Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
2009-12-18
Isabel eta Irantzu adiskideak dira, eta itzultzaileak. Irantzuk 2 hilabeteko alabatxoa ahizparenera eraman du Isabelekin patxadaz eta lasai gosaldu ahal izateko. Kafea hartu du Irantzuk; tea, Isabelek. Irakurritako azken liburuez ari dira. Irantzuk azaldu du A Room of One’s Own irakurri berri duela. Leitua zuela lehenago ere, orain 15 bat urte, baina aurreko batean bat-batean Woolfen saiakera berrirakurtzeko gogo bizia sentitu zuela. Ikaragarria da, esan du Isabelek, ikaragarria testu hori ez izatea euskaraz. Ikaragarria ez, amorragarria da, ihardetsi dio Irantzuk, amorragarria! Eta, berehala, hitz-aspertu ezin luzeago batean murgildu dira gogotsu; euskarara ekarritakoen artean sumatzen dituzten hutsuneak izan dituzte hizpide, eta zein lan mota hobesten diren, zein egile, zein aro, zein genero…
Isabelek boligrafoa eta papera atera ditu, eta itzuli beharrekoen –itzuliko dituztenen– zerrenda osatzen hasi dira. A Room of One’s Own paratu dute zerrendan buru. Inguruko beste itzultzaile batzuekin ere mintzatuko dira beren proiektuaz. Isabelek esku artean dituen lanak bukatu bezain laster helduko dio lehen itzulpenari, eta Irantzuk bere bizimodu berriaren zurrunbiloa baretzen denean ekinen dio zerrendako bigarrenari.
2012-12-18
Irantzu eta Isabel askaltzeko elkartu dira. Hiru urte lehenago osatu zerrenda atera du Isabelek. Irribarrez begiratu diote. Meriendatu bitartean, Consonni arte ekoizlearen ekimenaz hitz egin dute gehienbat. Pozez. Bazela garaia jakiteko euskaraz nola aipatu behar zen Woolfen harribitxi hori, jakiteko norberaren gela edo gela propio bat edo gela bat norberarena aldarrikatu behar dugun. Zerrendako lehen izenburu hori ezabatu dute, beraz, eta zerrendari begiratu diote berriz, irribarrez baina pentsakor, nahiaren eta ezinaren artean kulunkan dutela gogoa.
2013-12-18
Bi adiskideak betiko kafetegian elkartu dira. Irantzuk Maddi alabatxoa dakar eskutik helduta eta Edo!-k argitaraturiko Genero-ariketak besapean. Isabelek irrikaz kendu dio liburua. Haien zerrenda zaharreko beste bi egileren testuak euskaraz irakurgai! Ez dira liburu osoak, haiek amestu bezala, baina tira, bada zerbait! Gero, Gela bat norberarena saiakeraren edizio txukun eta interesgarriaz jardun dute, Consonnikoen lana goraipatu dute. Eta ondoren, nola ez, Isabelek zerrenda zimurtu eta kolore gabetua atera du atzera. Oraingoan, zerrenda berritu eta osatutakoan, errealitateari men eginen diotela erabaki dute, eta lasterbidea hartuko dutela: Olentzerorengana joko dute, ea hiruren artean lortzen duten 2014an honako hauek euskaraz ere irakurri ahal izatea.
Olentzero maitea, hona hemen euskaraz ere nahiko genituzkeenak:
1) Le Livre de la Cité des Dames, Christine de Pisan.
2) De l’égalité des deux sexes, discours physique et moral où l’on voit l’importance de se défaire des préjugez, François Poullain de la Barre.
3) A Vindication of the Rights of Woman, Mary Wollstonecraft.
4) Ain’t I a Woman, Sojourner Truth.
5) Le Deuxième Sexe, Simone de Beauvoir.
6) The Feminine Mystique, Betty Friedan.
7) Sexual Politics, Kate Millett
8) Gender Trouble: Feminism and the Subversion of Identity, Judith Butler
9) The Female Eunuch, Germaine Greer.
10) Spéculum de l`autre femme, Luce Irigaray.
11) Crítica del Pensamiento amoroso, Mari Luz Esteban.
Maddik, ordura arte gometxak itsasten ibili baita, burua altxatu eta adi begiratu dio eskutitzari. Ezin da, esan die oso serio, Olentzerori ezin zaizkio hamaika gauza eskatu. Hamaika asko dela esan digute ikastolan, aaaas-ko!; hiru bai, gehienez ere, eta bene-benetan nahi duguna zerrendan lehena jarrita. Bestela ezin da. Hala esan digute.
Irantzuk eta Isabelek ez dute zalantza izpirik izan, izenburu bakarra idatziko dute gutunean. Nik idatziko, esan die Maddik.
Olentzero maitea, Irantzuk eta Isabelek Le Deuxième Sexe irakurri nahi dute euskaraz
Euskarari buruzko eztabaidaguneetan noiz edo noiz pizten diren ika-mikatxoak ikusita, lehentasuna iruditzen zaielako lehenbailehen jakitea nola esan behar den euskaraz «On ne naît pas femme, on le devient».