Bi hitz

Fernando Rey Escalera

Bi hitz proposatzera heldu naiz oraingoan.

Motzondo

Behin baino gehiagotan tokatu zait muñón/moignon hitzaren euskarazko ordaina eman beharra. Eta motzondo erabiltzera ausartu naiz (besoaren motzondoa, zangoaren motzondoa, edo beso-motzondoa, edo zango-motzondoa), nahiz eta hiztegietan arbolarena baizik ez aipatu. Googlen ere ez dut ikusi bat bakarra ere.

Ez Orotarikoan ez inon ez dut aurkitu halakorik. Eta Zehazkin galdetuta, epaitondo ematen du horretarako, baina, nik dakidala, epaitondo eta motzondo gauza bera dira.

Iruditzen zait, dena dela, zabalkuntza semantikoa egin litekeela, eta motzondo hitzari adiera hori gehitu. Nahiko gardena da, gainera, nire ustez.

Konpartitu

Gure auzo-erdaren compartir/partager esateko, izugarri zabaltzen ari da azkenaldi honetan partekatu aditza. Orotarikoan, partekatu eta konpartitu ageri dira. Konpartitu maileguaren esanahia oso argia da, eta ez du zalantzarako tarterik uzten. Eta barra-barra erabiltzen da (dugu?), nik dakidala. Partekatu aditzaren adierak bat baino gehiago dira: “dividir en partes”, “repartir” eta “compartir”.

Hala izanik ere, Hiztegi Baturako, bat bakarra onartu da: partekatu. Eta honela ageri da: partekatu, parteka, partekatzen. 1 du ad. Ipar. ‘zatikatu’ 2 du ad. Ipar. ‘erdibanatu’ (garbi dago, portzierto, zein den esanahia?). Zehazki eta Nola Erran hiztegiek partekatu aditza proposatzen dute, egokiro, jakina.

Baina, beharbada nire buru zurrunagatik-edo, partekatu entzuten dudan askotan, zatitu edo banatu etortzen zait gogora, eta, zenbait testuingurutan, min ere egiten dit. Igual nire problema da, baina gustura erreibindikatuko nuke, eta erreibindikatzen dut, partekatu aditzarekin batera konpartitu ere onartzea. Bestea bezain zilegi dela iruditzen zait. Zer da problema? Mailegua dela?