Oker ttiki garrantzi handikoak

Juan Garzia Garmendia

Tabucchiren ipuin zoragarriari Fernando Rey adiskideak eman zion euskal izenburua parafraseatuz ekin diot honi, nahiz “garrantzigabeak” izan han “oker ttiki”ok, eta hain garbi ez edukiagatik nik egokiena ote den hor “oker” hitza “equivoco” itzulordaintzeko. Uler bedi, beraz, ekiboko edo, garbizaleentzat, gaizki-ulertu edo nahasbide zenbaiten garrantziaz aritu nahi dudala, eta ez, deabruak libra, inoren oker salagarriez.

Zehazkiago, ekiboko bat dut aipatzekoa, sarri bezain hedatsua, eta, beraz, bat izanik ere, pluraltzat har daitekeena ondorioei begiraturik. Labur nahi nuke, eta alferrikako misteriorik gabe. Hara zein den gure arteko gaizki-ulertze nire ustezkoa: euskarari buruz mintzatzen (ahakartzen) garenean, zer euskarari buruz ari garen ez garbi uztea hasterako.

Erabilerari buruz mintzo bide gara hemen, eta ohituak gaude, 31ok eta beste hamaika milaka euskara-maiseatzaile gisa askotakoak, hizkuntza-maila, erregistroa, komunikazio-helburuak, generoak eta beste hainbat kontzeptu tekniko barra-barra aipatzen, harira etorri zein ez, baina berniz moduko bat izaten  da azkenean hori egiaz, euskara (eta, oro har) hizkuntza delako errealitate itxuraz ondo definituari gainezarria.

Alegia, hizkuntza delakoaren apaingarri gehitutzat jotzen ditugu praktikan, gehien-gehienetan,  beste zer guztiok. Maila guztietan gertatzen da berdintsu, baina joskeraren gorabeheretan nabarmentzen da gehienik, eta esango nuke hortik datozkigula maiz teorizatzen hasten gareneko sesioak eta okasioak.

Izan ere, hiztegiek, gutxi asko, markaren bat ezarri ohi diete zenbait hitzi, erregistro mota sozial zein geografikoa mugatuz edo zehaztuz. Bada zer hobeturik, hala hiztegietan nola haien aplikazio praktikoan, eta, jakina, pieza lexiko solteek ez dute agortzen konbinazio semantikoen kolore-gama guztia. Ongi etorriak dira, bada, esapide eta fraseologia bereziei buruzko lanak ere, ia berezkoa baitute halako erabilerek tonalitate estilistiko jakin bat, erregistro batekin edo besterekin lotutakoa.

Joskerarenera etorrita, ordea, esango nuke gure eztabaiden iturri sarria dela ez hartzea lan pixka bat aldez aurretik, berotu baino lehen, ondo zedarriztatzeko zer euskarari buruz ari garen euskara aipatzen dugunean. Hasteko, eta behinenik, ea ahozko euskara informal espontaneoaz ari garen (eta noren eta nongoaz) ala euskara idatzi formal batu (nahi) estandar euskal herritar guztientzakoaz. Tontakeria dirudi hain oinarrizko gauza seinalatzeak, baina etsita nago hortixe datorkigula nahaste, okerbide eta are haserregarri ugari. Eta askoz ere adostasun –eta gogobaretasun– handiagoa lortuko genukeela, nork geure suan eta bestearen itsuan aurrera segitu beharrean, atzera egin eta abiapuntuari erreparatuko bagenio, ea gauza beraz ari garen. Ez dakit, hala ere, nahi dugun. Ala gustua hartu diogun tirabirari berari, eta honela elkarrekin ahakarturik bizitzea ote den, hizkuntza-kontuan ere, euskal arima delakoaren pultsiorik barrengoena, inolaz ere saltzeko ez daukaguna.

Esate baterako, eta kontu teknikoetan sartu gabe ere, nola idatz daiteke lan bat euskararen (edo are euskal) hitzordenaz sikiera ahozkoaz ala idatziaz ari garen ere argitu gabe? Bada, zinez, idazten da halakorik. Eta nola maisea daiteke euskara batuaren joskera, aurretik aitortu gabe, gutxienez, badela bereizi beharreko sintaxibide bateragaitzik, mintzoz eta idatziz, ekialdetik mendebalera eta hegoaldetik iparraldera? Bada, egunero dakusagu halakorik ere. Lanak, gero, jakina, argitzeke geratu den hori argitzeko ahalegina egin behar duenarentzat dira; hark konplikatu omen du berez sinplea dena.

Noski jabetuko zinetenez, hasterako egin behar liratekeen bereizkuntza potoloenetariko batzuk baino ez ditut aipatu: ahozkoa/letrazkoa, dialekto geografikoa… Hortik aurrera, soziolektoak ere apur bat bereizi behar genituzke, besteak beste, ez dakigun gerta, esate baterako, euskaraz lau gauza esaten ikasi duen gaztetxo erdal giro peto-petokoaren erabilera-eredua hartzea etorkizuneko euskarazko kultura-hizkuntzaren abangoardia imitagarritzat, horretarako bidean goazela ematen baitu batzuetan, ergatiboa abolitzerainoko ausardia ere baluketen zenbait aditu superguayri jaramon egitera.

Hori, ordea, beste 31gai bat litzateke, edo honen beste adar bat, eta, oraingo honetan (baina ez fidatu nirekin), adarretatik ez joateko erabaki sendoa hartu dut, hartara ekibokoak –okerrak ez dakit baina– ez handiagotzeko.

Adibiderik ere ez dut jarri(ko), kapaz baikinateke, gainerako guztia ahazturik, harexen inguruan mokoka hasteko. Zer-nolako euskararen erabileraz ari garen argitu gabe noski.

2 Replies to “Oker ttiki garrantzi handikoak”

  1. Ez zait argi geratu ea ahozkotasun/idatzizkotasun faktorearen eta joskeraren artean ikusten duzun lotura hori oro har edozein hizkuntzaren kasuan kontuan hartu beharrezkotzat jotzen duzun, ala euskararen bereizgarri bat iruditzen zaizun.

    Atsegin dut

  2. Bistakoa da orokorra dela kontua, nahiz eta hizkuntza bakoitzaren bilakaera eta egoera ere kontuan hartzekoa den xehetasunei heltzeko orduan. Gero eta gehiago, bestalde, formal/informal oposizioak du pisua, ahozko/idatzi horren gainetik. Esate baterako, txat idatzi bat informalagoa izaten da hitzaldi mintzatu bat baino. Bigarren mailako ahozkotasuna ere aintzat hartzekoa da, hala nola (esateko pentsatuta dauden) testu idatziak esatea irrati-telebista-bideoetan. Horiek, hala ere, parametroetariko batzuk baino ez dira hizkuntza-erabilerak zehazteko orduan, artikuluan adierazten saiatu nintzen moduan.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina