Itzultzaileak gaindimentsionatuta? (salaketa bat edo bi)

Angel Erro

Homeroren Odisea gau antzaldatu bakar batean irakurri nuen. Lehenago sekulan ez nuen liburu batekin antzeko bizipenik izan, geroago ere ez. Aurpegia eguzkitara paratuko banu bezala zen.

Grégoire Bouillier, Txostena niri buruz

I

«Itzultzaileoi hauspo gehiegi ematen zaigu». Hola esan diet lagunei Grégoire Bouillier-en Rapport sur moi liburuaren itzulpena, nik egina, aurkeztetik etorri berritan. Egia osorik aitortzeko, esanari lehen pertsona eta artikulu hurbila orain gehitu dizkiot, nik kritikatu akatsean berean erori bainaiz, neure burua bete-betean itzultzailetzat ez aitortzeak aitzakiarako balio ez didala. Liburuaren itzultzaile soila izanik, jendaurrean egilearen tokia hartu eta ia haren izenean hitz egin dut, ez bainaiz mugatu itzulpenaren gorabeherak, aski interes gabeak, iruzkintzera.

Eta itzultzaileek ez dute zertan itzuli duten lanean adituak izan. Hori, itzulitakoa lan klasikoa denean, apalategirik harroena ere konkortzeko beste bibliografia eragin duena, nabarmenagoa izaten da. Urtetan galdetu diot neure buruari Literatura Unibertsala saileko liburuei zergatik ez dien obra bakoitzean aditu batek idazten. Ez nuke kasu bakar batean zentratu nahi (gainbegiratu ditudan eta jatorrizkoan lehenagotik eta ia buruz ezagutzen nituen pasarteetan behintzat, nire ustez, onik atera baita itzultzailea), baina kezka hau berritu dit Literatura Unibertsalekoetatik eskuratu dudan azken aleak, Pedro Calderón de la Barcaren Bizitza amets-ek, Xabier Payák euskaratuak. Itzultzaileak hitzaurrea ere idatzi dio, Calderónen lana argitu eta hurbilduko lukeen aurkezpenean baino itzulpenaren irizpideetan luzaturik.

[Sail horren eredutzat nahiko nukeen Cátedra argitaletxeko Letras Universales sailean itzultzailea eta sarreragilea maiz bereizten dituzte. Katuloren olerkiak, esaterako, Juan Antonio González Iglesias poeta finak itzuli ditu eta sarrera oparoa eta oin-ohar jakingarriak José Carlos Fernández Corte irakasleak egin ditu (González Iglesias ere Salamankako unibertsitatean latindar filologiako irakaslea bada ere; izan ere, argitaletxe bereko Ovidioren Amores eta Ars amandi berak itzuli eta hitzaurrea eta oin-oharrak ere egin ditu)]

Ez dut esan nahi itzultzailearen hitzaurre horiek interesgarriak ez direnik. Juan Garziaren Shakespeareren Soneto hautatuak itzulpenaren aitzinsolasa ere nabarmen, eta are arrandiaz, makurtzen da Shakespeare eta (bere) sonetoak euskarara ekartzeko auziaren aldera, eta oso gogokoa dut testua.

Hobe genuke, dena den, bi eginkizunak pertsona ezberdinen esku uztea, gutxi direlako bai itzulpenari bai hitzaurre (eta aparatu kritiko) egoki bati behar bezala kara emateko gauza. Haietako bat, literatura klasikoaren eremutik atera gabe, Carlos García Gual litzateke, helenista entzutetsua eta Odisearen itzultzailea.

II

Beste bat Eduardo Gil Bera genuke. Iaz atera zuen, nik dakidala, gurean oihartzunik izan ez duen saiakera: Ninguno es mi nombre (Sumario del caso Homero), Pre-textos, 2012. Liburu handinahia da, asmoa zer eta eztabaida homerikoa argitzea baitu, hau da, zein ote zen Iliada eta Odisearen benetako egilea eta bi liburuak egile berarenak ote diren. Eduardo Gil Berak inkognita argitu bide du, honetan espezialitatutako blog batean diotenez, «[en] un text digne de prestar-hi atenció, tant per la seva profunditat com per la seva originalitat». Ez dut nik hemen spoilerrik egingo, Odisearen egilearen izena aipatuz, ia enigma poliziako moduan argitzen duen saiakerarena.

Pena euskal literaturak galdu duen egilerik interesgarrienetako honek bere deskubrimenduaren berri euskaraz eman ez izana! Eta pena hitzaurre jakingarri askoa idazteko gai den itzultzaile honek Odisea itzuli ez izana! Edo ez?

Izan ere, Eduardo Gil Berak itzuli du Odisea. Euskarara. 2004ko udaberrian datatutako kopia bat dut nik, fotokopietan. Baina ez omen zuen topatu nork argitaratuko zion. Horrek ez du gure literatur sistemaz ezer onegirik esaten.

Odisearen aitzinsolasean Gil Berak aurreratzen du erdaraz irakurtzea beste erremediorik ez dugun enigmaren argitzea: «Iliadaren poeta eta Odisearena ez dira bat eta bera (…). Odisearen egileak ezagutu baino gehiago miretsi egiten du Iliada».