Tag Archives: bikoizketa

ETBrentzako eredua

Asier Larrinaga Larrazabal

Oso-oso kezkatuta utzi ninduen Deiak 2012.12.09an argitaratu zuen analisiak. EiTBra etortzekoa den zuzendaritza berriak analisian jasotzen diren bezalako ideiak badakartza, euskarazko ikus-entzunezko komunikazioak etorkizun iluna du (lehenengotan «euskarazko ikus-entzunezko komunikazioa amaitutzat eman dezakegu» idatzi dut, baina tremendismoak ez dit ondo funtzionatzen). Badakit lehenago ere plazaratu direla EiTBrentzako proposamenak, gogoetak eta iritziak, baina nik muinagora jo nahi nuke (hori horrela esaterik badago).

Ahalik eta eskematikoen izango naiz, eta ETBz baino ez naiz arituko, hortxe baitago iltzea.

Abiapuntua: Ekimen pribatuaren interesik ezaren aurrean, administrazio publikoak hartu behar du bere gain euskarazko ikus-entzunezko eskaintza.

Nire iritziz, eskaintza horrek lau zutabe izan behar ditu.

1. ETB izango da aginte publikoek euskarazko ikus-entzunezkoen alorrean egotzi zaien erantzukizuna kudeatzeko erabiliko duten bitarteko edo tresna. Oso positiboa litzateke beste bitarteko batzuk ere egotea (Zinema euskaraz egitaraua, telebista lokalak…), baina koordinazioa ETBk egin beharko luke.

2. Euskarazko eskaintza euskaraz eskaini behar da. Telebista euskaraz ikusteko hautua egiten duenarentzat, onartezina eta ernegagarria da ETB1en hainbeste gaztelania entzutea.

3. ETBren euskarazko programazioak orotarikoa izan behar du, genero guztiak eta publiko guztiak biltzen dituena.

4. ETBren euskarazko programazioak ohiturak sortzera jo behar du: ordutegi aldetik, egonkorra izango da; kirolari ez zaio utziko parrilla osoa mendean erabiltzen, eta abar.

Programazio orotariko eta egonkor hori honela osatu behar da, nire iritziz.

1. ETB2ren lekua ukatu barik, gaztelaniazko emisioak ez du euskarazko emisioaren aurrekontua bahituko.

2. ETB2 ez da ETB1en lehiakide izango entretenimenduan.

3. Uko egingo zaie emisio-eskubideetan dirutzak xahutzen dituzten kirol-ekitaldiei: Txapeldunen Liga, Europako liga guztiak, ACB liga, Tourra, Vuelta…

4. Behar-beharrezkoak ditugu zuzeneko magazinak (“Horrelakoa da bizitza”, “Arratsaldero”). Euskarazko telebista bat nahi dugunontzat, gutxiespen eta umiliazio handia da programok aurrekonturik gabe egitea, eta berauen emisioa errekortariek, Danborrada Txikiak edo beste edozein huskeriak baldintzatzea.

5. Behar-beharrezkoak ditugu analisi-programak (“Firin Faran”, “Azpimarra”). Euskarazko telebista bat nahi dugunontzat, gutxiespen eta umiliazio handia da programok betegarri modura erabiltzea.

6. Behar-beharrezkoak dira kalitatezko dokumentalak. Euskarazko telebista bat nahi dugunontzat, gutxiespen eta umiliazio handia da dokumentalen eskaintza erdaldun siestagileengan pentsatuta osatzea.

7. Behar-beharrezkoa da nerabeei zuzendutako eskaintza, berariazko albistegi bat barne. Sektore honentzako programazioa Interneten osatu beharko litzateke.

8. Umeek fikzioa ere nahi dute, marrazki bizidunak bakarrik ez; Disney Channelen arrakasta lekuko.

9. Helduok ere, fikzioa nahi dugu. Barne-produkzioari uko egin barik, fikzioaren eskaintza bikoizketaren bidez osatu beharko litzateke nagusiki.

a) Elkorra da bikoizketa eta azpidazketa kontrajartzen dituen debatea. Biak kontsumitzeko aukera nahi dugu.

b) Bikoizten diren produktuei ahalik eta etekin handiena atera behar zaie. Puntu honetan, gainerakoetan baino garrantzitsuago da lehen aipaturiko koordinazioa. Ez da ulertzen Donostiako Zinemaldirako azpidazten diren filmak ez iristea Zinemaldia bera baino harago. Ez da ulertzen ETBrentzat bikoiztutako produkzioak ez iristea telebista lokaletara. Ez da ulertzen Zinema euskaraz egitarauak argitaratzen dituen DVDak ez egotea bideo-klubetan edo Durangoko Azokan. Bide batez esanda, noizko Filmografia Unibertsala bilduma?

c) Lehenago edo geroago, bikoiztutako produktuek Internetera egingo dute jauzi, eta kontsumo gehiena Internet bitartez gertatuko da; ez telebistan, ez zinemetan. Horrek esan nahi du diru publikoaren inbertsioa ez dela audientzia-datuetan islatuko. Dena dela, badirudi Euskadiko aginte publikoentzat ez litzatekeela oso gauza dramatikoa izango, eitb nahieran lekuko.

d) Euskaldunok fikzio bikoiztua kontsumitzen segituko dugu; euskaraz ez bada, erdaraz. Arlo honetan erdararantz egiten dugun urrats bakoitzak gutxienez urrats bat urruntzen gaitu euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohituratik.

10. Euskal gizarteko ekitaldi bereziak (Kontxako bandera, Lau t’erdiko txapelketa, Danborrada, Euskal Herriko itzulia, errekortariak…), orain arte bezala, euskarazko kanal batean nahi ditugu. Garrantzitsuenak, eta programazioa hipotekatzen ez duten heinean, ETB1en; gainerakoak, ETBK-Saten.

11 Iruzkin

Asier Larrinaga atalean