Leku-izenak, herritarren izenak eta euskararen erabilera (hobe «Biturira noa», «voy a Gasteiz» baino)

Karlos Cid Abasolo

Aurretiaz ohartarazten dut orain idaztera noana nire aurreko ekarpenaren (Hitz bahituak eta euskararen erabilera izeneko testuaren) segida dela. Eta idaztera noana ez datorrela bat euskal herritarren joera nagusiarekin. Eta idaztera noanak bati baino gehiagori pentsaraziko diola La Razón eta ABC direla nire etxe ondoko kioskoan erosten ditudan egunkariak. Bada, hala uste duena oker ibiliko da. Nire proposamena, aurrekoaren ildotik, euskararen normalizazioaren hobe beharrez egiten dut.

Jakina denez, euskal herritarren artean, euskaldun zein erdaldun izan, oso joera zabaldua da gaztelaniaz aritzen direnean euskarazkoak erabiltzea leku-izenak (Arrasate, Gasteiz, Donostia –edo Donosti–, Iruñea –edo Iruña–) eta herritarren izenak (bilbotarra, gasteiztarra, tolosarra).

Bestalde, lehen ohikoa zen euskaldunen ahotik, euskarazko mintzoan, erdal kutsuko toponimia entzutea (Biturira noa, Pamplonara noa), eta gaur egun ere ohikoa dute Euskal Herritik kanpoko herritarren izenak, euskaraz beharrean (filipinar, amerikar, poloniar), espainieraz esatea (filipino, amerikano, polako). Nire aurreko «31 eskutik»-ari erreparatuz gero, espero izatekoak dira nire bi proposamenak, euskararen erabilera (edo, hobeto esanda, euskaldunen hizkuntza eskubideen errespetua) susta dadin: 1/ euskaraz euskal hitzak erabiltzea (Arrasate, Gasteiz, Donostia, bilbotarra, gasteiztarra, tolosarra, filipinarra, amerikarra, poloniarra); 2/ espainieraz, ordea, espainierazkoak (Mondragón, Vitoria, San Sebastián, Pamplona, bilbaíno, vitoriano, tolosano). Ez dirudi oso zaila, baina Euskal Herriko erdal hedabide gehienek (prentsa, irrati eta telebista barne) makillaje erraza nahiago dute. Harrigarriro, Euskal Herritik kanpoko zenbait hedabidek ere makillaje mota hori bereganatu dute, ziurrenik ezjakintasun hutsez («El Madrid se atasca en el mediocampo, donde se fatiga el tolosarra, cada vez más solo y exigido», El País, 2012-3-19). Hara, «tolosarra» idatzita, gorriz azpimarratu dit Word-ak hitz hori, aipu horretarako espainiera baineukan Word-en aukeratuta. Gora Word-a! (Hara, Word-a hitza gorriz azpimarratu dit Word-ak).

Arazoa pittin bat korapilatzeko edo, politikariak hor ditugu, bazterrak harrotzen eta leku-izen ofizialak hautatzen, beren jakintza filologiko ugariak baliatuz. Euskal Autonomia Erkidegoan, 1982ko Euskararen Legea dela eta, udal bakoitza da herriaren izen ofiziala aukeratzeko ardura duena. Nafarroan, ordea, 1986ko vascuencearen legea dela eta, Foru Gobernua, nahi edo behar izanez gero Euskaltzaindiari aholku eskaturik. Eta, jakina, anabasa sortu: batzuetan, erdal izena aukeratu da ofizialtzat, hala nola Bilbao (jakina da, dena den, aldaera horrek bide luzea egin duela euskarazko tradizio idatzi eta ahozkoan). Maiz, ordea, euskal izena aukeratu da ofizialtzat, hala nola Sukarrieta. Beste kasu batzuetan euskal eta erdal izenak marra batez banandurik metatzen diren hitz elkartuaren alde egin da, hala nola Vitoria-Gasteiz. Eta, azkenik, euskal eta erdal izenak barra batez bereizita ageri direneko formula, hala nola Donostia / San Sebastián edo Pamplona / Iruña. Hau da, dudarik gabe, ikuspuntu linguistikotik, izendapen ofizialetarako hauturik egokiena. Gogora dezagun Donostia, ez dakit noiztik 2012 arte, ofizialki Donostia-San Sebastian izan zela, eta urte hartako abuztuan Gipuzkoako aldundiak, udalaren erabaki zentzuzkoari kasu eginez, hori baztertu eta Donostia / San Sebastián hautatu zuela ofizialtzat, Euskaltzaindiaren gomendioari men eginez. Hau da, Gipuzkoako hiriak bi izen ofizial ditu, Donostia eta San Sebastián, erabiltzen dugun hizkuntzaren arabera. Izendatze ofizialak bazter utz daitezela utopia bat denez, Donostiako udalaren bidea onargarri deritzodan bakarra da. Nerea Txapartegik, Aldundiaren ebazpenaren unean Donostiako udaleko kultura eta euskara zinegotzi zenak, arrazoi osoz esan zuen erabaki hura «aurrerakada handia izan zela hizkuntza normalizazioan eta toponimia zuzenaren erabilpenean». Zoritxarrez, badira udalak kontrako bidea egin dutenak. Esaterako, Lizarrakoak Estella/Lizarra baztertu eta Estella-Lizarra lehenetsi zuen. 2011ko irailetik hala ageri da Espainiako lurralde-politika eta herri arduralaritzako Ministerioaren herrien erregistroan. Nafarroako Gobernuak men egin behar izan zion Nafarroako Justizia Auzitegiak hartu eta Auzitegi Gorenak berretsitako epaiari. Lizarra izenari gagozkiola, gogora dezagun Espainiako politikari (hala nola Mayor-Oreja) eta hedabide askok, beren hizkuntza ohiturei bete ez eta, Lizarra hitza erabili izan dutela sarri espainieraz, Lizarra gora eta Lizarra behera, baina hori bai, izenaren zeta hori espainierazko ahoskerarekin ebakiz eta hitzari leku-izena eman beharrean eduki politikoa emanez (Lizarra berdin Lizarra-Garaziko akordioa). Hizkuntza-hautu horren gibelasmoa nabarmen-nabarmena da, hain nabarmena, non gutxi baitu gibeletik.

Honelako anabasaren aurrean, galde diezaiogun geure buruari ez ote ginatekeen erosoago biziko leku-izen ofizialik gabeko mundu batean. Aski litzateke gorago aipatu ditudan nire bi proposamenei jaramon egitea. Administrazioan (Euskal Herrikoetan nahiz Euskal Herritik kanpokoetan, hala nola Bruselakoan) lan egiten duten itzultzaileek eskertuko lukete. Eta makillajeari zirrikitu bat gutxiago utziko litzaioke. Agian zenbaitek usteko dute lorpen handia izan zela 2011n Espainiako parlamentuak Araba / Álava, Gipuzkoa eta Bizkaia izen ofizialtzat hartzea. Nahiago nuke espainierazko testu ofizialetan –zeinak inoiz irakurriko ez baititut– Guipúzcoa eta Vizcaya irakurtzea eta Espainiako parlamentuan euskarazko diskurtsoak (katalanezkoak eta galizierazkoak bezalaxe) debekaturik ez egotea. Zer da garrantzitsuagoa, azala ala mamia?