Paragogikoa

Gotzon Egia Goienetxea

Liburu berezia, oso berezia dela aitortzen zuen Xabier Olarrak 2005ean, Exercices de style liburuaren itzulpenaren atarikoan:

«Eguneroko bizitzako gertaera bat, hutsal bezain harrigarria, modurik xumeenean kontatua, eta ia beste 100 bariazio, gai horixe bera dutenak. Hori besterik ez da Estilo ariketak». Xabier Olarra

Azalduta utzi zuen Raymond Queneau egileak, ariketak nola sortuz eta gehituz joan zen, hamabost bat urtetan, istorio hutsal hari jira eta bira emanez:

«Laurogeita hemeretzigarrenean gelditu nintzen; gehiegi ere ez da komeni; ideial greziarra, aizue».

Txantxa literario bat hasieran, ikuspegi parodiko batez egina, baina berehala hizkuntzaren ahal-mugak muturreraino eramateko ariketa bilakatu zen: mintzairaren eta hizke(ra)ren goma elastikoa noraino izan daitekeen malgua esperimentatzeko laboratorio literarioa.

«Ung jourz verse midir, surl laa plateformet arrièreu d’uno autobusi…» hasten da Queneau «Paragoges» ariketan; «Egune bateze eguerdis alderat, autobust batena plataformantz…» erantzuten dio Olarrak. Hitzen amaieran hots bat eranstea omen da paragogea.

Olarrarena ez da euskarazko bertsio bakarra; berea, kanonikoa dela esan genezake, baina bada askoz lehenagoko beste bertsio pirata bat, 1993an libreago egina Luistxo Fernandezek:

«Gaura eguerdiana, SA bidekok autobuserak igok naiza. Atzekok plataformak jendezk betetak zegoenk…». Luistxo Fernandez

Ohar bat erantsi zion itzultzaileak bere bertsioari, 2006an sarean argitaratu zuenean: «Atzekok plataformak jendezk betetak zegoenk, irakurtzen dudalarik gaur, Rafa Diez LABeko idazkari nagusia datorkit burura, ergatiboak (edo holako zeozer) gehitzeko duen ohitura horrekin».

Hizkera paragogiko deitu genezakeen hori ez da berria, beraz, dela efektu literario bat sortu nahirik, dela agindu gramatikal neurriz gaindiko bat isildu ezinik, dela —egungo kazetaritza mintzatuan— mintzoa edertu guran.

Ipini belarria, bereziki kirol esatari batzuen jardunari, eta aurkituko duzue hizkera paragogiko garbi bat: «Realake partidarene amaierane gol bate lortzene badu…».

Olarrak «kirol-literatura» deitzen die Queneau-ren ariketei, jolasa eta norgehiagoka, biak batera direlakoan. Hizkera paragogikoa kirol esatarien artean ari da ugaltzen. Ez zaizue paradoxikoa iruditzen?