Lehena eta azkena

Itziar Aduriz Agirre

Baztandarrei, Bertizaranakoei eta han ingurukoei ezaguna egingo zaie Urte berri egunean abesten den (edo abesten zen) bertso hau, etxez etxeko eskeko lagun: «Urte berri berri, zer ekarri berri, uraren gainean, lehena eta azkena, etxeko andrea ona, …» eta abar.

Adierazi nahi dizuedana hausnartzen hasi eta hori etorri zait gogora, gure haurtzaroko abesti hau. Izan ere, irakurtzen ari zareten hau ikasturte honetako lehena eta azkena duzue.

Hori dela eta aukeratu dut izenburu hau. Eta esan beharra daukat izenburu-lehia izan dudala, gaurkoan, berez, euskarak interneten duen presentziaz hitz egin nahi nuelako eta beste izenburua pentsatua neukan, «Euskararen kolorea»-edo.

Ideia polita da koloreak erabiltzearena hizkuntzek interneten duten presentzia begien bistan jartzeko. Aurreko uztailean mahai-inguru batean parte hartu nuen Pirinioen hizkuntzen inguruan. Katalanari buruz ari zen Natxo Sorolla soziolinguistak nik ordura arte ikusi gabea nuen mapa erakutsi zuen. Satelite bidezko argazkiaren itxura zuen eta mundu osoan twitterren erabiltzen diren hizkuntzak kolore desberdinetan agertzen ziren. Oso argazki ederra zen. Katalanari halako koloretxoa antzematen ahal zitzaion. Euskaren arrastorik ez, ordea. (Hau da informazioaren erreferentzia eta interneten ikusteko tokia, baina orain-orain ez dabil, tokia konpontzen ari omen direlako (Fischer, Eric. 2011. Language communities of Twitter (European detail)). Horren aurrean, gaurko blogaren tituluak «Euskararen kolorea» baino «Euskararen kolore eza» izan behar zen.

Baina nik kolorea behar nuen eta tematia izaki, nire lagun Sorollari esker hau topatu nuen: http://gisngeo.com/gmaps/twitter/mapseusk.php. Katalan bat ari omen da horrelakoak lantzen eta hau da Euskal Herriari dagokion twitterrean erabiltzen diren hizkuntzen mapa. Erabilerari begira ez du ez dakigunik jakinarazten. Nabarmentzekoa, ordea, eta pozik egoteko modukoa, erabilera hori twitterrekoa izatea. Gustatzen ez zaidan gauza bakarra euskarari jarri dioten kolore beltza, ala ilun-ilun hori.

Beltz gutxi, oso gutxi ikusi arren, badakizue, datuak erlatiboak dira, konparatzen direnaren arabera interpretatzen baitira. Gerora iritsi zaidan informazio honi begiratzen badiogu, aitzitik, euskara da hizkuntza minorizatuen[1] artean gehien twiteatzen dena. Batere diskreziorik ez duen informazioa da, hortxe agerian 500 twitter erabiltzaile eta goi-goian Berria Egunkaria. Litekeena da zure burua ere hor tartean aurkitzea!

Azkenik, honi buruz informazio zabalago izan nahi duenarentzat interesgarria izan daiteke Euskara aro digitalean argitalpena. IXA taldeko blogean eman zen honen berri aurtengo martxoan.

Honaino gaurkoak eta aurtengoak. Ongi izan eta hurrengora arte.


[1] Web orri honetan hizkuntza minorizatuez hitz egiten da, baina ez dago oso garbi zeinen artean egin den konparaketa (hizkuntza txikien artean? vs. ertainak? Katalana, adibidez, ez dago zerrenda horretan).

Fundamentua

Itziar Aduriz Agirre

Gure etxean, fundamentua, izan izaten da baina batez ere, egin egiten da fundamentua. Amaren ahotik gehienetan: «intzan pulamentu pixkat» edo «horrek ez du pulamenturik», maiz entzun izan ditugu eta entzuten ditugu oraindik ere sarri asko. Esango nuke, gure amaren ahotan, maiztasun handiko hitza dela, adiera horretan erabilia.

Horrelakoetan gertatzen den bezala, oso nire egin dut hitz hori eta nireak esaldi horiek eta askotan erabiltzen ditut etxean, baita eskolan ere.

Nire graduko ikasle gehienek, barre-murritza ahoan dutela, Karlos Arguiñanoren esaldiren batekin apaintzen dute nik fundamentuari buruz egindako gomendio serioa. Katalanak eta espainolak dira gehienak, eta garbi dago ez dutela ezagutzen nik hitz honi ematen diodan erabilera, nahiz eta Institut d’Estudis Catalans erakundearen hiztegian sense fonament lokuzioa agertzen den fonament hitzaren azpian: «[LC] sense fonament loc. adj. Sense serietat, sense formalitat, etc. Home sense fonament».

Real Academia Españolarenean, bigarren adieran hau aurkitzen ahal dugu: «2. m. Seriedad, formalidad de una persona. Este niño no tiene fundamento».

Orotariko Euskal Hiztegian hogei bat adibide daude eta esaten zaigu batez ere hegoaldekoa dela eta bertsolariek erabili dutela.

XX. mendeko corpus estatistikoan, berriz, hamar aldiz, eta horietatik, adiera honekin, bost besterik ez.

Antza denez, ez du euskara idatzian arrakasta handirik izan.

Niri, ordea (+hegoaldeko, –bertsolari), etengabe datorkit gogora eta azkena aurreko astean, horregatik gogoratu zait eta ekarri egin dizuet.

Izan ere, aurreko asteko ostegunean UEUk antolatutako Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketan parte hartu genuen guztion gogoan hitz hau zegoelakoan nago, hitz hau edo honen sinonimoren bat (funts izan daiteke bat, ganora beste bat).

Fundamentu handia ikusi nuen beren hitzaldiak aurkeztu zituzten ikertzaileen artean. Fundamentuz ari baitira beren ikerketetan ahozkotasunaren gaia lantzen dutenak, euskalkien azterketa diakronikoa egiten dutenak, euskal hizkeren arteko aldakortasunaz aritzen direnak, hizkuntzalari konputazionalak, ikerketa teorikoagoetan aritzen direnak, etab. (egitarauan ikus daiteke gaien oparotasuna).

Euskararen inguruan egun irekita dauden ikerlerroen berri izan genuen. Gehienak martxan dauden tesiak, besteak tesi irakurri berrietatik eratorritakoak eta hainbat ikerketa-proiektuetan daudenak. Horrek erakusten du lanon maila, sakontasuna eta proiekzioa.

Entzuleen fundamentua ere aipatzekoa da horrelako hautua egiteagatik eta parte-hartze bizia izateagatik.

Ezin aipatu gabe utzi topaketa honetako hizlari gonbidatua, blogkidea dugun Iñaki Segurola. «Igarri, ikertu, jakin?» hitzaldi ederrean gogoeta sakonak eta kritikoak egin zituen ikertzearen inguruan eta euskara batuaren bidearen inguruan besteak beste. Aportazio eta iritzi bizigarriak.

Zorionak eta eskerrik asko denoi.

Itzulpen automatikoa

Itziar Aduriz Agirre

1990 inguruan hasi nintzen entzuten itzulpen automatikoari buruzko berriak, lanean hasi bezain pronto. Artean, maiz entzuten zen ordenagailuek itzultzaileei lana kenduko zietela etorkizun laburrean eta adituentzako galdera gogokoa izaten zen hau. Gogoratuko zarete, seguru nago.

Tempus fugit. Azkar, gainera! Orain barre egiteko moduko baieztapena dela esango genuke, baina nik hori serio esaten eta galdetzen entzun dut, eta seguru idatzita ere topatzen ahal dela oso urrutira joan gabe.

Zer gertatu da tartean? Non dago harako uste hura? Non, itzultzaile automatikoen inguruko optimismo hura? 1930 inguruan hasi omen ziren lehen saioak, eta 1980ko hamarkadaren bukaeran EUROTRA proiektuaren porrota gertatu arte gorabehera asko izan ziren, baliabide automatikoen eskasiak eta, batez ere,  proiektu handinahiegiak tarteko. Urte horietako esperientziak erakutsi zuen hizkuntza asko batera helburu zuten proiektuek ez zutela atarramentu onik (EUROTRAren helburua Europako hizkuntza guztiak itzultzea zen) eta bestetik, urteak aurrera joan ahala ikusi zen baliabide automatikoen hobetze azkarra zetorrela eta horrek lagundu besterik ez zuela egingo helburuan.

Bizitzea tokatu zaigun errealismo garai honetan gauzak argitzen joan dira ezinbestean. Ereduak birplanteatzea beste aukerarik ez dute izan adituek aurrera egingo bazen. Eta hala izan da, zorionez.

Apirilaren bukaeran Gotzon Egia blogkidearen Bide barrijak artikuluan gai hau aipatzen zen, adibide ugariz hornitua, erakusteko, berak zioen moduan “hizkuntzalariak eta ingeniariak elkar hartuta” lortu dituzten aurrerabideak. Eta horrela jarraitzen zuen: “(…) tresna ugari dira sarean, hizkuntza batetik bestera esaldiak zehaztasun handi samarrez aldatzeko gai direnak”. Eskertu behar diot adibide horiek ekartzea, izan ere, batzuk ezagutu ere ez bainituen egiten.

Ondo samar ezagutzen ditudanak dira gaztelaniatik euskarara itzultzeko dauden tresnak, eta Gotzonek bere artikuluan aipatzen zuen Google Translatez gain, badira gure artean ongi sonatuak diren beste bi: IXA taldeak 2009an aurkeztu zuen Matxin izenekoa (eta honi buruzko artikulu interesgarria Senezen) eta Eusko Jaurlaritzak iaz aurkeztutakoa. Googlerena eredu estatistikoan oinarritutakoa, beste biak ordea, erregeletan, informazio gramatikalean, alegia.

Ikusi dudanarengatik eta inguruan ditudan adituek diotenez, Googleren itzultzaileak emaitza kaskarragoak ditu beste biak baino. Azken bien artean, berriz, hortxe-hortxe. Ikusi zer dioen IXA taldeko Kepa Sarasola adituak: «Hanka-sartze nabarmenak egiten dituzte biek, ez dute itzulpen perfektua egiten baina erabilgarri bihurtzen ari dira. Batez ere baldin badakizu bereizten noiz egin kasu eta noiz ez. Horixe ekarri du Googlek, jendeak ikasi du bereizten nola erabili itzultzaile automatikoak ematen duen itzulpena. Batzuetan erabilgarri, beste batzuetan ez, askotan moldatu egin behar da baina sarritan pista onak ematen ditu».

Izan ere, «itzulpen onak, gizakiok egiten dituzte, ez makinek», Gotzon Egiaren artikuluko hitzak berriro hona ekarriz.

Izango ez da ba! Bai gizakiarentzat bai ordenagailuarentzat atazarik konplexuenetakoa da bera, aurretik landu diren hizkuntza maila guztiak zuzentasunez ezagutzea eskatzen duena (lexikoa, morfologikoa, sintaktikoa, semantikoa, testuala, pragmatikoa). Horri, teknika ona gehituta, itzultzaile bikainaren aurrean izango gara. Oso zaila da, ordea, horiek denak txukun eta taxuz ebatziak izatea. Hala ere, denbora gure aldekoa da kasu honetan eta etengabeko hobekuntza gertatzen ari da maila horietan guztietan, ikerketa-lan handia dela medio. Hobekuntza partzial horiek bere isla izango dute itzultzaile automatikoen hobekuntzan, zalantzarik gabe.

Hizkuntzarenak ez diren kontsiderazioetan ez naiz sartuko, zer pentsatua ematen badute ere. Ni batez ere kezkatzen nauena bikoiztasunaren kontua da, gure herrian hamaikatxo aldiz ikusi dugun beste kasu askotan bezala. Alegia, erregela gramatikaletan oinarritutako bi itzultzaile behar al ziren? Ongi pentsatutako estrategiaren aurrean al gaude? Honek guztiak diru publikotan duen kostua ordaintzeko prest al gaude? Ez dakit ba.

Gaiari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero IXA taldearen Hizkuntza-teknologiari buruzko bloga kontsulta dezakezue.

Bide batez, blog horretan bertan azaltzen den berria azpimarratu nahiko nuke eta taldeari zorionak eman European Association of Machine Translation elkartean hamaikagarren partaide instituzionala bihurtu delako.

Eta zorionekin bukatzeko, urte askotarako EHUko IXA taldeari. 25 urte lanean. Azkar esaten da! Zorionak lanagatik eta emaitzengatik.

Atzo genioen moduan

Itziar Aduriz Agirre

Praktikoaz gain, bere hitza betetzen duen emakumea ere banaiz.

Gauzak horrela, aurrekoan «jarraituko du» batekin bukatu nuenez nire aportazioa, euliei eta kanoiei buruz hitz egin nuen hura, hemen duzue bada, haren jarraipena-edo.

Euskaldunok komunitate txikia osatzen dugu. Are txikiagoa da hizkuntza kontuak lanabes bihurtu ditugunon azpi-komunitatea. Errezeloa dut, hala ere, batak bestearen berri eskasa izaten dugula. Normala dela esango nuke. Azkenean, bakoitzak berearekin nahikoa izaten baitu eta gainera, bazter guztietan sumatzen den egoera da denok oso lanpetuta gaudela, lanpetuegiak albo kontuetan hasteko.

Utzidazue puntu honetan parentesi txiki bat irekitzen. Izan ere, ideia hori bera aurkitzen ahal da UEUk bere uda ikastaroen barruan antolatu duen Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketak: egungo ikerlerroak izeneko jardunaldian.

Parentesia itxita, eta biltzar horrek bere fruitua eman bitartean, aurreko artikuluaren jarraipenarekin hasiko naiz, komunitate hau osatzen dugunok hobekixeago elkar ezagutzeko balioko duelakoan. Baldinbaitere!

Gain-gainetik eta zeharka pasa nituen aurrekoan IXA taldearen baitan euskararen azterketak alor konputazionalari aplikatuta izan dituen emaitzak. Ezagunena den XUXEN zuzentzaile ortografikoa aipatu nuen eta corpusen gaiarekin lotuta zegoen lematizatzailea. Orduan pentsatu nuen puntu hori zabaldu eta, interesgarria izan zitekeela alor ezezagun honen berri ematea eta azaltzea zein diren gure aztergaiak hizkuntzari dagokionez eta euskararen lantze horretan dugun ikuspuntua. Horrekin batera eskura dauden beste tresna batzuk ezagutarazi nahiko nituzke, egun edo bihar erabiltzeko ongi etor dakizkigukeenak.

Azkarrena eta ikuserrazena IXA taldearen web orrian dauden produktuetara jotzea da.

Datuen prozesatzaileek hizkuntza baliabideen gainean lan egiten dute eta batzuetan publiko zabalari zuzendutako aplikazio egokiak sortzen dira.

Adibidez, eta modu sinple eta argi batean azaltzeko, Morfeus analizatzaile morfologikoak EDBL datu-basean dagoen informazio lexiko eta morfologikoa prozesatzen du eta bien artean XUXEN zuzentzaile ortografikoa elikatzen dute, publiko zabalari zuzendutako aplikazioa, alegia. Oinarri berekin, baina morfologikoki analizatu eta Eustagger desanbiguatzaile morfosintaktikoa aplikatu ondoren, lematizatzailea dugu. Hau ere aplikazioa dugu, baina zuzenean ez dauka XUXENek duen bezain erabilera zabala.

Horrekin bezala, beste hizkuntza mailetan ere lan egiten da, nahiz eta horren produktu izarrik ez egon.

Horrela, sintaxian ere bada analizatzailerik. Ixati da azaleko analizatzaile sintaktikoa eta Maltixa dependentzietan oinarritutako analizatzaile estatistikoa. Maila semantikoan sortu den adiera-desanbiguatzailea, WSD-IXA, sintaktikoekin batera, datu-base eta ontologietan dauden informazioa prozesatuz, besteak beste, itzulpen automatikoa egiten duten aplikazioen oinarri dira.

Itzulpen automatikoa, ai itzulpen automatikoa!!! Zenbat buruhauste ematen dizkigun! Kuriositate hutsa da, baina aplikazioen atalari erreparatuz gero ikusiko duzue gehienak itzulpen automatikoari buruzkoak direla. Hori dela eta,  eta kontu honen inguruan gauza asko daudelako esateko, hurrengo artikulua monografikoa izango da itzulpen automatikoaren gainean.

Hurrengoan pentsatzen hasi baino, honekin bukatu behar da, ordea. Eta bukatzeko, web orriko ikerlerroak atalari begi-kolpe bat ematea eskatuko nizueke, hor agertzen baita orain arte azaldu dudana argiago eta behar den bibliografia lan guztiekin apaindua.

Ibili pixka bat kuxkuxean eta hizkuntzarekin lotutako beharren bat-edo baldin duzue ez izan galdetzeko beldurrik.

Euliak eta kanoiak

Itziar Aduriz Agirre

Esango nuke emakume praktikoa naizela eta nire bizitzako alderdi guztietara begiratuta ikusten ahal dela ezaugarri hori. Esango nuke.

Euskal Filologia bukatu eta UZEIn lanean hasi nintzenean, orduan bideratzen hasi zen nire ikerketaren soslaia. Eta praktikora bideratu zen, kasualitatez, seguru asko. Ala ez.

Ni pozik, nire ikerketan ere izaera praktiko hori islatzen zelako, alegia, ikerketan aritu hainbat denboran eta esfortzu hartatik zerbait (tresnaren bat-edo) sortu egiten genuelako eta erabili egiten zelako helburu jakin batean.

Artean, hizkuntzalaritza teoriko eta praktikoaren kontua garbiago neukan, garbiago baina erratuago ere bai. Izan ere, denborarekin ikusi dut teoria-hizkuntzalaritza egiten dutenek praktikotik ere badutela, eta ez gutxi. Besteren artean, hizkuntzalaritza aplikatua egiten dugunok erabiltzen dugulako, neurri handi batean. Gogoratu «besteren artean» esan dudala. Badaezpada ere.

Puntu honetan gogora datorkit blogkide den Igone Zabalaren 2012ko azaroaren 1eko artikulua, «Geneen adierazpen-askatasuna» titulupean egin zuen artikulua, hain zuzen ere. Zilegi bekit haren hitzak zuzen-zuzenean ekartzea (zaila baita berak idazten daukan zuzentasuna eta zorroztasuna imitatzea):

«Hizkuntza ikuspegi askotatik azter daiteke eta, edozein jakintza-alorretan bezala, motibazio teoriko hutsez iker daiteke edo, bestela, gizartean dagoen arazo edo gatazka bat konpontzen laguntzeko motibazio aplikatuaz. Hizkuntzalaritza aplikatuak hizkuntzalaritza teorikoak garatutako jakintza baliatzen du, eta teknika eta metodologia egokiekin konbinatuta, helburu aplikatuak erdiesten saiatzen da. Emaitzak ebaluatu egin behar dira eta, ebaluazio horretatik, abiapuntuko teoriak eta metodologiak birformulatu egin behar dira.»

Utz dezagun, bada, praktiko izatea bizitzaren beste alderdietarako eta hizkuntzaren inguruko ikerketaz ari garenean hitz egin dezagun hizkuntzalaritza aplikatuaz eta teoria-hizkuntzalaritzaz.

Bikote honen aurrean nagoela (hizkuntzalaritza aplikatua eta teoria-hizkuntzalaritza), ezin aukera hau galdu barruan dudan kontu bat aipatu gabe. Izan ere, inoiz bi ikuspuntuen artean nolabaiteko ez-ulertuak egon badira ere, badakigu ikuspuntuen aniztasunean (eta behar denean elkartzean) dagoela gakoa eta etorkizuna. «Desberdinak gara baina denak gara beharrezkoak!» aipatzen du behin eta berriro nire ikerketa taldeko lankide batek. Eta arrazoia ez zaio falta.

Emaitza ederrak ditugu gurean ere, ikuspuntu eta diziplinak nahasten atera direnak. Hortxe ditugu neuro-, sozio-, psiko- eta biohizkuntzalaritzak, hizkuntzaren jabekuntzaren ingurukoak, hizkuntzalaritza konputazionala, etab.

Goian aipatu dudan nire ikerketa-soslaia hizkuntzalaritza aplikatutik eta diziplinartekotasunetik bideratu zen,  konputazionaletik hain zuen, euskararen tratamendu konputazionaletik.

Ni lanotan hasi nintzenetik garaiak asko aldatu dira alor honi begira. Horrela, gure lehen lanak, UZEIn eta IXA taldean (bietan batera aritu bainintzen urtetan) datu-baseen eta corpusen osaketei begira genituen. Morfologia, lexikoa, ortografia, erroreen tratamendua eta abarren lantzetik XUXEN zuzentzaile ortografikoa sortu zen. Lematizatzailea, ondoren, gaur egunean corpusen kontsultan puntu giltzarrienetakoa baita.

Garai hartatik datoz artikulu honi izenburua ematen dioten hitzak. Euskaltzaindiko XIII. biltzarrean, Leioan izan baitzen 1994. urtean, estreinakoz aurkezten genituen gure lanak euskal komunitatean hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik.  Aurkezpenaren ondoren, Piarres Xarriton altxatu eta bere iritzia bota zuen: ez ote ginen ari euliak kanoikadaz hil nahian. Besterik ez dut gogoan. Harri eta zur geratu ginen. Aurrera egin genuen, ordea!

Erabilerak ere bermatzen du alor hau. Horrela, blog honetan argitaratzen diren artikuluak begiratu besterik ez dago ikusteko corpusei egiten zaien erreferentzia, hitz ala egitura jakinen adibideak eta maiztasunak bilatzeko.

Hizkuntzaren inguruan lanean gabiltzan askorentzat tresnok ezinbestekoak bihurtu zaizkigu, modu azkar batean eskura jartzen diguten informazioagatik eta gehienok ordenagailuz idazten dugunez, idazketa errazten digutelako, neurri handi batean.

Dagokidan neurrian, gogora ekarri nahi dut baliabide horien atzean dagoen lan linguistiko eta informatikoa, nire ustez ezinbestekoa dena tresnaren egokitasunerako eta kalitaterako (bestelako iritziak eta jokatzeko moduak baldin badaude ere).

Xarritonek euliak eta kanoiak ikusi zituen. Nik tximeleta koloredunak ikusten ditut teklatuaren soinu etengabea entzuten dudan bitartean.

Jarraituko du.

Tristura

Itziar Aduriz Agirre

Aita tristuraz hil zitzaigun.

Medikuak esan zuen gaixotasun neurologiko baten ondorioz hil zela, baina guk garbi genuen tristuraz hil zela, hori baitzen berak azken asteetan behin eta berriro errepikatzen zuena.

«Aita, zer duzu?» galdetu eta berak «tristura» erantzuten zuen, eskua sabelean jartzen zuen bitartean. Azken asteetan behintzat, hortik ez zenuen ateratzen.

Orain ama hasi zaigu, «ama, zer duzu?» galderari, «tristura» erantzuten, eskua sabelaren gainean jartzen duen bitartean, esternoiaren parean. Beti erantzun bera eta beti eskua toki berean.

Tristura zela-eta, ospitalean ingresatu zuten orain dela aste batzuk. Urgentzietatik pasa ondoren, ingresatu behar zutela erabaki zuten eta gela batera eraman gintuzten. Ez zen inor iritsi ginenean. Handik ordu batzuetara, gaueko ordu txikitan, bi emakume iritsi ziren. Zaharrena, gaixoa, eta haren laguntzailea, bere iloba. Ez ziren euskaldunak.

Orduak pasa ahala, normala den moduan, hasi ginen elkarri galdezka, zer zuen batak eta zer besteak. Nik, amari begira, tristura zuela esan nuen, nire eskua sabel gainera eramanez. Gure amak baietz, tristura zuela, bere eskua sabel gainera eramanez.

Orduan ikusi nuen gure bizilagunaren aurpegian, «ya, tristura» esaten zuen bitartean, ez zuela guk esan nahi geniona ulertu, eta susmatzen nuen pentsatzen zuena, alegia, berak buruan zuen tristurak ezin zuela eragin ospitaleko ingresoa.

Nik ez nion argitu kontua. Egia esan, ez nuen gogo handirik hitz egiteko eta argitzeko amaren tristuraren nondik norakoak. Hala ere ez nuen gertakizun hura ahaztu eta lasaitasun pixka bat izan nuenean, ordenagailua hartu eta Elhuyar Hiztegian begiratu nuen tristura hitzaren esanahia.

Hauxe da bertan aurkitzen dena:

1. ‘Tristeza, pena, añoranza, angustia’. Adib.: Bihotzeko tristura: la tristeza del corazón.
2. (bereziki urdailari dagokiona): ‘indisposición, malestar’.

Seguru asko gure gelakideak lehen adiera zuen buruan, eta gure amarena, berriz, bigarrenetik gertuago zebilen. Niretzat ere bigarrenetik gertuago dabil, baina adiera horiek motz geratzen zaizkit.

Ematen du hitz batzuei gehiegi eskatzen diegula eta errealitatearen isla izatea zaila dela batzuentzat. Hori batez ere nabarmentzen da hitz horiek itzuli nahi ditugunean eta ezin dugunean ordain egokirik topatu helburu-hizkuntzan.

Burutazio hauekin guztiekin nabilela, eta hari honetatik tiraka, zuek itzultzaileak hartu zaituztet gogoan. Zein zaila den hitz jakin batzuk itzultzea, batez ere derrigorrez eta zehaztasunez eman behar denean ordain bat.

Hara non, bada, blog honetako nire lehen aportazioa izatera pasa den gogoeta hau.  Asteotan hainbeste tristura gora eta tristura behera ibili naizenez eta itzultzaileen lanaren zailtasunarekin gogoratu naizenez, hemen tristuraz bi hitz.

Banituen nire lehen honetarako beste planik, baina honek aurrea hartu die ezinbestean. Etorriko dira bestelakoak, gai akademikoagoak, ikerketarekin lotuagoak, baina susmoa daukat ia beti hitzen bueltan ibiliko naizela.