Itzulpenaren ideologiak

Gotzon Egia Goienetxea

Dezső Kosztolányi hungariar idazlea 1885ean jaio zen, austrohungariar inperioaren ertzean, gaur egun Serbiako lurretan den herri batean. Kazetari saiatua, XX. mendearen hasieran hungariar poeta eta idazle ezagunenetakoa izan zen. Itzulpen lan ugari egin zituen: Maupassant, Molière, Lord Byron, Oscar Wilde eta japoniar haiku asko eraman zituen hungarierara… Gizon kultura handikoa zen, ezkertiarra pentsaeraz.

Ipuin edo narrazio laburrak idatzi zituen; ederrenetako bat, 1933an argitaratua, Itzultzaile kleptomanoa deitua. Laburra da istorioa, bitxia: lapurretarako joera azkengabea, eutsiezina zuen gizon baten kasua da. Horrek sortzen dizkion arazoen erruki harturik, lagunek itzultzaile lan bat aurkitzen diote argitaletxe batean. Polizia nobela ingeles bat eman diote itzultzeko. Denbora laburrean lana amaituta, miretsirik irakurri ditu editoreak itzulpenaren lehen pasarteak: estilo ezin landuagoa, hitzen eta esaldien inoiz ikusi gabeko tolesdura, argudioaren giroa bikainki atzemana… Baina itzulpena ez dago argitaratzerik: testuak zilarrezko hamabi laban aipatzen zituen lekuan, itzultzaileak hamar utzi ditu; harribitxi eta urrez apaindurik zetorren emakume protagonista, gau soineko zarpail batera soildu du; narrazioaren mila eta bostehun liberen ordez, bostehun laga ditu agerian, gainerako mila liberak bere kolkorako, edo –nork jakin– poltsikorako gordeta.

Gatazka ironiaz betetako bat kontatzen du Kosztolányik, itzultzaileari arrisku batez ohartarazi nahirik bezala: ideologia bat dago beti hitzen atzean, agerian ez bada ezkutuan. Erne ibili behar du, beraz, itzultzaileak, ideien hostotzak ez diezaion hitzen zentzua lainotu, eta bere ulermen baldintzatua  (istorioan, lapur joera eutsiezina; fikzioaz gaindiko bizitzan, norberaren usteak eta iritziak) ez dakion gailendu itzulgaiari.

Herbert Marcusek zioen, bere One-Dimensional Man entseguan (1964), hizkuntzaren laburtzapenak, batzuetan, galdera maltzurrak saihesteko bide bat izan daitezkeela. Beste adibide batzuen artean, zioen «NATO» siglak ez zuela aditzera ematen «Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea» izendapen osoak agerian uzten zuen hori bera, hau da Ipar Atlantikoko herrialdeen arteko adostasun bat. Izan ere, bestela, baten bat has zitekeen galdezka nola zitekeen Grezia eta Turkia izatea erakunde horren kide, baina ez Suedia.

Arrazoia bere alde izango zuen, ziurrenik, Marcusek, hizkuntza eta boterea loturik joan baitira beti. Izan ere, esadazue, ba al da ideologietatik libre den hitzik, gutxiago esaldirik?  Aspaldi ez dela, Juan Garziak hemen bertan (Kalko fraseologikoak eta ideologikoak) aldarri egiten zuen, nominalizazioen kalko mekanikoaren aurka, besteak beste, esaldien egiletasuna  guztiz ezkutatzera eraman dezakeen bidea delakoan. Egilea, batez ere erabaki ofizial maizegi mingarrien egilea, nor den ageria(go)an uztea gauza ona da, zalantzarik ez, baina itzultzailearentzat kontu apur batez ibili beharreko bidezidorra izan daiteke askotan. Ederki gogorarazten zigun, sotiltasun handiz, gure Iñigo Aranbarrik, kazetari itzultzailearen ikusmoldea salatzen zuen adibide hartan: «En Iparralde, se podrá obtener el permiso de conducir por un euro al día», euskaratuta «Gidabaimena egunean euro bat ordainduta atera ahalko dute Ipar Euskal Herrian». Dute, haiek, guk ez.

Adibide huts bat jartzearren, «los indicadores financieros de la economía española sugieren que estamos en una situación…» esaldiaren aurrean (eta zenbat halako!), nola jokatu behar du itzultzaileak? Itzulinguru bat bilatu behar du, «..egoera halakoa da» gisara, gaude/daude auziari ihes egiten?

Uste dut bide horretatik, fikzio handirik behar gabe, laster ginatekeela Kosztolányiren pertsonaiaren lapur bidean, edo, auskalo, okerragoetan.