Itzulpenean galdua

Angel Erro

Garrantzi handia du itzultzaile xehearen lanak atzerriko literaturez gozatu ahal izateko. Testuen gainean dabiltzan fantasmen modura, liburuen tonu eta estiloa nabarmen alda dezakete apenas aipamenik jaso ohi duten hizkuntzalari horiek. Handia izan daiteke itzultzaile batek eleberri baten jario eta estiloan izan dezakeen eragina. Hona Haruki Murakami nobelagile japoniarraren Txori mekanikoaren kronika liburuaren (1997) hasierako lerroen bi interpretazio.

Lehen lagina

Sukaldean nengoen telefonoak jo zuenean, irratian ematen ari ziren eta pasta prestatzeko bikaina behar duen Rossiniren Mika lapurtia piezaren oberturaren doinura txistuka.

Bigarren lagina

Espagetiak prestatzen nabil emakumeak deitu duenean. Tartetxo bat, eta prest dira espagetiak; eta hara non nabilen, irratitik aditzen den Rossiniren La Gazza Ladra piezaren preludioaren doinura txistuka. Espagetiak prestatzeko musika perfektua.

Jay Rubin Murakamiren itzultzaile ofizialak idatzitakoa da lehen lagina, eta trabarik gabe egiten du aurrera testuak.

Alfred Birnbaumek itzulitakoa da bigarrena, eta eten gehiago ditu; ia neurotiko bilakatzeraino. Murakamiren irakurle kopurua handitu du lehenak ingeles hiztunen artean; baina asko dira Birnbaumen estilo deigarriak liluraturiko zaleak ere, haientzat hori bihurtu baita Murakamiren ahotsa.

Blog honetako kolaborazioak denbora, denboraren joan arina, neurtzeko bitarteko bilakatu zaizkit. Beti espero baino lasterrago hilabete oso bat pasa da eta hurrengo idatzia entregatzeko epea iritsi ere bai, ia beti ustekabean, baina oraingoan utzi ezineko beste kontu bat eskuartean dudala. Beste norbaiten lana plagiatzeko mamua berriro ere, limurtzaile, nire begi aurrean astindu da. Oraingoan, gainera, Idoia Juaniz adiskideak pasatutako testua, Murakami japonieratik ingelesera itzultzeko estiloei buruzkoa, ez dakit nondik aterea eta seguruenik inor gutxik ezagutua, badaukat. Baina hori itzultzeko astirik ere ez. Beraz, hainbat adiskideri Mayday deia bidali diet. Nire lagunak dira nire harrobide bakarra. Goian irakurritakoa Iñigo Astizek azkar bai azkar igorritakoa da. Behekoa, berriz, hortik gutxira, beste poeta handi batek, Rikardo Arregik, bidalitakoa, berak jakin gabe, plagioaren delitutik, hala espero eta uste dut, ni libratuz.

Lost in translation

Ezin da gutxietsi itzultzaile apalaren garrantzia atzerriko literaturaz ulertzeko orduan. Testuari behatzen dizkioten mamuak bezala, hizkuntzalari gutxitan aipatu horiek liburu baten tonu eta estiloa alda ditzakete sakonki. Itzultzaileak eleberri baten estilo eta jarioari egin diezaiekeen aldaketa eskerga izan daiteke. Hona hemen eleberrigile japoniar Haruki Murakami-ren The Wind-up Bird Chronicle (1997) eleberriaren hasierako lerroen bi bertsio:

Lehen zatia

Telefonoak jo zuenean, sukaldean nengoen, espagetiak lapikoan irakinarazi eta FM irrati batekin batera Rossini-ren Mika lapurtiaren obertura txistukatzen, pasta platerak prestatzeko musika perfektua izan behar duena.

Bigarren zatia

Sukaldean ari naiz espagetiak egiten emakumeak deitu duenean. Beste une bat espagetiak prestatu arte; han nago, bada, FM irratiarekin batera Rossini-ren La Gazza Ladra-ren preludioa txistukatzen. Espagetiak egiteko musika perfektua.

Lehendabizikoa Jay Rubin-ek idatzi du, Murakamiren itzultzaile ofiziala, eta garbi eta txukun doa. Bigarrena Alfred Birnbaum-ek idatzi du, askoz staccatoagoa, are neurotikoagoa. Lehenak ingelesdun irakurlego zabala lortu zion Murakamiri; hala ere, zale asko maitemindu dira Birnbaumen estilo bitxiarekin –horientzat Murakamiren ahotsa izatera iritsi da.

Ondorioak atera beharko nituzke orain, burmuin puntan pilatzen zaizkit, baina erantzukizun hori ere beste norbaiten eskutan utzi beharko dut, irakurleenetan, beste behar batzuk (eta blog honetako arduradunak) deika ditut eta.