Bizitzen jakin

Fernando Rey Escalera

Oraingoan, poema bat uzten dizuet.

Literatura –poemak bereziki– iradokizun iturri handia da. Horregatik dute hainbesteko indarra.

Nire itzultzaile ibilbidean, gauza batez ohartu naiz: zerbait asko gustatuz gero, barrena ukituz gero, berehalaxe pizten zait hura euskaratzeko gogoa: itzulpen-lana, horrela, gozamen ere bihurtzen zait. Eta ohartzen naiz itzulpen lana, maiz, nekagarria gertatzen dela, baina, gustuko kontuak direnean, nekearekin batera gozamena nahasten dela.

Erraza izan edo zaila izan, gustuko itzulgaiek poxa ematen digute. Beharbada, horregatik lerratu gara itzulpen literariora astea testu juridikoekin eta administratiboekin pasatzen dugun hainbeste itzultzaile.

Lehengoan, bada, poema hau ailegatu zitzaidan, aste berezi batean. Eta gustatu zitzaidanez, euskaratu egin nuen. Hemen duzue.

Egilea Cora Coralina da, poeta brasildar bat (Ana Lins dos Guimarães Peixoto) (Goiás, Brasil, 1889-1995).

Saber viver

Não sei… se a vida é curta
ou longa demais para nós,
mas, sei que nada
do que vivemos tem sentido,
se não tocamos o coração das pessoas.

Muitas vezes basta ser:
o colo que acolhe,
o braço que envolve,
a palavra que conforta,
o silêncio que respeita,
a alegria que contagia,
a lágrima que corre,
o olhar que acaricia,
o desejo que sacia,
o amor que promove.

E isso não é coisa de outro mundo,
é o que dá sentido à vida.
É o que faz com que ela não
seja nem curta, nem longa demais,
mas que seja intensa, verdadeira,
pura enquanto ela durar…

* * *

Bizitzen jakin

Ez dakit… gure bizitza laburra ote den
edo luzeegia.
Baina ongi dakit
bizi dugun deusek ere ez duela zentzurik
pertsonen bihotza ukitzen ez badugu.

Maiz, izatea aski da:
babesten duen altzoa,
inguratzen duen besoa,
adoretzen duen hitza,
errespetatzen duen isiltasuna,
kutsatzen den poza,
isurtzen den malkoa,
laztantzen duen begirada,
asetzen duen irrika,
bihotz ematen duen maitasuna.

Eta hori dena ez da beste munduko gauza,
baina zentzua ematen dio bizitzari:
horri esker bizitza ez da ez laburra ez luzeegia,
baizik eta bizia,
egiazkoa, garbia… dirauen bitartean.

3 Replies to “Bizitzen jakin”

  1. Eskerrik asko Fernando.
    Oharkabean biziz gero, ahaztu egin daitezkeen egiak.
    Berriki Bruce H. Lipton biologo zelularraren bideo bat ikusi dut, eta ingurune gozoa sortzearen garrantzia ekarri dit berriz ere gogora.

    Atsegin dut

  2. Eskerrik asko. Zinez ederra poema. Nire ingurukoei pasa diet …negar-anpuluren bat ere agertu zaio baten bati. Ima

    Atsegin dut

Utzi iruzkina