Ludia eta xedapenak

Maite Urkia Inza

Aurreko astean bisitan izan nuen lagun batek, nire liburu bakan edo bakanduetan ikusmiran zebilela, aspaldiko garaietan ikastolan ibili genuen liburu bat atera zuen apaletik: Xabiertxo, Lopez-Mendizabal’dar Ixakarena (laugarren argitaldia, 1970ekoa, asko erabili izanaren arrastoak dituena, eta bosgarrena, 2003koa).

Biok ere memoria fotografikoaren antzeko zerbait sentitzen dugu liburu horretako orriak pasa ahala marrazkiekin topo egitean. «Jaungoikoa da gauz guztien egilea», horrela hasten da, eta bukaera aldera, «Ene ume maiteak: ikasi itzazute euskel-abestiak. Ayetxek dira zuen biotzaren samintasunak, zuen pozak, zuen atsegiñak ondoen azaltzen dituztenak».

Beste garai batzuk ziren (1923an azaldu zen lehen aldiz Xabiertxo; arreba ere bazuen mutiko hark, Iziartxo), ortografia artean finkatu gabea baina, hala ere, liburu polit eta irakurterraza da («ume ondo eziak» ateratzeko agertzen diren ideiak gorabehera). Beharbada liburu horretantxe ikusiko nuen lehenengo aldiz Euskal Herriaren mapa, zazpi probintziaz osatua, eta halaxe ezagutu nuen, orobat, Elkanoren bidaia («Elkano euzkotaŕa izan zan ludi guzia lenbizi inguratu zuena»).

Giro hartan ikasi genituen gu ikastolara bidaltzeko nahia eta adorea izan zuten gurasoentzat berriak edo ez-ohikoak ziren hitz haiek guztiak, azkenean bakarren batzuk berenganatu bazituzten ere: ludia (mundua), orlegia (berdea), idatzi, irakurri, ulertu, ingia (papera), ingurraztia (koadernoa), arkatza, axota, izparringia (periodikoa), izadia, bultzia (trena), urrutizkiña (telefonoa), urrutikuskiña (telebista), akeita (kafea), berebila, espetxea, idatzi, (h)izkia, abestu, sendia, zenbakia…

Gure hizkuntzaren historiako adibide batzuk dira, eta joandakoak joan diren arren, gelditzen dira arrasto batzuk han-hemengo memorietan, kandelatxoak bezala.

Baina orainaldi honi begiratuta, administrazioko testuak itzultzen hastearekin batera, ordura arte ezezagunak genituen hainbat hitz agertu zitzaizkigun, nahiz eta ez dakidan nondik: ebazpena, xedapena, esleipena, helegitea, kudeaketa, sustatzea, ezestea, ingurumena, baliabideak, aniztasuna, hitzarmena, ustiatu, eginbidea, kontseilaria, araubidea, hornidura, zehapena…

Erabiliz erabiliz, ohikoak bihurtu zaizkigu, eta ia ematen du gure lehen hitzekin batera geureganatu genituela. Dena den, ez dut uste halako hizkerarekin batere ohituta ez daudenekin natural ateratzen zaizkigunik, ez behintzat gaur-gaurkoz. Ingurune eta erregistro kontua, eta enara asko behar oraindik udaberrian.

Itzulpen memorien babesean

 Maite Urkia Inza

Itzultzaile lanean hasi nintzenean teknologia nahiko gauza arrotza zen niretzat baina, aldi berean, oso gustura sentitu nintzen aurrean jarri zidaten ordenagailuari zukua ateratzen hasi nintzaionean. Eta ez dut ahaztekoa zein lagun onak izan ziren Mujikaren hiztegi gorriak, gaur egun ere mahai gainean ditudanak, kasu handirik egiten ez badiet ere.

Denborak bere bideari segitzen dio, ordea, eta orain ezin Euskalbarrik gabe bizi. Eskura-eskura hiztegi orokor eta teknikoak, hiztegi batua eta biblia handi bat bezalakoa den Orotarikoa. Nik behintzat astindu batzuk ematen dizkiet, hitz egokiak, onartuak, denontzat baliagarri eta bateratzaile izan daitezkeenak bilatu nahian, azken batean lan txukuna egiteko gogoari erantzunez. Hala ere, aitortu behar dut, itzulpen tekniko samarrek eskatzen dituzten mailegu hitzez nekatu antzean nagoenean, Zehazkira jotzen dut arnas bila edo, eta inoiz edo behin hiztegi gorrietara, Orotarikora ere bai maiz… Lur amankomun bat izan arren, bakoitzak bere ildoa ere egiten du itzulpenaren soro honetan.

Eta teknologiarekin jarraituz, Tradosen 2014ko bertsioa jarri digute lantokian. 2011koarekin alde handirik ez dagoela ematen du. Pantailaren goialdeko zerrenda batean ageri dira orain funtzioak (baita modu zaharrean ere), beharbada azkarrago ikusteko, nahiz eta zer non dagoen jakiteko bilaketa egin behar hasieran.

Tradoseko Workbenchekin hasi ginenean programa haren gaineko ardura eman zidan orduko atalburuak (beste lankide bati MultiTermen gainekoa). Letretan jarriagoa zen batentzat erronka polita izan zen teknologia kontu haietan pixka bat murgiltzea. Programaren “Ayuda” gaztelaniaz (ez ingelesez) egotea lagungarria izan zen, eta oraingo bertsio hauekin alderatuta, Workbench hura etxekoagoa zela iruditzen zait. Trados geroz eta gehiago sofistikatu dutela esango nuke eta, azkenean, geuretzat egokiena edo erabilgarriena dena hautatzen dugu; izan ere, lan duina energia gehiegi kontsumitu gabe egitea da kontua.

Ikastarotxo bat izan dugu eta hiru ideia jaso ditut: berrikuntzarik handienetako bat abiadura dela, ahazteko “filtro” eta “campo”ak, gauzak asko zailtzen dituztelako, eta memoria handi orokor bat edukitzea baino hobe dela adibidez sei edukitzea.

Edozein modutan ere, proiektuz proiektu jarraitzen dugu, 2011ko bertsioarekin ikasi bezala.

Pidgin bat

Maite Urkia

Azken egunotan Islandian ibilitako euskal baleazaleen berri agertu da egunkarietan (Berria, Diario Vasco…). Nonbait, orain 400 urte, 1615ean, 32 euskal baleazale hil zituzten Islandian. Ekaitz baten eta izotz puska handien ondorioz hiru itsasontzi hondoratuta edo hondatuta geratu omen ziren, eta arrantzaleak bi taldetan banatu. Iparraldera jo zutenek gorabeherak izan omen zituzten, eta toki hartako gobernadoreak haiek hiltzeko agindua eman omen zuen. Jón Gudmunssonek gertakizun haien berri jaso zuen urte hartan bertan. Orain, Gipuzkoako Aldundiak eta Islandiako Gobernuak adiskidetze ekitaldi sinboliko bat egin dute, eta Biltzar bat ere antolatu da hainbat erakunderen artean, Reykjaviken.

Baina albistea irakurtzen ari nintzela begiak beste nonbait pausatu zitzaizkidan. Ternuan ibilitako arrantzaleen kontuak gehiago zabaldu diren arren, esango nuke Islandiakoak adituen munduan egon direla batik bat. XVII. mendean ez omen ziren gutxi iparraldeko uharte horretara joaten ziren euskal arrantzaleak eta, noski, komunikazio beharren batzuk izango ziren. Halaxe sortu zen, bada, euskara-islandiera pidgina.

XVII. mendearen amaierako eta XVIII. mendearen hasierako eskuizkribuen artean bi hiztegi txiki agertu ziren Islandian bertan, eta 745 hitz inguru dituzte bien artean. Henrike Knörr zenari M.A. Elustondok Argian egin zion elkarrizketan (2006) Glossaria Gallica eta Glossaria Biscaica izenez aipatzen dira. Knörr euskaltzainaren ustez, arrantzale asko Donibane Lohizune aldekoak izateak ematen dio izena lehenengo bildumari.

Adibide batzuk:

Ungetorre
(Ongi etorri)

Eskora
(Aizkora)

Schularua
(Eskularrua)

Christ Maria presenta for mi balia, for mi presenta for ju bustana
(Kristok eta Mariak bale bat emango balidate isatsa emango nizuke nik)

For ju mala gissuna
(Gizon gaiztoa zara)

Zer travala for ju?
(Zertan egiten duzu lan?)

Sumbatt galsardia for?
(Zenbat galtzerdigatik?)

Eta pidginaren ahaide urrunekoa, koinea. Administrazioko testuen itzulpena da nire lekua eta egia da testuak errepikatzen direla eta Trados programak asko erraztu duela gure lana, baina neuronak lantzeko tartea ere izaten da; izan ere, departamentu guztietako dokumentuak iristen zaizkigu, baita herrietakoak eta justizia arlokoak ere. Bizitzan gertatu ohi den bezala, gauzei nola begiratzen diegun, huraxe ikusten dugu. Administrazioko itzulpena aspergarria dela eta irudimenerako lekurik ez duela uzten pentsa daiteke baina, ikuspegia zabalduz gero, ahalegin handiz sortu zuten koineari, euskara batuari, ekarpentxoa egiten diogula esan dezakegu.

Eta, bidenabar, pago eder baten antzekoa iruditzen zait blog hau ere ahalbidetzen duen koinea. Enborrak eta adarrek egitura osatuko lukete (morfologia, ortografia…), eta hostoak hizkuntzaren hitz guzti-guztiak genituzke, lur orotakoak. Hori hala, esan beharrik ez, ongarria geure kontu.