Geneen adierazpen-askatasuna

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntza ikuspegi askotatik azter daiteke eta, edozein jakintza-alorretan bezala, motibazio teoriko hutsez iker daiteke edo, bestela, gizartean dagoen arazo edo gatazka bat konpontzen laguntzeko motibazio aplikatuaz. Hizkuntzalaritza aplikatuak hizkuntzalaritza teorikoak garatutako jakintza baliatzen du, eta teknika eta metodologia egokiekin konbinatuta, helburu aplikatuak erdiesten saiatzen da. Emaitzak ebaluatu egin behar dira eta, ebaluazio horretatik, abiapuntuko teoriak eta metodologiak birformulatu egin behar dira. Ebaluazioa funtsezkoa da jardun aplikatuan, okerreko erabakiak hartzeak eragin bailezake gaur horren urria omen den diru publikoa edo pribatua alferrik galtzea. Baina, gainera, hizkuntzaren gainean oker eragiteak askoz ere ondorio larriagoak ere ekar litzake, adibidez, konpondu nahi izan den arazoa areagotu liteke edota aurreikusi ez diren albo-kalteak eragin litezke. Eztabaidagune honetan eman zaidan aukera (bide batez bihotzez eskertzen dudana) baliatu nahi nuke, hain zuzen ere, euskararen gainean egin diren zenbait interbentzioren inguruan aritzeko. Izan ere, euskara garapen lexiko-diskurtsiboan erabat murgilduta dagoelarik, erregistro espezializatuak aztertzen ditugun hizkuntzalariok ezin diogu ezikusia egin preskripzioak eta interbentzioak gure ikergaian duten eraginari.

Oraingoan Biologiaren muinaz aritzeko ezinbestekoa dugun termino-familia batez arituko naiz. Bruselako Erasmushogeschool unibertsitateko Rita Temmerman itzulpengintza eta terminologiako irakasleak biziaren zientzien alorreko terminologia aztertu du ikuspegi soziokognitibotik, eta agerian utzi du hainbatetan arrazonamendu metaforikoa erabili dutela zientzialariek biologia molekularraren alorreko aurkikuntza berriak kontzeptualizatzeko. Giza esperientzian oinarrituta dagoen irudimenezko arrazonamendu analogiko horri esker, hizkuntzak jadanik dituen lexemak erabiltzen dituzte ikertzaileek, hainbatetan, kategoria berriak izendatzeko. Temmermenek zientzialariek sortutako testuak aztertuz agerian utzi duenez, genetika molekularraren eremuko jakintzaren oinarrian eredu kognitibo idealizatu jakin bat dago: herentzia biologikoa geneetan (DNAn) gordeta dagoen informazioan datza. Informazioaren inguruan antolatutako eredu kognitibo horren ildotik, metafora bidezko lexikalizaziorako hainbat bide zabaldu dira. Bide horietako bat laburbilduz, esan daiteke geneak hizkuntza jakin batean idatzitako edo kodetutako mezuak direla, eta kode hori hiru hizkiko ‘hitzetan’ idatzita dagoela. Ildo beretik, gene-kodeaz hitz egin daiteke, eta esan daiteke DNAren transkripzioari esker, RNA mezularia sortzen dela, eta RNAk daraman kode horren itzulpenaren bitartez proteinak sintetizatzen direla. Hartara, geneen adierazpenaren ondorioa proteinen sintesia dela ere esan daiteke.

Jakina, arrazonamendu metaforiko hori guztia Watson eta Crick-ek eta haien ikerketa-ildoari jarraipena eman zioten beste ikertzaile batzuek egin zuten ingelesez. Nolanahi ere, euskal zientzialariek ere, nazioarteko diskurtso-komunitate espezializatuaren arrazonamendu metaforiko bera partekatzen dutelarik, horixe bera erabili dute, seguruenik oharkabean, euskal terminologiaren garapenean. Zelako harridura eta egoneza sortuko zitzaien aditu euskaldun horiei euskaraz idatzitako artikulu edo liburu bat argitaratzera joan eta geneak adierazi ez baizik eta espresatu egin behar zirela jakinaraziko zietenean! Diagnostikatutako arazoa omen da euskal hiztegien arabera adierazi aditza iragankorra dela eta, beraz, geneak adierazten dira erabilera iragangaitza okerra dela. Kasu honetan, interbentzioaren oinarria da okerra, ez aditu euskaldunen erabilera, jakina baita subjektuaren semantikak aditzen sintaxia baldintzatzen duela. Gizakiok zerbait adierazten dugu edo adierazten diogu norbaiti, baina “informazioa” baino ez diren geneen berezko zeregina da (beren burua) adieraztea. Hortaz, geneak adierazi egiten dira, zuhaitzak loratu eta txoriak lumatu egiten diren bezala. Hizkuntzaren erabilera berriek gramatika-sistemaren gauzatze berriak ekartzen dituzte zenbaitetan, eta gauzatze berri horietan datza, besteak beste, hizkuntzaren garapena.

Euskaltermek adierazpen-askatasuna aitortu die azkenean geneei, eta FOXP2 genearen adierazpenari esker dugu euskaldunok, beste gizakiek bezala, hizkuntza garatzeko gaitasuna. Baina nork ebaluatuko ditu urteetan egindako interbentzioaren alboko kalte-ondorioak?