Karlos del Olmo Serna
Euskal administrazioen hizkera dugu, hezkuntzakoaz eta kazetarikoaz batera, herritar hiztun eta idazle arruntarengan eraginik handiena duenetako bat (zuzeneko eragina izateaz gain, zeharrekoa ere baduelako politikariek, kazetariek, politologoek eta hedabideetako solaskideek teknolekto hori lau haizeetara zabaltzearen ondorioz). Zertan aipaturik ez dago, auzo hizkuntzen ondorena gehienik jasotzen duenetako bat ere bada. Euskal Herriak legegintzako eskuduntza mugatu-mugatuak ditu, eta garatzen dituen apurrak, goragoko lege ordenamendu baten araberakoak izan ohi direnez gero, Espainiako legegintzako eta justiziako hizkera (kalko eta guzti) euskal administrazioen idazkietara erraz heltzen da (Europatik datozen zuzentarau eta enparauak gaztelaniazko itzultzaileen eta legegileen negoziazioen ondorio dira, hizkuntza aldetik); hortaz, lantzean-lantzean begiratutxo bat hari egitea komeni zaigu, zer ginen eta non gauden argitzearren.
Duela zenbait urte, 1999an, Senez aldizkariak «Oratoria, akatsak, itzulpengintza eta kalkoak» artikulua argitaratu zidan. Hartan, besteak beste, hainbat hilabetean euskal irratietan kazetariek eta politikariek, batez ere, esandakoak jaso nituen eta gaztelaniaz kalko edo erabilera okertzat jota zeuden termino edo esapideekin alderatu. Horietako batzuk (zerrendari begiratu besterik ez dago), gaur eguneko hizkeratik desagertu dira. Beste batzuek osasun ezin hobean diraute, ordea. Eta horietako baten gainean jardun gura dut gaurko ekarpen honetan.
Muina, gaztelaniazko testu legal eta juridikoetan agertzen den «contemplar» terminoaren erabilera barbaroa da. Ingelesez to contemplate aditzak ondoko esangurak ditu: «zerbaiti erreparatzea, zer edo zer kontsideratu (hausnartu adieran zilegi litzateke aditz hori erabiltzea euskaraz?), kontuan izan edo aurreikustea». Eta hortik dator lege testuetan gaztelaniaz sortutako barbarismoa «la ley contempla», «en este plan se contempla la construcción de 500 viviendas», «las enmiendas no contemplan», «contemplar los problemas urbanísticos» eta beste erabilera batzuk. Gauza da gaztelaniazko contemplar aditzaren esanahiak ez datozela bat ingelesezkoekin (gaztelaniaz, aditzak subjektu biziduna behar duelako, frantsesez bezalaxe), dena dela, gaztelaniak eremu horretan baditu beste aditz batzuk ere, lege kontuetan luzaro korriturikoak: atender, considerar, prever, tener en cuenta, tomar en consideración… Guztiarekin ere, zer datza horretan guztian? Azaletik, behintzat, elkarrengandik hurbil-hurbil dauden bi eduki semantikoren nahas-mahasa: «xedatzea / ebaztea / erabakitzea» eta «(aurrez) ikustea».
Bestela esanda, edozein legek edo arauk, zer egiten du, xedatu ala aurrez ikusi zerbait gerta daitekeela? Kontua da arauak, berez, ez duela ezer ikusten edo aurrez ikusten, egiten baitu xedatu, erabaki, agindu. Bestela esanda, ez du aurreikusten lege batean xedaturikoetakoren bat herritarrak hausterik (baten edo baten buruan egon daitekeen arren), inork araua apurtuz gero zer gertatuko den arautu baizik. Eta zer gerta ere, gauza jakina da lege testuekin gure izerditxoak bota beharrean egoten garenontzat lege eta arau gehienek beti izan ohi dutela artikulu edo xedapen gehigarriren bat, adierazten duena dena delako lege horrek zehazten, xedatzen edo aurrez ikusten ez dituen guztietan indarreko zer beste lege, arau, xedapen edo jurisprudentzia aplikatu behar den. Hortaz, ikusitik gutxi eta agintzetik asko. Gaztelaniazko aditu batzuek, (Lazaro Carreter zenak, adibidez) argiro adierazi dute behin baino gehiagotan: «la ley no contempla (no ve), la ley dispone».
Eta zein da gauza euskarari gagozkiola? Legegileen buru kalkoen nahiz itzultzaileen fideltasun senaren ondorioz, gaztelaniazko «contemplar» batzuk euskarazko corpusetan agertzen direla, apika oso lege onekoak izan ez arren. Ez dago zertan asko bilaturik horrelako batzuk ikusteko:
en este plan se contempla la construcción de 500 viviendas | plan honek jasotzen du 500 etxebizitza eraikiko direla |
Los contratos de prestación de servicios o suministro de productos de tracto sucesivo o continuado deberán contemplar expresamente el procedimiento a través del cual el consumidor y usuario puede ejercer su derecho a poner fin al contrato. | Segidako edo jarraipenezko traktuko zerbitzuak emateko edo ondasunak hornitzeko kontratuetan, espresuki aurreikusi beharko da zein prozeduraren bidez baliatu ahal izango duen kontsumitzaile eta erabiltzaileak kontratua amaitzeko eskubidea. |
A estos efectos, los Ayuntamientos podrán contemplar una compensación económica durante ese periodo para aquéllos que, como consecuencia del régimen de incompatibilidades, no puedan desempeñar su actividad profesional, ni perciban retribuciones económicas por otras actividades. | Horri dagokionez, udalek konpentsazio ekonomiko bat aurreikusi ahal izango dute denboraldi horretan bateraezintasun-araubidearen ondorioz beren lanbide profesionalean jardun ezin eta beste ezein jarduerarengatik ordainsaririk jasotzen ez dutenentzat. |
A estos fines, la modificación que se propugna introduce un nuevo párrafo B) en el artículo 90 del Código Civil, de acuerdo con el cual el convenio regulador podrá contemplar, en la forma más adecuada al interés del hijo, el régimen de visitas y comunicación de éste con sus abuelos. | Helburu horiek iristeko, proposatutako aldarazpenak B) lerrokada berri bat eransten dio Kode Zibilaren 90. artikuluari; horren arabera, hitzarmen arauemaileak jaso ahal izango du, seme edo alabarentzat egokien den moduan, aitona-amonek bete beharreko bisita-araubidea eta haiekin izan beharreko komunikazioa. |
No obstante, al llevarse a cabo la reforma ha resultado indispensable contemplar también la hipótesis de que por falta de previsión o de acuerdo no se llegue a una solución convencional hecha pública por el Registro. | Hori gorabehera, eraldaketa gauzatzean, behar-beharrezko gertatu da ondoko kasua jasotzea: agindu edo hizpaketa zehatzik ez izateagatik, Erregistroan argitaratzeko moduko hitzarmenezko irtenbiderik ez lortzea. |
La ley no contempla esa posibilidad. | Legeak ez du aukera hori kontuan hartzen. |
En los supuestos contemplados en el apartado anterior, quedarán exentos de responsabilidad quienes demuestren no haber incurrido en culpa. | Aurreko paragrafoko kasuetan, ez dute erantzukizunik izango erruz jardun ez dutela frogatzen dutenek. |
Dicho incremento vendrá exclusivamente referido al primer año en el resto de supuestos de reducción de jornada contemplados en el mencionado artículo. | Gehikuntza hori lehenbiziko urteari dagokionez bakarrik egingo da aipatutako artikuluan adierazitako gainerako kasuetan. |
En los supuestos contemplados en los números 4° y 5° del apartado 1, la disolución precisará acuerdo mayoritario de la asamblea. | 1. paragrafoaren 4 eta 5. zenbakietan ezarri kasuetan, desegiteak behar du biltzarraren gehiengoak hartutako erabakia. |
en los casos definidos en el artículo 53, apartado 1, por las personas contempladas (!) en el artículo 41, apartado 1; | erregelamendu honen 53. artikuluaren 1. zenbakian zehazturiko kasuetan, 41. artikuluaren 1. zenbakian aurreikusitako pertsonek (!); |
Con este objetivo se establece un régimen mínimo y común, que es, además, el régimen al que se ajustarán las asociaciones no contempladas en la legislación especial. | Helburu horrekin gutxieneko eta erkidea den araubidea ezarri da. Horrez gain, legeria berezira bildu ez diren elkarteak bat etorri beharko dira araubide horrekin. |
Las penas contempladas en el punto 1º del apartado anterior se impondrán a los que desarrollen o empleen armas químicas o inicien preparativos militares para su empleo. | Aurreko paragrafoaren 1. zenbakiko zigorrak ezarriko zaizkie arma kimikoak garatu edo erabiltzen dituztenei edota horiek erabiltzeko prestalan militarrak hasten dituztenei. |
Zerrenda luzeagoa egin liteke hainbat euskal hiztegi eta testutatik lortutako laginekin, baina arestian jasotakoek argiki erakusten dute, gutxienik, euskal idazleek eta itzultzaile batzuek zalantza egin dutela gaztelaniazko aditzaren aurrean, gaztelaniazko erredaktoreek ez legez, gauza izan baitira are «personas contempladas» erabiltzeko ere.
Erabilera barbaro horren eraginari dagokionez, zer jazoko ere, zalantzarik izanez gero, hobe euskaraz «xedatu, ebatzi, agindu» eta enparauak erabiltzea, lar okertuko ez garelakoan.