Beñat Oihartzabal
Gramatika kontu hits horietako bat: haren eta bere. Horra ene gaia, hizkuntzazko eredugintzan aurki daitezkeen mugen erakusgarri gisa har daitekeena.
Duela hogeita hamar urte, gauzak larri-larriki emanez honela ziren: Iparraldeko euskaran, haren eta bere izenordain genitiboek elkar kanporatzen zuten: haren ez zen sekula izenordain bihurkari gisa agertzen, eta bere berriz gisa horretan baizik ez zen erabiltzen. Horrela azaltzen zituen gauzak Lafittek bere gramatika ezagunean, Lapurdiko itsas hegian gauzak doi bat aldatzen hasiak zirela seinalatzen bazuen ere; (ikus OEH, bere sarrera).
Hegoaldean, haatik, aspaldi hasi aldaketa baten buruan iduriz, gauzak beste era batean agertzen ziren: Iparraldean bezala haren ez zen sekula erabiltzen izenordain bihurkari gisa, baina bere, izenordain bihurkaria izateaz gainera, bestela ere ager zitekeen. Bi izenordainek, beraz, ez zuten elkar kanporatzen, eta bere, ondorioz, haren izenordainaren eremuan sartu ondoan, honen erabileremua ttipituz zihoan; (gauzen ez nahasteko beraren izenordaina bazterrean utziko dugu hemen).[1]
Garai haietan, Lafitteren eraginagatik hain segur, haren eta bere izenordainen arteko bereizketa garbia Iparraldeko ‘euskara onaren’ marka bihurtu zen. Anitzek, erabilera zainduetan bederen, begiratu nahi zuten. Ordea, denbora horretan berean, euskara zaindua batuago egiten zuen prozesu indartsuak kontrako joera indartzen zuen, Hegoaldeko jokabideak bereizketa horri bizkar ematen baitzion, eta euskara batuan ere, Iparraldeko erabilera klasikoa gaitzesten ez bazen ere, Hegoaldeko eredua onartu baitzen (ikus EGLU-I, 69. orr .).
Zer gertatu da azkenean? Hauxe, ene ustez. Euskararen gizarte egoera arras ahula izanik, Iparraldeko irakasle, kazetari, eta bestelako hizkuntzako eredu emaileak egoera nahasi, ezin menderatuzko batean aurkitu dira. Hizkuntzaren bilakaeraren dinamikari Hegoaldeko jokabidea piskanaka hedatzea zerraion. Halere, haren-bere bereizketa klasikoa atxiki nahi zuten anitzek, Iparraldeko ereduaren ikurtzat baitzeukaten. Egiazki, horretarako ahalik izan gabe haatik, franko zaila baita bereizketa hori arras bereturik ez daukan norbaitentzat, kanpoko arau batzuei jarraikiz haren errespetatzea. Arau bihurriegia da, aldi guziez, izenordainaren aitzinkaria perpaus bereko aditzaren argumentu gramatikaletako bat ote den behatzea eskatzen duena. Are gehiago, gizartean nagusi den hizkuntza ereduak holako araurik ez duelarik, eta auzo erdarek ere horrelako izenordain bitasunik ez dutelarik.
Horrela, askok erregela buruhausgarri horretarik atera izan duten ondorio bakarra izan da bere gehiegi erabiltzen zela, eta anitzetan haren tokian haren eman beharra zela ‘ongi’ mintzatzeko. Emaitzak, Iparraldean irratizko euskal emankizunak aditzen dituenak edo hemengo egungo irakurgaiak ikusten dituenak gero eta maizago ikus ditzake: gehiegizko zuzenketa baten ondorioz edo, zenbaitek gero eta gehiago haren (eta areago haien pluralean) erabiltzen baitute izenordaina bihurkari den testuinguruetan ere.
Gaur arte, bere genuen holako ingurumenetan erabil zitekeen forma bakarra euskalki guzietan eta garai guzietan. Orain, bere-ren gehiegizko hedapenaren kontra joan nahiz, gauzak are nahasiago egin ditugu Iparraldean, eta haren-en erabilera garbiki mugatzen zuen gramatika araua (haren izendordain bihurkari gisa agertzeko ezinean gauzatua) gero eta maizago urratzen da, paradoxikoa bada ere, zaindu nahizko erabileretan bereziki. Joera ‘makurra’ zuzentzeko orde, are makurrago egin dugu, nahasmendurik ez zen tokian ere saltsa sortuz.[2] Sasitik berrora, hots.
[1] Bi jokabideak agerrarazten dituen adibide bat:
Erabilera klasikoa: Pello oso gaizki da; haren burasoek ez dakite nora eraman.
Hegoaldeko erabilera zabaldua: Pello oso gaizki da; bere burasoek ez dakite nora eraman.
[2] Gehiegizko zuzenketa erakusten duen adibide bat (haren emanik bere behar zen lekuan):
Pello oso gaizki da; halere, haren burasoek ez dute ospitalera eraman nahi.