Elixabete Perez Gaztelu
Sumatzen hasiak gara, eskualde batzuetan behinik behin, jendaurreko komunikazio idatzian (euskal hedabide batzuetan, kaleko karteletan…) hitz-egin-bezala-idazteko, hobeki esan, itzeinbezela eskribitzeko joera (zaharberritua?). Ez da samurra kontua, eta baditu orain hemen jasoko ez ditudan hamaika ate-leihatila, baina txoko honetan zeharka-meharka gaia atera denez gero, heldu nahi izan diot, besteak beste, jakiteko ea inguruan ikusten dudana (Oiartzualdean batez ere) beste leku batzuetan ere gertatzen ari ote den.
Kalean ikusitako adibide bat dakart erakusgarri. Kartel batean hauxe zegoen eskuz idatzia:
Paellada 2011. Izen ematia ta erabakiyak hartzeko AZKEN bilera.
– Izena ematekuan ordaindu in berko da.
– Zapiya ber dunak 18 ta bestik 17 euro. JUXTUA EKARRI.
– Izena emateko azken eguna izango da, asi ke muttu ta geo ez torri negarrez.
– Ta azaldu ez in bazu norbatti pasa zure datuk ta dirua.
Beharbada (edo beharbadarik gabe) dugun adinagatik eta euskaraz kode idatzi estandar, batua sortu eta bideratzeak zenbat neke eta ahalegin eskatu zituen (eskatzen dituen) oraindik ere bizirik dugulako, harrigarria egiten zaigu idazteko modu hori.
Beste komunikazio-egoeraren batean bestela pentsa bagenezakeen ere, idazteko modu horrek ez garamatza entzuten eta esaten duena hala moduz ispilatzen duen testugile ia letragabeengana; euskaldun alfabetatuak dira testugileak eta jakinaren gainean deliberatu dira fonetismoa lehenestera.
Hizketa-komunitate baten —herri bateko gazte euskaldun alfabetatuen— idatziz komunikatzeko soziolektoaren adierazletzat jo daiteke adibidea. Badirudi gazteok lagunarteko erregistroa idatziz ispilatzeko, nahiz kartela kalean jendaurrean egon, idazteko modu egokientzat hitz egin bezala idaztea dutela. Datu gehiegi gabe ere, irudipena daukat gazte euskaldunen artean zabaltzen ari dela idazteko modu hau.
Agi danean, kode estandarra komunikazio-egoera formaletan darabilte (unibertsitatean, batxilergoan ikusten dugu kode hori ere erabiltzen badakitela), baina murritz, estu egiten zaie, giro akademiko, formalarekin lotuegia ikusten dutelako, apika? Eta horretatik bereizteko modua ez dute, demagun, aukera lexikoan bakarrik ikusten eta ortografia ere bere komunikazio-premiak adierazteko egokitu beharra ikusten dute? Igone Zabalak abenduaren batean aipatzen zuen hiztunon errepertorioko baliabideak zabaltzeko bitartekotzat jotzekoa al litzateke?
Alde batera behintzat, bitxia egiten da kontua, nekezagoa baita horrela aritzea. Samurragoa dirudi finkatua dagoen kodea erabiltzea ezer asmatzen hastea baino. Idazleari lan gehiago eskatzen dio “bere gisara” idazteak: aldian-aldian erabaki beharko du nola letraldatu soinu hau eta bestea, etenak non egin… Horren adibideak dira jaso dugun testuko batura bitxi samarrak: fonetismoa eta hiztunen inguru horretan esaten ez den “h” ere idaztea. Eta irakurleari ere, mezu horien norentzakoa euskaraz alfabetatua baitago, deskodetzeko ahalegin handiagoa eskatzen bide dio.
Itxura batean, pentsa ere daiteke hiztun horien aukeraren eta ahaleginaren atzean besterik ere badela: “nirea”, “berezia”, “jatorra”, “naturala”, “gainerako euskaldunena ez bezalakoa”… azpimarratu nahia?, “nire hizketa-komunitate bakarrarekin” aritu nahi izatearen ageriko uztarria? Eta gazteok idatziz komunikatzeko, lagunarteko erregistro idatzia (ia) soilik IKTen bidez egiteak ere zerikusia ote?
Ez dakit urriaren 17an Asier Larrinagak ekarri zuen mikronizazioaren adartzat jo daitekeen aurkeztu dudana. Baina auziak badu sokarik eta ondorio kontuan hartzekorik: bide horri ekinda, kode estandar batua bakarrik maila jaso edo komunikazio-egoera formaletara murriztuko litzateke, eta komunikazio-egoera ez-formaletan kode batu falta edo aniztasuna? Eta nola uztartu deskribatu dugun jokamoldea Beñat Oihartzabalek aspaldixko hain argi aurkeztu zituen gogoetekin?
Euskara batuari dagokion berezko eremua euskalkien mugen gainetik dagoena da; euskalkiei eta tokiko hizkerei dagokiena, berriz, herriaren edo herrialdearen mailako eremuari dagokiona. Baina, eremu geografikoarekin batean, eremu soziala ere aipatzekoa da, bestea bezain garrantzitsua, garrantzitsuago gisa batez.[…] Erregistro herrikoia doakie maiz horrelako lanei, ez, ordean, baitezpada hemengo edo horko euskalkia. Sortu behar da, orduan, dialektalki markatuegi ez den mintzamolde herrikoia, aski irekia ahal bezain euskaldun gutik izan dezan bazterrean uzten delako iduripena. “Euskara batua eta euskalkiak” (Euskera, 1996).
Bereizkuntzak bereizkuntza, eta kezkabideak kezkabide, hizketa-gai izan dugun auziaz aritu ahal izateak erakusten du badagoela euskaraz (era berritzailean?) komunikatu nahi duen gazteen hizketa-komunitatea. Eta pozgarria ere bada, batez ere aldi berean gisa honetako berriak plazaratzen ari badira: «Euskara ez dute ebaluatu ere egingo DBH eta Batxilergo amaierako azterketetan» (berria.info, euskararen egunaren biharamunean).