Julia Marin Arteaga
Anton Pavlovitx Txekhov (Taganrog, Errusia, 1860 – Badenweiler, Alemania, 1904). Herriaren dramaturgoa.
2005. urtean, Txekhoven heriotzaren mendeurrena zela eta, Vaiven konpainiak Nasdrovia, Txekhov obra estreinatu zuen idazle errusiarraren omenez. Baina aukeratu beharrean haren antzezlan ezagun bat (Antxeta, 1895; Osaba Vanya, 1899; Hiru Ahizpak, 1900; Gereziondoen Baratza, 1903), nahiago izan zuten idazlearen sei ipuinetan oinarritu ikuskizuna (Audizioa, Funtzionario baten heriotza, Eskasa, Ezkontza eskaera, Seduktorea eta Izaki babesgabea). Dramaturgia lana Alberto Iglesiasek egin zuen, Fernando Bernues ibili zen zuzendari, eta euskarazko bertsioa Ritxi Lizartzak idatzi zuen. 2006an, Espainiako Arte Eszenikoetako Max sari bat ere eskuratu zuten lan bikain honi esker: Errebelazio saria.
Zazpi urte geroago, 2012an, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean, Vaivenen bertsio hori bera eraman genuen oholtzara 3. mailako ikasleekin, Belen Cruzen zuzendaritzapean. Niri egokitu zitzaidan euskarazko bertsioa gidatzea, Testu interpretazioa euskaraz gaia irakasten baitut antzerki eskola horretan. Abiapuntutzat Ritxiren egokitzapena hartu genuen, euskara batuan idatzia, eta 80 bat ordu eskaini genion testuaren interpretazioa jorratzeari.
Taularatze prozesuan, pertsonaiak eraikitzen joan ahala, haien intentzioak eta gorputz inpultsoak finkatuz eta egoerak eta harremanak argituz gindoazen neurrian, euskara batua motz geratzen hasi zitzaigun berehala. Bizkor ohartu ginen nekez erakutsiko genituela arimaren oinazeak eta kontraesanak pertsonaia guztiak modu berean hitz egiten jartzen bagenituen: ezin zuten denek hizketa bera erabili egoera guztietan.
Izan ere, Txekhovek herritar xumeen bizimodua erakutsi zigun bere lanen bidez: funtzionarioak, jendarmeak, merkatariak, lurjabeen emazteak eta alargunak, arrakastarik gabeko idazleak, aginterik gabeko militarrak, neskameak, eskola maisuak… Haren obrak pertsonaien izaeragatik ziren dramatikoak, tramagatik baino gehiago. Giza auzi nagusiek harrapatuta bizi baitira guztiak: maitasuna, gorrotoa, handinahia, desengainua, egia, heriotza… Hala, Txekhovek kritika egin nahi izan zion XIX. mende amaierako gizarte errusiarrari, betiere umore ukitu batekin: «Umorea eta barrea bazter zikin eta lohitsuenetik sor daitezkeela ikasi nuen, bizitzari kolorea ematen, bizitza bera argiz betetzen, bai, argiz betetzen».
Eta, bizitzari kolorea eman eta barrea eragiteko, zer hoberik euskararen jolas ahalmen guztia eta aktoreen hizkera bizia baliatzea baino?
Nasdrovia, Txekhov obraren ipuin bat ekarri nahi dut hona, adibide ona delakoan hizkuntz trataeraz gogoeta egiteko: Funtzionario baten heriotza.
[youtube http://www.youtube.com/watch?v=gA_KjWMuGdU]
Trama
Txerviakov funtzionarioak, egun batean, doministiku egiten dio antzokian aurreko lerroan eserita daukan jeneral bati, eta guztiz zipriztinduta uzten dio garondoa. Jakina, gure protagonista zeharo izutzen da, gertaera zoritxarrekoak ondorio ikaragarriak ekar baitiezazkioke bera bezalako langile soil bati. Txerviakovek barkamena eskatzen dio behin eta berriz jeneralari, harik eta honek, bere onetik aterata, kalera botatzen duen arte. Txerviakov gaixotu egiten da tragediaren eraginez, etxera itzuli eta hil egiten da.
Hizkuntz trataera
PERTSONAIA |
EGOERA |
ERREGISTROA |
Txekhov |
ipuina idazten, ahots gora |
batu literarioan – hizkera poetikoa |
Txerviakov funtzionarioa |
emaztearekin etxean |
euskalkian, informala – Goierriko hizkera |
jeneralarekin, apal-apal (operan eta bulegoan) |
batu jasoan / berorika |
jeneralarekin, oilartuta (bulegoan) |
batuan, informalagoa / zuka |
Jenerala |
Txerviakovekin |
batu neutroan / zuka |
emaztearekin |
batu neutroan / zuka |
Txerviakov izaera burokratikoa duen hezur-haragizko pertsonaia da, boterearen menpe hazita patuaren beldur bizi dena. Jeneralarekin ari denean, morrontza gehiegizko batek eraginda, berorika hitz egiten dio eta batu jasoan (“y” ahoskatuz), erakutsi nahian bezala bera ere badela gauza goi mailako gizartearen parte izateko. Baina, une batean, klase kontzientzia esnatzen zaio (Internazionala kantatzen du mitin labur bat egin ondoren), eta zukara pasatzen da, errespetua galdu diola adierazteko edo. Jeneralak aurre egiten dionean, ordea, kikildu eta berorika hasten zaio berriro ere.
Emaztearengana doanetan, berriz, bere izaera benetakoa erakusten digu, konplexuz betetako funtzionario xumea baita. Etxeko hizkeran aritzen da berarekin. Edozein euskalkik balio zezakeen efektu hori lortzeko, baina obra Gipuzkoa aldean bakarrik taularatu behar genuenez, gipuzkera komeni zitzaigun, eta bi aktoreak goierritarrak direla aprobetxatu genuen.
Abantaila handiak ditu modu honetara lan egiteak. Aktoreak heldulekuak aurkitzen ditu pertsonaia ñabarduraz jantzi eta bolumena emateko. Eta publikoak leku jakin batean kokatzen dituenean pertsonaiak gertuago sentitzen ditu, sinesgarriago, bere burua ikusten baitu islaturik haien barne gorabeheretan.