Nola esaten da euskaraz…?

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Euskararen corpus lexikoaren normalizazioan aurrerapauso nabarmenak egin ditugu aspaldi honetan, idatzizkotik abiatuz, noski, baina ahozko hizketara ere iritsiz; gaur egun ez da batere harrigarria hainbat euskaldunen ahozko jardun bat-batekoan ere entzutea jasangarri, zehar-lerro, baldintzagabe, irisgarritasun, su-eten, garapen, langabezia… hitzak, duela (harrigarriro) urte gutxi euskaldun (baita) eskolatu askorentzat ere ezezagun peto-petoak zirenak.

Urte gutxian, izan ere, euskararen corpus lexikoak nahiko normalizazio maila aipagarria irabazi du hizkuntzaren esparrurik formalenetan, erregistro landuan; nire gaurko ikasleen adina neukanean, adibidez, garatu aditza ez zegoen hain zabaldua, eta, nire ikasle horien harridurarako, desarroilatu esan-idazten genuen trankil asko. Honen antzeko ehunka adibide bururatuko zaizkie blog honetako irakurleei, norbere esperientziaren eta bizi-ibilbidearen arabera. Urtez urte, itzulpena bitarteko, aise samar joan gara aurkitzen gure hizkuntzaren puzzle lexikoari falta (edo) zitzaikion hainbat pieza, gehienetan lehenagoko erdarakada edo mailegu ezinbestekoen ordez.

Aldiz, erregistro landutik eta esparru formaletatik aldendu eta geure bizitzaren eguneroko eta hurbileneko behar eta ohitura pragmatikoagoetara jaisten bagara, argi dago normalizazio horretarako arazo gehiago topatzen ditugula, gehiago kostatzen zaigula hiztegietan jada jasota dauden baliokideak erabiltzea, ahozkoan bereziki. Esate baterako, gutako zenbatek etxeko ate aurrera iritsi eta esaten die seme-alabei zapata-azpiak lanpasean garbitzeko eta zenbatek felpudoan? Edo, etxera iritsi ondoren, izerditzeko jertsea (sudadera erabili beharrean) kendu eta garbitzeko makinan (ala ikuzgailuan?) sartzeko? Zenbat aldiz esaten dugu, geure etxean gaudenean, mikro-uhin labea, edo txapinak, edo platerikuzgailua, tapiza, lanbasa edo tiradera, ahozko euskararen paradisutik urrun egotzita mikroondasa, etxeko zapatilak, labaplatosa, alfonbra, fregona eta kajoi hitz tematiak? Kanpoan uso, etxean otso, lexikoan ere? Badirudi resilientziarik handieneko erdarakada edo maileguak direla gertueneko horiek, eta kontraesan handian erortzen gara idatzizkoan erabili beharrekoak iruditzen zaizkigun hitz horiek etxeko goxoan euskaldun formalaren soinetik kendu eta besteak (erosoagoak?) janzten ditugunean, arazorik batere gabe, itxuraz.

Kontraesan horren akuiluagatik erortzen dira nire itzulpen ikasleak klaseen hasieran egiten diedan galdera-tranpan, galdetzen diedanean «Nola esaten da euskaraz… felpudo?». Gehienek ez dakite erantzuten… esan, felpudo esaten dela, haiek horixe esaten dutela, behintzat. Hori bai, gero, txintxo-txintxo, ikasketak bukatu eta lanari ekitean, hiztegietan bilatu eta euren (eta gure) testuak lanpasez eta tiraderaz betetzen zaizkigu, baina, hala ere, susmoa dut dexente gehiago kostatuko zaigula hiztegietako hitz horiek mihiratzea.

Hitzen lorrina

Iñigo Aranbarri Alberdi

Hizkuntzak pentsatu gabe erabiltzeko dira. Baina nola hitzak ideologiaren arabera sortu, sailkatu eta gizarteratzen baditugu.

Orain hurrengoan irakurri nuen —ez dakit non, ez dakit nori, ganbela tzar hau— zergatik erabili behar dugun Aita Santua beste hizkuntzek Papa, Pape edo Pope dioten horren ordain. Aita Santua baloratiboa dela guztiz, kristau ez denak ez duela, esaterako Santo Padre erabiltzen gazteleraz Papa hor badauka. Esan beharrik ez dago: gandorra sano agerian duelako gaixotzen zizkion ditxosozko hitzak begi-belarriak hiztun arranguratuari.

Eta etimoa zuztarretik erreko dion soluzio garbirik ezean (“beste hitzen bat, baina zein”), ez dakit nik zer konponbide duen Erromako obispoarenak ez bada gure umetako Dios eta dios haren antzera, hasteko letra xehetara ekartzea, aita santua, edota bigarren urrats batean dena elkartuta ematea, aitasantua, hala eginda intsentsu kerua ahal den neurrian joango zaiolakoan. Erdipurdiko ateraldiak biak, bistan denez. Erlijioaren esparrutik ateratzeke, lantegi samurragoa dugu herri dezentetako eguneroko lexiko zibilean aski txertatuak ageri zaizkigun hauekin: doministikua, patrifilioak egin, bedeinkatu zein bataiatu. Adierazkortasuna gorabehera, denek dutela uste dut, zorionez, ordain egokia.

Hizketan ari garela, ideologiaz ari baikara.

Bat eta bi baino gehiago izango gara seguru asko Itziar Diez de Ultzurrunek bezala Plazido Mugikaren 1965eko hiztegiarekin gozatu ederrik hartu dugunok. Ez naiz ni izango ia berrehun zapata-kaxatan bildu zuen lana zoragarria ez dela esango duena. Perlategi miragarri horretan ditugu, ordea, oraindik irribarre loratuena mikazteko gauza diren sarrerak: Jainko-gabekeri (ateismo), erri-nasle (sedicioso, rebelde), lege-etsaigo (anarquismo), ezigaitz (insumiso), darbinkeri (evolucionismo), eritasun loi (enfermedad venérea), bere burua lizundu (masturbarse), urdain-etxe (prostíbulo), loikerian ari (fornicar), astagaitz (menstruación)

Denak ez dira asmatuak. Bizi-alarguna etxean entzuna dugu.

Eta bai, hizkuntzak pentsatu gabe erabiltzeko dira…

Loiolak euskal lexikoari eman dionaz, urteak behar izan nituen konturatzeko. Mugikaren hiztegia kaleratu eta gutxira, 1967an, Loyola inguruan osatutako iztegitxoa argitaratu zuen Euskera aldizkarian Joan Goikoetxea josulagunak. Mugikaren lanaren inolako inbidiarik gabe, bertan aurkituko ditugu, esaterako: aketza (ninfómana), antropologia tratatu baterako balio lezakeen apaiz-kontrako (anticlerical. Zakur au apaiz-kontrakoa diagu zearo), eta agian hiztegi batean egundo irakurri dudan aleena: aje-ume (hijo tarado. Paseando cierto día por un pueblo industrial guipuzcoano en compañía de un médico vizcaíno euskeldun, éste, observando el número bastante crecido de niños de aspecto raquítico, comentó: -Auek dira gure “aje-umeak”, ingelesez  dioten “los hijos del sábado”, alkoolez ondo beteta sortuak).

Pentsatu gabe erabiltzeko…

Loiolaren itzala da agian, umetan bertako jardinetan jolasean nenbilela jasotako erradiazioa arintzeko ariketen emaitza, nik dakit ba. Kontua da ezin izaten diodala eutsi. Ikasleen idazlanetan barrena bedoi eta aihotz nabilela, irakurri eta batera azpimarratzen dut. Beti. Akatsa, ez da, baina ez dut komentatu gabe utzi nahi izaten. Nire ideologia da, auskalo norenaren gainean ezarri nahian borrokan. “Hiztegian halaxe dator” protestatzen dute. Egia. Bada lantegi errazagorik. Berriro ekiten diot, orban morala daramala berbak, “non galdu da ba, ahaztu egin zaio etxerako bidea akaso?”

Gogorrarena kenduta, erdaldunagoa zaie Leizarragaren, Duvoisinen, Berrondoren, edozein euskal herritan nagusi den puta jatorragotzat duten emagaldua baino.

Ez daude emateko:

“Eta puta, edo prostituta, hobeak dira?”

“Etimologia garbiagoa dute?”

“Eta hitz bakoitzarekin egin behar da ariketa hau?”

Arrazoi dute. Nik ere pentsatu gabe nahi dut erabili hizkuntza.

Munduko ondasuna

Iratxe Goikoetxea Langarika

Izena aldatu diote EAEko Osasun Sailari gaztelaniaz. Departamento de Sanidad zena Departamento de Salud da orain. Euskaraz, osasun hitza ageri da, lehen eta orain.

Kontu honek berben ibilbide kapritxosoa ekarri dit gogora, zelan aldatzen diren adierak hizkuntza batetik bestera.  Esaterako, sanidad/sanidade bikotean. Ez ginateke oso sano ibiliko Osasun Saila barik Sanidade Saila bageneuka. Izan ere, osasuna urruti gelditu zaio sanidadeari gibel-handitik hasi eta lotsagabetasunerako eremua hartzen du, oso-osokotasunetik pasatuta.

‘Oso-osokoa’ edo ‘xaloa’ da sanoa hainbatentzat. ‘Oso-osokoa’ edo ‘jatorra’, beste batzuentzat. Edo naturala. Edo osasun eta sasoi onekoa. Baita horrek dakarren kemenaz jantzia ere.

Bizkaieradunok, osoren parekotzat jota, adberbio graduatzaile bihurtu dugu sano ere:

Otxandio aldean, are urrunago joan, eta erabateko adizlagun eta izenlagun bihurtu da, ‘fuerte, gogor’ adierarekin: Azak usain sanoa dauka, baina gustu suabea. Kantatu sano, guztiok entzuteko moduan.

Idazle klasikoetatik lagunarteko jardunetara, eremu zabala jorratu du sanok bere eratorriekin: sanotasun (abstinentziaren alaba, Lizarraga Elkanokoaren esanetan), sanokortxo, sanopotro, sanotu

Ekonomiak sanotu beharra daukan honetan, osasuna ei da mundu honetako ondasuna.

Beraz, osasunarekin urra dezagula urte berria.

1000 hitzeko euskara edo Humpty Dumpty metodoa

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Noizbait entzuna edo ikusia izango duzue iragarkia: «El método del profesor Maurer: El inglés en mil palabras». Hortik atera dut blog-sarrera honen izenburu edo gaia. Sentsazioa baitut mila hitzeko (edo gutxiagoko) euskara batekin konformatzen garela askotan (edo konformatzen direla asko), euskararen garbitasunaren izenean, eta egokitasun edo zehaztasunaren axolarik gabe; horretarako, noski, garbi-garbiak diren hitzei nahi ditugun adiera guztiak ematen zaizkie, Wonderland-en Humpty Dumptyk esaten zuen bezala: «Hitz bat erabiltzen dudanean, nahi dudan esanahia du». Berdin da zehatzak diren, edo erregistro aldetik egokiak; ardura bakarra, euskal hitz garbiak izatea da.

Hori etorri zait burura, blog honetako aurreko sarrera batzuetan desahucio hitzaren itzulpenaz esandakoak irakurtzean; baina baita egunero inguruetan ikusten diren beste hainbat adibideren eskutik ere: labur beharrez, bi ekarriko ditut hona.

Gatozen, lehenago, desahucio malapartatuarekin. Euskal kazetariek eta beste askok kaleratu aditzarekin jokatu dute orain arte, eta hiztegietan ere halaxe jasota dago (Zehazki eta Elhuyar); badirudi orain, Iratxe Goikoetxea Langarika blogkideak dioen bezala, etxegabetu jarriko dela erabilbidean. Berez, zuzenak dira, esango nuke, testuinguru gehienetan; zalantza handiagoa dut, ordea, Justiziaren testu kanoniko batean egon beharko luketenik; edo, bestela esanda, ez dut uste epaile euskaldun batek aditz hori (edo horiek) erabiliko lukeenik (lituzkeenik), idatzizko erregistro formalean emandako auto batean adibidez: «Urlia jauna etxetik kaleratzea (edo etxegabetzea) erabaki dut». Epaile baten prosa iruditzen zaigu?

Lepoa egingo nuke gehiago makurtuko litzatekeela Euskaltermek dakarren substantiboa erabiltzera: utzarazpen, alegia. Honen egokitasunaz ere erabat ziur ez nagoen arren (besteak beste ez bainaiz lexikologoa ezta legean aditua ere), ez naiz esaten ari besteak egokiak ez direnik: testuinguruaren eta erabilera-maila edo erregistroaren arabera doala esaten ari naiz. Hots, bakoitzak bere erregistroa eduki beharko lukeela.

Kaleratu aditza hiztegian begiratuta, bestalde, hara nolako adiera eta erregistro desberdinak topatzen ditugun nahasian: «despedir», «expulsar», «despachar de casa», «poner a alguien de patitas en la calle» eta, gainera, «salir a la calle», «salir a la luz» eta «publicar» (Elhuyar). Laburtuz, hitz berberak erregistro guztiak, inolako bereizketarik gabe.

Eta, orain, egunotan bidenabar topatu ditudan beste adibide batzuk, euskal lexiko garbiari dagokion Humpty Dumpty metodoaz:

Ikea dendako erakusleihoan «Relájate» zioen kartel bat ikusi nuen itsatsita lehengo batean, egongela bateko sofa eroso itxurako baten argazkiaren ondoan; eta, euskaraz, «Lasaitu». Ez dut uste suediarrek urduriegi ikusten ote gaituzten euskaldunok, baina esango nuke beren sofa bat erosi eta erlaxatzera gonbidatu nahi gaituztela. Baina, ai!, erlaxatu aditzak arrotz usaina du, lasaitu aditzak ez bezala.

Egun berean, Euskadi Irratian hara non aipatzen duten «Bilboko berreginen museoa» (bide batez, museoaren weborrian bertan ere «Bilboko Artelan Berreginen Museoa» erabiltzen dute, eta beste orri batzuetan «Arte Berreginen Museoa»), eta ez eduki zalantzarik, erreprodukzioak dira leku horretan ikusgai daudenak, eta ez, apurtu direlako edo auskalo zergatik, norbaitek berregin dituen arte-lanak. (Eta, bidenabar esanda, hemen, begiratu ditudan euskal hiztegiek ez dute inolako errurik). Baina, esan bezala, berregin euskara garbia da. Ez dut uste ingelesezko bertsioan «Bilbao Remake Museum» jarri diotenik. Batek daki, agian Humpty Dumptyk bai!

Hiritar hirigabeak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Lehengoan, Melillako hesiari buruzko berri batean, hauxe entzun nuen gaztelaniazko albistegi batean: “unos cien ciudadanos han conseguido saltar la valla”.

Ziurrenik askok lekuz kanpo ikusiko duzue ciudadanos hori inongo eskubideen jabe ez direnak aipatzeko. Eta euskaraz? Ba euskaraz ere gertatzen dira antzeko lerradurak.

Gizataldeak orokorrean aipatzeko, hiru-lau berba erabiltzen dira nagusiki hedabideetan: herritar, hiritar, bizilagun eta biztanle. Baina ez dira zeharo sinonimoak; bakoitzak bere erabileremua eta ñabardurak ditu.

  • herritar: komunitate edo estatu bateko kidea, batez ere eremu soziopolitikoan (herritarren eskubideak, borondatea, iritzia…).

  • hiritar: hiriko biztanlea. [Zalantzazkoa estatu bateko kideak aipatzeko, alboko hizkuntzek citoyen, ciudadano badarabilte ere.]

  • biztanle: soziologiaren eremuan, biztanleriaren gorabeheretarako erabiltzen da, bai eta “bizi izate” kontzeptuari lotuta ere. [Zalantzazkoa eremu politikoan.]

  • bizilagun: herri, auzo, eskailera edo etxe berean bizi direnak.

Hitzok nongo kontzeptuari lotuta daude beti: nongo herritarrak, nongo biztanleak, etab.

Gentilizioetan, berriz, hitzak berak ematen du erreferente geografikoa: Parisko hiritarra = paristarra; Usurbilgo biztanlea = usurbildarra; Goierriko biztanlea = goierritarra. Baliabide “ekonomikoagoa” da, eta, batzuetan, egokiagoa.

Kontua ez da berbotako bata ere baztertzea, zein non erabili jakitea baino. Hona adibide batzuk, esandakoaren argigarri:

  • Milaka lagunek azken agurra eman diote Luciano Pavarottiri. Hil kapera ireki dutenetik etengabea izan da bizilagunen joan-etorria.

HOBETO: (…) etengabea izan da modenatarren joan-etorria.

  • 1.800.000 biztanlek dute boto eskubidea urriaren 21ean.

HOBETO: 1.800.000 herritarrek dute boto eskubidea urriaren 21ean.

  • Gaurtik aurrera, Boliviatik Europara datozen herritarrek bisa berezia beharko dute.

HOBETO: Gaurtik aurrera, Europara datozen boliviarrek (…)

  • Inkestaren arabera, biztanleen hirutik bi oso kezkatuta daude krisiagatik.

HOBETO: Inkestaren arabera, EAEko biztanleen hirutik bi oso kezkatuta daude krisiagatik.

  • Uholdeak izandako Erriberako herrietan, herritarrak etxeak garbitzen hasi dira.

NORMALAGOA: Jendea etxeak garbitzen hasi da.

Itzultzailearen dilema

Bego Montorio Uribarren

Hor ari da lanean, tak-tak-tak, eta, halako batean, euskaraz nola eman ez dakien hitz bat. Bakarra balitz!, diotso irribarrez bere buruari. Sagua askatu gabe, ohiko lagunengana jo du, hiztegiengana. Joan-etorri batzuk egin ditu Euskalbarretik, mahai gainean dituen paperezko liburukote batzuk ere begiztatu ditu, eta, azkenean, topatu egin du: barban. Horixe da hitza, erdarazko testuan dagoenaren ordain egokia!

Bere ezjakinaren handia amiñi bat murriztu duelako pozik dago itzultzaile gajoa: beste hitz bat ikasi du, eta, lehenagotik ezagutzen ez dituen hitzekin egin ohi duen moduan, egiaztapen bila joan da. Orotarikoak badakar; ondo. Eta Ereduzko Prosak? Alerik ez hor. Ummmm, muturra okertu du une batez. Tira, ea besteek zer dioten…

Hiztegi eta corpus bakan batzuetan baino ez duelako topatu zapuzten hasita, itzulgaira bueltatu da gure itzultzaile koitadua, pasartea konponduko liokeen hitz berarentzat berri hori erabiltzeko asmotan oraindik ere. Erdarazko esaldia berriro irakurri, atzamarrak teklatu gainean idazteko prest, eta… hortxe geratu da, geldi, buruan hamaika deabrutxo beste hamaika aingerutxoren kontra borrokan dituela: DBHko ikastetxeetan banatzeko testua da, inork ez du ulertuko! Eta nola aberastuko dute hiztegia, inon berba berririk irakurtzen ez badute?! Euskarazkoa ulertzen kostatuko zaiela sumatu orduko, erdarazkora joko dute, ele bietan banatuko zieten eta! Orduan, zer, “ile” jartzea da irtenbidea?, eta kontura daitezela eurak noiz ari den burukoaz eta noiz beso-zangokoez? Eta biak bereizi behar direnean, zer, santa perifrasi maitea?…

Dilema horretan murgildurik utzi dut, arre edo so egin duen jakin gabe. Seguruen, frustrazio puntu batez sakatuko zuen “bidali” laukitxoa, itzulpena emateko epea amaitzen zen minutu berean, oraindik ere irtenbide egokiena zein zen erabaki ezinik.