Irantzu Epelde Zendoia
Ad Backus hizkuntzalari turkiarraren lan baten[1] izenburua ebatsi dut gaurko sarrerari hasiera emateko. Aspalditik Tilburg (Herbehereak) hirian bizi diren etorkin turkiarren hizkera ikertu zuen Backus-ek bere doktore tesian, maisuki. Turkierak eta euskarak badituzte ezaugarri komun batzuk, eta, horregatik, interes berezikoa da guretzat lan hori, hizkuntzaren alderditik. Izan ere, hizkuntza ukipenaren ondorioz gertatzen diren fenomenoak aztertzen gabiltza azken urteetan Baionako IKER gunean, euskaldun elebidunekin. Eskuen artean dabilkigun gertakari horietako bat da hizkuntzalaritzako lanetan code-switching esaten zaiona: hizkuntza batean hasi eta bestera lerratzea, hitz gutxitan esanda. Lerratze kontu hori, ordea, ez da nolanahizka gertatzen, orain arte ikusi dugunagatik, eta problematikoa da izatez, berez bezala ekartzen baitu hiztuna, halakoetan, bi kode batera erabiltzen ari dela, batetik bestera saltoka ariko balitz bezala. Eta batzuetan halaxe gertatzen da, baina ez beti. Hiztun batzuentzat hain da naturala eta ohikoa hizketa molde hori, kode ez-markatutzat jo liteke garbiki, zenbaiten kasuan behintzat. Halakoak dira Euskal Herri osoan egin berri ditugun grabazioetatik hartutako adibide hauen sortzaileak. Seguru ezagunak egingo zaizkizuela ondoko hauen antzekoak, hiztun gipuzkoarrei egindako elkarrizketetatik hartu ditut eta:
«Joaten ginen a la tienda que teníamos al lado, a Xuxana, eta han erosten genun un caramelo de esos de sin palo, pues balio zuen cincuenta céntimos uste dut. Eta pipitta pakete bat. Otros cincuenta céntimos».
«Neri esaten naute que tengo todo el carácter de ella. Y lo reconozco que sí».
«Aitta zen super sensible del todo».
«Begira horko argazki hori que estamos las tres hermanas. Hori han aterea da, eskolan».
«Pues tenía unas uñas así [eskola maistrak], así de largas, todavía estoy viendo, eta nik enakien erderaz deus ere! Etorri nintzen baserritikan, eta ni baserritikan herrira etortzen nintzen urtian behin edo, jaiatan edo horrela… Eta etorri nintzenian eskolera, pues me preguntó algo en esto… En erderaz, y claro, no sabía contestar… ¡Me metió una leche en toda la cara, que me dejó cuadrada para un lado y para el otro! Bai, bai. Como lo oyes. Eta ondoko egunian, dije: “no. Se acabó. Pues orain egingo dut ihesi eskolatikan”. Eta egin nintzen joan. Lau urtekin».
Gazte hizkerarekin lotzen dira honelako adibideak gehienetan. Gazteen ahotik bildutakoak direla uste dut Koro Garmendiak bere entsalada berezian erakutsi zizkigunak ere, 2013ko martxoaren 18ko sarrera politean. Baina, goiko adibideen kontaketa gaietatik igarriko zenuten bezala, adin bateko hiztunenak dira gaurko honetan ekarri ditugunak, 65 urtetik gorakoenak, hain zuzen. Arduragabeko solas librean, oso antzeko jokamoldeak atzeman ditugu Iparraldeko berriemaile adintsuetan ere. Fenomeno orokorra dela, alegia, gazteena nahiz helduena, etxe barrukoa nahiz kalekoa. Orokorra, eta bere barruko lege propioak dituena.
Barkatuko didazue plaza hau propaganda egiteko erabiltzea, baina irakurleen artean inork interesik balu ere, gai honen eta beste zabalago batzuen inguruko Elkargunea antolatu dugu EHUren aurtengo Donostiako Uda Ikastaroen barruan, datorren hilerako: Elebitasuna eta hizkuntza kontaktua Euskal Herrian eta beste erkidego batzuetan. Egitaraua hemen aurkituko duzue, eta ez dago esan beharrik ere ongi etorriak izango zaretela gurean.
[1] Backus, Ad. 1996. Two in one. Bilingual Speech of Turkish Immigrants in The Netherlands. Studies in Multilingualism 1. Tilburg: Tilburg University Press.