Erlatibo murrizgarriak erresuntiboen bidez

Jesus Maria Agirre Berezibar

Xabier Amuriza jo eta ke ari zaigu aspaldion euskara batua osaberritzeko lanean, helburu duelarik euskara inguruko hizkuntza garatuen parean jartzea baliabide estrukturalei dagokienez (ikus Zazpi ebidentzia birjaiotzarako, 2012). Konkretuki, erlatibo murrizgarrien kasuan, izen sintagma erlatibizatua kasu markarekin errekuperatze aldera, sistematikoki erresuntiboetara jotzea proposatzen du. Berria egin zait erresuntibo hitza, eta gauza berriak, berandu bada ere, ikasteko prest izaki, jo dut gramatika batzuetara eta ikusi dut haietaz hitz egiten dutela, besteak beste, Xabier Alberdik (Euskal estilo-libururantz) eta Carlos Cid Abasolok (Sareko euskal gramatika, «Perpaus erlatiboak»).

Ni bezain ezjakinak gogoan hartuz, zer da erresuntibo izeneko baliabide hori? Cid-en hitzetan da «izen sintagma erlatibatua ordezkatzen duen izenordain edo adberbioa, kasu erlatibatua bere gain duena». Beraz, anafora bat dugu, erlatiboarekin konbinazioan erabilia. Hona bi adibide Cid-ek berak aipatzen dituenak: «Berari buruz ezer egiaztatzerik ez dagoen izaki horietakoa zen Bartleby» (Juan Garzia), «Ez dakit nork esan zuen memoria dela bertatik bota ezin gaituzten paradisu bakarra» (Anjel Lertxundi).

Nire lanean konturatu nahiz ezen gaztelaniazko ahozko interbentzio parlamentarioetan ere erabiltzen dela jokabide hori, QUE markarik gabe emanez eta QUEri legokiokeen marka, geroago, erakusle bidez adieraziz: «Un ejemplo de una persona que hemos tramitado su expediente», «Una cifra que llevamos muchos años con la misma». Euskaraz ere badakar Cid-ek ahozko adibide bat: «Amets zoragarri bat izan zalako neretzako egi bihurtu dena baina prezio haundia ordaindu behar izan dana honengatikan».

Kontua da Amurizaren adibideetako hainbat gordin eta ilun samarrak egin zaizkidala, testua ondo jarraitze aldera bi aldiz irakurri eta gogoeta egin beharrekoak. Oro har, ez zait iruditzen oso funtzionala euskal erlatibo murrizgarriek daukaten egiturazko defizita sistematikoki erresuntiboen bidez konpontzea. Arrazoiak hauek izango lirateke:

  1. Erlatibo arrunta euskararen mendeko egiturarik zurrunena da (izenlaguna, izen bati aditzaren bidez lotua), eta halako egituran izenarekiko erreferentzia aditzaren bidez barik erakusle baten bidez egitea maniobra bihurri eta behartu samarra egiten zait. Cid-ek dakarren adibide bat nahasgarria litzateke: «Zein da harekin bizitzera behartu nahi nauen neska?».

  2. Anafora erreferentzia bat atzetik errekuperatzeko erabiltzen da normalean, eta erlatibo arruntean erresuntiboak aurretik errekuperatzen du normalean, deskodetzen zailago dena. Cid-ek aipatzen duen Harkaitz Canoren adibide bat: «Haien falta hainbeste sumatzen duen eguzki izpiekin gogoratzeko modu bat izan da, tarte batez». Amurizaren adibide batk: «Hartaz akusatua den bere sermoia entzun al zenuen?». Horregatik, erresuntiboa hobeto dekodetzen da erreferentziarekin lotura zuzena duen hitz bat aurretik daukanean. Amurizaren adibidea: «Hemen duzue sekula beragatik txarrik esango ez nukeen laguna».

  3. Beharrezkoa da semantikak edo testuinguruak laguntzea erresuntiboa natural samar gelditzeko. Amurizaren adibidea: «Gero beragaz ezkonduko nintzen neska honi lehen komunioa neuk emana nion».

Ikusi dut jokabide hau beste hizkuntza batzuetan ere erabiltzen dela, ikusi dut iparraldeko euskal tradizioan ere erabili dela (baina erlatibo ez-murrizgarriekin), ikusi dut hegoaldean Altubek eta Etxaidek baliatu dutela. Hala ere, oro har, egitura behartu samarra eta deskodetzeko zaila iruditzen zait erlatibo murriztaileen kasuan, nahiz eta erabilera solte batzuk onargarriak izan daitezkeen. Azken finean, baliabide hori erabiltzea litzateke euskararen eraketa prepositiboari anafora bihurri bat eranstea, horrek komunikaziorako dakartzan oztopoekin (aurrekarga, erreferentzien iluntasuna).