Bahnar deithu salbaiak

Irantzu Epelde Zendoia

Les Sauvages Ba-Hnars liburua Pierre Dourisboure misiolari beskoiztarrak idatzi zuen 1870ean. Vietnamen egon zeneko berri kontatzen du liburuan, 35 urte luze eman baitzituen sortaldeko lur horietan Jainkoaren Hitza predikatzen. Bere apezpikuak bidali zuen Annam eta Laos artean dauden mendi handietara, mugarik gabeko oihan batzuen erdian basatiki bizi zen etnia kristautzera: Bahnar edo Ba Na etnia. Kon-ko-Cham-en hasi zuen liburua 1865ean, eta Parisen bukatu, bost urte geroago. Beste bi edizio ere izan zituen: 1883an bata, eta 1894an bestea.

Bada lan honen euskarazko bertsio bat ere, hirugarren edizioarena, hain zuzen: Jean Elissalde Zerbitzari azkaindarrak frantsesetik itzuli, eta 1936an argitaratu zuen, Bahnar deithu Salbaiak izenburupean. Henri Duhau idazle lapurtarraren opari berezia izan dut oraintsu azken hau, joan den urte bukaeran prestatu berria baitu lan honen faksimile edizioa. Hemendik, eskerrik zintzoenak Henriri. Liburuak euskarazkoa du lehen orrietako hitzaurre edo aintzin solasa ere, eta egilea, Joanes Chabagno misiolaria. Errukirik gabe izendatzen ditu honek «basa gizon», «jende basa», «pagano», «basa dohakabe», «salbayak» eta tankerakoak «Iguzkaldeko Cochinchineko» jendeak, Dourisbourek berak bezalaxe, beherago ikusiko dugunez.

Irakurtzaileari eskainitako hitzean iragartzen zaigu «eskuara ederrean moldatua» dagoela itzulpena, eta irakurleak bertan topatuko duen euskara bixkotxa bezen goxoa eta arno xaharra bezen gostukoa dela. Pasarte labur bat ekarriko dut hona, ziur aski aperitibo bixkotx eta arno dastatze txikiegia irudituko bazaizue ere. On egin!

Dans les pays civilisés, une fois hors d’un royaume, on n’est plus soumis à ses lois, on n’a plus à craindre ses tribunaux.

Europan, erresuma batetik kampo denak, sortzez hartakoa izanik ere, ez du hango legeekin gehiago ikustekorik: ez du hango jujeen beldurrik.

Chez les peuples demi-barbares de l’Asie, au contraire, ce point fondamental du droit des gens est parfaitement ignoré, et on le viole chaque jour sans le moindre scrupule.

Asiako eskualde basa edo erdi basetan, ez dire lege berak.

Un missionnaire européen, arrêté dans le pays des sauvages par les premiers vagabonds venus, et reconduit par eux en Annam, devait être, malgré toutes les protestations possibles, aussi infailliblement jugé et exécuté que si on l’eût pris en flagrant délit dans les rues mêmes de la capitale.

Misionest bat atcheman dezatela nun-nahi eta Annam-eko lurretarat ereman, harenak egin du: jujatu eta hilaraziko dute lastersko, hiri-nausiko karriketan atcheman balute bezen segurki.

Les premiers missionnaires des sauvages étaient donc forcés, non seulement de se cacher à leur point de départ, mais encore de s’avancer secrètement dans les montagnes, jusqu’à des limites inconnues aux marchands cochinchinois: c’est-à-dire qu’en dehors d’Annam, ils avaient à se cacher encore pendant quatre ou cinq jours de marche.

Salbaietarat joan ziren lehen misionestek etzuten beraz ongi eta ongi gordetzea baizik muga ondoetan: bainan barnagoko mendietan ere guti agertu behar zuten, delako merkatariek berek ezagutzen etzituzten eskualdetaraino. Erran nahi baita, Annam-etik lauzpabortz egun bidetan heriotzea bethi gainean zutela…

Dourisboure, P. [euskaratzailea: J. Elissalde]. 1936. Bahnar deithu Salbaiak. Baiona: Courrier, 8-9. orr.

Izen-joskerak vs aditz-joskerak norgehiagoka

Irantzu Epelde Zendoia

Gaztelaniaz eta frantsesez, hizkera jasoan hitz egin edo idatzi nahi denean, sarri agertzen da estilo nominalerako joera. Nolabait esateko, aditzak baztertu eta trukean izenak jarrita, hizkera dotoretu egingo bagenu bezala, edo halako efektu estilistikoren bat lortzeko. Inguruko erdaretan nominalizaziorako joera indar handikoa izateak ondorioak dakartza euskarara, itzulpenaren bidez edo bestela. Badirudi hasieran administrazioko testuetako kontua zela batez ere, baina gero indartsu zabaldu zen prentsara, eta gaur egun hainbesteraino hedatu da, ia edonon aurki dezakegu izen bihurtutako aditzen bat. Joseba Lozanoren “Izenzalekeria” artikulutik [1] hartu dut adibidea:

  • Langileen hautaketarako irizpide subjektiboen erabilpenaren salaketa egin dute sindikatuek.

Horren ordez, Lozanoren proposamena, hauxe:

  • Langileak hautatzeko irizpide subjektiboak erabili direla salatu dute sindikatuek.

Lehenbiziko perpausean, bat baino gehiago dira aditzen bidez aise eman daitezkeen izenak, eta ezin ukatu izenez ongi hornitutako perpausa luzea eta hizkera jasokoa bada, astundu egiten dela esana. Baina esana da erraz, eta egina garratz: erdaratik itzuli behar duen testugileak etengabe egingo du topo honelako egiturekin, eta gehienetan beste bide batetik eman beharko ditu. Egokitze ahalegin berezia eskatuko dio, eta aldi bakoitzean saiatu egin beharko du halakoak euskarazko adierazpide normalez ematen.

Besteren artean Juan Garziak [2] eta oraindik orain Patxi Petrirenak [3] azalduak dituzte erdararen fraseologiaren eraginez sortutako egitura honen hainbat alderdi, eta ez noa haiek ezin garbiago erakutsitakoak hemen berriz esatera. Goiko lehenbiziko adibidean, egin aditzak begietan emanda, Iparraldeko egungo euskal testu idatziak etorri zaizkit gogora, eta nola aspaldian maiz egokitu zaidan Juan Garziak aditz betegarri edo ortopediko izendatzen dituen horiek han eta hemen ikustea, prosan eta prosatik kanpo. Azkena, oraintsu, Nola Erran frantses-euskara hiztegi elektronikoan suertatu zait, bestelako kontu batengatik adjoint sarreran ikusmiran nenbilela:

adjoint
adjointe
1 adjectif
laguntzaile
2 nom masculin ê nom féminin
auzapezorde (BL) — axuant (BL) — alkateorde (MD)

içi comme ailleurs le choix du Maire et des adjoints a eu lieu à la suite des élections

denetan bezala egin da hemen ere auzapez eta axuanten hautaketa hauteskundeen ondotik

Neure artean, ez ote litzatekeen naturalagoa le choix aditz baten bitartez aldatzea euskarara. Beharbada, honela:

  • Auzapeza eta axuantak hauteskundeen ondotik hautatu dira hemen ere, denetan bezala.

Hartara, ez legoke egin «ortopedikoaren» premiarik, eta nekerik gabe saihestuko litzateke hitzez hitzeko itzulpenak berez bezala ekartzen duen izen-joskera.

Hango eta hemengo adibide bailara ikusita, izenburuan salatutako norgehiagoka erremediorik gabe galdua duela iruditzen zait aditz-joskerak…


[1] Lozano, Joseba. “Izenzalekeria”, Administrazioa euskaraz. Vitoria-Gasteiz: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 2000ko uztaila, 27. zenbakia, 19. or.
[2] Garzia, Juan. 2005. Kalko okerrak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 86-89. orr.
[3] Petrirena, Patxi. 2011. Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 86-88. orr.

Dena aita

Irantzu Epelde Zendoia

Ez dakit inoiz egokitu ote zaizuen hiztun arruntari hizkuntzaren inguruko intuizioren bat eskatu beharra. Eta ez dakit inoiz bat-bateko itzulpenik erabili ote duzuen horretarako. Hiztun batzuk, eskola gutxikoak izan arren, oso trebeak izaten dira lan horietan, senak lagunduta. Harritzekoa da batzuen berezko gaitasuna eta etorria. Gainera, ez dago, nahitaez, eskola mailari lotua. Orain bi urte, hizkuntza aldakortasunaren inguruko ikerketa egitasmo baten barruan, halaxe suertatu zitzaidan niri, intuizio eske etortzea, orduko hartan hiztun lapurtar, baxenabartar eta zuberotarrengana. Helduak ziren denak, 18 urtetik gorakoak, eta, aldakortasuna genuenez gaia, hiru adin multzo bereizi genituen gure berriemaileen artean: 60 urtetik gorakoak, 40-60 urte artekoak eta 18-35 bitarteko gazteak. Esanda bezala, Ipar Euskal Herri osoa kontuan hartuz egin genuen bilduma, Beñat Oihartzabalen zuzendaritzapean.

Hizkuntzalaritzako ikerketa lanetan itzulpena erabiltzeak abantaila handiak ditu, ez da zalantzarik, baina arriskuak ere bai galantak. Dena dela, elizitabide hori hobetsi genuen orduko hartan, datu biltzeko bide nagusitzat. Frantsesez prestatu genituen perpaus ahal bezain labur batzuk (parrasta bat, egia esateko) euskaratzeko eskatu genien orduan aldez aurretik aukeratu genituen hirurogei lekukori, ahoz eta aurrez aurre genituela, horretarako behar adina saio eginez. Adibide bakarra erakutsiko dut gaurko sarreran, luzeegi joan ez dakidan, baina galdetegi osoa (746 galderaz osatua) eta lekukoek eman zizkiguten erantzun guztiak (44.000tik gora) www.norantz.org helbidean aurkituko ditu irakurleak interesik izanez gero, bai erantzunen transkripzioak eta baita horiei lotutako soinu artxiboak ere. Ikus dezagun, ba, gaurko adibidea:

Izenaren morfologiari eskainitako sailean, hauxe izan genuen galderetako bat:

Peio tient ça de son père.

Honezkero igarriko zenuten galdera honen bitartez ablatibo singularreko form(ar)en bila genbiltzala, ablatibo bizidunak gaurko euskara mintzatuan zer/zenbat itxura har ditzakeen aztertzeko, eta kontuan hartu genituen hiru belaunaldien artean alderik ba ote zegoen ikusteko.

Itzulgaia ablatiboaren bitartez eman zuten hiztunen artean, forma bizigabea (aitatik) da nagusi erantzun horietan: 60 lekukoen artean 25ek erabili zuten frantsesezko perpausa euskarara aldatzeko eskatu genienean: Peiok aitatik du hori, eta tankerakoak. Lekuko adintsuenen aukera nagusia aitatik izan zen, hiru probintzietan. Biziduneko formak ez ziren horren ugariak izan: aita(ren)ganik 9 lekukok erabili zuten, eta aita(ren)gandik 10ek. Nabarmentzekoa da azken hori hautatu zuten guztiak 35 urtetik beherako gazteak izan zirela, eta denak ikastoletan eskolatutakoak.

Itzulgaia ablatiboa erabili gabe itxuratu zutenen artean, kasu instrumentala da nagusi, Peiok bere aitaz atxikitzen du hori bezalakoetan. Nabarmentzekoa da, berriz ere, hiztun gazteenetan dagoela berrikuntza honen sorburua: 6 gaztek erabili zuten, denak ikastolatik pasatakoak.

Eta ikastolan ibili ez den gazteak zer estrategia hautatu ote zuen? Gehienetan, bizigabeko forma erabiltzea (aitatik), eta batzuetan, ablatiboari ihes egin eta senak agintzen zion bestelako formularen bat erabiltzea. Adibidez:

Amaia (Urepele), 24 urte: Alde hortarik Peio aitatar da.

Amaia (Behauze), 26 urte: Peio dena aita da.

Euskara aho-belarrietan frexko behar, ordea, honenbesteko lizentziak hartzeko…

Mintzagai hanpatuaz

Irantzu Epelde Zendoia

Euskara lantzean galdegaiari arreta handia eskaini izan diogula dio Pello Esnalek 2009ko lan batean; mintzagai hanpatua, berriz, baztertuta-bezala daukagula joan den aspaldian (2009: 125) [1]. Pako Aristiren poema batetik [2] hartutako adibidea dakar monografikoan, delako mintzagai hanpatuak ondotik koma nola eskatzen duen erakusteko:

Taberna bat ireki zuen, kanpoan bere izen eta guzti:

“Beckett”.

Samuel,

urte hartan bertan

jaioko zuen semearentzat

utzi zuen.

Mintzagai hanpatuarekin lotutako gaiak Euskaltzaindiko Gramatika batzordeak tratatu izan ditu, eta gehiago jakin nahi duenak EGLUn aurkituko ditu xehetasunak (Euskaltzaindia 1987: 28-29) [3]. Gaurko sarrera honetara ekarri nahi nuen gogoeta Samuel-en inguruan itzulika sortu zen hain zuzen, baina puntuazioaz besteko alderdi batetik: egungo testuetan nola azalduko ote litzateke mintzagai hanpatu hori? Koma hutsa eskuinean duela? Pausaldi prosodikoari eta doinuari lotuta dago kontua erabat, eta badut uste idatzian motz-edo gelditzen ari zaigula mintzagai hanpatuari lagun egiten dion koma txikia. Ziur asko, honela agertuko litzateke orain: Samueli dagokionez, … Bestelako indar bat emango balio bezala hor, delako -i egon-ek.

Gainera, bestalde, badut irudipena zernahitarako hitz edo egitura bihurtua dugula -i dagokionez, edo itzulpen batzuetan behintzat ez da zaila perpaus astun antzekoekin topo egitea, jatorrizko testuekin leial jokatu beharraren beharraz. Ondorengo bi adibide hauetako lehenbizikoan, gaztelaniazko en relación a itzultzeko erabili da; bigarrenean, para preposizioaren ordainetan:

1. Arabako Foru Aldundiak berdintasunaren inguruko txosten bat egin zuen 2009an, eta sarean dago eskura, Aldundiaren webgunean. Hauxe du izenburua, gaztelaniaz eta euskaraz:

Informe-diagnóstico de la realidad alavesa en relación a la igualdad

Berdintasunari dagokionez Arabako errealitatearen txosten-diagnostikoa

2. Baten batek ez badu aditu zein diren Osasun Sailak Osakidetzako langileei tabakismoaren kontra proposatutako Hamalau Aginduak, ikus dezala Osakidetzaren ataritik hartutako idatzi hau. Izenburu hauekin topo egingo du delako gomendio sortan, oraingoan ere gaztelaniaz eta euskaraz:

Código para el control de tabaco de las Organizaciones Profesionales Sanitarias

Tabakoaren kontrolari dagokionez osasun arloko erakunde profesionalen praktika-kodea

Ohartzen naiz hizkera mota bati dagokion esapidea dela hau, ezin erabilgarriagoa eta berriz ere hizkuntzaren goi maila eratzeko ahaleginean dabilen profesionalari erabat erakargarri egiten zaiona, baina neure buruari galdetzen diot ezinbestean eta beti behar ote dugun, eta mintzagai hanpatu soilak ez ote duen, tarteka bada ere, toki pixka bat gehixeago merezi.


[1] Esnal, Pello. 2009. “Testu-arkitektura eta gramatika, ekintza komunikatiboaren baitan”. Hizpide 71: 3-160.
[2] Aristi, Pako. 1998. Oherako hitzak. Donostia: Erein.
[3] Euskaltzaindia: Gramatika batzordea. 1987. Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-1 (Eranskina). Bilbo: Euskaltzaindia.

Ispiluaz, senaz eta itzulpenaren mugez

Irantzu Epelde Zendoia

Jatorrizko testuarekiko leialtasuna omen du itzulpen onak ezaugarri. Hormako argi islatuaren pare, errainuarekin eta ispiluarekin irudikatu izan da, sarri, itzulpena. Aipamen zerrenda polita dakar, esate baterako, Jean Delisle-k bere La Traduction en citations lanean [1]. Horietako bat, hauxe:

Le traducteur excellent obéit au poète comme le miroir obéit à la lumière, en vous renvoyant l’éblouissement [2].

IMG_1195

Hizkuntza batean esaten den guztia dago beste batean esatea, noski, baina ez beti, ez guztiz, ez erabat berdin. Itzultzaileek badakite ondo asko. Senak izugarri laguntzen diola esan zidan behin alemaniera-euskara itzulpenetan aritzen den adiskide batek, baina halere ihesik egin gabe ibiltzeak lanak ematen dizkiola. Eta ez gutxi. Hala-hala mintzo zaigu Lourdes Oñederra Euskaltzaindian sartu zeneko sarrera hitzaldirako aukeratu zuen ingelesezko izenburuaz (Drift):

«Edward Sapir handiak 1921ean argitaratu zuen Language liburuan hizkuntzaren aldaketa historikoari dagokion VII. kapituluaren azpititulua da drift hitza. Mexikoko Fondo de Cultura Económica argitaletxeak 1954 urtean argitaratutako espainolezko itzulpena egin zutenek ez zuten nonbait jakin nola itzuli eta, besterik gabe, kendu egin zuten kapituluaren azpititulua. Alberto Gabikagojeaskoaren euskarazko itzulpenean «eraldaketa korrontea» agertzen da drift hitzaren ordain VII. kapitulu horren idazburuan. Zintzotasunez ez da azpititulua kendu. Itzuli egin da nolabait, edukiaren ondorioa azaldu zaigu, hizkuntzaren azterketari zuzenean dagokion esanahiaren zatia. Ezinbestean metafora hautsi da, agian sinekdokearen bekatua eginaz. Itzulpenaren mugak azaldu zaizkigu; hizkuntza batean esaten den oro esan daiteke beste batean, noski, baina ez beti, ez guztiz, ez erabat berdin. Itzultzaileak ahalik eta ongien moldatu du euskarara hitz zail hori, drift, aipatu kapituluan eta hurrengoan batez ere, baina liburu osoan zehar aski maiz agertzen dena; horrela, dituen adiera eta kategoria desberdinetan puskatuta agertzen da ingelesez aditz zein izen izan daitekeen drift hitzaren eremua: joera, korrontea, norabidea, xedea, eta abar.» [3]

Itzulgaia nola itzuli asmatu ezinik ibili izan gara maiz ofizio honetakoak ez garenok; ogibidea itzulpena duenak nolako buruhauste eta buru-nekeak erabiliko ote ditu bere eguneroko jardunean, frangotan seguru buru-nekagarri, eta inoiz akaso ernegagarri…


[1] Jean Delisle, 2007, La Traduction en citations, Les Presses de l’Université d’Ottawa.
[2] Victor Hugo, William Shakespeare, 1973, Flammarion, Paris.
[3] Lourdes Oñederra, 2010, “Drift”, Euskera 55-1 (23-24.or.).

Balioan jarri

Irantzu Epelde Zendoia

Eztabaida sutsua Mario Moliner delako baten blogean: gaztelaniaz, ez omen dela gauza bera valorar eta poner en valor. Erantzunetako batean argibide gehiago: nola izango da ba, gauza bera, «valoremos las cualidades de una buena hembra» eta «pongamos en valor las cualidades de una buena hembra»? Jo dut DRAEra poner en valor aditz esapidearen bila: arrastorik ez. Ene. Alta, ez da arraroa RAEren webguneko iragarki eta berrietan: «El objetivo de la iniciativa es poner en valor la lengua española en Internet y en el desarrollo de la Sociedad de la Información» eta abar, eta abar.

Badirudi, gaztelaniaz, arkitekturan hasi zela esapide hori lehenik agertzen, hobetu, dotoretu nahi ziren guneei erreferentzia egiteko. Adibidea Manuel Seco, Olimpia Andrés eta Gabino Ramos-en Diccionario del Español Actual-etik jaso dut: «La plaza de San Pedro de Alcántara será una de las zonas afectadas por la acción futura de la Dirección General de Bellas Artes en relación con la puesta en valor del recinto amurallado de Plasencia». Ordea, arkitekturaren esparrua aspaldi gainditu eta bala-bala hedatu da esapidea Iberiar penintsulan barrena (Ameriketan ez, antza), bereziki kazetari eta politikarien hizkeran. Gaztelaniazko prentsa idatzian agertzen denean, halako aldarrikatze aire bat izaten du askotan. Adibidez, joan den igandeko azpititulu honetan (El Diario Vasco, 2012-11-11, 21. or.): «Gemma Sebastián, la autora de este proyecto, pretende poner en valor un trabajo que “pasa desapercibido”». Izan ere, Hondarribiko kofradiako sare josleen inguruko argazki erakusketa antolatu du Sebastiánek parte zaharreko arte galeria batean: «Costuras visibles».

Galizismo honen sorburua frantsesezko mettre en valeur aditz esapidea dela diote hispanistek. Frantsesez, bizigabeekin nahiz bizidunekin erabiltzen da gaur egun. Emakumeentzako aldizkari berri batetik atera ditut bi adibide hauek: «suivez nos conseils mode et apprenez à mettre en valeur votre décolleté», nahiz «savez-vous vous mettre en valeur?». Guri, baina, ez zaigu frantsesaren bitartez heldu honen euskarazko ordaina, gaztelaniaren bitartez baizik: balioan jarri. Honelako kalkoek badute, izaten dute, gutartean jasotasun bat hizkuntzaren goi maila eratzeko ahaleginean dabiltzanei erabat erakargarri egiten zaiena. Ikusi besterik ez Hegoaldeko euskarazko prentsa idatzian bolo-bolo nola zabaldu den, gorago aipatu ditugun testuinguruetan. Baina hemen ez naiz prentsa idatziaz ariko. Nigatik, delako kalkoak ñabardura bereziren bat ekartzen badu edo hutsune lexiko bat betetzera baldin badator, aurrera.

Azkenaldi honetan, egoera formaletako ahozko aurkezpenetan egokitu zait gure balioan jarri aditzea. Eta esango nuke nahikoa modan dagoela, gainera, unibertsitate arloko ahozko euskara jasoaren barrutian behintzat: «nik orain balioan jarri nahi nukeena da…». Gaztelaniazko resaltar, destacar-en ordain moduan tokatu zait azkenaldian. Hots, nabarmendu, azpimarratu esateko. Hau da nire kezka, ordea, proba egin baitut Baionako Fakultateko ikasle eta lankideekin: Hispanoamerikako hiztunei poner en valor bezain arrotz egiten zaiela Iparraldeko euskaldunei balioan jarri, testuinguru horretan behintzat. «Ahaztua dugu Iparraldea ezin baztertuzko kontua dugula, are Hegoaldean euskarari beregain iraunarazteko» (Sarasola dixit, Euskara batuaren ajeak, 9. or.).