Deiturak

Eneko Bidegain

Gaur egun, eta beharbada azken hiruzpalau belaunaldietatik hona gutxienez, deituren edo abizenen ortografiak egonkorrak dira. Kasu ohikoena hartzeko, Etcheverry aitak Etcheverry abizena utziko die haurrei, aitatxik zuen bezala; eta Echeberri deiturarekin sortu zenaren seme-alabak Echeberri izanen dira, ez Etcheverry, ez Etxeberri. Baina XIX. mendeko eta lehenagoko ezkontza, sortze eta bataioetako aktetan, abizenak ez ziren beti modu berean idatzirik agertzen.

Hego Euskal Herrian aski sinplea da abizenak euskalduntzeko prozesua. Ipar Euskal Herrian, ordea, buru-hauste handiagoa da: deitura aldatzeko aukera badago, baina ez irizpide beren arabera; eta prozesua bera luzea da eta 100 eurotik gorako kostua du. Besteak beste, Journal Officiel Frantziako aldizkari ofizialean argitaratu behar da deitura aldatzeko xedea. Horrek berak ez du bermatzen aldatzeko eskaera onartuko dutenik.

Abizen ofizialaren ortografia aldatu gabe ere badago lanik egiteko, gehienek ohitura dutelako beren abizena nortasun agirian idatzia duten bezala jartzeko. Elkarrizketa egiten banion bati, maiz zehazten zidaten Etxeberri «tch»-rekin zen edo zer. Eta nik nire baitan: «nahi duzuna, baina Etxeberri idatziko dut, gure egunkarian euskaratzen ditugulako Euskal Herrian bizi direnen euskal abizenak».

Frantses ortografian idazteak badauka ondorio txar bat, Ipar Euskal Herrian bereziki: gure abizenak frantsesez ahoskatzeko joera dagoela, guztiz desitxuratuz. Eta hori ez bakarrik frantsesez mintzo garenean, baita euskaraz mintzo garenean ere. Are txarrago, garbiki euskaraz idatzita dauden abizenak ere frantses ortografiaren arabera ahoskatzeko joera dago, baita Iparraldeo euskarazko irratietan ere.

Lan sakona dugu egiteko gure baitan, gure buruetatik kentzeko frantsesezko ahoskatze modu hori. Ohartu behar dugu «Mendiburr» (Mendiboure, idatzita) ahoskatzen dugunean, buru-buztanik gabeko zerbait erraten ari garela, «buru»-ri r bikoitza jarrita eta u kenduta. Baina bereziki ohartu behar dugu horrela ahoskatzen dugunean agertzen zaigula zenbateraino barneratua dugun frantsesaren eragina, gure nortasuna gure hizkuntzan berean ukatzeraino.