Idoia Santamaria Urkaregi
Blogean orain arte idatzi ditugunetan, xede hizkuntza gisa hartu dugu euskara. Gaurkoan, ordea, kameraren objektiboa aldatu, eta jatorrizko hizkuntza bihurtuko dut, maiz samar tokatzen baitzait, euskarara itzultzeaz gainera, euskaratik gaztelaniara ere itzultzea.
Ez da, ez, seinale txarra gaztelaniara ere itzuli beharra. Euskaraz, alor guztietan, gehiago sortzen dela esan nahi du horrek. Baina ez dugu ohiturarik euskaratik gaztelaniara itzultzeko. Batzuek, gainera, gazteenek batik bat, euskaraz egin dituzte ikasketa guztiak, eta, beraz, salbuespenak salbuespen, arrotzagoak zaizkie gaztelaniaren erregistro jasoagoak. Eta horrek guztiak arazoak sortzen dizkigu: batzuetan ez gara gai euskarazko testuak gaztelania egokian emateko.
Batetik, erregistro-arazoak ditugu. Gaztelaniaz euskaraz baino erregistro gehiago daude finkatuta, eta ez dugu beti asmatzen gaztelaniazko ordainarekin. Har dezagun Elhuyar aldizkarian auto elektrikoen etorkizunari buruz argitaratutako artikulu bateko pasarte hau:
Auto elektriko horiexek garatzen eta saltzen dituzten pertsonek, ordea, ez dute horren garbi autoak eta merkatua prest daudenik. Izan ere, gainditu beharreko zailtasunak ez dira huskeria.
Aukera bat baino gehiago dugu, noski, azken esaldiko “ez dira huskeria” itzultzeko, baina ez litzateke egokia, adibidez, honela ematea:
Las dificultades que hay que superar no son moco de pavo.
Erregistro-desoreka nabarmenegia litzateke. Bada, horrelakoak maiz samar gertatzen zaizkigu euskaratik gaztelaniara egiten ditugun itzulpenetan, eta, beraz, kontu handiagoz ibili beharko genuke.
Bestetik, euskarazko mintzagai-galdegai jokoa kopiatzen dugu batzuetan euskaratik gaztelaniara itzultzean, kontuan hartu gabe esaldi batean nabarmendu nahi dugun informazioa ez dela posizio berean joaten euskaraz eta gaztelaniaz. Ur handitan sartu gabe eta (gehiegi) sinplifikatzea arriskutsua dela jakin arren, esan dezagun, printzipio orokor gisa, euskaraz aditzaren aurretik doala galdegaia eta gaztelaniaz, berriz, aditzaren atzetik. Ikus dezagun adibide bat, Elhuyar Fundazioko publizitate-testu batetik hartua:
8-12 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago liburua, eta, haren bidez, zientziaren magia bizi dezakete gazteek Jean Potterrek prestatutako esperimentu eta jarduera azkar eta erraz batzuekin. Hamar minutu edo gutxiago nahikoa dira jarduera bakoitza egiteko.
El libro está dirigido a jóvenes de entre 8 y 12 años, que podrán disfrutar de la magia de la ciencia gracias a los experimentos rápidos y sencillos propuestos por Jean Potter. En menos de 10 minutos puede realizarse cada uno de estos experimentos.
Gaztelaniazko azken esaldiaren ordenak kirrinka egiten digu belarrian. Askoz ohikoagoa litzateke beste ordena hau testuinguru horretan:
Cada uno de estos experimentos puede realizarse en menos de diez minutos.
Gaztelaniaz ere, euskaraz bezalaxe, ordena behartuek testuaren koherentzia hausten dute, eta, testua zabartzeaz gainera, ulergaitzago bihurtzen.
Erregistroa eta esaldiaren antolaera aipatu ditugu. Ez dira, noski, zaindu beharreko alor bakarrak euskaratik gaztelaniara itzultzean, baina izango dugu aurrerago beste alor batzuez ere hitz egiteko aukera. Euskaratik gaztelaniara itzultzeko eskaria handitzen ari den honetan ez genuke ahaztu behar gaztelaniazko testu txarrak ekoizteak ez dituela hobetuko euskarazkoak, eta ez zaigula komeni huts egitea inongo irakurleren aurrean.
Aurreko batean, irakurtzen (ere) trebatu beharraz idatzi zuen Iñigo Errastik; esan zigun entrenamendua falta zaigula euskaraz irakurtzeko eta sasoi oneko irakurle gehiago behar ditugula. Eta arrazoi du; egia biribila. Baina ez dira hor bukatzen gure premiak. Gaztelaniara ere itzultzen badugu, gaztelaniazko entrenamendua ere ezinbestekoa dugu, eta iruditzen zait ahaztu egiten zaigula hori batzuetan. Alegia, hain gaude ohituta gaztelaniak euskarari egiten dion presioari nolabait eusten, ez gara konturatzen gaztelaniara itzultzeko gaztelania ere landu beharra daukagula, eguneroko erabileratik harago. Izan ere, euskara jakiteak euskal itzultzaile bihurtzen ez gaituen moduan, gaztelania jakiteak ere ez gaitu automatikoki gaztelaniazko itzultzaile bihurtzen. Beraz, norberak ikusi beharko du, dituen gustuen eta premien arabera, zenbat hizkuntzatan irakurri nahi —edo behar— duen, hortik etorriko baitzaio trebakuntza eta hobekuntza. Aukera izatea da lehenengo kontua, jakina, eta, horren ondoren, (ikasiz) gozatzea. Edozein hizkuntzatan.
Eta gaztelania izan dugunez hizpide, Miguel Sáenz gaztelaniazko itzultzaile handi eta RAEko akademiko izendatu berria zorionduz eta haren itzulpenak gomendatuz amaituko dut, itzultzaile onen lanak irakurtzea, gozamen-iturri izateaz gainera, trebakuntza-saio ezin egokiagoa baita. Eta Miguel Sáenzenak itzulpen eredugarriak dira, bikainak, zoragarriak. Zorionak, don Miguel.