Irantzu Epelde Zendoia
Gauza jakina da euskaraz ez dagoela, berez, izenordain bihurkaririk. Pertsona izenordain indartu baten genitiboa buru izenarekin konbinatuz osatzen ditugu gehienetan bihurkariak, edo hala osatu izan ditugu orain arte behintzat. A grammar of Basque askotan ibili dut eskuen artean azkenaldian, eta, berriro ere parean aplikatu zaidanez, jakin-mina piztu zait, gaiaren inguruan zer ekarriko. Jo dut izenordain bihurkarien atalera, erreferentzia zehatzagoen bila. Adibide hau dator aurrena:
Ispiluan ikusi dugu (*ditugu) geure burua.
Alegia, pluraleko komunztadurarik ez duela onartzen egitura honek aditzean, non eta ez den erabiltzen geure buruak, singularraren ordez. Ados, honaino. Ez da hori, ordea, gaurko sarreran azaldu nahiko nukeen gaia. Beste hau da: Larry Trask-i zor diogu izenordainen azpiatal osoa liburuan. Bere laburrean, zehatza da azpiatala, eta bitasun baten aipamena dakar pasarteetako batean. Honela dio:
Many western speakers use a different reflexive construction, in which the transitive verb is construed intransitively and no reflexive NP is present: Ispiluan ikusi naiz ‘I saw myself in the mirror’. This second construction is not possible with verbs of emotion, like maite *edun ‘love’.[1]
Aspalditxotik konturatuta nengoen Txingudialdeko haurrek —ondoena ezagutzen dudan alderdia aipatzeagatik— ez dutela -(r)en burua batere erabiltzen, eta goiko bi aukera horietan Ispiluan ikusi naiz-en tankerakoak bakarrik ibiltzen dituztela bihurkarien ordainetan, nahiz gurasoen/aiton-amonen hizkeran hala ez izan. Eta familia euskaldunetako umeez ari naiz. Umeez, eta ez horren umeez. Nik uste many western speakers esatean adin tarte zabala kabitzen dela hor gaur egun, nahiz ondotxo dakidan Euskal Herri barruan toki batzuetatik besteetara alde handia dagoela honetan ere. Adibidez, badakit Urolaldean bestela direla kontuak, eta ez hiztun gazte eta helduetan bakarrik, baita neskakoskorretan eta mutilkoskorretan ere.
Eta mendebalekoak ez diren hiztunekin zer gertatzen da? Eusten ote diote -(r)en burua egiturari? Trask-en pasartean, mendebaleko hiztunei bakarrik egiten zaie erreferentzia, bitasunak Ipar Euskal Herrian tokirik ez balu edo gertatuko ez balitz bezala. Jakin-mina duenarentzat, orain-oraingo datuekin azal dezagun zein den gaur egungo egoera Iparraldean, azaletik bada ere. 2013-02-12ko sarreran aipatu nizuen ahozko corpusa erabiliko dut erakutsi nahi dudanaren oinarri (www.norantz.org), honelako bitasunak eta orokorrean berrikuntzak agerian jartzeko lanabes egokia delakoan. Gure galdetegiko bi galdera bakarrik hartuko ditut adibidetzat, luzeegi joan ez dadin kontua, hain zuzen Trask-en goiko adibideetako bi aditzak kontuan hartuta: maite izan eta ikusi.
Gatozen lehenbizikoarekin.
C32 galdera- Je ne m’aime pas beaucoup.
Orduko hartan kontatu nizuen bezala, Iparraldeko 59 lekukori galdetu genien frantsesezko perpaus horiek euskaraz nola esango lituzketen, eguneroko jardun arruntean. C32a honela euskaratu zuten gure berriemaileek:
- 60 urtetik gorakoetan (guztira 15 informatzaile), denetatik denek -(r)en burua egituraren bitartez: Eztut biziki maite ene burua, eta antzekoekin (hitzordena eta hiztegiko edo ahoskerako aldaera txikiren bat gorabehera, tokian tokiko kolorea emanez).
- 40-60 urte arteko berriemaileak 12 izan genituen guztira, eta horietatik bik ez beste guztiek erabili zuten -(r)en burua. Hori erabili ez zuten bi lekukoek itzulpen hauek eman zizkiguten:
- Ez naiz biziki gustatzen (emakume amikuztarra, 54 urtekoa, frantses hutsean eskolatua).
- Ez naiz ainitz maite (emakume baxenabartarra hau ere, 51 urtekoa, frantsesez eskolatua eta urte askoan Euskal Herritik kanpo bizi izandakoa).
- Azkenik, lekuko gazteenekin honela atera ziren kontuak: guztira 32 gazteren datuak bildu genituen (18-35 urte artekoak denak), eta Ez naiz biziki/ainitz/asko maite erantzun zuten horietako 13k, tartean etxe euskaldunetako eta hiru probintzietako lekukoek: Zuberoan, Lakarri eta Santa-Grazikoak; Nafarroa Beherean, Behauze eta Baigorriko bik; Lapurdin, Sara, Milafranga, Azkaine, Kanbo, Hendaia eta Baionako bik. Gainerako 19 gazteek -(r)en burua egitura erabili zuten goiko perpausa euskaratzeko eskatu genienean.
Trask-en goiko aipuan irakurri berri dugu maite izan bezalako aditzekin ez dela erabiltzen forma iragangaitzik, edo ezin dela, baina, alde batetik, badira 10 urte Gramatika argitaratu zela, eta, bestetik, gaurko hiztun arrunten ahozko datuak ikusiz, argi dago gertatu gertatzen dela, eta ez Hegoaldeko hiztunetan bakarrik. Bat-bateko 59 erantzunetatik 15 kasu gehitxo lirateke kontrakoa esateko.
Bigarren galderaren kasuan, oraindik emankorragoa da forma iragangaitza, edo honen aldeko joera:
C33 galdera- Vous vous êtes vu dans ce film?
- 60 urtetik gorakoetan, bakarrak erabili zuen: Ikusi zira filma horretan? Gainerakoek, espero genuen bezala, Ikusi duzu zure burua filma hortan? itzuli zuten perpausa, berriz ere hitzordena edota hiztegiko aldaeraren bat gorabehera.
- 40-60 urte artekoetan, 3k (lehengo biek eta hirugarren emakume batek) erabili zuten forma iragangaitza, eta 9k -(r)en burua.
- Azkenik, 18-35 urte arteko 32 gazteetan, 17 gaztek itzuli zuten Ikusi zira filma hortan?, eta gainerako 15ek -(r)en burua egituraren bidez.
Nabarmentzekoa da azken multzo horretan gehiagok erabili zutela forma iragangaitza, -(r)en burua baino. Berriz ere ohartarazi behar da datuen elizitabide nagusia itzulpena izateak ekar ditzakeen ondorioez, baina, halere, 32tik 17 ez da inola ere hutsaren hurrengoa. Batzuetan, gainera, hiztuna jakitun da kontraste garbia dagoela belarriak entzuten duen horren eta ezpainetatik ateratzen zaionaren artean, ingurumena eta solaskidea nolakoak dituen. Aukera baldin badaukazue, entzun, bestela, JOAI[2] lekuko gaztearen erantzuna, C33ko itzulgaia bota nionean: lotsatuta bezala, parre txikiak ateratzen zitzaizkiola, aitortu zidan etxekoek bestela erabili arren berak Ikusi zira filma hortan? errazago esango lukeela, «itsuskeria» iruditu arren, bere hitzetan esateko.
[1] Hualde, J. I. & Ortiz de Urbina, J. 2003. A grammar of Basque. Mouton de Gruyter: Berlin. 160. or.
[2] Neska garaztarra, 1983an jaioa, familia euskaldunekoa eta 18 urte arte euskaraz eskolatua, murgiltze sisteman.