Angel Erro
Zinemaldian ikusitako König des Comics dokumentalak irteeran eztabaidatzeko aukera eman zigun, ez filmaz, behin haren eskastasuna aho batez ebatzi dugula, baizik eta hiruroi atentzioa eman digun beste kontu bati buruz. Jatorrizkoaren hitz joko bat nola itzuli duten.
Ralf König gay tematikako komikigile alemaniar ezagunaren zinta umoristiko batzuk erakusten zaizkigu filmean, egilearen beraren ahotsean, gay munduko egunerokotasunean oinarrituak, ohi bezala. Haietako batek ondokoa irudikatzen du: eserleku batean biluzik itxura arrunteko gizonkote batek intzirien artean suck my duck, suck my duck esaten dio bere aurrean belauniko dagoen gizon itxuraz ikasiagoari. Honek bekainak goratzen ditu baina ez dio felazioari uzten. Eseritakoak, plazerean gora, oh yeah, suck my duck, suck my duck jarraitzen du, eten gabe, suck my duck, besteak egonarria galdu eta deiadarka batean SUCK MY DICK… MAN SAGT DICK zuzentzen dion arte.
Esketx irri emangarriak, film osoak bezala, azpitituluak ditu, pantaila barruan gaztelaniaz, eta, pixka bat beherago, proiektagailu baten bidez, azpititulu elektronikoak, euskaraz. Behin zinema aretotik aterata, hitz joko honen itzulpenak konparatu ditugu. Gaztelaniaz, “chúpame el pollo, chúpame el pollo” dio batek eta hizkuntzetan trebeagoak “chúpame la polla, se dice polla” zuzentzen dio. Euskaraz, “miazkatu makila, miazkatu makila” eta “miazkatu zakila… esaten da za-ki-la!”.
“Pollo-polla” eta “makila-zakila” bikoteen egokieraz mintzo, gaztelaniazkoaren hurbilketa goraipatu, kasualitate semantikoa, horrek dakarren erraztasun guztiarekin. Itzulpen ia ezinbestekoa dirudiela adostu dugu. Euskarazkoak ere ematen du ez duela aukera handirik uzten, pentsatzen hasi gara ea beste hitz pare bat bururatzen zaigun, makila ez bezain falikoa den beste zerbait, zeren eta, egia esanda, makila hitza edozeinek erabil lezake testuinguru horretan, eta, jakina, horrek eragin komikoa murrizten du.
Hiruretako inor ez da jabetu hitz joko horretarako aukera egokiena bere horretan, itzuli gabe, uztea dela. Ingelesez. Alemanezko testuan zegoen bezalaxe. Izan ere, esketxaren komikotasunaren giltzetako bat film pornografikoen hizkera (jatorrizko bertsioan) imitatu nahi irrigarrian zetzan, eta ingelesez hanka sartzeko eskubidea euskaldunek eta gaztelaniadunek ere badugu, ez soilik alemanek.