoera eta gaur egungoa ez dira berdinak. Baina gure Akademiaren makineria ez dago behar bezala koipeztuta arlo batzuetan, eta, zoritxarrez, ez dut uste berehalakoan helduko dionik gai horri, konponbide erraza badu ere.

Euskaltzaindiari itxaron gabe, Ikasmaterialen Aholku Batzordeak egin lezake aldaketa (garbi dago, adibidez, 2005ean argitaratutako Ortotipografia lanak baduela orraztu eta eguneratze handi baten premia), baina ez dut uste hori luze gabe ikusiko dugunik.

Bitartean, hor jarraituko dugu, urlaster nagusiaren kontra txikikeria horretan, aurreragoko lanik ez bagenu bezala.

Gai hau hutsaren hurrengoa dela irudituko zaizu, beharbada; baina, itzultzaile bazara, eta eskola-materialak itzuli behar badituzu, “iakiteko duzu” (Piarres Etxeberrik Itxasoko Nabigazionekoa liburuan etengabe erabiltzen duen moldea parafraseatuz) hor aritu beharko duzula —hitzekin, sintagmekin, perpausekin eta esaldiekin borrokatzea aski ez eta— zenbakiak arakatuz hutsuneen bila puntuz ordezteko “euskal erara” jartzearren (neroni egun hauetan gertatu zaidan bezala).

Eta, amaitzeko, arauak arau, ez al zaizu irakurgarriago iruditzen hutsunea (A) puntua (B) baino?

(A) 12 123 152,342 535           B) 12.123.152,342535

7 Replies to “Nola jokatu zenbakiak digituz idaztean? Orain, kontrakarrean ari gara”

  1. Niri ez zait inola ere iruditzen hutsaren hurrengoa. Zenbakiak idazteko nazioarteko arauak ikastea funtsezkoa da adin guztietako ikasleentzat, eta EIMAren arau horrek zaildu egiten du ikasketa, testu-liburuetan nazioarteko arautik urruntzen dena inposatzen bada, behintzat.

    Baina arau horrek agerian uzten du askoz ere arazo sakonagoa, EIMAren oinarri nagusietako bat delako erregistro akademikoen finkapenari lagunduko dioten arauak Euskaltzaindiak euskara estandar orokorrerako ematen dituen arauen (edo batzuek egiten dituzten arau horien interpretazioaren) mugen barruan egon behar direla, eta abiapuntu hori argi eta garbi faltsua delako. Areago, EIMAren bigarren abiapuntu bat da aldez aurretik formulatutako arauak aurrerago ematen diren arauek ezin gainditu ditzaketen mugarriak direla. Helburua da guztion gidariak izateko “aukeratuak” diren batzuek formulatutako arauak iraunaraztea, eta ez komunikazio akademiko errealari laguntzea.

    Helburu horrek ere ezin oinarri ahulagoa du Alfontsok aipatutako kasua bezalakoetan, ortotipografia espezializatua finkatzen laguntzeko pentsatu den estilo-liburuaren atala ortotipografia orokorra finkatzea helburu zuen liburuaren erabakietara egokitzen saiatzen baita. Ez al da berrogei zenbakia behar duen oina hogeita hamabost zenbakiko zapatan sartzen saiatzearen antzekoa?

    Atsegin dut

  2. Gustatu zait iracurtzea dioena Alfontsoc, baina hobeto ulertzeco behar nuque iracurri behar berriro. Ez daquit eguinen dudan, ez gogo faltaz eta interesez ezpaze dembora urriaz. Gaia da importatea eta duena bere importantzia, bere tchiquian handia eta nic nioque trascendentala ere, guera ez gaitezen dindilizca ganic cultura occidentala. Dudaric ez ze zer erabaqui zan hor internationalqui ez da eldarnio bateco ufada baizic-ze ongui oldozturico gogoetea.

    Bestetic, dioenaz Igonec nago conforme an lehen bi lerroetan dioena zeren gaineracoa ez dut ulertu seguruenez nagoelaco sartu baric materia hortan. Nolanahi, Igone, costatu zait exemplugarri ulertzea zure azquena ezen hori galderea -zeinac ez duen ezein difficultateric conceptualqui-

    “Ez al da berrogei zenbakia behar duen oina hogeita hamabost zenbakiko zapatan sartzen saiatzearen antzekoa?”.

    Atsegin dut

  3. Diccionario panhispánico de dudas delakoak eta Fundéuk ere gauza bera diote.

    Lehenengoak, ordea, beste hau ere badio:

    “Los números de cuatro cifras se escriben sin espacios de separación: 2458 (no 2 458)”.

    Kasualitatea izango da, baina Euskaltzaindiaren 7. arauan ere, honela datoz halakoak:

    1000 mila
    1200 mila eta berrehun
    1201 mila berrehun eta bat
    1984 mila bederatziehun eta laurogeita lau

    Alegia, punturik gabe eta espaziorik gabe.

    Akatsa? Kasualitatea? Nahita?

    Azken galdera: urteak direnean, bai, punturik gabe idazten ditugu denok, baina, esan, nik gero eta gehiagotan aditzen ditut urteak “eta” hori gabe, arau horretan bertan dagoen ohar honek dioenaren kontra:

    “Mila zenbakitik gora “eta” kenduko da ondoren datozen ehunekoetan ere agertzen bada: mila eta berrehun, baina mila berrehun eta bi; mila eta laurehun, baina mila laurehun eta bi”

    Alegia, nik barra-barra aditzen ditut honelakoak: bi mila hamabostean (2015ean), bi mila hamabiko (2012ko), bi mila lautik (2004), eta abar; eta belarrian min ematen dit.

    Ez al dute behar “eta” hori?: bi mila eta hamabostean, bi mila eta hamabiko, bi mila eta lautik?

    Ala oker nago?

    Atsegin dut

  4. Ene iduriko, arrazoi osoa duzu, Alfonso. Eskertzen dizut, bestalde, kontua hain argiki azaldu izana, nik hasteko ez bainekien zuzen zertan zeuden gauzak puntu horretan, eta ez bakarrik euskaraz idaztean.
    Iparraldean, ez dakit batasunik baden horretan. Herria astekariak, aitzineko idazmoldea, erran nahi baitu Euskaltzaindiak guti gorabehera bildu zuena, baliatzen ohi du: lau zifra baino gehiagoko zenbakietan puntua emanez, eta eskuinetik ezkerrera hiru zifrako taldeak osatuz. Adibidez, 5000 baina 20.000 eta 1.200.000. Ikastoletan ez dakit nola egiten duten, ez arau finkaturik dutenetz ere.
    Segurtamen osorik izan gabe, erran nezake Frantzian nazioarteko bidea nagusitu dela egun, zenbaki luzeekin lan egiten duten lekuetan bederen. Adibidez, sarean pixka bat bila ibilirik, ikusi dut INSEE deitu estatistika erakundearen lan batean honela diotela:
    “Règles d’écriture: les nombres en chiffres exprimant une quantité s’écrivent par tranches de trois chiffres, séparées par une espace insécable. Cela revient concrètement à placer ces espaces insécables entre les centaines et les milliers. Exemple: 35 000.”
    Le Monde egunkariak ere hala egiten du.

    Atsegin dut

  5. Kaixo, Iñaki:
    Lau zifrako zenbakietan puntua ez idaztea ez da kasualitatea, ez akatsa. Nahita egina dago, aukera hori hartu da. Lau zifrako zenbakietan puntua edo zuriunea ez erabiltzea aspaldiko ohitura da, nonbait. Nazioarteko arauan bertan jasotzen da: “Cependant, lorsqu’il n’y a que quatre chiffres avant ou après le séparateur décimal, il est d’usage de ne pas isoler un chiffre par un espace (…) 3279,1683 ou 3 279,168 3 “.

    Ingelesezo Wikipediak ere hala adierazten du:
    The International Bureau of Weights and Measures states that “when there are only four digits before or after the decimal marker, it is customary not to use a space to isolate a single digit”. Likewise, some manuals of style state that thousands separators should not be used in normal text for numbers from 1000 to 9999 inclusive where no decimal fractional part is shown (in other words, for four-digit whole numbers), whereas others use thousands separators, and others use both. (http://en.wikipedia.org/wiki/Decimal_mark).

    Elhuyarren, adibidez, ohitura dugu lau zifrakoetan ere puntua jartzeko (bide batez, hasierako gaira itzulita: puntua erabiltzen baitugu, eta ez zuriunea, behar lukeen bezala, Euskaltzaindiaren araua eta EIMA hor daudelako. Guk erabaki genezake puntuaren ordez zuriunea erabiltzea, baina uste dugu horrelako erabaki bat hartzeko erabiltzaile kualifikatuen multzo handitxo batek horrela jokatzea adostu beharko lukeela; hau da, guk bakarrik aldatuta ez genukeela lortuko erabilera hori behar bezala hedatzea).
    Zenbaki bakarra dagoenean eta zenbakia testuan txertatua dagoenean, ez dago arazorik lau zifrako zenbakietan zuriunerik ez jartzeko. Baina bada arazoa zenbaki asko jarri behar direnean zutabe batean antolatuta, zeren eta, lau zifrakoei zuriunerik jartzen ez bazaie eta gainerakoei bai, ezinezkoa baita bertikalean ondo lerrokatzea, hau da, ordena bereko guztiak lerro bertikal berean gertatzea (batekoak batekoekin, hamarrekoak hamarrekoekin, ehunekoak ehunekoekin, milakoak milakoekin…). Horregatik, arauan ere aipatzen da zutabeetan erabiltzekoa denean denak berdin erabili behar direla: “En ce qui concerne les nombres d’un tableau, le format utilisé doit être cohérent dans une même colonne”.

    Bestalde, aipatzen duzun “eta” hori behar da, jakina: “bi mila ETA hamabostean, bi mila ETA hamabiko, bi mila ETA lautik”… urteak izan zein ez izan. Eta beste hainbeste gertatzen da kirol-emaitzak ematean, “eta” erabili izan baita orain arteko tradizioan: “22 ETA 19 bukatu zen pilota-partida”, “3 ETA 1 galdu zuen Realak”… Gaur egun, ordea, gaztelaniaz “y” esaten ez denez, gero eta maizago entzuten eta irakurtzen da “22-19 bukatu zen pilota-partida”, “3-a galdu zuen Realak”…

    Atsegin dut

  6. Kaixo, Beñat:
    Frantzian (baita Quebecen ere), Espainian bezala, nazioarteko bidea aldezten eta gomendatzen dute estilo-liburuek. Iparraldean, euskaraz idaztean, arau finko garbirik ez badago baina Frantzian nazioarteko bidea nagusi bada, eta Espainian ere nagusitzen hasi denez, badirudi hobe genukeela Iparraldean zein Hegoaldean ere nazioarteko bidera biltzea. Nahikoa litzateke, adibidez, Euskaltzaindiak 7. araua berridaztea. Berridaztea diot, eta ez aldatzea, zeren eta arau hori euskarazko idazkerari, letrazko idazkerari, baitagokio, eta ez zifren idazkerari. Nahikoa litzateke puntuen ordez zuriuneak jartzea eta ohar bat sartzea. Gure bi auzo-erderen bidea ikusita, eta nazioarteko bidea ikusita, ez dut uste hori egiteagatik Euskaltzaindiaz gaizki esaka inor hasiko litzatekeenik.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina