Lehen eta orain

Asier Larrinaga Larrazabal

Telebistaren historian ez dira asko izango Egun on, Euskadi bezalako kasuak, goizetik gauera aldatu baitzuen emisio-hizkuntza, gaztelaniatik 2013ko martxoaren 22an euskarara 2013ko apirilaren 8an, Aste Santua tarteko. Orain, Egun on, Euskadi ETB1en eskaintzen da, goizeko zortzietan, eta albistegietako hizkuntzalarientzat —niretzat, behintzat, bai— gozamen handia da garai bateko kontakizun-moldeak berriro aurkitzeko aukera hau.

Lehen, orainaldi burutua zen nagusi albistegietako kontakizunean, berri gehienetan ordu batzuk lehenago —askotan, aurreko egunean— izandako gertakariak azaltzen baitziren. Orain, aldiuneko informazioaren mendean erorita, orainaldi puntukari perifrastikoa egin zaigu albiste-testuetako nagusi eta jabe. Egun on, Euskadi aireratzen denean, ostera, egunak artean berri bakanen bat baino ez du eman, eta kontakizunean ia ez da izaten ari-ren beharrik. Nekez esango dugu «Gaur, suitzarrak goi-kargudunen soldatak mugatzea erabakitzen ari dira» edo antzekorik.

Egungo grina ari-zaleak, guzti-guztia ari-rekin kontatu behar gorri honek, ez nau oso zoriontsu egiten. Egun on, Euskadi-k eta ETBren gainerako albistegiek eskaintzen diguten talaiatik begiztatu ditugun beste hizkuntza-berrikuntza batzuek ere, ez naute oso zoriontsu egiten.

Lehen, arratsaldeko zortzietan jotzen zuen musika-bandak herriko plazan. Orain, arratsaldeko zortzietatik aurrera jokatzen ditu Osasunak futbol-partidak.

Lehen, udako planak egiteko orduan, esposari «iaz ere, horra joan ginen» esan arren, jaramonik ere ez zigun egiten. Orain, «pasa den urtean horra joan ginen» esan, eta, magia!, berehala prestatzen digu beste plan bat.

Lehen, etxeko txikiak ezkutaketan edo harrapaketan jolasten ziren. Orain, txikienak pantailaren batera itsatsita egoten dira egun osoan.

Lehen, goizez, hiru langile izaten ginen, eta, arratsaldez, bi aldiz gehiago. Orain, goizez, hiru langile izaten gara, eta, arratsaldez, goizez halako bi.

Lehen, Euskal Herrian, hotz egiten zuen neguan, eta bero udan. Orain, gurean ez du sargoririk egiten neguan, eta ez ipar beltzik udan.

Lehen, emakumeenganako indarkeriaren aurkako manifestazioak zirenean, euskaldun gehienok edo irten, edo jalgi egiten ginen. Orain, atera egiten gara, salbuespenik gabe.

Ene! Marimaistra handiarekin egin beharko dut berba, ea bere umorearekin kontu hauek ez handiegitzen laguntzen didan.