Asier Larrinaga Larrazabal
Ez dakit estilo jarraitua den gehien konbentzitzen nauen izendapena, baina bat nator Jesus Mari Agirreren diagnostikoarekin: euskarazko itzulpen askotan ez da errespetatzen argumentuaren haria, eta ez da errespetatzen argumentuaren estiloa. Hortik aurrera, luze eta lasai aztertu beharko litzateke zein, ezen eta gainerako menderagailu prepositiboen auzia, baina hurrengo batean izango da.
Argumentuaren hariaz hitz egiten denean, gehienetan, sintaxi-baliabideak izaten dira ardura, eta gutxitan aipatzen dira ordenamendu-baliabideak. Post honetan, ordenamenduaz jardungo dut, baina ―itxura batean, behintzat― ez itzulpenen aldetik helduta, euskaraz sortzen diren testuen aldetik helduta baino.
Nire iritziz, ez dago esaldiaren informazio-antolaera errespetatzea baino baliabide hoberik argumentuaren haria zaintzeko. Hauxe da antolaera horren eskema, Juan Garziaren terminologia erabiliz:
mintzagaia(k) – galdegaia – aditza – hizpideabarra(k) – gehikuntza(k)
Galdegaiak, aditzak eta hizpideabarrek esaldiaren informaziogunea osatzen dute; mintzagaiek eta gehikuntzek, esaldiaren periferia.
Nire itzulpenetan, ardura handia ipintzen dut esaldiaren informaziogunea eta periferia aukeratzen, ustez emaitza oso onekin 🙂 Emaitza ez hain onak aurkitzen ditudanean, dela testu itzulietan, dela jatorriz euskaraz idatzita ―bide― dauden testuetan, informazio-antolaerari begiratzen diot beste ezeri baino lehenago. Hona adibide erreal ―apur bat moldatu― batzuk.
- (1a) Messenger zunda bidali zuten, Merkurio Ilargiaren antzekoa zelako hipotesiarekin.
- (2a) Gure enpresan kontratatua izateko, euskara jakin behar da. Gero lan egingo dugu gaztelaniarekin, ingelesarekin eta portugesarekin, baina garbi dugu nondik irekitzen garen eleaniztasunera.
- (3a) [irratiko albistegian] Manifestariek txistuka eta oihuka jarraitzen dute, Polizia hogei bat metro atzeratu denean.
Gauza arraroren bat igartzen diet esaldi horiei, gaztelaniazko antolaeraren oihartzunaz gainera. Nire analisia da nik mintzagai modura jarriko nukeena informaziogune bihurtu dela, eta nik informaziogunetzat aukeratuko nukeena gehikuntza bihurtu dela, edo hizpideabar.
Hauek dira nire proposamenak, «bisturia» gehiegi sartu barik.
- (1b) Messenger zunda bidali zutenean, Merkurio Ilargiaren antzekoa zelako hipotesia zuten.
- (2b) Gure enpresan kontratatua izateko, euskara jakin behar da. Lan egiteko orduan, gaztelania, ingelesa edo portugesa erabili beharko da, baina garbi dugu nondik irekitzen garen eleaniztasunera.
- (3b) [irratiko albistegian] Manifestarien txistuen eta oihuen artean, Polizia hogei bat metro atzeratu da.
Hurrengo postean, adibide gehiago ekarriko ditut.