Emakumeak bere buruari nola?

Fernando Rey Escalera

Nire lankide eta adiskide Mikel Vilchesekin batera, Hezurren ondarea liburua euskaratu dut berriki, Dolores Redondoren Legado en los huesos alegia. Edozein itzulpenetan, kontu asko izaten dira zalantza-iturri, baina, oraingoan, bat izan da bereziki bitxia, zer pentsatua eman didana. Azken-azken momentura arte dudan ibili ginen, zer egin ez genekiela: guk gerok hasieran pentsatutakoa egin, edo editoreari kasu egin.

Baina zalantzak eta eztabaidak gogoetarako eta aurrera egiteko bide ona izaten direnez, hemen plazaratuko dut gaia, nahi duenak bere iritzia edo esperientzia kontatu dezan.

Bakarrizketan emakumeak bere buruari nola egiten dion, horixe zen eztabaida.

Liburuan, zenbait pasartetan, Amaia Salazar inspektorearen barne-elkarrizketak ageri ziren, eta zentzuzkoena hiketan jartzea pentsatu nuen, ustez eta hiketan badakienak, normalean, hiketan egiten diola bere buruari.

Eta zer egin genuen? Ba, orain arte genekienari jarraikiz euskaratu. Hiru adibide emanen ditut orain:

1) Zuhurtziaz jokatzeko eskatu zion bere buruari, ongi ohartu zelako horrek guztiak bera probokatzea beste helbururik ez zuela, baina barneko ahots batek erantzun zion: «bai, bazakiat, bazakiat zer lortu nahi duen, baina zergatik ez eman eskatzen duena?».

2) «Odolusten ari nauk, noski!», pentsatu zuen.

3) Eskua armara eraman zuen, baina, une hartan, buru barreneko ahots batek, burla-ahots batek, honela esan zion: «Horixe, polita, pistola bat. Eta horrek, Amaia, zertarako balioko din?».

Ohartuko zaretenez, lehenbiziko bietan toka ari da Amaia, eta hirugarrenean noka, horixe baita (baitzen?) erabilera normalena.

Bilaka ibili naiz han-hemenka, eta zenbait iturrik hala egin behar dela berresten didate.

Hala irakurri dut Euskaltzaindiaren «Euskera» aldizkarian (Leioa, 1994.10.04; Javier Alberdi Larizgoitia, EHU/UPVko irakaslea). «Hitanoa non eta nork erabiltzen duen» izeneko artikuluan, 9. puntuan, honela dio:

Espero zitekeenez, barne-bakarrizketan beste inon eta inoiz baino gehiago erabiltzen bide da hiketa: gizonezkoen kasuan, anaien artean bezainbeste edo maizago eta emakumezkoenean, ahizpen artean baino dezente gehiago.

Bestalde, bada kontuan hartzeko moduko euskaldun-kopuru bat -emakumezkoen artean, bereziki-, bakarrizketaz landa hika noizbait egin arren, bere buruarekin hika mintzatzen ez dena. Datu hau nahiko harrigarria da eta agian hiketaren eta bereziki noketaren izaera markatuarekin du zerikusia.

Hortik aparte, bakarrizketan hika aritzen diren emakumezkoen artean noka da usadioa nor bere buruari mintzatzeko. Hau da, hiztuna bitan banatzen denean, alegia bakarrizketa elkarrizketatuan nahitaez islatu behar da emakumezkoaren sexua (zer egin dun?); emakumea noketa erabili beharrean gertatzen da, solaskide bere burua hartu duela eta bere buruari zuzentzen ari zaiola konturatzen den neurrian. Aitzitik, bakarrizketa den alegiazko elkarrizketan solaskidearen kontzientzia argirik ez baldin badago, hots, hiztun emakumea inori bereziki -ezta bere buruari ere- zuzendu gabe ari baldin bada, orduan toketa nagusitzen da bakarrizketan eta eztabada ere ez da ezinezkoa (Segurola, 1992).

2003ko urriaren 27an, Erabili.com webgunean ere idatzi zuen Xabier Alberdi Larizgoitiak gai berberaz, eta honela zioen:

Hots, itxura guztien arabera, hikako bi generoen arteko aurkakotasunean, noka da buru markatua (edo markaduna) eta toka markatu gabea (edo markagabea). Horretaz, Iñaki Segurolari (1992) eskertu behar diogu duela gutxi egin berri duen ohar argigarria: emakumeak bere buruari zuzentzerakoan nahitaez noka mintzatu beharra du, bera, emakumea, ekintzako “aktantea” den neurrian eta “hik esan ditun esatekoak” tankerakoak erabili behar ditu baitezpada; besterik da (bere buruarekin) alegiazko elkarrizketa dirudien barne-hizketan ari denean baina inori bereziki zuzendu gabe (ezta bere buruari ere) eta bera “aktantea” izan gabe, orduan toka ariko da eta “mamalatu egin nok” bezalakoak jalgiko ditu bere pentsamenduak, hots, mintzalagun jakinik eduki ezean alokutibotasunak eskatzen duen komunztadura tokakoa izango da.

Emakunde-k ere gaiari heldu zion Euskararen erabilera ez sexista izeneko gidaliburuan, 2.1. puntuan (Generoa aditzean: hitanoa).

Ritxi Lizartzak ere argi azaltzen du auzia bere Hitanoa. Mintza hadi lagun! liburuan

Inguruko lankide eta lagun batzuei galdeka ere ibili naiz, eta Gipuzkoako eta Nafarroako erreferentzia batzuk jaso ditut, erabilera halakoa dela diotenak.

Laburbilduz:

Nork bere buruari egiteko, bi egoera desberdin izaten ahal ditugu, bi modutan egiten ahal dugu barne-elkarrizketa hori:

a) 1. pertsonan

Ozen hitz egitearen parekoa da, 1. pertsonan mintzatzen baikara, eta hiztunak, gizona izan edo emakumea izan, toka egiten du.

Pentsatu nuen neure artean, «Gaur ez nagok batere ongi. Beste egun batzuetan baino lan gutxiago egin diat, eta, halere, ez nauk gauza deusetarako ere. Hobe diat siesta pixka bat egin, eta gero paseo bat». Pentsatu eta egin.

b) 2. pertsonan, proiekzioa eginez

Neure buruarekin egiterakoan, «neure burua» beste pertsona bat balitz bezala egitea. Ni eta neure burua, neuregandik kanpo dagoen norbait.

Esan nion neure buruari, «Fernando, gaur ez hago batere ongi. Beste egun batzuetan baino lan gutxiago egin duk, eta, halere, ez haiz gauza deusetarako ere. Hobe duk siesta pixka bat egin, eta gero paseo bat». Pentsatu eta egin.

Esan nion neure buruari, «Amaia, gaur ez hago batere ongi. Beste egun batzuetan baino lan gutxiago egin dun, eta, halere, ez haiz gauza deusetarako ere. Hobe dun siesta pixka bat egin, eta gero paseo bat». Pentsatu eta egin.

Kasu honetan, gizonak toka eginen du, gizon bati ari zaiolako. Emakumeak, emakume bati ari zaionez, noka.

Editoreari, argitaletxeak jarritako zuzentzaileari, oso bitxia iruditu zitzaion, eta inguruko emakumeei galdetu zien. Erabilera horren arrastorik ere ez. Eta, azkenean, hark iradokita, zuka utzi genuen, nahasgarria izan zitekeelakoan. Ongi egin genuen? Ez dakit? Baina ez naiz ni gehiegi tematzen diren horietakoa argudioak zentzuz azaltzen dizkidatenean. Hainbat gauzatan testua hobetu digu, eta, honetan, dudarekin bada ere, kasu egin genion azkenean.

Hori bai, zer pentsatua eman dit, eta zenbait kontu eta zalantza ibili zaizkit –dabilzkit– buruan:

– Zenbateraino egin behar zaion kasu tradizioari, eta orain arteko erabilera hori arkaismotzat har ote daitekeen.

– Erabilera hori aldatzen ari ote den.

– Hizketa ez sexista bultzatzeko ahalegin horiekin nolako lotura duen afera honek.

Horixe, da, bada, kontatu nahi nuena. Seguru nago zuetako askok baduzuela zer esana kontu honi buruz, emakumeek batez ere.