ariketak. mugaritz B.S.O. harkaitz canoren testua

miel a. elustondo

«Marko Polo eta On Pedro Axular, oinetakoak eskuan, oinutsik dabiltza hondartzan. Iluntzen ari du eta gero eta hurrago aditzen da olatuen zurrumurrua. Elkarrizketak aurrera egin ahala, haitzuloan amaitzen den alderdi harkaiztsu baterantz desbideratuko dira. Haitzulo xahar bat da, itsasbeherak baino bistara ekartzen ez duena.

Axular: Lurralderik arraroenak bisitatu dituzula entzun dut.

Marko Polo: Ez diot paisaiari errurik botatzen: bertako bizilagunek egiten dituzte arraro.

A.: Kontatu, faborez.

M.P.: Zuhaitzei kantatzen dieten tribuak, ibiltzen diren zuhaitzak, haietan bizi den jendea, purpuraz beztitutako elefanteak, zaldi gorri hegaldunak… Herri kanibalak, beren haur jaioberriak sakrifikatzen dituen jendea, eta, hala ere, antzina gurtu zituzten behiak hiltzen direnean haurrek bezala negar egiten dutenak…

A.: Barkaziorik gabeko bekatua, basakeria…

M.P.: Baita inozotasuna eta aurrera egiteko gogoa ere. Zoramena eta ahaztura. Hainbestetan, zer heroikoak bitxikeria barreiatzen du…

A.: Eta umiltasuna, beste hainbestetan…

M.P.: Edo inkontzientzia, besterik gabe.

A.: Zuk ez duzu bidaiarik ahantziko. Ezta hildakoan ere: beste batzuek ekarriko dituzte gogora zure bidaiak.

M.P.: Eta zu? Egia da kontatzen dutena? Itzalik ez duzula? Kendu egin zizutela?

A.: Deabruari utzi behar izan nion bahituran, bila etorri zitzaidanean.

M.P.: Itzalik gabeko gizona… Ez dut horrelakorik ezagutu nire bidaietan.

A.: Aringarri zait itzalik ez izatea.

M.P.: Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen…

A.: Nork esan zuen hori?

M.P.: Ez naiz oroitzen… Behiak gurtzen zituen kanibalen batek.

A.: Utziko didazu oharra idazten? Nire hizkuntzara bihurtuko dut: “Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen”.

M.P.: Ez du latin antzik.

A.: Ez da…

M.P.: Ez genuen haitzulo honetaraino etorri behar. Itsasgora da, arriskugarri da.

A.: Gorago ere etorriko da itsasoa. Ezingo gara irten.

M.P.: Ez ote da gu erreskatatzera inor etorriko?

A.: Ezetz uste dut. Zaharrak gara, zertan eman denbora alferrik espantuka? Hobe dute besteren batzuk erreskatatu.

M.P.: Bukaera da, hortaz.

A.: Mundu bat dugu batak besteari kontatzeko. Nik, liburuena eta Deabruarena. Zuk, zeure bidaiena…

M.P.: Bi pertsona, batak besteari kontatzeko bi mundurekin. Ez dago eternitatearen antz handiagoa duenik.

A.: Edo heriotzari beldur ez izatearen antz handiagoa, gauza bera baita.

M.P.: Eternitatez beterik daude bibliotekak. Hasi zeu…

A.: Estimatuta dago kortesia: ez dugu luzamendutan ibili behar.

M.P.: Bana dezagun denbora: ura gerriraino heltzen zaigunean nire txanda izango da.

Ez zen beren oinetakoak besterik salbatu. Axularren alpargata apalak. Zetaz eta urrez brodaturik, Marko Poloren babutxak.

Itsasbehera da berriro, dolumin seinaletan. Atzera itsasgora izan dadin arte iraunen du doluak».

Utzi iruzkina