Geroaldi perfektua

Oskar Arana Ibabe

Bi pertsonaren arteko elkarrizketa, eleberri batean:

Peio: “Nik ez jakixat, baina abixera honetan, euskeraz egitie soziedadien penalizatute egongo dok… Persona non grata” izengo dok euskaldune.”

Martin: “Bai, bide hori jaruek… Katalunian be hasi dituk sometan familixa barruko transmisinue huts egiten hasi dala, gaztiek gurago dauiela gaztelaniaz, baite familixa katalan berbetakuetan be. Dana dala, nik bajaukat teorixa bat. Egun baten, baten batek aurpegiratu juztan euskerie “salbau” guran nenbilala ni. Eta erantzun nutzan baietz, euskerie bakarrik ez, hartz zurixe be “salbau” gura naixoala. Bekainek goratute erantzun juztan, burutik egin ete jatan edo… eta azaldu nutzan: hartz zurixe salbetan badogu, esan gureko dau klima krisixe gainditzeko bidien jarri garela, eta horrek esan gureko dau munduen eskualde guztietan sortu dogule bizi ahal izeteko moduko leku bat, eta migrazino behartuek gutxiago izango dituk, eta jendiek lekuen lekuko kulturie zaindu jokek, eta nazinoarteko beste hizkuntza bat edo bi be ikesi jitukek… eta, horregatik, hartz zurixe bai, eta euskerie be bai… hara nundik dan euskerie hartz zurixen iraupenaren adierazle bat.”

Peio: “Neure begixekin ez joat sekule ikusiko, baine hartz zurixek be auki dagiela bere bizilekue. Eta gure hizkuntzie galdu biher bada, galdu daitela, baine ez gu beraz lotsaketan garelako. Tire, nahiko, gaurko sermoie.”

Ohartuko zineten bi aditz forma ezohiko eta gaurko testuetan ikusten ez direnak erabili dituela idazleak elkarrizketa horretan: kulturie zaindu jokek eta ikesi jitukek. Pentsakor utzi nau, eta bitxia ere iruditu zait gaurko testu batean aurkitzea, joan den hiruzpalau hilabete honetan irakurtzen aritu bainaiz Duvoisinen Bible Saindua, autobusez hara eta hona ibili naizela, eta antzeko aditz moldeak aurkitu baititut. Badakit Zuberoa aldean erabiltzen dela oraindik geroaldiko molde hori, eta gainerako euskalkietan ere erabili izan dela antzina. Baina ez naiz oso ziur zer balio zuen zehazki antzinako erabileran, edo, zehatzago, galdetu diot neure buruari ea geroaldiko aspektu perfektua edo burutua adierazteko ere baliatzen ote zen. Badakit geroaldi ez-buruturako baliatzen zela, zalantza dut, ordea, aspektu burutua edo perfektua ere adieraz ote zezakeen/dezakeen, eta horrek bultzatu nau, beraz, ikerketa txiki bat egitera, oraintsu Euskaltzaindiak argitaratu duen Euskararen Gramatikan.

Lehenik, ordea, ariketa txiki bat egin dut: Duvoisinen Bible Sainduan bildu ditut era horretako aditz molde batzuk, eta alderatu ditut haien gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenekin (BibleGateway web ataria baliatu dut; ez dut egungo euskarazko itzulpena erabili, irakurtzen ari nintzen testua Duvoisinena zelako, eta haren itzulmoldeak eragina izan delako nire jakin-mina), ikusteko ea haietakoren batean geroaldi perfektua baliatu den:

1.- “Israelgo erregeri gutunak ekharri ziozkan, hunelako hitzetakoak: Gutun hau eskura hartu dukezunean, jakinen duzu Naaman ene zerbitzaria bidali darotzudala bere legenetik senda dezazun.La carta que le llevó al rey de Israel decía: «Cuando te llegue esta carta, verás que el portador es Naamán, uno de mis oficiales. Te lo envío para que lo sanes de su lepra».He brought the king of Israel the letter, which read: “With this letter I am sending my servant Naaman to you, that you may cure him of his eprosy.”
2.- Eta lur guziko Jainko Jaunaren arkha daramaten aphezek zangoak ezarri dituzketenean Jordaneko uretan, beherago diren urak aitzinat eginen dute eta agorra eginen dute: bainan gaineko aldetik heldu direnak, meta batean geldituko dira.Tan pronto como los sacerdotes que llevan el arca del Señor, Soberano de toda la tierra, pongan pie en el Jordán, las aguas dejarán de correr y se detendrán formando un muro».And it will come about when the soles of the feet of the priests who carry the ark of the Lord, the Lord of all the earth, rest in the waters of the Jordan, the waters of the Jordan will be cut off, that is, the waters which are [a]flowing down from above; and they will stand in one heap.”
3.- Zure Jainko Jaunak gozatzeko ematera dihoakizun lurrera sarthuko zarenean, eta hartuz jabetu zaitekeenean, eta han egin dukezunean zure egoitza, hartuko dituzu zure fruitu guzietako pikainak, saski batean ezarriko dituzu, eta goanen zare zure Jainko Jaunak hautatu dukeen lekhura, haren izena han deithua izatekoCuando hayas entrado en la tierra que el Señor tu Dios te da como herencia, y tomes posesión de ella y te establezcas allí, tomarás de las primicias de todo lo que produzca la tierra que el Señor tu Dios te da, y las pondrás en una canasta. Luego irás al lugar donde el Señor tu Dios haya decidido habitar, y le dirás al sacerdote que esté oficiando:Then it shall be, when you enter the land which the Lord your God is giving you as an inheritance, and you take possession of it and live in it, that you shall take some of the first of all the produce of the ground which you bring in from your land that the Lord your God gives you, and you shall put it in a basket and go to the place where the Lord your God chooses to establish His name
4.- Eta zure Jainko Jaunak zure arbaso Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez agindu dioeten lurrean sarrarazi zaitukeenean, eta eman darozkitzukeenean zuk egin gabeko hiri handi eta guziz onak, zuk egin gabeko etxe onthasun guziez betheak, zuk zilhatugabeko urtegiak, zuk landatugabeko mahasti eta olibadiak, eta jan dukezuenean, eta asea zaretekeenean, arduratsuki begira zaite ahanztetik Jauna, Egiptoko lurretik, gathibutasuneko lurretik ilkhi zaituena. Zure Jainko Jaunaren beldur izanen zare, hura bakharrik zerbitzatuko duzu, eta zin haren izenaz eginen duzu.El Señor tu Dios te hará entrar en la tierra que les juró a tus antepasados Abraham, Isaac y Jacob. Es una tierra con ciudades grandes y prósperas que tú no edificaste, con casas llenas de toda clase de bienes que tú no acumulaste, con cisternas que no cavaste, y con viñas y olivares que no plantaste. Cuando comas de ellas y te sacies, cuídate de no olvidarte del Señor, que te sacó de Egipto, la tierra donde viviste en esclavitud.And it shall be, when Jehovah thy God shall bring thee into the land which he sware unto thy fathers, to Abraham, to Isaac, and to Jacob, to give thee, great and goodly cities, which thou buildest not, and houses full of all good things, which thou filledst not, and cisterns hewn out, which thou hewedst not, vineyards and olive-trees, which thou plantedst not, and thou shalt eat and be full,then beware lest thou forget Jehovah, who brought thee forth out of the land of Egypt, out of the house of bondage. Thou shalt fear Jehovah thy God; and him shalt thou serve, and shalt swear by his name.
5.- Eta Balakek erran zioen: Zato, eta eramanen zaitut bertze lekhu batera, ikhusteko heian Jainkoak atsegin dukeen madarika detzatzun handik.Balac le dijo a Balán:―Por favor, ven conmigo, que te llevaré a otro lugar. Tal vez a Dios le parezca bien que los maldigas desde allí.And Balak said unto Balaam, Come now, I will take thee unto another place; peradventure it will please God that thou mayest curse me them from thence.
6.- Ohe guziak zeinetan lo egin baituke eta jarri den tokia ere lohi izanen dira.Será impura toda cama donde se acueste el afectado por el flujo, lo mismo que todo objeto sobre el que se siente. Every bed whereon he that hath the issue lieth shall be unclean; and everything whereon he sitteth shall be unclean.
7.- Eta zuen gainera erakharriko dut ezpata ene batasunaren aspertzailea. Eta hirietara ihes egin dukezuenean, izurritea igorriko dut zuen erdira, eta zuen etsaien aztaparretara arthikiak izanen zarete.Dejaré caer sobre vosotros la espada de la venganza prescrita en el pacto. Cuando os retiréis a vuestras ciudades, os enviaré una plaga, y caeréis en poder del enemigo.And I will bring a sword upon you, that shall execute the vengeance of the covenant; and ye shall be gathered together within your cities: and I will send the pestilence among you; and ye shall be delivered into the hand of the enemy.
8.- Hartuko duenak bere arreba, bere aitarenganikakoa edo bere amarenganikakoa, eta ikhusi baituke haren ahalkea, eta arrebak begiratu baitioke anaiaren laidoari, biek gauza tzarra egin dute: beren herritarren aitzinean hilak izanen dira, zeren elkharri agertu diozkaten beren laidoak, eta beren tzarkeria jasanen dute.Y cualquiera que tomare á su hermana, hija de su padre ó hija de su madre, y viere su desnudez, y ella viere la suya, cosa es execrable; por tanto serán muertos á ojos de los hijos de su pueblo: descubrió la desnudez de su hermana; su pecado llevaráAnd if a man shall take his sister, his father’s daughter, or his mother’s daughter, and see her nakedness, and she see his nakedness; it is a shameful thing; and they shall be cut off in the sight of the children of their people: he hath uncovered his sister’s nakedness; he shall bear his iniquity.
9.- Eskergabe zenbait bertze orduz ostatatu dituzke jatera edo edatera eman diokete, eta gero solas khiretsak adituko ditu. 
He shall entertain and feed, and give drink to the unthankful, and moreover he shall hear bitter words.

Euskararen Gramatika oraintsu argitaratuan begiratuta, gure honi buruz, hauek bildu ditut:

26.1.5.3b (1.018. or.) “(…) Zehatzago, -ke atzizkia modalitate epistemikoaren mailakoa da; hizlariak kontatzen duenarekiko ziurtasunaz zer iritzi duen islatzen du. (…) Euskara zaharrean, betekizun modal horiez gain denborazkoa ere bazuen -ke atzizkiak, geroaldiari erreferentzia egiteko erabiltzen baitzen. Hura bereturik oraineko adizkiek gertakaria geroaldian kokatzen zuten. (…)”.

26.3.2.3b (1.032. or.) “Geroaldia adierazteko modurik arruntena ­­–nahiz eta ez den bakarra– partizipio prospektiboa oinarri duen adizki analitikoa erabiltzea da. Hemen, -ko eta -en atzizkiak dituzten partizipio prospektiboak identifikaturik, [-tuko] gisa aipatuko ditugu mota horretako partizipioak”.

26.3.4b (1.034. or.) “(…) Aspektua eta laguntzailearen aldia gurutzaturik hauek dira denbora-aspektu sistemako adizki analitiko nagusiak: … ikusten dut… ikusten zuen… ikusi du… Atzo ikusi du… Atzo ikusi zuen… ikusiko du… ikusiko zuen”.

26.2.2b (1.027. or.) “Antzina euskalki guztiek orainaldiaren eta geroaldiaren arteko bereizketa morfologikoa zuten adizki sintetikoetan, biak aldi oraineko adizkiak izanagatik, geroaldikoak -te /-ke atzizkia beretzen zuelako: “Beste bategaz ezkondu arren, / uste badozu oba dala, / errazoaz desakezue: la bella mal maridada” (Lazarraga) esango dizute; (…). Gaur egun zuberera da delako usadioa mantendu duen bakarra: alabaina, gorde dituen sintetikoak ere izugarri urriak izanik, izan eta edun aditzen geroaldiko sintetikoak baizik ez dira biltzen ahozko jardueran: etxen niz vs bihar mendian nizate (…). Oposizio morfologiko hau galdurik, hizkera askok aldi oraineko adizkiak erabiltzen dituzte etorkizunari erreferentzia egiteko: Bihar etxera noa (…)”.

Bestalde, 26.6 Denbora, aspektua eta modua goiburua daraman atalean, nabarmentzekoa da nola, denbora eta aspektuaz ari dela, denbora guztietan bereizten den burutua eta burutugabea, geroaldian izan ezik.

Eta, ostera ere dio: “Euskara zaharrean euskalki guztiek aldi oraineko adizkiari -te /-ke atzizkia gehiturik osatzen zuten geroaldiko adizki sintetikoa. (…) Gaur egun, zuberera da erabilera horren arrastoak dituen bakarra; alabaina, izan eta edun aditzei mugatua da: Han laster nizate, jauntsirik erregez, Lür hau düket pausagari, Asper egoxtiak, bestetan eginez…(…)”.

Alabaina, atal horretatik at, bada aipamen bat geroaldi perfektuaz: 26.1.3b (1.011. or.):

3.- Zure Jainko Jaunak gozatzeko ematera dihoakizun lurrera sarthuko zarenean, eta hartuz jabetu zaitekeenean, eta han egin dukezunean zure egoitza, hartuko dituzu zure fruitu guzietako pikainak, saski batean ezarriko dituzu, eta goanen zare zure Jainko Jaunak hautatu dukeen lekhura, haren izena han deithua izatekoCuando hayas entrado en la tierra que el Señor tu Dios te da como herencia, y tomes posesión de ella y te establezcas allí, 2 tomarás de las primicias de todo lo que produzca la tierra que el Señor tu Dios te da, y las pondrás en una canasta. Luego irás al lugar donde el Señor tu Dios haya decidido habitar, y le dirás al sacerdote que esté oficiando:

Gaztelaniaz aspektu burutuarekin eman du itzulpena, eta pentsa liteke Duvoisinek ere adiera horretan darabilela ­-ke morfemaz osatutako adizkia “Jaunak hautatu dukeen lekhura” eman duenean.

Baina, itzulpenen alderatze horretan, kasu bakarra da, eta ez dirudi, beraz, kasu bakan horrek argudio aski sendoa.

Alta, ohartzekoa da nola konbinatzen dituen gure Itzultzaileen Printzeak etorkizuneko adizkiak (eta nik esango nuke haien artean bereizketa egin asmoz, esanahiaren aldetik ere), esaterako, 8. zenbakia daraman adibidean:

8.- Hartuko duenak bere arreba, bere aitarenganikakoa edo bere amarenganikakoa, eta ikhusi baituke haren ahalkea, eta arrebak begiratu baitioke anaiaren laidoari, biek gauza tzarra egin dute: beren herritarren aitzinean hilak izanen dira, zeren elkharri agertu diozkaten beren laidoak, eta beren tzarkeria jasanen dute.

Bada adizki analitiko ohikoa (hartuko duenak), eta -ke morfemaz osatua (ikhusi baituke) eta are pasiboko forma analitiko bat ere (beren herritarren aitzinean hilak izanen dira, eta, azkenik, tzarkeria jasanen dute).

Ez ote zuen baliatu nahi izan aspektu burutuaren marka gure itzultzaile handi hark (ikhusi baituke), hain zuzen, aspektu burutua aditzera emateko, beste geroaldiko forma guretzat gaur ohikoago horien aldean?

Ohartuko zineten hasierako elkarrizketa hori (inoiz amaituko ez duen eleberri batekoa, eta inoiz argitaratuko ez dena, salbu blog honetan) idatzi duen idazleak grina berezia duela funtzionaltasun berezirik ez dakarten forma eta baliabide agian zaharkituak berpiztera jartzeko, eta bere ezer galdu nahi ez horretan (ez euskara, ez hartz zuria) halako aldarrikapen zoro moduko bat egin duela mendebaldeko hizkerara ekarri nahirik dagoeneko Zuberoan baino gordetzen ez den Geroaldi perfektuko adizki horiek. Nostalgia kendu ezinik bizi baita gure idazletxo hori, are negu desagertuaren nostalgia ere.

Azkena, hainbat konturen gainean

Oskar Arana Ibabe

Mendebaldeko euskalkietan erakusleak erabiltzen diren modua estandarrean erabiltzerik ba ote den argitzeko, ez dut ezer aurkitu estandarrari buruzko liburuetan; hauxe baino ez (Euskal Gramatika, Lehen Urratsak,1, 88. or.):

Bestalde, erakusle hauek artikulu modura ere erabil daitezke:

a) Erlatibozko perpausetan, lehen edo bigarren pertsona singularrari
badagozkio:

(236) Hainbeste bidegabekeria egin duzunorrek ez duzu errukirik merezi

b) Erlatiboaren pareko egituretan, erlatiboaren aditza azaltzen ez bada ere:

(237) (a) Nik pekatarionek (nik, pekatari naizen honek)
(b) Zuk zerriorrek

(Hala ere, batipat bizkaieraz, pertsonari ez loturik ere azal daiteke, baina aurretik gradu bereko erakuslean doan neurrian:

(238) Hau etxeau benetan polita da

baina ez *etxeau benetan polita da).

Ikus beste adibide ezagun hau:

(239) Maritxu nora zoaz, eder galantori

Kantu honetan, –ori elementuak ez du ezer seinalatzen. Izen sintagma horrek eskatzen duen artikulua baizik ez da. Alde honetatik esan dezakegu erakusle bakoitza bilaka daitekeela (eta bilakatu dela) artikulu:

(240) Nik bekatarionek aitortzen diot ..

Azken batetan, –a bera ere hirugarren graduko erakusle artikulu bilakatua baizik ez da. Gaur egun, –au eta –ori, lehen eta bigarren pertsonari loturik erabil ditzakegu forma markatu bezala; –a, berriz, edozein kasutan erabil daiteke. Hain zuzen, –au, –ori oraindik ere maiz erabiltzen ditugu erlatibozko perpausen ondoren:

(241) Zeure bizitzan dirua barra-barra erabili duzunorrek, proba ezazu oraín nolakoa den miseria

Beraz, era horretako erabilerak mendebaldeko euskalkiaren eremukotzat deskribatzen ditu EGLU 1ak. Hala ere, era horretako zenbait egitura baliagarriak izan daitezke estandarrean ere. Aurreko batean, esapide honen inguruan gogoetan jardun nintzen, hiztun adindu baten ahoan entzun eta nire baliabideen errepertoriotik desagerturik edo desagertzekotan zela oharturik: “Ilobak Bilbora joan behar zuen domekan, eta bertantxe egunean joan nintzen neu ere”. Badakit ugariak direla estandarrak hori esateko ematen dizkigun baliabideak, eta, beharbada, debekatu ere ez du debekatzen nik aipatutako hori, baina esapide hori eta antzeko beste batzuk (orduan sasoian, ipuin edo kontakizun bati ekiteko egitura, bururatzen zait) estandarrezko erabileratik kanpo geratzen dira sarri, euskalkiaren eremuan hesiturik. Esango duzue Bertantxe egunean beste era askotara esan litekeela beste formula batzuekin, egun hartantxe, orduantxe, ber egunean, …baina tokia eman beharko litzaioke estandarrean. Badu beste baliabideek ez duten trinkotasun bat, indar bat, intentsitatea bat. Eta berdin orduan sasoian egiturak ere.

Ohar horrekin batera, gogoeta bat ere egin nahi dut nire azken ale honetan; ohiko kezka, gertaera baten inguruan. Beharbada ez nuke aipatu beharko, gure blog hau, berez, ez baita hizkuntzaren normalizazioaz aritzeko. Baina sarri erabili izan dugu bestelako kezkak, beti gure hizkuntzaren ingurukoak, husteko leku gisa, psikoanalistaren etzaleku baten moduan, eta halaxe egingo dut nik ere oraingoan, inor aspertzeko asmorik gabe. Hona hemen gogoeta: Arrasaten izan zen, hirurogei familia bizi diren dorre edo etxe-orratz bateko ugazaben batzarrean. Obra batzuen gainean berri eman behar zuela-eta, ugazaben komunitateko zuzendaritza-batzordeak batzarrerako deia egina zuen. Gai zail samarra zen, teknikoa, eta erdara hutsean egin zen osorik, hasi eta buka. Zuribidea, “erdaraz arinago egingo dugu batzarra”. Ez zen kexurik izan. Etxe horretan, euskaldun asko bizi da, baina inork ez zuen ezertxo ere esan, nik neuk ere ez. Jokabide horren zergatikoa, hortxe aipatua, zuribide labur horretan, “erdaraz arinago egingo dugu batzarra”. Garaion seinale. Efikazia, arintasuna. Ez dagokio, beharbada, gertaera bakar horretatik, gizarte osoan hizkuntzari buruz gertatzen dena azaltzeko estrapolazioa egitea. Baina Arrasate zen, ez Gasteiz, ez Iruñea. Gizartea bada bezeroa eta euskararen arloko profesionalok hornitzaileak edo saltzaileak, eskariaren ahula ikusita, gureak egiten hasia dela esango nuke. Corpusa, estatusa, prestigioa edo ospea, erabilera eta ezagutza omen dira, europar teknikarien esanetan, hizkuntzaren osasuna neurtzeko indizeak. Indize horien guzti-guztien oinarrian, hauxe dagoela esango nuke: norberak bere hizkuntzari edo hizkuntzei buruz duen jokabidea, norberaren baloreen eskalan zer maila dagokion, zer balio ematen dion, zer garrantzi duen norberarentzat norberaren hizkuntzak edo hizkuntzek mundualdi hau egiteko, eta zer balio aitortzen diogun gure hizkuntzari edo hizkuntzei gure ondorengoei utziko diogun munduan. Hori argituta, gero dator bigarrena: zer balio edo zer garrantzi aitortzen dioten botere publikoek, gureek zein gure gaien eta auzien gaineko agintea bereganatua dutenek, hizkuntzari, berezkoari (hala deitzen dio Gernikako estatutuak euskarari; Euskal Herri osoan ez du oraindik estatusik aitorturik), gure Euskal Herri honetan aditzen direnetan ahulenari. Baina lehen eta bigarren maila horietan, lehenengo maila igo behar da hasteko, lehena da oinarria. Bigarrena gero dator. Joan Fuster valentziarrak erantzun zion kazetari bati, Valentziar herriaren katalan izateko valentziar moldeari buruz galdetu ziolarik, ea zer nahiko lukeen Valentziar herriarentzat, autonomia, federalismoa, burujabetasuna edo zer; erantzun zion berak nahiko lukeela Valentziar herriak kontzientzia izatea bere valentziartasunaz, bere katalantasunaz, kontzientzia zela lehengo, berak hori nahiko lukeela, eta kontzientzia hori bermatuz gero, zernahi joko zukeela ontzat; kontzientzia hori zela, ez beste ezer, herri izateko bidean egin beharreko lehen urratsa…

Eskerrik asko denoi, antolatzaile, irakurle, idazlekide nahiz editatzaile, blog honetan parte hartzen uzteagatik. Gauza handia izan da. Ikasteko eta disfrutatzeko modua. Pozbidea izan da niretzat horrenbeste lagunen ondoan iritzia eman ahal izatea, eta hain jende ikasiaren ondoan idaztea, betiere gehiago ikasteko eta hizkuntza maitagarri honen zokomokoetan barrena argi eginez jolasteko eta atsegin hartzeko. Gustura irakurriko ditut zuenak aurrerantzean, eta, beharbada, aurrerago, neure burua jantziago nahiko nukeelarik, joko dut atea, tartetxo bat egin diezadazuen.

Laster arte.

Hainbat gauza

Oskar Arana Ibabe

Idatzi ditudan ia guztien haritik, garai batean eta zenbait pertsonaren ahotan entzuten nituen hitz bat eta esapide bat aipatuko ditut gaurkoan, geroz eta bakanago entzuten ditudanak, eta neure buruan eta oroimenean ere geroz eta urriago agertzen direnak, erabiltzeko aukera ematen duten egoerak eta solaskideak ere urritzen ari-eta; neure buruarekiko solas txiki bat ere bai, horien ostean.

Saikolo… Gure inguruan bizirik egon den hitz bat, izenondoa; gaitzespenezkoa, burlazkoa, edo isekazkoa du adiera, beharbada tankera bereko kokolo, zozolo, momolo… eta abarren bidetik eratua, sai + ko + lo edo sai + kolo elementuak batuz. Ez dut aurkitu inongo hiztegitan jasorik, eta, erabiltzen duten hiztunei berei galdetuta, hau da eman izan didaten definiziorik zehatzena: saikoloa da ganorabako haundi bat. Gero, hitz hori zein egoeratan erabili izan den gogoratuta, zertxobait zehaztu ahal izan diot esanahia, zeren eta, esango nuke, ganorabakoa izateaz gainera lotsabakoa behar duela hori esaten zaionak, hau da, bere ganora eskasaz lotsatzen ez den pertsona bat izaten dela, alegia, gibel handia, eta, gainera, bere lotsarik ezaz eta gibel handiaz ere harrotu-edo egiten dena, isekari berari halako trufazko barre sendo eta geldoarekin erantzunez. Adar-jolea ere bada batzuetan, trufa edo trikimailu lotsagaberen bat baliatu ostean ere esaten zaio… Horregatik harritu izan naiz, sarritan, hala deitzen zaionak saiarekin izaten duen antzarekin, hegoak lasai zabaldu eta presarik gabe, urduritasunik gabe, jateari edo edateari edo potro jorran aritzeari ematen zaiolarik.

Euskaraz guk baino ahalegin txikiagoarekin egiten zuten pertsona horiek berek erabili ohi zuten Zer da berau? esapidea, haserrezkoa, sumindurazkoa, beren aginpidean edo eskumenean zituzten umeei edo adingabeei buruz. Umeak ginen, eta, hori esaten zigutenerako, oso-oso haserre egon ohi zen familian egun horretan gure ardura hartua zuen heldua, oso-oso petralduak behar genuen guk ordurako, helduak hori esana zuketenerako. Esapide horrek, sarrera gisa, Baine-baine… hitzak eramango zituen: “Baine, baine… Zer da berau?”… Eta, berau hori, gu geu ginen, umeok, zaborreria, katalanez la canalla, ordurako behar ez den bat edo bihurrikeriaren bat edo arduragabekeria larriren bat eginik. Egoskorkeriaren kontrako esapidea izaten zen, agintea nork zuen argi uzten zuena, eta urrun gabe izaten zen hori esan ostean zaplaztekoa edo belarrondokoa, edo etxe barrurako oinetakoren bat hegaz gure atzetik eta gu arineketan ihes… Petral-aldietako edo kasketaldietako esapidea, inondik ere, eta, beraz, oso erabil-eremu berezitukoa.

Itzultzaile aritu garenez, ezin edonon eta edonoiz eta edonola itzulpen-ariketak egiteko ohitura edo inertziari galga eman. Kalean oinez, edozein pareta edo zokotan hain ohikoak izaten diren idazkun beltz larderiazko bat: “Euskalduna naiz, edozer, ostia!”… Hori eta antzeko asko irakurria naiz gure paretetan, eta idazkun horri antzeman uste diodan esanahiaz oso bestera, pentsatu nahi nuke edonongo eta edonoizko eta edonolako pareta-mezu hori ez dela betikoa, alegia, idazkunak aditzera eman nahi uste duen izaera hori ez dela gure idiosinkrasiaren tasuna, areago dela industrializazio gaizki digeritu edo bolada beltz eta hipernegatibo baten lekuko aldi baterako, koiunturazko, bolada bateko. Zeren eta, ulertu, lehenbizikoan ulertu baitut, nahiz eta gero itzulpen ariketak egitera jarri: beharbada tabernariak “Zer hartuko duzu?” galdetu ostean emandako erantzuna da, auskalo zer kantatako lerroa, punk-a, edozein modutan ere… Edo zernahitarako gaitasunaren adierazlea, edo eroapen ezin handiagoarena, edo erresistentzia-gaitasun itzelezkoarena, nik dakit zer. Baina nahigabea sentitu dut. Euskara, kalean, hedabideetan, sarriegi ikusten dut antzeko kolorearekin loturik, estekaturik: haserrearekin, sumindurarekin, kritika garratzarekin. Edonor uxatzeko moduko giroarekin nabarmentzen da gure hizkuntza, sarriegi. Kalean eta paretetan, batez ere. Erantzungo nioke, haserrealdi horretan hori idatzi zuen gazteari, euskalduna izatea, gaur behintzat, gauza oso-oso soila eta, gaur egun, aldi berean, zaila dela: euskaraz egitea, zenbat eta txukunago, zenbat eta bizitasun handiagoa duela hizkuntzak ahoan, orduan eta euskaldunago, ez besterik. Beste alde batera okertu ditut begiak, erreka aldera, sahatsei eta haltzei begiratzeko; ez dute euskaraz egiten, baina baretu eta goxatu egin zait gogoa…

Beste bi esapide, pasaeran adituak, erabiltzen ahaztu zaizkidanak

Oskar Arana Ibabe

Gertatzen da, lehenago ere esan izan dut, herriko edo ezagun euskaldun zahar gurearen aurreko belaunaldikoen ondoan egon eta norberak dagoeneko ahaztuak dituen edo erabiltzen ez dituen esapideak entzutea. Ez dute zertan gure gurasoen belaunaldiko euskaldun zahar horiek euskaraz oso ondo egin, ez dute zertan ereduzko izan mintzamenean. Euskaraz, askoz iaioagoak eta trebeagoak ziren belaunaldi horren aurrekoak, gure aittitte-amamak, haietako asko elebakarrak edo ia elebakarrak ziren eta. Beste belaunaldi honetakoak, nire ingurukoak bederen, errazegi ematen dute amore, errazago jotzen dute erdarara, are euskaldun artean egonik ere, are tartean erdaldunik izan gabe ere; hobeto moldatzen dira, edozein gaitaz ari direla, erdaraz. Baina haien gurasoak, ez, haien gurasoak hobeto moldatzen ziren euskaraz, eta, horregatik, euskara oso narrasturik eta mordoiloturik duten arren gaur egun, noizean behin, adierazmolde oso baliagarriak, bitxiak edo are ederrak ere baliatzen dituzte. Eta poza hartzen du belarriak, eta bihotzak ere bai.

“Urliak erein du patata honezkero” …nik iruzkina,….”hainbeste ere igual” erantzuna, etxekoak. “Litekeena da” edo “oso litekeena da”, “baliteke” aditu behar da testuinguru horretan esapide hori, edo “harrigarria bada ere, baliteke” ere bai, ñabardura erantsiz. Beste baliabide bat, gure zakuan sartzeko; eta, estandarrean ere, zergatik ez, lekua izan dezakeena,… ez diot nik eragozpenik ikusten. Ez dakit zenbateraino dagoen hedatuta beste euskalkietan, baina, hedatuta egon gabe ere, iruditzen zait erraz norberaganatzeko modukoa dela. Beharrezkoa ote baliabideak ugaritzea? Galde dezake baten batek. Baliabideak ugaritzeko ahalegina ez, ahazturik galtzeko zorian diren esapideak bizirik atxikitzekoa baizik, esango nuke, eder irizten diedalako, gure aurrekoen hizkuntza-senaren emaitza direlako, beste ezergatik ez.

Bestea hitz bat da, aski arrunta hiztegietan, ez ordea nire inguruko euskaldunen ahoan. “Aurrekoan, auzoan, TAO jarri dutenez geroztik badira hainbat bider, beste isun bat jarri zioten semeari”,…auzokoak. “Etxekoak eta auzokoak izanda aparkatzeagatik pagatu beharra, … beste pagakizunik ere badute horrelako huskeriengatik isunak pagatzen ibiltzeko”, haserre. Egingo nuke ez dudala sekula erabili hitz hori, hain gurea, hain arrunta, hain logikoa eta hain senezkoa izan arren.

Iturri onetik edan zuten euskaldun zaharren baliabide eta esapideak, lehengoekiko eta beren adineko hiztun onekiko jardunean ia oharkabean erabiltzen dituztenak, baina euskara guztiz narrastu eta mordoilotu zaienak, arrazoi soziolinguistiko guztiontzako ezagunengatik; lantzeko eta ikasteko aukerarik ere ez zuten izan, hori ere gauza jakina da. Gurea beste problematika bat da, bistan da. Hizkuntzarekiko jarrera, gure belaunaldian, oro har, beste ondasun askorekikoa bezalakoa izan da, onerako zein txarrerako. Eta, beharbada, geure esku ere ez dago erabat hizkuntzaren bilakaera (barkatu birao dirudien hori, ez du zerikusirik egunokaz hain boladan ibili den beste “gure esku dago” horrekin).

Hurrengo belaunaldiko kide batekin, etxean bertan, komunera abiatu naizelarik, atea itxita aurkitu eta barrutik erantzun dit: “nago egiten kaka”…

Ez dago, ez, erabat geure esku gure hizkuntzaren bilakaera…Tamalez eta zoritxarrez, esan nahi dut.

“Zagoz filosofik”,…erantzun dit hurrengo belaunaldiko horren eta nirearen tartean dagoen neska pertxenta batek gogoeta hauen berri eman diodanean.

Eta literaturara jo dut, etsita, aurkitu nahiko nukeen bezalako jarrera izango dutelakoan hizkuntzarenganako, kontsolamendu bila, …fidakaitz, ordea.

Aipamena egin

Oskar Arana Ibabe

Sarri aurkitzen dut lege-testuetan «halako legetan X-i egindako aipamena» esapidea, X izaten delarik beste lege bat edo beste arau bat, gaztelaniazko «la referencia hecha en tal ley a X» esapidearen itzulpen gisa. Baina, euskaraz irakurrita, ez dakit ez ote den kalko bat. Esango nuke «X-i buruz» edo «X-en gainean» egindako aipamena behar lukeela hor, esapide horrekin ematera. Beste egituraren batean, «X-en aipamena» ere eman ahal izango genuke, «halako legetan egiten den X-en aipamena». Kalkoaren susmoa hartzen diodan egitura horretan, X hori zeharkako objektua bihurtzen da, eta aipamena bera zuzeneko objektua, «halako egunetan Mikeli egindako aipamena» gisako esapideetarako, esan nahi dut. Ez dakit ados izango ote zareten. Begiratu dut Orotarikoan, eta aipamen egin esapideak sarrera du. Ikus hemen nola:

AIPAMEN EGIN. Hacer mención de, mencionar. “Honorificentissime aliquem appellare, ohore haundirekiñ nihor aiphatzea, nihortaz aiphamen, mentzione egitea” Urt II 181. Egin diozokoon nitaz aiphamen Faraoni. Urt Gen 40, 14 (Ker aitatu egiozu Faraoni nire izena). Arritzekoa da txit, beraren [Zarauzko Fueroaren] aipamenik iñork ez egitea. Izt C 207. Aitzinekoen eginbide ohorezkoez zenbait istorio eta aiphamenen egitea deitzen da bizien liburua. ES 116. Aiphamen egin duzu zaldi-babaz; zer da hura? Dv Lab 90.

♦ (Con aipamen, det.). Neskameak Isabelaren telefon-deiaren aipamena egin zuenean. Mde HaurB 12.

Eta, datiboa, adibide bakar batean ageri da, lehen azaldu dudan eran: «Aitatu egiozu Faraoni nire izena». Gainerako adibideetan, instrumentalaz da aipamen hitzaren osagarria.

Aipamen sarreran, berebat, hona hemen nola ageri diren osagarriak:

ren: Iainkoaren izenaz Skripturák aditzen du, haren izen eta aiphamen gizonén artean zelebratzen dena. Lç ; Baiña zertako sartzen naiz ni […] zure laudorioen aiphamenean? Berak dira bere buruz asko gora mintzo. Ax ; Zeren hekien aiphamena bera gure ohoratzeko eta alegeratzeko aski baita. Ib. 116.

tzaz edo taz: Artifizio hautzaz da [Antekristoa] handi errendaturen / Ipharretik Hegoara non baita famaturen. // Aiphamenik hartzaz baizen eztaiteke lurrean. Ib. 68.

Ados bazarete, zuzendu egin beharko ditugu, beharbada, «Halako testuan halakori egindako aipamenak» bezalako esapideak, «-ri buruz», edo «-ren gainean» gehituz, edo «halako testutan egiten den -ren aipamena» esanez.

Besterik gabe.

Baliabideak eta hierarkiak

Oskar Arana Ibabe

Luzaroan jardun gara, gaia jorratuago eta aztertuago dutenen eskutik, erlatibo zehaztaile eta azalpenezkoen gainean hau eta beste eta haragokoak ikasten, eta lehengo lausoa garbiturik geratu zaigulakoan, baliabideok konfiantza handiagoz erabiltzen hasi gara, argitu eta araztu egin da gure idazkera zertxobait, eta halantxe zuzendu uste ditugu testuak ere, erlatibozko baliabide horiek zein bere tokian erabiltzen ikasi dugulakoan edo. Uste horretantxe ari nintzen ni ere aurreko batean testu batekin, eta, zehaztaile gisan emana zegoen erlatibozko esaldi bat, egiaz azalpenezkoa zela ondorioztatu, eta, deseginez, zuzendu egin nuen.

Hau zen esaldia:

«Salbuespen gisa, hiru jakintzagaitan ebaluazio negatiboa duen ikasle bat hurrengo ikasturtera igaro ahal izango da baldintza hauek guztiak betetzen direnean:
a)
b)
c) Eta ikasleari artikulu honen 7. paragrafoan aipatzen den orientazio-aholkuan proposaturiko hezkuntza-arretarako neurriak aplikatzen zaizkionean.»

Bi esaldi erlatibozko, bat -n erlatibozkoa eta bestea partizipioarekin eraturik, esaldiaren burura iritsi aurretik. Jakinekoa da zenbat kostatzen den horrelakoetan, irakurtzen ari garela, mezua ondo ulertzea, eta, ulerturik ere, bigarren irakurraldian edo are hirugarrenean ere, eta garrantzi gutxieneko informazioaren gainetik jauzi moduan eginez, edo are ezabaturik ere, iristen gara ulertzera. Bitxia da, baina, esaldi hori zuzendurik, irakurtzean buruan egin dugunaren moduko eragiketa bat egiten dugu idatziz, eta aurreratu egiten dugu esaldiaren burua. Esaldi horretan, hain zuzen, beltzez markatutako erlatiboak du garrantzi gutxien, eta, beraz, esalditik kendu edo atera ere egin genezake.

c) «Eta ikasleari orientazio-aholkuan proposaturiko hezkuntza-arretako neurriak aplikatzen zaizkionean (aurrerago, artikulu honen 7. paragrafoan, aipatzen da orientazio-aholkua).»

Eta, esaldia testuinguruan aztertuta, badakigu, gainera, orientazio-aholkua bakarra dela, luze jardungo duela testuak horren gainean aurrerago, zer den azalduz, eta, beraz, itxuraz erlatibo zehaztailea dena, azalpenezkoa dela azkenean, ez baitu hainbat orientazio-aholkuren artean bat zehazten –zazpigarren paragrafokoa–, baizik eta orientazio-aholkua zazpigarren paragrafo horretan aipatzen edo azaltzen dela adierazten.

Ez zen nire asmoa, ordea, erlatibo zehaztaile eta azalpenezkoen arteko bereizketa dagoeneko ezagunari buruz beste adibide bat ematea hemen. Azkenean, azalpenezkoa zelako ondoriora iritsi banintzen, informazioaren elementuen arteko hierarkia bat ezarri nahirik iritsi bainintzen, esaldiaren eta paragrafoaren beraren barruan, informazio-unitateak nolabaiteko lehentasun-erlazio batzuen arabera antolatu beharrez. Eta, lankide batek, elementuen arteko atzekoz aurreratze horretan, iragazki horrekin berorrekin, beste urrats bat egitea proposatu zidan:

c) «Eta ikasleari hezkuntza-arretako neurriak aplikatzen zaizkionean, orientazio-aholkuan proposaturikoak [alegia] (Aurrerago, artikulu honen 7. paragrafoan, aipatzen da orientazio-aholku hori).»

Irizpide horren araberako zuzenketak edo moldaketak ditut gogokoenak, informazioa beste era batera antolatzera behartzen bainaute, jatorrizko hizkuntzaz oso bestelako molde batean, batzuetan, gauza bera esateko, edo itzultzeko, alegia. Esanahia argitzen zait, eta, zinez, euskaratzen ari naizela iruditzen zait, eta adiskidetu bezala egiten naiz geure hizkuntzarekin. Ez baitu guztia desabantaila izango gure mintzaira honek!

Bi berba…

…herriko berbetan belaunaldi batetik besterako urratsean galtzen ari direnak

Oskar Arana Ibabe

Batek ez daki zergatik, baina beharrezkoak eta arruntak diruditen hitzek ere desagertzera egiten dute, are hizkuntza egunero-egunero lantzen dugunon artean ere, eta beharrezkoa izaten dugu aurreko belaunaldiko norbaitekin jardunean ibiltzea, berriro gure burmuinera agertuko badira, hain arruntak izanik ere. Bitik bat: edo erdarazko beste berbaren batek hartu du haien lekua, eta hartara txirotu egin da gure lexikoa, edo beste euskalki batzuetan erabiliagoak diren beste hitz batzuek hartu dute haien lekua, eta, hartara euskalkia bera (eta euskara bera ere bai, hitz horiek ez baitzeukaten inongo debekurik euskara estandarrera igotzeko) txirotu da. Edo, hirugarrena, ez bata eta ez bestea, euskararen hitz arruntagoek hartu dute haien lekua, behar ez zirelakoan, edo berezitasunik ekartzen ez zutelakoan. Noizbait, ordea, izan zuten berezitasunen bat, ez baitziren ondoren haien lekua hartu zutenen sinonimo bete-beteak, baizik eta adiera berezituagoetarako hitzak.

Bada berba bat misteriotsua, niri hala iruditzen zait, ez ingurukoen artean galdetuta ez hiztegietan begiratuta arrasto handirik bilatu ezin izan diodana. Jakin, ez dakit ezta, aditza izanik, aditz-oina zein duen ere. «IRAN = subir», dio Mujikaren hiztegiak. Baina, adieraz, hori baino zabalagoa du Aramaioko euskaran. «Halako basotik egurrek iraten ibiltzea» egurrok baso hartatik ekartzea da, garraiatzea; edo «patatak kamarara iratea» patatak kamarara jasotzea da. «Bedarrak iraten ibiltzea» ere, halaxe, belarrak kamarara jasotzen ibiltzea… eta, gaur egungo jarduera arruntagoren batekin lotuta, «maletak autora iraten ibiltzea»… Baina, zalantzan nago, ez dut beste inon aurkitu aditz-oin hori jasota. Labayru hiztegian, ordea, adiera hori, bigarrena izan arren, bete-betean dagokion aditz bat dator:

irago (bizk.) 2 dau transportar, acarrear. Bedarra etxera iragoten emon dogu goiz osoa.

Beste arrastorik ez… ezin jakin, idatzian, zein forma dagokion, eta galdu egingo da, beste hitz asko baino merezimendu handiagoarekin galdu ere, agian, baina beste asko baino merezimendu gutxiagorekin, seguru…

Eta, beste berba bat, adjektiboa orain, gure inguruetan oso erabilia, arrunta, ez nahitaez erregistro jasokoa, baina, neurtzera jarrita, gure belaunaldian oharkabean galtzen dabilena, adinekoagoen berbetan bizi-bizirik egon dena: erako. Jasoa dute hiztegiek, baina egunotan suertatu zait niri hitz hori emakume baten ahotan entzutea, eta, pentsatzea, zenbat denbora ez nuela berba hori entzuten, eta are gutxiago erabiltzen… Jakina, nire adineko eskolatuen artean, egoki adjektiboak hartu du berba horren lekua, baina ito eta desagerrarazteraino ia. Eta altzari baten gainean galdetu niolako erabili zuen hitza, fruta gordetzeko armairu txiki bat ikusi niola balkoian, eta ideia ona bururatu zitzaidala, ea nondik zuzendua ote zuen. Halako dendatan, bila eta bila aritu ondoren, «hauxe da erakoa», pentsatu zuela. Lankide bati esan eta hitz horren oparoaz ibili gara, «erara eduki», «era batean bizi»… eta zenbat eta zenbat esapidetan ez ote den erabiltzen. Ahalegina egin beharra orain ez asko hain arruntak eta egunerokoak ziren berbei eusteko, edo erabiltzeko parada izateko. Horixe.

Elkarkidetza… zer ote?

Oskar Arana Ibabe

Esatariak esan du. Europar Batasunarekiko elkarkidetza-itun baten ondorioz omen da gatazka guztia Ukraina urrutikoan. Eta euskaraz aditutakoa gaztelaniara itzuli beharrez hasi da nire burua: zer ote elkarkidetza? Euskaltermen, harritzekoa, ez dago ordain bakar bat ere, eta nazioarteko zuzenbide publikoko terminoa izatekotan, zer edo zer jasota egon beharko litzateke. Labayru hiztegiak du jasota, baina solidaritatea edo elkartasuna dela dio. Ederra litzateke, baina estatuek eta estatuz gaineko egitura politikoek ez dute elkartasun-itunik sinatu ohi, elkartasuna unean uneko larrialdi eta hondamendietarako utzi ohi dute, eta, orduan ere, tentuz. Zer ote, beraz, Ukrainak Europar Batasunarekin sinatua duen itun hori? Hiztegi Batuan ere ez da halakoren arrastorik… eta, nago hitz horrenak egin egingo duela, egin ez badu dagoeneko…

Izan ere, Ukrainak badu tratatu bat sinaturik Europar Batasunarekin, baina elkartea osatzeko tratatu bat da, elkarren sozio izateko tratatua, partzuer izateko tratatua, merkataritzan eta elkarrekiko lanerako beste eremu batzuetan.

Ez ditut gogoko elkarkidetza bezalako hitzak. Eramoldea susmagarria iruditzen zait, elkarkide bera susmagarri izanik. Dena zait adierazle horretan adieraziaren arerio: elkar, ezin aditz-oina izanik kasu honetan, izenordain behar, absolutiboan, eta hari kide atzizkia erantsi, eratorpenez zer adierazteko, baina? Elkarren kide? Elkarrekin kide?… Eta, ondoren, are eta ilunago bihurtzeko, tza atzizkia erantsi, abstrakzio kutsu bat eman nahirik edo… Baina, abstrakzioa ez, zehaztasuna eta konkrezioa maiteago ditu zuzenbideak kontzeptuetan. Elkarkidetasun hitzari antza edo gaztelaniazko afinidad ordaina emana dio Orotarikoak, beraz, are nahasgarriago EBren eta Ukrainaren arteko tratatu hori zertan datzan argitzeko, zeren eta, estatuen artean elkartasun-tratatuak bezain urri baitira elkarkidetasun-tratatuak… eta bai bitxiak izango liratekeela.

Hara zer definizio ematen duen erdaraz, EBren eta Ukrainaren arteko tratatu horrek:

A European Union Association Agreement (for short, Associacion Agreement or AA) is a treaty between the European Union (EU) an a non-EU country that creates a framework for co-operation beween them. Areas frequently covered by such agreements include the development of political, trade, social, cultural and security links. The legal base for the conclusion of the association agreements is provided by art. 271 TFEU (former art. 30 and art. 238 TEC).

Proposatuko nuke, kontzeptu hori emateko, partzuer tratatua edo partzuergo tratatua, nola auzoak edo herriak edo ugazabak izan bailitezke partzuer maila apalagoetan, halaxe izan bailitezke estatuak beren artean eta beste erakunde goragokoekin.

Elkarkidetza, hain da iluna, nahiz eta erabilia izan den hainbat esparrutan eta hainbat adierarekin hainbat testutan, non hiztegiek ere ihes egin baitiote hura definitzeari.

Zer etorkizun izango ote duen, ez dakit zuzen. Baina nik, hitz horrengatik bederen, beste askorengatik ez bezala, ez dut dolu handirik izango ahazturik emeki-emeki aienatzen hasiz gero. Zuetako norbaitek erakutsiko dizkit, beharbada, nik agerian ikusi ez dizkiodan merezimenduak eta ohoreak, nik txera handiagoa har diezaiodan…

Eragin, erasan… eta ukitu (?)

Oskar Arana Ibabe

Hiru aditz horiek antzeko adiera-esparruan, antzeko esaldietan, agertzen zaizkigu sarri zuzenbideko eta administrazioko testuetan. Ez nuke jakingo hiruren artean graduaziorik edo bereizketarik egiten, ez nuke jakingo esaten zergatik hobetsi behar den bat edo bestea elkarren antzeko egituretan, kideko esanahiko esaldietan. Batzuetan ohiturak, bestetan belarria ezin egitura jakin batekin ohitzeak, baten edo bestearen aldeko hautua egitera eramaten nau. Hemen bina adibide, zuzenbide corpusetik hartuak:

Eragin:

Hiri-antolamenduko planak eta hirigintza- eta desjabetze-jarduketak eta, oro har, administrazioak jabetza pribatuan esku hartzea dakarten jarduketak aurkaratzen direnean, plan eta jarduketa horien eraginpeko higiezinak dauden barrutiko jurisdikzio-organoari dagokio eskumena (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea, UPV/EHU, 2006)

Epaitegi edo auzitegi eskudunari zuzenduriko demanda bidez hasiko da prozesua; demanda horretan jasoko dira, betekizun orokorrez gain, gatazkaren eraginpeko langile eta enpresen izendapen orokorra, eta uziaren oinarri juridikoen aipamen laburra. (Lan Arloko Prozeduraren Legea, UPV/EHU, 2006)

Aditz-forma sintetikoarekin:

AGINDUA, 1993ko uztailaren 21ekoa, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailburuarena, «Santurtziko udalerrian sistema orokorretarako 2.445 m.2» egitasmoa burutzeak daragien ondasun eta eskubideez jabetu aurretiko agiriak egiteko egunak finkatzen dituena. (EHAA – 1993ko irailak 15, asteazkena, 176 zk.)

Erasan:

Horiek aztertuta ondoriozta daitekeenez, agiri horren arabera harrobiek izan ditzaketen 131 kokalekuen artetik hamarka dira babestutako naturguneekin bat datozenak, eta horietan zuzenean erasango litzateke. (Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen aldaketa, (Eusko Legebiltzarra, 2010)

Antolamendu juridikoan aurreikusitako errekurtsoak baliatzeari utzi gabe, eskubide edo interes zilegiren bat daukaten pertsona fisiko nahiz juridikoek, bai eta erasanak diren edo eskubide eta interes zilegi kolektiboak defendatzeko legez gaituta dauden korporazio, elkarte, sindikatu eta talde eta erakundeek ere, eskatu ahal izango dute berehala bertan behera utz edo zuzen daitezela lege honetan jasotako debekuren bat hausten duten kanpainak, 4 eta 5. artikuluetan ezarritakoa urratu delako. (Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko Legea, Eusko Legebiltzarra, 2010)

Ukitu:

Kontraten kasuan langileak informatzeko eginbeharra, Langileen Estatutuaren 42.3 artikuluan aipatzen dena, ez betetzea, eta baita enpresa-ondorengotza batek ukitutako langileak informatzeko eginbeharra, lege-testu bereko… (Lan eremuko hainbat lege, UPV/EHU, 2012)

Norbanako batek deuseztasun- edo txertaezintasun-deklarazioa eskatzeko akzioa baliatzen badu eta hala irekitako prozesuan baiespen-epaia ematen bada, ukitutako klausula orokorrak deusez edo txertaezin deklaratuko ditu epai horrek, eta kontratuaren eraginkortasuna norainokoa den argituko du, 10. artikuluak dioenaren arabera; bestela, deusez deklaratuko du kontratua, klausulen deuseztasunak edo txertaezintasunak kontratuan funtsezkoa den elementuren bati eragiten badio, Kode Zibilaren 1261. artikuluak dioenaren arabera. (Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei buruzko legeria, UPV/EHU, 2010).

Adibide horietan guztietan, lehen aitortu dudan bezala, ez nuke jakingo hiru aukera horien arteko graduaziorik egiten, noiz zein dagokion ebazte aldera; adibide guztietan dira, nire iritzirako, eragin eta erasan erabiltzeko modukoak, ez ordea ukitu. Baina aitortu behar dut, halaber, ukitu ere erabili izan dudan arren, eragozpen handiagoa dudala beraren aldera beste bien aldera baino. Ukituren lehenbiziko adibidean, esaterako, ez nuke erabiliko, hedapen semantiko bitxi iritzita-edo.

Poza hartu dut ikusirik, bestalde, erasan nik uste baino gehiago erabilia izan dela corpus juridikoan. Pentsa liteke eraginen aldean baduela konnotazio negatibo bat, adiera bortitzago bat, eta eragin neutroa izanik batzuetan, ez dela zertan erabili. Baina eragin bakar-bakarrik utzi gabe, ugari dira, hala ere, erasan erabiltzeko moduko testuinguruak. Kasuok ikusirik, neuk ere maizago erabiliko dudalakoan nago.

Bestalde, daragien bezalako forma trinkoen adibideak askoz urriagoak dira, eta, dirudienez, baztertu egiten da denbora-aspektuaren aldetik eskain dezakeen abantaila, araugintzako testu asko aditz performatiboz ematekoak izanik. Erabiltzeko apustua egingo nuke nik ere.

Horrez gain, erregimenaren aldetik, uste dut beldurrez ibiltzen garela eragin aditzarekin, objektu zuzen esplizitatu baten beharra duelakoan beti. Ezezkoan nago, ordea, eta, alde horretatik, erasanen erregimen bera duela esango nuke bere adieretako batean: beroak erasanik esaten dugun bezala esan dezakegu beroak eraginik, edo horrek eragin egiten ditzer» eragiten didan esplizitatu beharrik gabe), eta, hartara, forma trinkoaren baliabidea ere galdu egiten dugula. Plan honek eragiten dien lursailak esan ordez Plan honen eraginpeko lursailak esanez zer irabazten dugun ez dut oso argi ikusten. Ezta ere Plan honek eragindako lursailak esanez; eragiten dienetik eragindakora galdu egiten da datiboaren marka, eta horregatik jotzen dugu eraginpeko forma garatuagora, lotsaturik bezala. Hartara, nahiago nuke Plan honek daragien lursailak erabiltzea.

Horra, batzuetan erabat gogobetetzen ez nauten hiru baliabide, eta bakoitzarekiko ene txera eta eragozpenak azaldurik.

Gauza argirik ebatzi gabe, baina…

Derecho de vuelo

Oskar Arana Ibabe

Hirigintzakoaz ari naiz. Definizio zehatza du gaztelaniazko hiztegi espezializatuetan, eta, bidenabar, abagunea aprobetxatu nahi dut, itzultzaile honek, hiztegi espezializatuen aldeko gorazarrea egiteko; zerbaiten galdez joanda, «x hauxe da, eta ez besterik» esaten dizuten horietaz ari naiz. Beste egun batean egingo dut hitz polisemikoak jasotzen dituzten hiztegien aldeko gorazarrea, eta hitz polisemikoena eurena ere bai. Bai horixe, nori berea.

Hemendik hartu ditut ondorengo aipamenak: PONS GONZÁLEZ, Manuel; DEL ARCO TORRES, Miguel Ángel. Diccionario de derecho urbanístico y de la construcción (5ª ed.).  Granada: Comares/Urbanismo, 2009. Hiztegi bikaina iruditu zait, arlo horretako termino nagusien definizio eta azalpen zehatz eta osoak ematen baititu.

«Derecho de vuelo» sarreran, hain zuzen:

La palabra “vuelo” expresa el espacio aéreo situado en la parte superior del edificio a continuación de la cubierta; y cuando lo que se discute es precisamente el derecho a hacer uso del mismo, tenemos el llamado “derecho de vuelo” o de sobreelevación. Como dice la STS, 23 de feb. 1993, el “derecho de vuelo es el derecho a edificar sobre lo ya edificado. (…) Según la Ley 435 del Fuero Nuevo de Navarra, los derechos reales de sobreedificación conceden a su titular la facultad de construir una o más plantas sobre un edificio ya existente o que se construyere con posterioridad.”

Eta luze samar jarraitzen du, baina zehatz, eskubide horri dagozkion ahalmenez eta mugez, eratzeko moduaz, eskualdatzekoaz, eta abarrez.

Jo dut Euskaltermera, ez definizio bila, baizik eta ordain bila, eta «buelo-eskubide» eman dit. Horraino, ondo. Aldiz, EAEko Lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa Legera jota (2/2006 Legea, ekainaren 30koa) «hegalkin» aurkituko dugu «vuelo» kontzeptua adierazteko. Hona lege horretako pasarte bat:

Las actuaciones de transformación y utilización del suelo, subsuelo y vuelo objeto de ordenación urbanística quedarán sujetos en todo caso a control de su legalidada través de:…/Lurzorua, lurpea eta hegalkina eraldatzeko eta erabiltzeko jarduerei dagokienez, hirigintza-an-tolamenduaren xede baldin badira, legalitate-kontrola ezarriko zaie.

Bien arteko kontraesan horretan, beraz, «buelo-eskubide» da hautatzekoa, eta badu zuribidea legeak, 2006koa izaki, eta Euskaltermek proposatzen duen ordaina, aldiz, 2008ko hiztegi terminologikokoa.

Aurrekoan aipatu nuen indarrean diren zenbait lege nagusi eguneratzeko klausula bat beharko luketela euskara ofizial den lurraldeetako agintaritzek, hizkuntzaren normalizazioan, estandarizazioan edo berritze terminologikoan egindako aurrerapenen arabera egokitzeko eta berrargitaratzeko legeak eta arauak. Pentsatu behar da, gainera, zer ugalkortasun duten lege eta arau nagusiek administrazioan, maila guztietako administrazioek, autonomia-erkidegoetako administrazio nagusiek, foru-administrazioek nahiz toki-administrazioek erabiltzekoak direlarik (pentsa hirigintza-ordenantzetan, lurzoruari eta hirigintzari buruzko legeei men eginez idazten baitira).

Ez da, ez, txiste erraza eginez, hegaz egiteko eskubidea. Hori, gizakiak berak berez ezin baitu, amets egiteko eskubideaz konpentsatuko genuke ameslariok. Amets egiteko eskubideaz gabetzeko modua ere asmatu dukete dagoeneko, ordea. Gizakiaren hobe beharrez, baina…, esango dute.

Amets, amets egingo dugu, ordea, eguberriotan bederen. Eta pentsatu ere bai. Eta, jakina, terminoak finkatzea da, pentsaketarako, hegazkinaren hegalak doitzea bezala. Horregatik nire esker ona hiztegiak, espezializatu zein orotariko, doitzen ari zareten ingeniari terminologikoentzat.

Eguberri on.