Tiriki trauki hiru ta lau dira zazpi

Alfontso Mujika Etxeberria

1976an izan zen, duela 37 urte (Eneeeeee! Zaharrak gara gero!). Gorka Knörr-ek Txalaparta kantan erakutsi nahi zigun zenbat Euskal Herri zeuden (7, 2, 1…).

Geroztik, ez dugu asko aurreratu. Ez dakit benetan zenbat garen (zenbat buru, hainbat aburu), baina bada okerragorik. Izenak izana badakar, aitortu behar dut nahaste handia dakarkidala gaur ere, oraindik ere, izenak. Alegia, ez dut beti jakiten zer den Euskal Herria euskarazko testu bat irakurtzen dudanean, erdarazko testu bat irakurtzen dudanean País Vasco zer den beti ondo jakiten ez dudan bezalaxe.

Nondik hasi? Hemendik:

«Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena.»

Ez da nire baieztapena, Euskaltzaindiarena baizik. 2003ko uztailaren 18an egindako adierazpen batean (Adierazpena uztailaren 18an egitea kasualitatea izan ote zen?) oinarrituta atera zuen Euskaltzaindiak Euskal Herria izena araua (139. araua).

Diotenez, Euskaltzaindiak arau hori argitaratu eta berehala, galdera bat iritsi zitzaion toki ofizialen batetik: «Ederki. Orain badakigu zer den Euskal Herria. Eta euskarazko testu batean Euskal Herria agertzen denean, nola itzuli behar dugu Euskal Herria gaztelaniara?».

Eta Euskaltzaindiak honela erantzun omen zuen (ez gutxi eztabaidatu ondoren, eta Vasconia, territorios vascos, país del euskera eta beste hainbat ordain mahai gainean, edo azpian, ibili eta gero): «Euskaltzaindiari ez dagokio esatea gaztelaniaz Euskal Herria nola itzuli behar den».

Joan den ekainean, Valentzian argitaratzen den aldizkari baterako artikulu bat euskaratik gaztelaniara itzultzea egokitu zitzaidan. Euskaraz Euskal Herria agertzen zenean, gaztelaniaz zer jarri asmatu ezinda jardun nuen.

Hasieran, Euskal Herria uztea pentsatu nuen, baina, berehala, gogoeta: Alfon, etnonimoa erabiltzea ondo zegok, baina hik ez dituk endonimoak erabiltzen atzerrikoak adierazteko euskaraz aritzen haizenean, hik ez duk Deutschland eta Catalunya idazten euskaraz, Alemania eta Katalunia baizik; beraz, gaztelaniaz ere beste hainbeste egin beharko duk, ala?

País Vasco bururatu zitzaidan hurrena, baina, neure artean: zer ulertuko dute Valentzian País Vasco jartzen badut?

Eta legera jo nuen:

ESTATUTO DE AUTONOMÍA DEL PAÍS VASCO (18-12-1979)

Art. l. El Pueblo Vasco o Euskal-Herria, como expresión de su nacionalidad, y para acceder a su autogobierno, se constituye en Comunidad Autónoma dentro del Estado Español bajo la denominación de Euskadi o País Vasco (…).

Eta euskaraz, honela:

1. art. Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazpen gisa eta bere autogobernua lortzeko, Autonomia Erkidego gisa eratu da espainiar estatuaren barruan, Euskadi edo Euskal Herria izenarekin (…)

Beraz, País Vasco jartzen badut, valentziarrek pentsatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoaz ari naizela. Gainera, badakit Valentzian, unibertsitate-giroan, badakitela UPV/EHU sigla Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea dela, haiek ere beren UPV sigla baitute: Universitat Politècnica de València. Beraz, ez zait komeni País Vasco jartzea «benetako» Euskal Herria itzultzeko.

Badaezpada, Elhuyar hiztegira jo nuen, euskara-erdara atalera:

Euskadi. 1. Euskadi, País Vasco (referido al conjunto formado por los territorios de Álava, Bizkaia, Gipuzkoa, Navarra, Laburdi, Baja Navarra y Zuberoa). 2. Euskadi, País Vasco (referido al conjunto formado por los territorios de Álava, Bizkaia y Gipuzkoa).

Euskal Herria. País Vasco. «Hego Euskal Herria eta Ipar Euskal Herria: País Vasco (del) Norte y País Vasco (del) Sur».

País Vasco eta Euskadi toponimoen adiera-bitasuna ondo deskribatuta dago, baina ez dit arazoa konpontzen. Valentzian ulertuko badidate, nola itzuli behar dut Euskal Herria gaztelaniara? Parafrasi luze bat? Ez ote du gaztelaniak toponimo argirik horretarako?

Hor jarraitu dut, irtenbide bila. Ez dizuet esango zer jarri nuen, baina itzultzaileek erabiltzen dituzten beste ihesbide (edo konponbide) batzuk ikusi nituen:

Investigadores del País Vasco, en colaboración con el Real Jardín Botánico y el Instituto Forestal de Eslovenia…/Euskal ikertzaile batzuek, Espainiako Erret Lorategi Botanikoarekin eta Esloveniako Baso Institutuarekin batera

Hor dugu beste ihesbide, eta nahasbide, bat: euskal adjektiboak, hor, ez du zerikusirik euskaldun izatearekin, jakina, euskal ikertzaile horiek erdaldunak zein euskaldunak izan zitezkeen eta. Eta eusko ikertzaile batzuek ere ez genuke jarriko, ezta? Hizkuntzari lotuta ez dagoen eusko kuasiaurrizkia (Eusko Jaurlaritza, Eusko Alkartasuna eta  Eusko Label gisakoez gainera, baliagarria da hizkuntzari ez eta lurralde bati erreferentzia egiteko, hala nola geologoek erabiltzen duten Arro eusko-kantauriarra gisakoetarako) gehiago baliatu behar genukeelakoan nago, baina, oraingo kasu honetarako, ez dut uste ezer konponduko lukeenik.

Beste askotan, ez da zalantzarik izaten.

En la investigación participan 19 grupos científicos de Andalucía, Baleares, Canarias, Cataluña, Navarra, País Vasco y Valencia. / Ikerketan parte hartzen ari dira 19 talde zientifiko, eskualde hauetakoak: Andaluzia, Balearrak, Kanariak, Katalunia, Nafarroa, Euskadi eta Valentzia.

(Nafarroa eta Euskadi elkarren ondoan egonda, garbi dago Euskadi hori Euskal Autonomia Erkidegoa dela, inork zalantza badu).

Eta gaztelaniatik itzulitako berria denean? Esango nuke euskal itzultzaile askok País Vasco ikusi eta Euskal Autonomia Erkidegoa itzultzen dutela askotan, eta ez Euskal Herria, baina ez beti. Gainera, nahastea lehendik dator. Euskal Herriko Itzulia EAEkoa da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria ere bai, baina Euskal Herriko Bertsozale Elkartea Euskal Herrikoa da, Euskal Herriko Surf Federazioa ez dakit nongoa den…

Guk hainbeste komeria geure herriaren izena txukun eman nahian, eta beste batzuek, berriz, ez dute arazorik bereari «sinonimoak» jartzeko. Begira aurten zer galdetu dieten Geografia irakasgaian unibertsitaterako hautaprobetan:

Relieve peninsular (beste inolako oharrik gabe)

Horra hor erraztasuna: peninsular adjektibo erreferentzialak, batere arazorik gabe, península ibérica erreferentea ekartzen du. Izan zitekeen edozein penintsula, jakina, baina zenbat laguntzen duen pragmatikak.

Euskarazko bertsioan, berriz, honela joan zen:

Iberiar penintsulako erliebea

Esango nuke, gainera, «relieve peninsular» galdetu zuenak Espainia zuela gogoan, eta ez Iberiar penintsula, Portugalgo geografia ez baitzegoen aztergai.

Baina, ari naizela, ari naizela, Euskal Herritik kanpora joan naiz. Tiriki trauki.

One Reply to “”

  1. Jakina denez, hitzen esanahia hiztunen adostasun inplizitu batetik sortzen da, ez beste inondik. Euskaraz, gaur egun, adostasun hori oso zabala dela esango nuke, ñabardurak ñabardura. Aldiz, nabaria da gaztelaniaz ez dagoela adostasunik, mila arrazoi bitarte.

    Bada, ez badago ez dago, eta ondorioz nahitaez adabakietara jo behar da. Kasuan kasuan ikusi behar izaten da atakatik nola atera.

    Soluziotako bat izan daiteke geu denok gaztelaniaz pentsatzen eta idazten hastea, aterako zaigu zerbait. Hori da gutxi gorabehera Sabino Aranak bere garaian egin zuena, eta hortik sortu zen Euskadi (Euzkadi). Baina ez du ematen prest gaudenik horretarako. Gainera, horrek ez luke konponduko frantsesaren kontua (adibidez). Frantsesez hasiko gara orduan? Eta ingelesez zer? Edo alemanez, txineraz, errusieraz…

    Horretan interesa dutenek egin bezate. Zorionez edo zoritxarrez, esango nuke gaur egun oso-oso jende gutxi dagoela horretan interesatua, Sabinoren garaian ez bezala. Gaur egun, zazpiak-bat pentsaezina da euskararen lokarririk gabe. Zer egingo zaio.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina