Hitzak beterik daude oihartzunez

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Gaurkoan hitzei buruzko testu zinez zoragarri baten itzulpena uzten dizuet. Virginia Woolfek idatzitakoa da eta BBC irratiko Words fail me irratsaioan irakurri zuen, 1937ko apirilaren 29an. Testua, berez, luzeagoa da baina grabaturik gorde den zatiaren itzulpena duzue behekoa, Literatura Eskolako azken saiorako prestatua, Woolfen zenbait lan aztertu baikenuen bertan. Idazlearen ahotsaren grabazio bakarra da, eta The Death of the Moth and other Essays (Sitsaren heriotza eta beste saiakera batzuk) liburuan osorik argitaratu zen gero, 1942an (Woolfen ahotsaz gozatu nahi duenak klik egin dezala hemen).

OFIZIOA

“…Hitzak, hitz ingelesak, beterik daude oihartzunez, oroitzapenez, asoziazioz. Batera eta bestera ibiliak dira, jendearen ezpainetan, etxeetan, kaleetan, alorretan, hainbeste mendez. Eta horixe da zailtasun nagusienetako bat hitz horiek idaztean gaur: beste esanahi batzuekin, beste oroitzapen batzuekin biltegiratuta daudela, eta ezkontza famatu anitz egin izan dituztela iraganean. Esaterako, “incarnadine[i]” hitz bikaina: nork erabil dezake “multitudinous seas” gogoratu gabe? Garai zaharretan, jakina, ingelesa hizkuntza berria zenean, idazleek hitz berriak asmatzen ahal zituzten, eta haiek erabili. Gaur egun, aski erraza da hitz berriak asmatzea –ezpainetara etortzen zaizkigu saltoka ikuspegi berri bat begiesten edo sentsazio berri bat sentitzen dugun aldiro– baina ezin ditugu erabili ingelesa hizkuntza zaharra delako. Batek ezin du erabili hitz berri-berri bat hizkuntza zahar batean, zeren eta egitate oso agerikoa baina betiere misteriotsua baita hitza ez dela entitate ezberdin eta banandu bat, baizik eta beste hitz batzuen parte. Izan ere, hitza ez da hitz esaldi baten parte den arte. Hitzak batzuk besteenak dira, nahiz eta, jakina, poeta handi batek baino ez dakien “incarnadine” hitza “multitudinous seas” hitzena dela. Hitz berriak eta hitz zaharrak elkartzea galgarria da esaldiaren osaerarako. Hitz berriak egoki erabiltzeko hizkuntza guztiz berri bat asmatu beharko litzateke; eta hori, nahiz eta ezbairik gabe horretara helduko garen, ez da uneotan gure afera. Gure afera da ikustea ea zer egin dezakegun ingeles hizkuntza zaharrarekin, den bezalakoa hartuta. Nola elkartzen ahal ditugu hitz zaharrak antolaera berrietan bizirik iraun dezaten, edertasuna sor dezaten, egia esan dezaten? Hortxe dago koxka.

Eta koxka hori argitzen lekikeen pertsonak munduak opa diezaiokeen zernahi loria-koroa merezi luke. Pentsa dezagun zer garrantzi handikoa izango litzatekeen baldin eta irakasterik bagenu, edo ikasterik bagenu idazteko artea. Hartutako liburu bakoitzak, egunkari bakoitzak, egia esanen luke, edo edertasuna sortuko. Baina bada, hala irudi du, eragozpideren bat, oztoporen bat hitzen irakaskuntzan. Zeren, nahiz eta uneotan badiren gutxienez ere ehun irakasle iraganeko literatura irakasten, gutxienez ere mila kritikari oraingo literatura aztertzen, eta ehunka eta ehunka gazte ingelesezko literaturari buruzko azterketak gainditzen merezimendurik handienarekin, idazten ote dugu hobeki, irakurtzen ote dugu hobeki irakurtzen eta idazten genuena baino orain dela laurehun urte eskolagabeak ginenean, kritikarik ez genuenean, ikasigabeak ginenean? Ote da gure literatura georgiar modernoa isabeldarraren adabaki bat? Tira, non ipiniko dugu errua? Ez gure irakasleengan; ez gure kritikariengan; ez gure idazleengaan; baizik eta hitzetan. Hitzei egotzi behar zaie errua. Gauza guztietarik basenak, askeenak, arduragabeenak, irakasezinenak dira. Jakina, harrapatu ditzakegu eta sailkatu eta alfabetoaren hurrenkeran kokatu hiztegietan. Baina hitzak ez dira hiztegietan bizi; buruan bizi dira. Horren froga behar izanez gero, pentsa ezazue zeinen maiz, une zirraragarrietan, hitzak gehien behar ditugunean, ez dugun bat bera ere aurkitzen. Hala ere, hor dago hiztegia; hortxe dauzkagu gure esku milioi erdi hitz, alfabetoaren hurrenkeran guztiak. Baina erabil ditzakegu? Ez, hitzak ez direlako hiztegietan bizi, buruan bizi dira. Begiraiozu hiztegiari beste behin. Hor dautza inolako ezbairik gabe antzezlan bikainagoak Antonio eta Kleopatra baino; olerki xarmagarriagoak Urretxindorraren Oda baino; halako eleberriak non haien parean amateurren lardaskeria gordinak bihurtzen baitira Harrotasuna eta Aurrejuzguak edo David Copperfield. Hitz zuzenak aurkitu eta behar den ordenan jarri baino ez dugu. Baina ezin dugu hala egin hitzok ez direlako hiztegietan bizi; buruan bizi dira. Eta nola bizi dira buruan? Modu askotan eta modu bitxian, jendea bizi den bezalatsu, harat eta honat ibiliz, maiteminduz eta elkartuz. Egia da zeremoniak eta konbentzioak ez dituztela hitzak gu bezainbeste lotzen. Erret Etxekoak hitz bilauekin batzen dira. Hitz ingelesak frantziar hitzekin ezkontzen dira, alemaniar hitzekin, indiar hitzekin, beltzen hitzekin, hala egiteko txirrinta dutenean. Izan ere, zenbat eta gutxiago arakatu gure Ama Ingeles maitearen iraganean hainbat hobe andere horren osperako. Harat-honat, harat-honat dabilen dontzeila ederra da eta.

Hortaz, alferrekoa baino makurragoa da inolako legerik ezartzea halako alderrai peto-petoei. Gramatikako eta ortografiako arau hutsal batzuk dira hitzei jartzen ahal diegun muga bakarra. Hitzei buruz zera besterik ezin dugu esan arretaz begiratzen diegun bitartean bizi diren haitzulo sakon, ilun eta aldizka baizik argiztatzen ez den horren bazterretik –buruaren bazterretik–, zera besterik ezin dugu esan: hitzek gustuko dutela jendeak pentsatu egin dezan haiek erabili baino lehen, eta sentitu egin dezan haiek erabili baino lehen, baina ez beraiei buruz pentsatu eta sentitu dezan, baizik eta beste zeozer bati buruz. Txit sentiberak dira, aise kikiltzen dira. Ez dute gustuko jendeak beren garbitasunaz edo beren zikintasunaz jardutea. Ingeles Garbiaren aldeko Elkartea eratuko bagenu, beren erresumina erakutsiko lukete Ingeles Zikinaren aldeko beste bat eratuz; hortik dator egungo hizkeraren parte handi baten indarkeria antinaturala: garbizaleen aurkako protesta da. Txit demokratikoak ere badira; hitz bat bestea bezain ona dela uste dute; hitz eskolagabeak hitz eskolatuak bezain onak dira, hitz kulturagabeak hitz kulturadunak bezain onak, mailarik edo titulurik ez dago hitzen jendartean. Ez dute gustuko ezta ere luma baten puntan goratuak izatea eta banan-banan aztertuak izatea. Elkarrekin ibiltzen dira dingilizka, esaldietan, paragrafoetan, batzuetan orrialdi osoak batera. Gorroto dute baliagarriak izatea; gorroto dute dirua egitea; gorroto dute inork haiei erretolika botatzea jendaurrean. Laburbilduz, gorroto dute adiera bat zizelkatzen dien edo jokabide batean giltzapetzen dituen zernahi, aldatzea dutelako berezko.

Beharbada horixe da haien ezaugarririk nabarmenena: aldatu behar hori. Harrapatu nahi duten egia ertz anitzekoa delako da, eta ertz anitzekoak izanik garraiatzen dutelako egia hori, harat lasterka lehenbizi, honat gero. Beraz, esanahi bat dute pertsona batendako, beste esanahi bat beste batendako; ulertezinak dira belaunaldi batendako, argiak eta garbiak hurrengorako. Eta konplexutasun hori dela-eta, jende ezberdinendako adiera ezberdinak izateko ahalmen hori dela-eta, irauten dute bizirik. Beharbada, beraz, hori da arrazoietako bat gaur egun ez izateko gure artean idazten duen olerkari, nobelagile edo kritikari handirik, hitzei beren askatasuna ukatzen diegulako. Esanahi bati atxikitzen ditugu, esanahi erabilgarri bati, trena hartzeko balio digun esanahiari, azterketa gainditzeko balio digun esanahiari…”

______________________

 

[i] Macbeth, II. Ekitaldia, William Shakespeare:

“Whence is that knocking?
How is’t with me, when every noise appalls me?
What hands are here? Hah! They pluck out mine eyes.
Will all great Neptune’s ocean wash this blood
Clean from my hand? No; this my hand will rather
The multitudinous seas incarnadine,
Making the green one red”.

Bedita Larrakoetxeak honela euskaratu zuen (Euzko-gogoa, 1957): “Nondikoa ete da zartada ori? Zelan ete nago ni edozein zaratak bildurtzeko? Ze esku dira oneik? Ene! Eskuok begiak ateraten daustiez! Netun [4] andiaren itxaso nagusiko ur guztiak asko izango ete nire eskuko odola zeatz kentzeko? Ez, urak eskua garbi-bearrean eskuak itxasoak eta itxasoak gorrituko dauz, urdiña gorri-eginda”.

4 Replies to “Hitzak beterik daude oihartzunez”

  1. Zeinen testu ederra; zeinen gustura irakurri dudan! Asti gehixeago hartzen dudanean, berriz ere leituko dut polikixeago… Zorionak, eta eskerrik asko.

    Atsegin dut

  2. Zoragarria testua eta aparta itzulpena, Itziar. Arrazoi du Mikelek, behin baino gehiagotan irakurtzekoa da. Opari ederra egin diguzu!

    Atsegin dut

    1. Mikel, Idoia, eskerrik asko, zuei! Testu ederra da, bai, azalez eta mamiz, euskarara osorik ekartzeko modukoa. Ea urtarrilean hasitako lana bururatzen dudan!

      Atsegin dut

Utzi iruzkina