Itzultzaileak

Fernando Rey Escalera

Juan Vicente Piqueras poeta Los Duques de Requenan jaio zen 1960an, eta gaur egun ikasketaburua da Algerreko Cervantes Institutuan. Poema hau egin eta eskaini zien itzultzaileei. Ederra iruditu, eta euskaratzea bururatu zitzaidan. Zuetako bakoitzak ikusiko du poetaren esperientzia berea ere baduen eta zertan.

 

Itzultzaileak

Borgesi eta traizionatzen ez duten itzultzaileei

 

Munduan barreiaturik bizi den
tribu bitxia dira,
mundua aldatzen baitute.
Munduak mugitzen dituzte hizkuntza batetik bestera.
Hori dute lanbidea.

Arabieraz eginarazten dute elurra,
izena aldatzen diote itsasoari,
gameluak eramaten dituzte Saharatik Suediara,
On Kixote Mantxatik Mantxuriara
ibilarazten dute Rozinanteren gainean.
Gauza bitxiak egiten dituzte, ia-ia ezinezkoak.
Haietako bakoitzak bere hizkuntzan esaten ditu
hizkuntza horrek lehenago sekula esan gabeko gauzak,
hizkuntzak berak esan zitezkeela ere ez zekizkienak.

Babelgo dorreak behea jo zuenean
jaio ziren,
eta amets bat izan zuten sorburu:
orain antipodetan bizi diren arimek
elkar ezagutu, aditu eta maitatzea.

Tribu mutua dira:
beste batzuei ematen diete beren ahotsa.
Apaltasunaren poderioz, ikusezinak bihurtu ziren.
Mendetan, anonimoa izan zen haien lana.
Izenen artean eta izenei esker bizi badira ere,
haiek ez zuten izenik.

Literaturaren liturgian
mezalaguntzat hartzen dituzte.
Baina pontifizeak dira: urruneko hizkuntzen uharteen artean
zubiak egiten dituztenak;
ongi dakitenak hizkuntza guztiak direla atzerrikoak,
gure artean dena dela itzulpen.

Munduan barreiaturik bizi den
tribu bitxia dira,
mundua aldatzen ari direlako,
mundua salbatzen ari direlako.

2 Replies to “Itzultzaileak”

Utzi iruzkina