Dagokionari

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Orain dela zenbait aste, Itziar Otegik blog honetan hiztegiak irakurtzeari buruz idatzitako gogoeta ederra irakurtzen ari nintzela, garai batean oso gustura eta sarri samar irakurtzen nuen hiztegi bat etorri zitzaidan gogora. Gaur egun, eguneroko langintzan oso bakanetan erabiltzen dudan arren, lantokiaz kanpoko itzulpenetan ari naizela beti eskura izan behar dudan hiztegia da oraindik, ireki ez arren beti aldamenean nahi dudana, hitzen edo esamolderen batekin trabatzen banaiz ere; ordain egokia ezin aurkituz nabilenean, eskua luzatu, hura zabaldu eta haren barren jorian aurrera eta atzera ibiltzeko aukera badudala jakite hutsak segurtasuna ematen dit, lanerako kutun gisako bat balitz bezala ia.

Ziurrenik zuetako askok honezkero asmatuko zenutenez, Plazido Mujika Berrondoren Diccionario castellano-vasco handiaz ari naiz, orain dela 40-30 urte, gure etxera euskaraz argitaratzen zen guztia edo ia guztia iristen zen garai hartan, gure aitak altxor handitzat zituen bi hiztegietako batez, alegia. Hiztegi horren 1. edizioaz ari naiz zehazki, etxean oraindik ere mujika zaharra deitzen dugun hiztegi agortuaz (1965. urtekoa), eta ez ondotik 1973an eta 1987an argitaratu ziren edizio laburtuez: 1. edizioa, besteak beste, potoloegia eta erabilgaitza bide zelako laburrarazi omen zioten, eta beharrik oso erabilerraza ez zen, argitaraldiko ale guztiak —8.000 baino gehiago— saldu ziren-eta!

Hasieran nioenez, bada, Itziar Otegiren testu hura irakurtzearekin batera, hiztegi horretaz gogoratu, eta beste behin ere galdera hau etorri zitzaidan burura: nolatan ez dugu oraindik hiztegi aberats hori sarean? Nola liteke 60. eta 70. hamarkadetan euskaraz idazten zuten gehienen eskuetan zebilen hiztegi mardul hura, guztiendako erreferentzia nagusia izan zena eta askok erabileraren erabileraz maiztu, ertzak belztu, orriren bat urratu eta are azalgabetu zutena, Interneten ezin kontsultatzea?

Horregatik dagokionar —ez baitakit nori dagokion edo are norbaiti dagokion ere—, hiztegia sareratzea eskatzeaz gain, lehen edizioa —edo lehen edizioa ere— sareratzeko eskatu nahiko nioke hemendik. Batetik, lehen argitaraldi hartan euskalkien erreferentziak agertzen zirelako, 2. eta 3. edizioetan ez bezala. Eta, bestetik, euskalkien markak baino zerbait gehiago galdu zelako bidean, adibide xume batekin erraz ikusten denez:

LLORON (1. edizioa), quejumbroso, quejicoso, quejoso = erkale (c), mainuntzi (c), marrakari (c), minbera (c), minberakor (c), negargille (c), negar-iturri (c), negar-ontzi (ce), negarti (c), negartsu (c), nigarti (c), aigura B, alaari B, alatsu, arrangura-ontzi, arrangurati, arranguratsu L, arrankura-ontzi AN, arrankuratsu, arranpalo G, arrenkuratsu L, arrumakari, borroti B, bupera B, deskeila B, ekaikari AN, ekaitsu, ekaiuntzi AN, ekaizu AN, erostari B, espati, espatsu, illetari B izkolari, kerementa BNL, kexati, kexu AN, maskin AN, mika B, minberati, minberor S, mindulin, mindurikari L, minduru, minkorti L, minkun BNL, minkurti S, miñ-ontzi, nauna L, negar-samur BG, negar-gale, nigar-gale S, negardun B, negar-jario G, nigarkari, nigarkoi, nigarroi S, nigarzu, pupera B, puperati B, puperatsu B, sinkulin L, sinkulin-minkulin L, ubel S, zingulin A, zinkulin L, zinkuri ANBN; zinkurin, zinkurinati, zinkurinatsu, zinkuru-zale R, begibera BG, begi-bella R, begi-txatxu G, dena-nigar.

LLORON (2. edizioa), quejumbroso = erkale, maiñuntzi, marrakari, minbera, minberakor, negargille, negar-iturri, negar-ontzi, negarti, negartsu, erostari, illetari, mindulin, mindurikari, minkorti, negar-samur, negardun, negar-jario, zinkulin, zinkuri, negar-zulo.

Eta gaurko hiztegi segur aski erabilienekin alderatuz gero:

Elhuyar

llorón, -ona adj./s.

1. negarti, negarrontzi, mainontzi, mainati; 2. negarti, kexati, zinkurin

llorona adj./s.f (usualmente pl.) plañidera

2. negar-kantari, hiletari, erostari, auhendari, adiagile

Zehazki

llorón adj negarti, negarrontzi, mainontzi adkor, lantu-jotzaile

llorona 2 (plañidera) erostari

Ohartzen gara aldaera ugari galdu zaizkigula bidean, ezinbesteko galbahearen ondorioz, noski: negar-samur, minkun, negar-gale, borroti, negar-jario, nigarkoi, miñ-ontzi, zinkurinati…

Badakit, jakina, galtzea esatea askotxo dela, hitzok Orotarikoan-eta jasota dauzkagulako, baina Mujikaren hiztegia itzultzaileon tresna nagusia zen garai hartan baino bide luzeagoa egin behar izaten du itzultzaileak gaur haietara iristeko. Bidegileak bildumako liburuxkak dioen moduan, urte luzez «etekin polita atera zioten hiztegi hari itzultzaileek, irakasleek, idazleek eta, nola ez, ondoren etorritako hiztegigileek ere». Horrexegatik nahi nuke, hain zuzen, hiztegia sarean, Elhuyar, Zehazki, Hiztegi Batua, Orotarikoa eta Interneten ditugun gainerako hiztegi, corpus eta abarretara jotzea bezain erraz izan dakigun hiztegi horretako mami aberatsa kontsultatzea, iruditzen baitzait ezen, sarean izanez gero, aiseago eta maizago erabiliko genukeela, gure idatzi eta itzulpenen koloreen onerako.

Bukatzeko, hiztegiari buruzko beste xehetasun bat aipatu nahi nuke: egileak, bere lan bikaina —ahalik eta merkeen— argitaratu ahal izateko, laguntzaile asko izan zituen: harpide eske ibili ziren euskaltzaleak, harpideak berak (jende asko egin zen harpide, eta batzuek aldez aurretik ordaindu nahi izan zuten hiztegia), baita dohaintza egileak ere. Horretan ere aitzindari eta eredugarria, galdetu bestela egunotan Virginia Woolfen A room of one’s own euskaratu ahal izateko Interneten crowdfunding baten bidez diru ekarpenen bila dabiltzan Consonni-ko kideei. Ana Morales adiskide eta itzultzaileari Etxepare parafraseatuz esatea gustatzen zaion moduan, asmo bera orduko eta gaurko bi ekimen horietan, baita nire eskaera honetan ere: euskaldunok basa izateari utzi eta abil, animos eta jentilago bihurtzea. 😉