Igone Zabala Unzalu
Hainbat gai eta eztabaida-ildo azaleratu dira foro honetan, egunak joan egunak etorri, eta aitortu beharra daukat ezinezko zaidala aurreikusita nuen bideari eustea. Azkenean aditzen gaiak harrapatu eta erregistroen eremura eraman nau. Burura etorri zait, orduan, bere xumetasunagatik beti liluragarri iruditu zaidan M. A. K. Halliday hizkuntzalari funtzionalista ingelesak dialekto eta erregistroez 1985 urtean zioena. (Zehatzak izateko, Ruqaiya Hasan-ekin batera idatzi zuen Language, context and text aspects of language in a social-semiotic perspective lan ospetsua.)
Dialects are saying the same thing in different ways, whereas registers are saying different things.
Definizio xume horri oso argigarri deritzot euskararen normalizazio prozesua ulertzeko. Gogoratu bi kezka larri zituztela euskaltzainek euskara batuaren sorrerari ekin ziotenean. Batetik, euskalkiak gero eta urrunago zeuden elkarrengandik, eta horrek gero eta zailago egiten zuen euskaldunek elkarri ulertzea. Bestetik, euskara familiartean eta lagunartean erabiltzen zen, baina baztertuta zegoen prestigiodun erabilera alorretatik (administrazioa, komunikabideak eta irakaskuntza). Patologia horren sintoma garbia zen hiztun galtze etengabea eta, sendagaia, mundu zabalean onartuta dagoena, alegia, hizkuntzaren aldaera estandarra sortzea. Euskararen batasuna pobretze modura ulertu dute askotan euskaldunek baina, hain zuzen ere, aldaera estandarraren kodifikazioak euskaldun guztiok gatozen lekutik gatozela erabil dezakegun aldaera berri batekin aberastu du euskara. Horri gaineratu behar zaio estandarizazio prozesua (edo frankofonoek nahiago duten terminoa erabiliz, normalizazio prozesua) ez dela amaitzen estandarraren kodifikazioan, hizkuntzaren garapen funtzionala ere ezinbestekoa da erabilera-esparru berrietan baliatu ahal izateko. Garapen funtzionalak zenbaitetan baliabide berrien sorrera dakar eta, beste batzuetan aldiz, hizkuntzak dituen baliabideen berrantolaketa. Garapen funtzional horri esker hizkuntza aberastu egiten da eta “gauza diferenteak” adierazteko egokitzen.
Erregistroen garapenaren lehen urratsak komunikazio-egoeraren formaltasun mailarekin du zerikusia, eta euskara batuaren arauek euskararen baliabideen aldakortasuna formaltasunaren arabera harmonizatzeko erreferentzia-ardatza eskaintzen digute. Komunikazio-egoera formalek, besteak beste, hiztegi-elementuen hautapen zehatzagoa egitea eskatzen dute ez-formalek baino eta, aditzen kasuan, elementu ugari kontuan hartzea. Ikuspegi funtzionaletik, Alfontso Mujikak azaroaren 19an aipatzen zuen eman aditzaren erabilera, erabat aintzat hartzekoa da nire iritziz, testuinguru jakin batean semantikoki zehatzagoa izan litekeen aditza hautatzeko ahalegina saihestea posible egiten digun “komodin” modura uler baitaiteke. Erregistroaren formaltasunak hala eskatzen digunean edota, besterik gabe zehatzak izan nahi dugunean, adierazi nahi dugunerako egokiena den aditza bilatzen saiatuko gara: halako landareak halako inguruneetan hazten dira; lurrikarak beste halakoetan gertatzen dira; halako gaixotasuna halako ezaugarriak dituzten pertsonengan azaltzen da… Formaltasunaren edota zehaztasunaren presiorik ez dugunean, aldiz, lasai asko erabiliko dugu testuinguru horietan guztietan eman aditza. Komodin modura erabili ohi dira beste aditz batzuk ere, adibidez, sortu, kontsideratu eta suposatu. Hizkuntzak pentsatu gabe erabiltzeko direla esaten zigun duela egun pare bat Iñigo Aranbarrik, baina ez dut uste premisa horrek komunikazio-egoera guztietarako balio digunik: batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago pentsatu behar dugu hizkuntza egokiro erabiltzeko.
Euskararen normalizazioan erantzukizun eta eginkizun desberdinak ditugu alor desberdinetako eragileok. Euskaltzaindiari dagokio euskarak dituen baliabideak harmonizatzea erregistroen formaltasunaren ikuspegitik. Hiztunoi dagokigu gure errepertorioan ditugun baliabide guztiak erabiltzea, Euskaltzaindiak hobetsitakoak eta gaitzetsitakoak, komunikazio-egoeraren ezaugarrien arabera. Hiztegigileei dagokie, nire iritziz, euskaldunek erabiltzen dituzten baliabide lexiko guztien deskripzio dinamikoa egitea eta erregistroen araberako aldakortasunaren garapenaren berri ematen joatea. Azkenik, ni bezalako unibertsitateko irakasleoi dagokigu etorkizuneko goi mailako tituludunei, alegia, gizartean erregistro formalen erabilerarako eredu izango diren hiztunei, irakastea komunikazio-egoera bakoitzak mota jakin bateko hizkuntza-baliabideak erabiltzea eskatzen duela eta komunikazio-egoera formalek bereizketa lexiko-semantiko xeheagoak egitea eskatzen dutela komunikazio-egoera ez-formalek baino.