Kalko fraseologikoak eta ideologikoak

Juan Garzia Garmendia

Biziki interesgarria iruditu zait Nork-etik nondik-era? Egilerik ez? sarrera. Horrexegatik, interesgarria delako, tira egin nahi dut hari horretatik. Bat etorrita han esaten denarekin, espero dut haren osagarri izatea nirea. Lehenik eta behin, zenbait galdera ez guztiz erretoriko:

  1. Zergatik halako joera, hain antzinadanik (Leizarragatik gutxienez) egiletasuna ergatiboaz besteko markaz adierazteko? Ordutik ote genbiltzan egiletasuna ezkutatu nahian?
  2. Nondik halako ugaritasuna (hots, zalantza) ergatiboaren alternatiba morfologikoa aukeratzean: -z, -gatik, -tik, -en aldetik…
  3. Nola liteke inork gehixeago sakondu ez izana, nik dakidala, erabilera horren testuinguru gramatikal eta semantikoetan, pasiboaren aipamentxo bat baino ez baitut aurkitzen azalpenetan? Bateragarria ote da egitura pasiboetan egilea markatzeko erabiltzea sasiergatibo-edo hori, eta, era berean, egilea ezkutatzeko?

Luza gintezke galdezka, baina ekin diezaiogun erantzuteko saioari, azkeneko horretatik hasita:

Egitura pasiboa zer den, aski garbi dagoke: egitura aktiboan semantikoki pazientea gramatikalki, objektua denak subjektuaren lekua hartzea. Hala izanik, besterik gabe, ezabatuta-edo geratuko litzateke subjektua (egilea), pazienteak kenduta hari lekua. Hala gertatzen da pasibo absolutua deritzonaren kasuan: ez da egilerik aipatzen. Adibidez: Lapurrak atxilotuak izan dira.

Joskera pasibo horrek, gustuak gustu, badu bere tradiziotxoa gure artean ere, eta ez da hor zer esan handirik. Hartara jo nahi ez duenak, jakina, aukeran du bestelako molde bat baino gehiago; besteak beste, egilerik eza adierazteko beste egitura inpertsonal direlakoak (alegia, subjektu guztiz generiko, zehaztu gabe bat baliatzen dutenak): Lapurrak atxilotu (egin) dituzte.

Hala ere, izaten da, egitura pasiboak arruntak diren hizkuntzetan, bere leku hura galdutako egile hori atzeko atetik sartzeko modua. Gaztelaniaz, gure garaian, ablativo agente esaten zitzaion horri, hala adieraziz normalean zirkunstantzia bat adierazteko erabiltzen zen forma batek egiletasuna adierazten zuela egitura pasiboarekin zihoanean: Los ladrones han sido detenidos [POR la policía].

Garbi dago pasibo ablativo agentedun hori egitura bereziagoa dela pasibo absolutua baino, aktiboan bezala ageri baita esaldian egilea, POR preposizio hori gorabehera (La policía ha detenido a los ladrones / Los ladrones han sido detenidos POR la policía).

Pasibozko aldaeran Los ladrones han sido detenidos por la policía desberdin dena aktante­ak agertzeko ordena da La policía ha detenido a los ladrones, eta, horrekin batera, informazioaren antolaera (abiapuntuko hizpidea zein den). Euskaraz, jakina, ez da pasiboaren beharrik horretarako (aukeretariko bi baino ez ditut emango, amaieran utziz aditza):

Poliziak lapurrak atxilotu (egin) ditu.
Lapurrak poliziak atxilotu (egin) ditu.

Horrenbestez, bi ondorio atera ditzakegu:

a)      Euskaraz ez da, berez, egitura pasibo ablativo agentedun horren beharrik, erdaraz ablativo agente horrek betetzen duen funtzioa ederki betetzen baitu ergatiboak, hitz-ordenaren malgutasunarekin konbinaturik. Alegia, hura gabe legokeen arazo edo hutsune bat konpontzera dator egitura berezi hori ERDARAZ (eta guk EZ dugu arazo zein hutsune hori).

b)      Hala ere, mimetismoz, interferentziaz, kalkoz, nahi izan dugu egitura hori ere geuretu, eta temati saiatuko gara horretan.

Arian-arian, etorriak gara lehen eta bigarren galderen erantzun-hipotesi aski sendo batera: kalkoa, diogunez, alferrikakoa zen, baina, gainera, ablativo agentea kalkatzerakoan, ez gara bat etorri, guztiok eta beti, POR preposizioa hartara egokitzeko oinarrizko balio semantikoa zehaztean, eta, hala, erdaraz dituen balio (ia) guztien arabera itzul-ordaindu izan dugu: instrumentala, kausala, ablatiboa… (mendiengatik inguratua ere entzun nuen behiala telebistan… edo mendiengandik inguratua zen?).

Hala, gure eztabaida tipiko horietariko bat irudikatzen dut hor, non bakoitzak sutsuki aldezten baitu atzizki bat besteen aurka… inolaz ere beharrezko ez dugun kalko ezin traketsago baterako. Horretarako proposamen esperimentu, harrikada? inplizituak, Leizarragarengandik hasita, bazterturik geratu dira, hautespen naturalez, euskarari onura garbirik ez zekarkiotelako noski. (Hala ere, bazuten oraingo askoren aldean, abantaila jator bat: praktikan erabiliak ziren testuetan, irakurgai bizi, eta ez teoria mortu).

Artikuluaren erantzunetan, erabilera (erretoriko) jakin berezi batean zentratu da eztabaida. Erabilera horretan, esaldiaren gune nagusitik ateratzen da NONDIK sintagma (egitura pasiboan ez bezala), eta, hala, inpertsonalarekin konbina daiteke (erdaraz, se partikulaz eraturiko pasiva refleja delakoarekin): #Aldunditik, neurriak hartu dira…

Edo, erakunde formala jada aparte aipaturik geratu denez, gu subjektu lauso-hurbil bat egokitu dakioke perpausari, itxura batean abilki ezkonduz, erretorika pertsuasiboagozko esamolde berrian, erakundetasuna eta jendetasuna: #Aldunditik, neurriak hartu ditugu…

Euskaraz eman ditut esaldiok, baina, nire ustez, ez da nahikoa erretorikaren zimikoa halako kalkoa euskara egokitzat hartzeko; ezta kasu berezi mugatu horretan ere (benetako NONDIK esanahiaz, jakina, zuzenak dira). Alegia, zozo-zozo kalkatzen ditugula halako guztiak, eta, gero, kalko oro arrazoi noblez zuritzen saiatzen garela; askotan, gainera, energia-inbestimendu handiagoa egiten du zenbaitek zuriketa horretan, adierazpideen txukuntasuna aurretik apur bat zaintzeko behar litzatekeena baino. Ez al genuke hobe ernexeago ibiltzea hasieratik?

Honainokoan, pentsa liteke erretoriko hutsa zela aipaturiko artikuluarekiko nire adostasuna, baina ez da hala. Hori zehaztu eta argitzeko, orain arte agertu ez den kontu bat ekarri behar dut hona: nominalizazioena.

Aski luzatu naizenez, zuzenean ekingo diot adibideka:

Aldundiak hori proposatu du.
Hori proposatua izan da *norbait-X.
Hori proposatu du Aldundiak.

Aldundiak egindako proposamen bat jaso dugu.
Aldundiaren proposamen bat jaso dugu.
Proposamen bat jaso dugu #Aldundi(aren alde)tik
Proposamen bat jaso dugu, Aldundiak egina.
Proposamen bat jaso dugu, Aldundiarena.

Izan ere, egitura pasiboa islatzen dute nominalizazio askok edo gehienek (proposamen batean, esate baterako, proposatua fokalizatzen da askotan, proposatzailea aipatu gabe), eta nominalizazioak neurrigabe ugaltzetik datorkigu, noski, egiletasun kamuflatuzko halako uholde gaitza, lehen baino askoz ugariagoa.

Gakoa, bada, fraseologiaren kalko zozoan dagoke (eta zozo da hor, jakina, nabarmentzeko hitza, ezinbesteko baitugu fraseologiaren kalkoa). Jakina, fraseologia bereziena ere orpoz orpo kalkatu beharrez, gupida gabe bortxatzen eta desitxuratzen dugu hizkuntza, maila guztietan.

Hain zuzen ere, (la construcción) POR la Diputación eta gisakoen polisemia saihesteko garatu da, fraseologia modernoan, nominalizazioetarako ablativo agente espezializatu bat (ez guztiz espezializatua, zabaldua baita bestelako testuinguruetara ere): (la construcción) POR PARTE DE la Diputación. Hala, euskaraz ere, hor dabiltza biak: (proposamen bat jaso dugu) AldundiTIK zein AldundiaREN ALDETIK. [1]

Alegia, nominalizazio-estiloa erabat kalkatzen dugu, itsuki, mekanikoki, erdaratik [2]; gero, Troiako Zaldi fraseologiko hori jada gureturik, hari dagokion morfosintaxi-horniaren bila hasten gara, okerreko kalkabidean irmo, berrikuntza dotoretzat joz alferrikako edozein trakeskeria, esateko moduak guztiz bihurritzeraino.

A, eta garbi esan dezadan, badaezpada, zertan natorren bat: kalkatzen tematzen garen ergatibo-ordezkook disimulatu egin nahi dute, bai, egiletasuna, eta, bai, gaurko gizarte-martxaren ezaugarri ideologikoa da egiletasunik ez tekno-aseptiko hori: inork egin gabetzat aurkezten dira egintzak (negatiboak behintzat), eta, hartara, inork ez du erantzukizunik.

Egiletasuna erabat desagerrarazteko bidea, ordea, nominalizazioek ematen dute, eta horregatik ari zaigu guztiz nagusitzen nominalizazio-estiloa erregistro gehienetan, eta batzuetan bereziki: Por parte de la administración, desde esta institución, se instará a la necesaria remodelación de la insostenible política de ayudas…

Horregatik ere, esan nahi dut, alde guztietatik baikara kalkatzaile gero eta zozoagoak: lexikoa, morfosintaxia, semantika, fraseologia, erretorika… eta ideologia.


[1] Ez da nahastekoa erabilera hori, noski, beste esapide ongi errotu hauekin: Ez genuen halakorik espero Aldundiaren aldetik; Aldundiko arduraduna naizen aldetik, badut esatekorik.

[2] Tristea da hori ere zehaztu beharra gure artean, baina, badaezpada: arazoa ez dira, izatez, nominalizazioak berak, haien abusua baizik; alegia, gainerako fraseologian bezala, erdaraz nominalizazioz adierazten den edozer berdin eman nahi izatea euskaraz. Ai san Jeronimo, zer kasu gutxi egiten dizugun!

2 Replies to “Kalko fraseologikoak eta ideologikoak”

  1. Egituraz hain ezberdinak diren bi hizkuntza hain egoera soziologiko desorekatuan kontaktuan daudelarik, zaila da, akaso ezinezkoa, euskarak egitura edo esamolde berriak ez bereganatzea, iraungo baldin badu. Zeren, egoera desabantailatuan izan arren, euskaran ere bereizi eta agian onartu beharko dira erregistroak, modak eta are erabilera okasionalak. Guk aukeratu ez dugularik, euskadun batzuei euskararen egoera honetan bizitzea tokatu zaigu: gaztelaniaren ondoan eta haren eragin handiaren pean. Airea behar dugu euskaraz bizitzeko, pixkat edo gehiago kutsatua badago ere aire hori, eta bada arriskua aire garbiaren aldarri batzuekin airerik gabe gelditzeko.

    Juanek kalkatze zoroa eta nominalizazioen abusua salatzen dizkigu gaurko artikuluan, hots, neurriz jokatzea eskatzen digu kalkoen kasuan. Zentzuzko aholkua dirudi. Baina non dago neurria? Kalko desegokitzat jotzen du “neurriak hartu dira aldundiaren aldetik”, edo “ez da erantzunik izan gobernuaren aldetik”. Nik, ordea, nahiz eta kalkoak izan, hizkera-mota bati dagozkion esapidetzat joko nituzke. Zeren sarreragilearen iritziz egia baldin bada “gaurko gizarte-martxaren ezaugarri ideologikoa da egiletasunik ez tekno-aseptiko hori”, euskaldun erdiletratuok ere aukera eduki beharko genuke gizarte horretara egokitzeko. Euskaldunok ere eskubidea daukagu euskaraz pijo, pedante, erdikutsatu eta abar agertzeko, jator, neurtu eta abar azaltzeko bezala. Beraz, neurrian dago koxka, baina nork markatzen du neurria?

    Jesus Maria Agirre Berezibar

    Atsegin dut

Utzi iruzkina