Fernando Rey Escalera
Azkenaldi honetan, euskararen gaineko gogoeta giza anatomiara eta fisiologiara lerratu zait. Eta itzulpengintzaren gaineko hausnarketarako, niri behinik behin, errazagoa zait metodo deduktiboa induktiboa baino. Zer pentsatua ematen didaten bi hitz ditut gaur gogoeta-gai.
UZKIA
«Uzki» hitza da horietako bat. Aspaldikoa dut duda, baina, Anaïs Nin-en Venusen delta liburua zuzendu behar izan nuenean, berritu egin zitzaidan deserosotasuna.
Terminologiari buruzko teoriaz oso gutxi dakit, baina dakidan apurra da terminoak, besteak beste, zehatza izan behar duela, eta erregistro mailak ere baduela bere garrantzia. Bi aspektu horietan ikusten dut problema gaztelaniaren «ano» eta frantsesaren «anus» hitzaren ordainerako «uzki» erabaki denean.
Beharbada, berandu heldu da gogoeta hau, ederki baitakit eskoletan-eta hitz hori zabaldu eta normalizatu dela digestio aparatuaren bukaerako zulo esfinterduna izendatzeko. Halaxe ematen du Giza Anatomiako Poltsiko Atlasak (Heinz Feneis-en liburua, Elhuyarrek argitaratua); halaxe ageri da UZEIk egindako lanetan eta Euskalterm Terminologia Banku Publikoan (halako kritikek ez dute inola ere zalantzan jartzen edo gutxiesten UZEIko edo Elhuyarreko lagunek egindako aportazioa: aski lan on, zail eta lagungarria egin zuten denontzat, hain baliabide gutxi zegoen garaian gainera).
Maizenik erabiltzen diren hiztegietan, hau esaten zaigu:
Elhuyar
Uzki
1 iz. Anat.
ano, orificio anal
2 iz. Ipar.
culo, trasero
Zehazki
ano m uzki; ipurtzulo adkor, atzeko zulo adkor.
Baina, nik dakidala, eta Orotariko Euskal Hiztegian begiratuta, «uzki» ipurdi hitzaren sinonimo hutsa da, hitz hori erabiltzen duten gehien-gehienentzat behinik behin. Badiat uzkian zilo bat / beti hire zerbutxuko, / zabalik diat nahi dianian / hantik sudurra sartzeko.
Zuloa izendatzeko, jakina, ipurdi/uzki + zulo/zilo elkarketaz baliatzen gara. Horregatik diot nik «ano/anus» hori «ipurtzulo» eta «uzki-zilo» esan beharko genukeela. Badakit gaztelaniadunok «ano» esaten dugunean beste erregistro maila batean ari garela, eta ipurtzulo edo uzki-zilo erabiltzeak ez dirudiela egokiena anatomiaz hitz egiteko. Baina, beste hitz baten premian bagaude hizkera finagoan edo teknikoan edo dena delakoan erabiltzeko, beste zerbait beharko genuke, maileguaz baliatu beharko genuke segur aski. Gure auzo-erdarei begiratuta hauxe ikusten dugu: gaztelaniak, italierak eta galegoak «ano» dute; frantsesak, katalanak, portugesak, ingelesak eta alemanak, «anus».
«Anoa» edo «anusa» proposa liteke. Baten batek esan lezake gure aitak lanerako «companaje» deitzen zion horrekin nahas litekeela «anoa», baina polisemia ez da halako traba ere. «Anusa» ere esan genezake.
Beharbada honek ez du bueltarik, eta izugarri zabaldua dago hitza, baina nik, besterik gabe, problematika honen atzean dagoen tranpa utzi nahi dut agerian: hitz baten premia sentitu, eta, ordain gisa, bazterreko euskalki batekoa hartzea horretarako, baina esanahia aldatuta. Imajinatu, segundo bakar batzuez, zer esanen luketen euskaldun gehienek erabakia alderantzizkoa izan balitz: culo / cul = uzki; ano / anus = ipurdi.
OHATZEA
Antzeko zerbait gertatzen da «litera» edo «lit superposable» hitzarekin. Begira zer dioten hiztegi erabilienek:
Elhuyar
Litera
1s.f.
ohatze
En mi habitación hay dos literas: nire gelan bi ohatze daude.
Zehazki
Litera
1 f elkarren gaineko ohe(ak), elkarren gaineko(ak).
2 (de barco, tren) ohexka, ohatze.
Ez da egokia, nire ustez. Ohatzea, hitza erabiltzen dugun gehienontzat, ez da litera bat. Litera ohe espezifiko bat da, eta, beraz, bi bide baizik ez ditugu horretarako: edo mailegua (literak, lits superposés, bunk beds), edo hitza sortzea. Baina ez da zilegi, nire ustez, norberarentzat bitxia-edo den hitza hartu, esanahia aldatu, eta guk nahi dugun horretarako erabiltzea.