Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Itzultzaile guztioi gertatu zaigu, askotan gertatu ere, ezin ulertuzkoa zaigun hori itzuli beharra. Administrazioan dihardugunok, behintzat, maiz ibiltzen gara gaztelania jasoan hain hedatuak eta askorendako hain gustagarri —eta imitagarri— diren mordoilokeriak euskarara nola ekarri ezin asmatuz. Zerga jakin bat ordaintzeko jarraibideetan honako esaldia itzuli beharra egokitu zitzaidan aurrekoan:
«Cumplimentarán este impreso los sujetos pasivos que se indican a continuación:
(…)Igualmente, los sujetos pasivos de dicho Impuesto que vayan a ser destinatarios de prestaciones de servicios cuyo lugar de realización a efectos de aquél, se determine efectivamente en función de cual sea el Estado que haya atribuido al adquirente el Número de Identificación Fiscal con el que se haya realizado la operación».
Jarraibideak ziren, helburu jakin bat omen zutenak, hots, jendeak jakin eta uler zezan nori tokatzen zaion pagatzea.
Halako esaldiak irakurtzen ditudan guztietan Chrissie Maher etortzen zait burura, Plain English kanpainaren sortzailea. Hizkera juridiko-administratibo ilun hori ez baita gaztelaniaren berezitasuna, nahiz eta egia den azken urteotan hizkuntza molde ulergaitz horren kontrako kritikak eraginkorragoak izan direla Europako beste hizkuntza batzuetan, hala nola ingelesean. Erresuma Batuan, 70eko hamarkadan abiatu zen Plain Englisharen aldeko mugimendua, herritarrok agiri administratibo eta burokratikoak ulertzeko dugun eskubidea berma zedin. Plain Language Movement etorri zen gero; Maite Imazek bikain azaldu zituen mugimenduaren nondik norakoak Estilo jarraituaren alde testua zela-eta idatzi zuen erantzunean. Maitek bere erantzunaren bukaeran zioena berreskuratu nahiko nuke hemen: «aztertu beharko da, baita ere, Plain Language mugimenduak zergatik ez duen eragin handirik izan itzultzeko etortzen zaizkigun testuak gaztelaniaz idazten dituztenenengan. Baina esaldiak etetearen kontu hori ez da euskararena bakarrik; ez da soilik euskararen senaren izenean egiten den zerbait». Izan ere, ni oso bat nator Donatok, Ogasun Departamentuko segurtasun-jagoleak, aurreko egunean aipatu zidanarekin: «La gente está muy indefensa; no se hace ningún esfuerzo por escribir las cosas de forma sencilla, para que la gente normal lo entienda, vamos, y eso no está bien; leen en el papel “sujeto pasivo” y les entra ya como una angustia…».
Bada halako hizkera konprenigaitzari antidemokratikoa irizten dionik ere. Hizkuntza bihurri hori ez baita soilik teknolekto baten isla hutsa, gure gizarteko botere harreman zehatz batzuk ere uzten ditu agerian. Gure esku dago zer-nolako testuak sortu euskaraz, eta komeni da garbi izatea gure egoera soziolinguistikoek Plain Language Movementekin bat egitera behartzen gaituztela ezinbestez (eta zorionez).