Eskerrik asko ekitaldira etorri izanagatik

Jesus Mari Makazaga

Motibatiboko –GATIK postposizio-atzizkia erabiliz osatzen diren kontzesio-moldeak izan nahi ditut hizpide gaurko jardunean: nola osatzen diren ezagun samarra da gehienontzat, gehiago edo gutxiago erabili, baina beharbada hain ezagunak ez diren kontu batzuk ekarri nahi ditut hona.

Esan bezala, ezaguna da nola osatu izan diren jeneralean kontzesioa adierazteko molde hauek, motibatiboaren postposizioa aditz-partizipio mugatuari lotuz:

      -TU + -A + -GATIK

      aurkituAgatik              helduAgatik

      emanAgatik                erosiAgatik

Esparru geografiko zabal samarra hartzen du menderagailu honek: mendebaldeko nahiz ekialdeko lekukotasunak agertzen dira literatura-tradizioan. Ikus ditzagun batzuk:

Zahar gaixtoak, zahartuagatik, badu gogoa, indarra zaika falta (Axular).

Larru-gorrian ibilliagatik, etziran batere lotsatzen; Etzuen alabaña gaitzkirik, ez eta gaitzerako griñarik ta gogorik (J.A. Ubillos).

Gazte-gazterik asi nitzan da orañdaño bitartian zenbait umore eder jarri det Kantabriako partian; pixka batian ez naiz aztuko sartuagatik lurpian, nere aitamenak izango dira beste larogei urtian (Txirrita).

– Ttipia izanagatik, ez du batere gaixtoa iduri laborantzako (J. Etchepare).

– Amaika begiratu egiña neskatxai kale-eskiñan, diruz pobriak izanagatik ortatik osatzen giñan (Uztapide).

Mugatzailerik gabeko formak ere erabili izan dira kasu bakan batzuetan ekialdeko tradizioan:

Bere itsas-hegia ttipisko izan gatik zabalerat, hirixka pollit bat da Zarauz, eta ikusgai hanitz baduena, ez balu ere Espainiako aberatsen ospa baizik erakusteko (J. Etchepare).

Otologaray ere da gizon hautua, guti mintzatu gatik, hoberen burua (Hiribarren)

Bai eta genitiboaren gainean eraikitako moldeak ere (-TUARENGATIK); ez da lekukotasun idatzirik, baina bai, nonbait, ahozkorik:

Ibilliangatik (ibilliarengatik) eztet aurkitu (Alzo)

AN atzizki espletiboarekin ere erabili izan da hura erabiltzen den erdialdeko esparruetan (-TUAGATIKAN):

Arrantzale jendia beti dabill justu, saiatubagatikan ezin aberastu (Arrantzaleen bizitza, 26)

Apaiz gizajoak, bera laguntasun premian arkituagatikan, lagundu eta animatutzen zuan bere illoba (A. Apaolaza).

Hedatua dagoen menderagailu kontzesiozkoa jokatugabea da, zalantzarik gabe: –TUAGATIK. Nolanahi ere, esan behar da dagokion forma jokatua ere erabili izan dela inoiz euskararen literatura-tradizioan (-ENAGATIK); hona adibide parea:

Zeren (…) zahar naizenagatik bizi ninteke (Axular, Gero, 130)

Berhain, ezein ere gizon zegoenagatik, hara joan zen (F. Krutwig, Igibarziaren iphuinak, 66)

Edozein kasutan, ez dago esan beharrik ez dela bide emankorra izan, eta ez dirudi gaur egungo euskara baturako gomendatzekoa denik.

Beste balio batzuetarako ez da zalantzarik baliagarria dela menderagailu konplexu hau, batez ere era honetako perpaus erlatiboetarako:

Arestian aipatu duzunagatik aritu dira gaizki-esaka. (= duzun lagunagatik)

Bai eta, kutsu klasikoagoa izan arren, beste erabilera helburu-baliodun hau:

Behar diogu gure etsaiari barkhatu, guri ere geure Jainkoak barkha diazagungatik (Axular, Gero, 222).

Oso ohikoak dira kontzesio mota honetan (guztietan, egia esateko) ERE lokailuak indartutako kasuak, kontzesio-balioa behar bezain argi geratu ez den kasuetarako edo:

Monicak, jatorduaz kanpora egarriak itotzen zegoela esanagatik ere, ura ukatzen zion (A. Kardaberaz).

Bere burua beizik nihor ezin maita, Izanagatik ere ama edo aita (Zaldubi).

Ala irudituagatik ere, ez naiz aske (Txillardegi).

Indartutako formak lortzeko beste modu bat da, adibidez, perpaus nagusian lokailu aurkaritzako bat txertatzea duten kasuak ere: hargatik, ordea, eta abar. Hona nola:

Jendek izanagatik gutaz erraiteko, hargatik sort herria ez dut mendratuko (Xalbador).

Zurginak zura lantzen eta aphaintzen duenean, aurkituagatik gainaldea, azalari datxekana arrazatua, eta pipiztatua, eztu hargatik antsiarik, baldin bihotza, barrenaldea, on eta fin edireiten badio (Axular).

Gaur egungo erabileran oso hedatua ez dagoen arren, merezi du aipatzea ezezko forma osatzerakoan sar daitekeela ezeztapen-partikula aditz-partizipioaren eta postposizio-atzizkiaren artean:

ADITZ-PARTIZIPIOA + EZ + aGATIK:

Ekarri ezagatik ezertxo etxera, beñik beiñ pasatzen da umore ona (F. Arrese Beitia).

– Zuk ezer ekarri ezagatik, maian beti jarri dizut eguneroko ogia (P.M. Urruzuno)

– Baserritarrak au guztiau jakin ezagaitik miraritu gindekez apurtxo bat (Pizkunde zale bizkaitarra, 72)

Nolanahi ere, bitxi samarra irudituz gero gaur egungo erabilerarako, molde hedatuagora jo genezake:

EZ + ADITZ-PARTIZIPIOA + aGATIK

Eta pontu hunen gaiñean gauza bat erran nai deratzut: iakin behar duzu ezen zuk zeure etsaiari ez barkhatuagatik, eztela handik segitzen, baldin hark bere aldetik bere eginbidea egiten badu, eztioela hari Iainkoak barkhatuko (Axular).

Berak ez izanagatik ere oro gure erlisione berekoek, eder eta ohoragarri zaizkote elizan eta kanpoan gure Fedeaz ematen ditugun ageri guziak (Zalduby).

Aditz-izenari ere lotu izan zaio –GATIK postposizioa kontzesioa adierazteko (-TZENAGATIK), baina esango genuke erabilera arkaikotzat jo daitekeela (noiz, eta Leizarragaren garaian, eta, are gehiago, haren testuetan bakarrik aurkitu ditugu menderagailu horren adibideak):

Eta hark etzuen deus egin nahi ukhan denbora luzez: baina gero erran zezan bere baithan, Iainkoaren beldur ezpanaiz ere eta nehorzaz konturik ez egitenagatik: (J. Leizarraga, Testament berria, 141).

Ihardets zezan Iesusek eta erran ziezen, Nik neurorzaz testifikatzenagatik sinhesteko da ene testimoniajea: ezen badakit nondik ethorri naizen, eta norat ioaten naizen: baina zuek eztakizue nondik ethorten naizen, ez norat ioaten naizen (J. Leizarraga, Testament berria, 77).

Gaur egungo erabileran aditz-izenari ere lotu dakioke –GATIK postposizioa, baina denok dakigun bezala, beste balio bat hartzen du halako moldeak, kausa-helburuzkoa:

– Gaizki portatzeagatik zigortu naute.

– Eskerrik asko etortzeagatik.

Balio beza azken adibide honek gaur egun egiten den erabilera oker baten haritik tira egiteko.

Zenbat aldiz ikus-entzuleen presentzia eskertu nahian (eta aditzaren burututasuna markatu nahian) ez ote den erabili honako esaldi hau:

  • #Eskerrik asko ekitaldira etorri izanagatik.

Ez dira gutxi halako esaldiak erabili izan dituztenak, baina ez dute kontzesio-balioa adierazi nahi, kausazkoa baizik; alegia, ez dute esan nahi ‘eskerrik asko, nahiz eta etorri/etorri arren’, baizik eta ‘eskerrik asko, etorri zarelako’. Kontua da, ordea, halako erabilerak, halako forman, ez duela tradiziorik, berrikuntza dela: IZANAGATIK hori kontzesioa adierazteko bakarrik erabili behar da; nolabait esateko, “okupatuta” dauka erabilera hori, eta erabilera horrek okupatuta dauka IZANAGATIK forma jokatugabea, eta ez du beste erabileretarako balio. Kausa adierazteko, hortaz, badira bestelako menderagailu batzuk, jokatu nahiz jokatugabe, baina ezin erabil genezake IZANAGATIK[1]. Hona pare bat forma:

  • Eskerrik asko liburu-aurkezpenera etortzeagatik.
  • Eskerrik asko liburu-aurkezpenera etorri zare(te)lako.

Badu, dirudienez, –GATIK honek ARREN-ekin paralelismorik; bi kasuetan, mendekoaren balioa aldatu egiten da hartzen duen oinarriaren formaren arabera.

ARREN KONTZESIOA
HELBURUA / KAUSA
-tu arren
-tzearren
-GATIK KONTZESIOA
KAUSA / HELBURUA
-tuagatik
-tzeagatik

 

[1] # marka erabili dugu goiko esaldian, adierazi nahian esaldi hori berez gramatikala dela formaz, baina ez dela egokia erabili nahi den baliorako.

Urteko uztari begira

 Jesus Mari Makazaga

Urte zaharra amaitzen ari zaigun honetan, irakurle, begitantzen zait une egokia dela aurrera begirako egitasmoei ekin aurretik atzera begira jartzeko; urtearen amaierako uztari begira, hain zuzen.

Gaurko kolaborazio honetan, Euskal Herriko Unibertsitatearen euskarazko argitalpenak hartu nahi ditut hizpide; izan ere, iruditzen baitzait guk (EHUkook) uste baino gutxiago ezagutzen direla (bai etxean eta bai kanpoan) eta merezi duela gehiago ezagutzera ematea.

Indarrean dugun Euskararen II. Plan Gidarian (2013-2017) jasota daude euskararen garapen eta normalizaziorako bete beharreko gutxieneko betebeharrak, eta horien artean, euskarazko argitalpenak ditugu euskarazko irakaskuntza sendotzeko eta normalizatzeko oinarri nagusietako bat.

Euskararen arloko Errektoreordetzaren eta Euskara Zerbitzuaren betebeharra da euskarazko argitalpenak koordinatzea, bideratzea eta kalitatez plazaratzea. Horretarako, ezinbestekoa zaio profesional egokiez inguraturik egotea: arloan arloko irakasle adituak, itzultzaile eta zuzentzaile profesionalak, liburuen argitalpenean lankide izango dituen Argitalpen Zerbitzuko langileak, eta abar.

Euskararen II. Plan Gidarian ezartzen diren irizpide batzuen arabera (jakintza-alor defizitarioak babestu, argitalpena erabiliko duten ikasle kopuruari begiratu, campuskako banaketa zaindu, eta abar), urtero zer ikasliburu itzuliko diren erabakitzen da. Plan horren arabera, urtero batez beste 6 ikasliburu tekniko itzuli eta argitaratuko dira (plangintzak dirauen bitartean, 30 ikasliburu), jakintza-alor guztietakoak, ingelesetik eta gaztelaniatik batez ere, baina baita frantsesetik ere.

Gure artean hiru hankako mahaia izeneko metodologia erabiliz itzultzen dira ikasliburuak. Esan nahi baita hiru zutabetan oinarritzen ditugula itzulpen horiek:

  • Itzultzaile profesionala (Elhuyar fundazioaren eta bestelako itzultzaile profesional batzuk –Josu Zabaleta, Iñaki Iñurrieta…– izan ditugu lankide), zeinak ezagutuko baititu itzulpengintzaren martingalak eta izango baitu liburuaren jakintza-alorraren gutxieneko ezagutza bat.
  • Begirale teknikoa, edo alorreko aditua, zeinak bai liburua bai jakintza-alorra ondo ezagutzen baititu, eta egiaztatzen baitu jatorrizko liburuko edukia behar bezala itzuli dela eta erabili den terminologia egokia dela.
  • Hizkuntza-begiralea, edo euskaran eta euskarazko komunikazioan aditua, zeinak egiaztatuko baitu euskararen eta komunikazioaren aldetik itzulpena zuzen, egoki eta ulergarri dagoela.

Hiru oinarri horiekin, lankidetza-prozesu luze baten ondorioz, gure ustez nahiko berme ona duten ikasliburuak lortzen ditugu. Metodologia hori erabiltzen hasi ginenetik, duela dozena bat urte, jadanik 200 ikaslibururen itzulpena bideratu du EHUko Euskara Zerbitzuak.

1. Hauek dira itzulitako ikasliburuen atalean badoakigun urte honetan argitaratu direnak:

Giza anatomiako atlasa (Atlas de Anatomia Humana; Ars XXI)

Oroimena (Memory; A. Baddeley, M.W. Eysenck, M. C. Anderson)

Zuzendaritza estrategikoa (Dirección estratégica de los recursos humanos; E. Albizu, J. Landeta, O. Villarreal, I. Idigoras, F.J. Delgado)

Landare-fisiologia  (Plant physiology; Lincoln Taiz, Eduardo Zeiger)

Turbomakina termikoak (Turbomáquinas térmicas. Fundamentos del diseño termodinámico; Manuel Muñoz, Manuel Valdés, Marta Muñoz)

Euskokantauriar arroaren geologia (Geología de la cuenca vasco-cantábrica; A. Bodego, M. Mendia, A. Aranburu, A. Apraiz)

2. Hori guztia itzulitako ikasliburuei dagokienez; arloan arloko adituek euskaraz sortutako ikasliburu teknikoetan ere ahalegin handia egin du aurten ere EHUk, bai EHUk argitaratutakoetan bai (azken hirurak) UEUrekiko koedizioan plazaratutakoetan. Hona zerrenda:

Euskal Oinordetza Zuzenbideari buruzko azterketa (C. Asua, G. Galicia, J. Gil, J.J. Hualde, L. Imaz)

Lehen Hezkuntzarako Ikus-hezkuntza (P. Lekue, A. Andrieu; argitalpen digitala)

Donostia: itsasbazterreko hiria (I. Vivas; argitalpen digitala)

Gorputz adierazpena lehen hezkuntzan (M.T. Vizcarra)

Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak (I. Gaminde, G. Aurrekoetxea, I. Etxebarria, U. Garay, A. Romero)

Leizarragaren idazlanetan barrena (Patxi Salaberri)

Komunikazioa euskaraz ingeniaritzan (J.R. Etxebarria; UEUrekiko koedizioan)

Ingurumen-kutsaduraren analisia (J. Omar, A. Vallejo; UEUrekiko koedizioan)

Hirigintzaren oinarriak (U. Fernández de Betoño; UEUrekiko koedizioan)

3. Euskararen arloko Errektoreordetzak babestutako argitalpenak ez dira, nolanahi ere ikasliburuetan gelditzen; horietaz gainera, euskara lantzen ahalegintzen da, irakaskuntzarako eta ikerketarako tresna baliagarria izan dadin; atal horretan, hizkuntza-baliabideak eskaini nahi izaten dizkio unibertsitateko erkidego euskaldunari: hizkuntza-aholkuak, hiztegiak, glosategiak, eta abar.

Bi argitalpen nabarmenduko nituzke Euskara Zerbitzuaren hizkuntza-baliabideen atal honetan:

EHULKUren hizkuntza-aholkuak. Fitxa didaktikoen bilduma (2006-2014) (K. Gomez, J. García). (CD-ROMa)

Antropologiako hiztegia (Euskara Zerbitzua eta Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila)

Barkatu luzatu banaiz, irakurle; ez naiz gehiago luzatuko, nahiz badugun zerrenda hau zerekin luzatu. Euskararen arloko errektoreordetzak babestutako argitalpen guztien berri jakiteko, zoaz gure webguneko leku honetara.

Ea datorren urtea aurtengoa bezain oparoa datorkigun.

Hizkuntza-ingeniaritzaz ohartxo bat (-rentzakoa?)

Jesus Mari Makazaga Eizagirre

Bihar bertako lana, biharko bertako lana egiturak zuzenak dira?

Bilboko autobusa ala Bilborako autobusa?

Etxeko lanak ala etxerako lanak?

Latineko hitzak ala latinetikako/latinetiko hitzak?

Era horretako hainbat galdera jaso izan ditugu Euskaltzaindiaren Jagonet aholku-zerbitzuan hura sortu zenez geroztik.

Bai eta, postposizioetara etorririk, honako egitura hauen eta tankerakoen ingurukoak ere:

Aurrera begirako proposamenak

Munduan zeharreko bidaiak

Hortik gorako prezioak

Literaturaren gaineko jardunaldiak

Birusarengatiko infekzioa

Ez dirudite bolaluma gorria atera, eta di-da ezabatzekoak edo kondenatzekoak direnik: egitura horien gramatikaltasuna ez dirudi zalantzan dagoenik. Hala ere, ez dira gutxi halakoen inguruan iristen diren galderak. Zer dela eta, ordea, agramatikalak ez badira?

Bada hor gramatikaltasunetik harantzago den zerbait, hiztun batzuen hizkuntza-konpetentzian argi gorria (edo laranja behintzat bai) piztuarazten (pitzarazten esaten ez dit, ba, Hiztegi Batuak!?) duen zerbait. Askotan ez da izaten ea zuzenak diren, baizik ea erabili izan diren, ea tradiziorik baduten euskaraz.

Goian eman ditugun egitura guztiak ez dira beharbada konparagarriak onargarritasunaren aldetik, baina oro har esan genezake ez dirudiela euskal hiztunak behar handirik ikusi duenik halakoak erabiltzeko; alegia, horien oinarrian dagoen egitura sinpletuz perpaus erlatibo bidez ([[perpausa]-en + izena]) eman ohi den egitura [izenlagun + izen] egituraren bidez emateko:

Bihar bertan egiteko lana  bihar bertako lana / biharko bertako lana?

Bilbora doan autobusa  Bilborako autobusa?

Etxera eramateko lanak → etxerako lanak?

Latinetik datozen hitzak  latinetiko hitzak?

Aurrera begira egindako proposamenak  aurrera begirako proposamenak?

Munduan zehar egindako bidaiak  munduan zeharreko bidaiak?

Hortik gora doazen/dabiltzan prezioak  hortik gorako prezioak?

Literaturaren gainean egindako jardunaldiak  literaturaren gaineko jardunaldiak?

Birusarengatik sortutako infekzioa → birusarengatiko infekzioa?

Berriz ere badiot ez direla guztiak beharbada maila berean ematekoak, batzuek bai baitute tradiziotxo bat euskaldunen erabileran; beste batzuk, berriz, izartxoa ere beharko lukete seguru asko (biharko bertako lana horrek, adibidez).

Halako kontsultak etortzen zaizkigunean, “konstrukto“ horien tradizio urriko datuak erakustearekin batera, ahalegintzen gara (plurala erabiltzen dudanean gramatikako galderei erantzuten dihardugun lankideez ari naiz, edo Gramatika Batzorde osoaz) gogorarazten, erakusten euskarak, euskaldunak ez duela beharrik izan halako ingeniaritza-egiturak osatzeko.

Horien artean mailak zehaztu beharra dago, esan bezala: adibidez, latinetiko hitzak (eta latinetikako ere bai) Mitxelenak (ikus OEH XI, 352. or.) darabil nahiko sarri bere lanetan (eta ulertzekoa da bereizketa egin nahi izatea (latineko hitzaklatinetik datozen hitzak, latinetiko hitzak), eta hortik gorako prezioak egiturari ere erreparo handirik ezin jarri.

Geroak esango du bestelakoek zer bide egiten duten halakoek.

Hizkuntzaren erabilera espezializatuetan aspalditxotik dabiltza –gatiko erako egiturak ate-joka, eta sartu(ko) dira hizkuntzaren erabilera berezitu horietan; gain postposizioaren erabilera hori zabalduz/ezagutuz doan neurrian badirudi denbora kontua dela –ri buruzko bezala –ren gaineko ere hedatuz joatea. Eta abar.

Era honetako kontsultak ditugunean, gure eginkizuna izaten da, egindako galdera hain zuzen hori izan ez bada ere, tradizioko datuek zer dioten gogoraraztea,

bihar bertan egiteko/egin beharreko lana

Bilboko autobusa

etxeko lanak

aurrera begira egindako proposamenak

munduan zehar egindako bidaiak,

betiere horren gainean eraiki behar baitugu egungo eta etorkizuneko euskara, erabilera arruntekoa nahiz espezializatukoa: jakinik zer erabili den, ikusiko dugu egungo beharretarako balio digun ala ez, eta ezezkoa baldin bada, zer egin dezakegun tradizio hori (behin ezagututa) urratu eta bide berriak egiteko.

EHULKU eta JAGONET kontsulta-zerbitzuak hizpide

Jesus Mari Makazaga Eizagirre

Nire lehenbiziko ekarpen honetan, nire ibilbide profesionalaren nondik norakoen berri eman nahi dut, irakurleak hobeto koka nazan.

Euskal Herriko Unibertsitatean eta Euskaltzaindian aritzea egokitu zait nire ibilbidean. Euskal Herriko Unibertsitatean, irakasle-lanetan lehenbizi, eta Euskara Zerbitzuan azken dozena bat urtean. Euskaltzaindian, berriz, Gramatika Batzordean aritu naiz azken ia 25 urte hauetan, gramatikagintzan eta kontsulta-kontuetan.

Bi erakundeetan, euskal hiztunei zuzendutako bi kontsulta-zerbitzutan aritzea ere egokitu zait: Euskal Herriko Unibertsitatean, Euskara Zerbitzuaren EHULKU kontsulta-zerbitzuan, eta Euskaltzaindian, JAGONET zerbitzuan. Jakingo duzuen bezala, biak dira Internet bidezko kontsulta-zerbitzuak; lehenbizikoa espezialitateko erabilerako gomendioak eta argibideak emateko sortu zen batez ere, 2003. urtean; bigarrena hizkuntza arrunteko erabilerari buruzko zalantzak eta galderak bideratzeko asmoz sortu zuen Euskaltzaindiak, 2000. urtean.

EHUko Euskara Zerbitzuan askotariko lanak izaten ditugu esku artean: ikasliburu eta ikasmaterial teknikoak zuzentzea, irakasle euskaldunei euskarazko hobekuntza-ikastaroak eskaintzea, hizkuntza- eta terminologia-zalantzak argitzea, hizkuntza-aholkuak unibertsitateko euskal erkidegoan zabaltzea, eta abar.

Euskaltzaindian, Gramatika Batzordeak Euskal Gramatika: Lehen Urratsak (EGLU) gramatika ondu du azken 30 urteotan, hizkuntza-zalantzei erantzuten die, eta berriki EGLU horien hurrengo urratsa ematen hasia da, haien eguneratze-, osatze- eta, inkoherentea badirudi ere, laburbiltze-lana izango dena.

Blog honetako nire ekarpenetarako, batez ere bi erakundeetako kontsulta-zerbitzuetan landutako hizkuntza-gaiez baliatuko naiz. Ez horietaz bakarrik, nolanahi ere; euskararen EGLU gramatika ontzean, orain arteko euskal gramatikagintzan behar bezala landu gabeko gai asko izan ditugu eztabaidagai (mendeko perpausen arloa izan da, alde horretatik, zailtasun handienak eman dizkiguna), eta ekarriko ditut hona eztabaida horiek sortu zituzten gai batzuk. Unibertsitatean testu teknikoen itzulpenen begiraletzetan sortutako gaiak ere ekarriko ditut hona.

Horiekin batera, nire parte hartzearen beste helburuetako bat izango da nire inguruko ekimenen berri ere ematea. Unibertsitatean sortzen ditugun material, aplikazio, argitalpen, dena delakoen berri emango dut, askotan irudipena izaten baitut gauza asko egiten direla euskalgintzan baina askotan ez direla behar bezala ezagutzen, edo, gure erantzukizuna erreparorik gabe onartuz, ez ditugula behar bezala ezagutzera ematen.

Kontu horietako bat dugu EHUko EHULKU zerbitzuaren barruko ekimen bat, EHULKUren aholkuak izenez ezagutzen duguna. Zortzigarren urtez (2006tik hasita), EHUko euskal erkidegoari (irakasle, AZPko kide eta ikasle) aldian-aldian hizkuntzaren erabilerari buruzko aholku didaktiko bat zabaltzen diogu posta elektronikoz: laburra eta ulerterraza. Hasierako urteetan astero eta aurrerago bi astean behin, euskarazko komunikazioan sortzen diren kontu zalantzagarriak, arlo ilunak argitzen ahalegintzen gara ekimen honen bitartez. Sarean dago EHULKUren aholkuak (2006-2010) izeneko argitalpena (pisutsua da, hori bai), lehenbiziko bost urteetako aholkuak, arloka sailkatuak, biltzen dituena. Prestatzen ari gara argitalpen horren bigarren idatzaldia, eguneratua (gaur egunera artekoak sartuko ditugu argitalpen berrian), eta urtearen amaiera baino lehen izango dugu prest, CD formatuan argitaratua, unibertsitatez kanpoko euskaldunentzat ere bai.

Ea poliki-poliki elkarren berri hobeto jakitea lortzen dugun.