Mikel Taberna Irazoki
Kontent samar harrapatu nuen Txomin, bolada baterako lana izanen zuelakoz. Nafarroako Diputazioan, aizu! Iruñe erdi-erdian, gainera, Gazteluko plazaren ondoan. Astea kanpoan pasatu behar, horixe okerrena, baina bazuen hiriburuan non lo egin astelegunetan. Asteburuan buelta herrira.
Afaltzen ari ginen, beraz, eta galdetu nion zer lanpostu klase zen, zertan aritzen zen. Lanpostuaren izena «subalterno-ordenanza» zela erran zidan. Mahaitto baten gibelean egoten omen da, eraikin ofizial batera sartzen den jendeari argibide ematen-eta, gisa horretan. Nafarroan harritzekoa bada ere, lan-mahaiaren ondoko errotuluan euskaraz eta erdaraz omen dago lanpostu horren izena. Burua plateretik altxatu gabe gehitu zidan zehaztasuna: «menpekoa-mandataria». Isilune bat izan zen ondotik. Euskaratik gaztelaniara berriz ere bere gisara aldatu nahi izan zuen lagunak: «esclavo-recadista». To ironia, (t)ironi, tiro niri (itzultzaileoi). Irri murritx triste bana bertzerik ez zuen eragin mahaiaren bueltan ginenon baitan. Segituan ohartu nintzen hobe genuela gaiz aldatzea. Bertzelako kontu batzuen errepasoa egin genuen handik aitzinera, baina, nolanahi ere, ez genuen sobera luzatu afalondokoa. Minberegiak garela usteko duzue. Hala izanen da.
…
Zer nahi duzue erratea, nolabait ere errudun sentiarazi ninduen, jakinik neronek ere makina bat aldiz itzuli dudala hitz hori gisa horretan, «subalterno = menpeko/mendeko».
Paperean ari zarelarik, ohartzen zara hitzak bizkarrean dakarren kargaz, baina berba hori pertsona bati atxikitzen diozularik, «Hi, menpeko!», lotsa moduko zerbaitek blaitzen zaitu, eta zeure artean pentsatzen duzu: «nola izaten ahal du izen hori lanpostu batek? zer gara, bada, gainerakook?».
Ez dakit zer usteko duzuen, baina iruditzen zait jatorrizko solasari darizkion konnotazio klasistak (hein batean iraingarri edo umiliagarri izan daiteezkeenak) are nabarmenagoak direla euskarazko proposamen horretan, zeina, bertzalde, hiztegietan eta erabilera arruntean gehien zabaldu dena baita. Horren ildotik, gogoetaxka hau: euskarazko ordain hori finkatzen lagundu dugunon artean, zenbat «subalterno» zegoen? «Subalterno»rik egon izatera, erabaki horretara ailegatuko ginela uste duzue?
Ez ote zegoen, ez ote dago, bertzelako aukerarik?
Euskaltermen ikusi dut EAEko Administrazioaren alor batzuetan saiatu direla ordain hori saihestera; «urgazle» proposatzen dute. Baina sail batzuetan bertzerik ez.
Beharbada oker nago, eta «mendeko»ek eurek izen horri eutsi nahiko diote, amorruz, errabiaz, bertzeonganako desafioz ere erabiltzeko, baina ni, itzultzaile aristokraton talaia honetatik, bertze batzuen ideologia errepikatuz, hedatzen lagunduz, ez naiz eroso sentitzen. Mendekoen mendekuaren esperoan nauzue.
Edo, akaso, batzuek erranen didazue ezin litekeela izen hoberik asmatu adierazi nahi den horretarako, eta ea zer hasi behar dugun guk orain itxurakerietan, errealitatea maskaratzen.
…
Bertze alor batzuetan, adiera edo konnotazio gaitzesgarria duten hitzak baztertu eta haien partez bertze batzuk proposatzen diren bezalaxe, honek ere ez luke mereziko ordezkoren bat? Erdaraz eta euskaraz.