Juan Garzia Garmendia
Begien bistan dugu jada hainbestetan amesturikoa: euskara erraztua.
Orixek-eta zioskuten edozein baserritar eskolagabek ulertzekoa behar zuela euskarak. Haren lekukoa hartu nahi baina ia baserritarrik eta are gutxiago eskolatu gaberik geratzen ez den gaurko gure mundu honetan, ari gara gauzatzen, hala ere, asmo haren bertsio egokitu bat, garaiok eskatzen dutena. Ez zailtasunik gabe, baina, euskara nolanahikoaren fasetik iraganez, urrats batzuetara dakusagu azkenean euskara erraztuaren isla eta distira.
Hain izango da fazila euskaldun gaztelaniatsuentzat, ez da alderik izango hizkuntza bien artean. Hiztunarentzako abantaila nabarmen horrez gainera, beste bat ere izango du, guztiz bermatuko baitu beti irrikatu dugun elebitasun pasiboa ere: konturatu gabe, euskaraz ez zekienak ere ederki ulertuko du, inolako esfortzurik eta are ahaleginik ere gabe, euskara erraztuzko jarduna. Gainera, ez du sentituko bere baitan hizkuntza gerora gehituaren urruntasun hotz hori, bere hizkuntza berezkoaren berdin-berdina izango baitu euskara erraztua, hartara atxikimendu emozionala ere samurturik. Jakina, lagungarri izango da, bide horretan, gaztelania ere –euskal gaztelania bederen– euskara klasikoaren ezaugarrietara hurbiltzea, mestizaje jatorrez, hala dagoeneko abiatua den bide ortografikotik («pintxos», «kokotxas», «bertsos») nola ikastolakume eleapenasbakarren bultzadaz («las etxekolanas», «en ke gela?»).
Hala ere, ondo burutuko bada, arriskutsua da inertzia soziologikoaren baitan uztea osorik prozesua. Egia da ondo bideratua dagoela alderdi hori aspalditxotik, estatistiketan euskalduntzat jotzekoen kopurua haztea baita praktikan hizkuntza-politikaren helburu eta lorpen bakarra. Hala, zenbat eta halako gehiago izan eta zenbat eta gutxiago begiratu kalitateari (eta are gutxieneko abilidadeari), orduan eta hurbilago egon gaitezke elebitasun desorekatuaren auzia behingoz konpontzetik; alegia, bistakoa denez ezin dugula alde honetara ekarri zera, beste muturreraino bultzatzea dugula aukera zuhur bakarra.
Pentsa, bestalde, zer aurrezte bikaina izango dugun diruen aldetik ere, oraingo elebitasunak hainbatetan behartzen baikaitu bi hizkuntza erabiltzera azken finean gauza bera esateko. Ondo-bidean, laster behar genuke hori ere gainditua, testu bat bakarra aski bailitzateke praktikan (beharbada, ohitu arte, birekin jarrai genezake, kolore desberdinez), eta norberak erabakiko luke, irakurle bakoitzak, gaztelania deitu edo euskara. Ekonomia ez ezik, bizikidetza ere poliki erosotuko luke horrek, badakigu-eta gatazkabide izaten direla hizkuntzen arteko desberdintasunak.
Alde horretatik, berriro diot, ondo goaz, baina ez da nahikoa horrenbestez. Oraindik gelditzen dira iragan elitistaren aztarna batzuk. Labur beharrez, «arauemaile» deituko diegu, termino horretaz ulerturik erabileren artean inolako hierarkia, hobespen edo galbahea ezarri nahi duten diskriminatzaile antidemokratiko guztiak. Ez dira hainbeste, jada, zorionez, zeren demokratismoa eta haren abanguardia –espontaneismoa edo edozertasuna, alegia– egunez egun baitoaz irabaziz lekuak eta jendeak beren kausarako. Eta, horretan bederen, oso lagungarri zaigu inguruko hizkuntza nagusi sendoen zaintzaile noski lasaien erlaxazioa bere horretan ekartzea geure hizkuntzatxo txiki bezain bipilera, geu urdurixeago egonik ere noski. Sendotasunean eta nagusitasunean (eta lasaitasunean), ezin lehiatu, baina, itxuretan behinik behin, ez gaitezela atzean gera. Agian, kanpotik sinesten badigute (edo bagaituzte), konpondutzat jo genezake barrukoa ere.
Bada, haatik, oraindik ere, ikuspegi zaharrari atxikia dagoenik, bai pertsonarik eta bai, okerrago, erakunderik edo erakunde zatirik. Horien arabera, zabalbidean (edo salbabidean) ez ezik, garabidean dago oraindik euskara, eta, kultura-hizkuntza oso izatera iritsiko bada (alegia, euskaraz bizi ez ezik euskaraz edozertan taxuz jarduteko moduan egongo bagara inoiz), ez omen da nahikoa hiztunen kopurua gizentzea. Hizkuntza bera ere garatu, landu eta zorroztu behar omen da, tresna egokia izango bada ezertarako. Piramide bat irudikatzen dute halakoek, aristokratek leinu-zuhaitzak bezalatsu, eta, erabiltzaileak ez bada, erabilerak behintzat piramidearen estratuetan kokatzen dituzte: informalenak azpian eta sofistikatuenak gainean, tarteko mailetan koskaz koska ordenatzen dituztelarik gainerakoak. Eta sostenitzen dute maila horiek denak landu behar direla, piramidea piramide izango bada eta ez lur-arraseko edo lurpeko humus huts.
Zorionez, gero eta ugariagoak dira goi-mailen zaintzaileen desertzioak eta sabotajeak. Ia egunero ikusten ditugu hizkuntzaren gailurrera halako nekez igoak, beren burua piramidearen gainetik hondoraino heroikoki bota, eta ausart bihurtzen mordoilo traketsenaren paladin, hierarkia bertikalen aurkako buruzagi horizontal halako. Egia da, bestela ere, jendearen aurrean gero eta okerrago ikusita dagoela lehengo euskara txukunegia aldeztea, baina norberak eman behar du pauso pertsonala hura atzean utzi eta populu-hizkuntzara fedetsu biltzeko.
Marxek ere, ondo oroitzen banaiz, beharrezkotzat jotzen zuen, proletargoaren buruan gidari, burges txiki desklasatuen esku-hartzea. Hala, bada, piramide guztia lur zelaiarekin berdindu arteko bide iraultzailean, behekoen azpijate ohartu gabea bezain beharrezkoa izango da goikoen boikot kontzientea (goikota?). Horregatik egin nahi diet hemen dei, ez 31 laguni, baizik eta oraindik inork nortzat jotzen dituen guztiei, erabaki dezaten zer aldetan dauden borroka horretan (ez dadila inor lotsa ni hemen bezala oraindik euskara zailean ari delako: borondatea baino ez zaio eskatzen). Eta, benetan erraztu nahi badute euskara, kontsekuenteak izan daitezela etorkizuna urratzen ari diren indarrekiko elkartasunean, zalantzak zalantza eta kostuak kostu.
Nork bere erratza dantza dezala, alegia, denon artean erraztuko badugu. Erratz bihurtu, esan nahi dut, denborak guztiok errazta gaitzan baino lehen.