Angel Erro
Irakurleak ez ohi du arazorik izan eskuartean duen eleberria zuzenean euskaraz sortutakoa den ala beste hizkuntza batetik euskarara itzulia izan den jakiteko. Datu hori ez ohi da ezkutatu eta azkar identifika daiteke. Itzulpena zeinek egin duen, liburuko azalean ez bada, barneko datu bibliografikoekin batera agertzen da. Baina orrialde hori erauzia izan balitz, esaterako, ahaztu eta desagerrarazi beharreko eskaintza eskuidatzi bat, egileak berak egina ala liburuaren jabeetako batek, jasangaitz iritzita, norbaitek hala egin duelako, irakurleak oraindik jatorrizko hizkuntza egilearen jatorritik erator lezake. Baina hori ere ez baleki, izenburua ere ukatuko balitzaio, euskarazko testu luze bat (eleberri bat izateko adina behintzat), barruan fikziozko istorio bat duena, topatuko balu, eta jakin-minagatik edo bestelako beharrengatik (epaiketa batean aditu baten azterlan batean, esaterako) ebatzi nahiko balu euskaraz sortutako eleberri baten ala euskarazko itzulpen baten aurrean ote gauden, nik uste dut testuari bakarrik erreparatuta badagoela hori ebazterik.
Hau ez da kontu hutsala, azpi-azpian idazleen eta itzultzaileen artean idazmoldeen ezberdintasuna suma baitaiteke, gu, lehen hurbilpen honetan, horren barnera iritsiko ez bagara ere. Bi irizpide baino ez ditugu aipatuko.
Bereizteko modu bat onomastikak eman diezaguke. Pertsona izenak aspaldian ez dira itzultzen. Eta itzulpena izan ala ez, bere horretan iraun ohi dute. Baina hainbat motiborengatik fidagarritasun gutxiko metodoa da. Euskal izen batzuk arrakasta handia lortzen ari dira hemendik kanpo. Gurean ere, erdaldun elebakarren artean euskal izenak barra-barra ibiltzen dira. Ia edonon kokatutako erdal nobela batek izan zitzakeen euskal izendun pertsonaiak. Eta, alderantziz ere, euskarazko nobela batean ez da batere ezohikoa erdal kutsuko izenak baliatzea, kanpoko merkatuan pentsatuz beharbada.
Hori baino modu seguruagoa deritzot, horri buruzko informazioa ematen denean, pertsonaien jatorri geografikoari. Norabide bakarrean erabili badaiteke ere. Pertsonaia guztiak, gehienak edo bakar bat Euskal Herrikoak izateak ez du bermatzen eleberria euskaraz sortu izana, baina haietako batek ere Euskal Herriarekin lotura minimo bat ez izateak bai demostra lezake eleberri hori ez dela euskaraz idatzia izan; nik orain gogoan dudala, Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian da arau hau apurtuko lukeen salbuespen bakarra (hau idazten dut bakarra hitza erabiltzearen arrisku gertua nire gain hartuz), seguruenik euskal eleberrigileak euskal irakurleari zuzenean norekin identifikatu emateko beharra sentitzen baitu oraindik.
Beste modu bat inkrustazio metodoa dei genezakeena da. Lexiko teknikoa saihesteko euskal idazleak erakusten duen joera, euskal itzultzaile batek ezin duena beti saihestu. Itzultzaile batek un arcón con incrustaciones aurkituz gero, «kutxa inkrustazioduna» emango du, Zehazki hiztegiak bezala (edo, Zehazkiren beste adibidea ematearren, «en un arcón con incrustaciones de nácar, nakarrezko inkrustazioak dituen kutxa batean»; Elhuyar hiztegiak ere: «un anillo con incrustaciones de oro, urrezko inkrustazioak dituen eraztuna»).
Egia da inkrustazio ez dela egunero erabiltzeko moduko hitza. Baina, Ereduzko Prosa Gaur bilatzailean arakatuz gero, euskaraz bost aldiz eta beti itzulpenetan erabili da (eta, bost hizkuntza ezberdinetatik euskaratuta, bost eleberritan erabili duten lau pertsonak itzultzaileak izan dira). Honek ez du esan nahi ez denik jatorriz euskaraz sortutako testu batean inoiz erabili, baina esanahitsua bai iruditzen zait.
Inkrustazio metodoa deitu dut baina susmoa dut holako beste hitz asko daudela (alferrik eta nekosoa litzateke zerrenda bat osatzen ahalegintzea).