Uste dugunetik dakigunera, bitxikeriatik normaltasunera

Gorka Lekaroz Mazizior

«¡Qué pintoresco!», bota zigun duela hainbat urte Gaztelako emakume ikasi samarrak atzerrirako bidaia batean, emaztea eta biok euskaraz mintzatu ohi ginela esanda. Euskara, ulertezinaren ulertezinez eta bitxiaren bitxiz normaltasun osoz erabil daitekeela sinesteak berak lanak ematen dituen hizkuntza. Euskaraz aritze hutsak autobus bete turista japoniar argazkizale erakarri beharko balitu bezala.

Topikoa besterik ez da nik japoniarrez erabili berri dudana, baina euskararen ingurumarian badira horrelako beste asko. Euskal Herritik landa jaiotako adiskide on batek, esaterako, urteetako harremana eta elkarrenganako errespetua gorabehera, ez du gaurdaino lortu euskarak luzaroan iradoki izan dion tasun topikoa («hostil») gogotik zeharo uxatzea. Nola edo hala, erraietaraino sarrarazitako zerbait omen da beretzat eta beste hainbatentzat.

Folklorismoak eragindako irudi oker baina arinak direla, edota mezu ilun eta mingarriagoa daramaten asmazioak, aski ezaguna da ezjakintasunaren hegalpean hazitako hamaikatxo erreakzio eragin izan duela –eta eragiten duela– euskarak kanpoan; ez derrigorrez gugandik oso urrun.

Kanpoan bakarrik, ordea? Gurean ez? Seguru asko, geu ere euskararen inguruko hainbat uste erdi ustel sinetsita bizi gara. Eta haietako zenbait pozarren eta harro sinetsita, esango nuke.

Euskara hizkuntza bitxi, ezohiko eta arrarotzat jo izan dute kanpotar ugarik historian zehar. Euskal hiztegirik zaharrena utzi zigun Aymeric Picaud erromesak beste anitzek jarraitu duten arrasto sakona utzi zuen Erdi Aroan:

Sique illos loqui audires, canum latrancium memorares
(Hizketan entzungo bazenie, zaunka ari diren zakurrez oroituko zinateke)

Ez ziren hitz gozoak izan, bistakoa da. Baina esaldi horri onartezin iritziko liokeen etxeko askok ere, ez al du Aymeric Picauden hitzei darien euskararen arrarotasun uste hori bera baliatzen, hizkuntzaren goresgarri oraingo honetan, jatorri ezagunik gabea, hain zaharra (?) edo besteak ez bezalakoa (??) izatea meritu bailitzan?

Eta ez dira zuzenak, gainera, euskara deskribatzeko (goratzeko zein gaitzesteko) erabili ohi diren argudio horietako asko; ez da egia beste guztien aldean hizkuntza arraroa, bakartua edo zaharra dela. Horren adibide da, esaterako, perpauseko elementuen arteko ordena. Horri dagokionez SOV hizkuntza da euskara (subject-object-verb), albo-hizkuntzak ez bezala:

Mikelek (S) sagarrak (O) jan zituen (V)
Mikel (S) comió (V) manzanas (O)

Euskararen ordena ez da inguruan ohikoa, beraz; baina pentsa genezakeen baino askoz arruntagoa da. Euskararen ezaugarri hori ez da horren bitxia, ezta hurrik eman ere. Are gehiago, euskararen hitz ordena da usuena, eta ez bizilagunena, Europa mendebaldeko txokotik aldendu eta mundu zabaleko mintzairei so eginez gero:

gorka mapaGorka datuak 3Gorriz adierazitako auzo-hizkuntzekin erkatuta ezohikoa da euskara (eta ez ditu nolanahiko auzoak, esan gabe doa); ez, ordea, munduko hizkuntzen aniztasunaren argitan ikusiz gero.

Badu euskarak hari normaltasunez begiratu beharra, etxetik bertatik hasita. Ez erabilera egunetik egunera normalizatuagoa izan dadin bakarrik; baita hizkuntza den gisan ikusteko ere –gainerakoen pareko beste bat bezala, alegia– eta jakintza berriarekin baino gehiago mito zaharrarekin lotutako alferrikako apaingarrien pisua arintzeko. Mezu hori helarazi zigun joan den otsailean argudio ederrak lagun zituela Ekaitz Santaziliak, 2015ean zehar Gasteizko Oihaneder Jauregian burutzen ari den Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera mintegiaren karietara.

UEUk eta Aziti Bihia elkarteak eskainita, euskararen, haren historiaren eta filologiaren inguruko ikerketak zertan diren jakiteko aukera ederra eskaintzen ari da abendura arte iraungo duen mintegia. Euskarari buruzko uste erdi ustel horiek ehundutako jantzi zaharrak erantzi eta bitxikeriatik normaltasunerako inolako urratsik emango bada, euskaldunok ekin behar genioke bide horri inork baino lehen. Gasteizkoa bezalako ekimenek erraztu egingo dute zalantzarik gabe ezinbesteko lan hori.

Zehaztasun beharrari, esker onez

Gorka Lekaroz Mazizior

Euskararen ibilbidea ikergai dutenek biziki eskertuko lukete aurreko mendeetan idatzitako testuen uzta oparoagoa izatea. Oparotasun eza, ordea, ez dagokio kantitateari bakarrik. Baita, sarritan, izkiriatu zenaren aniztasunari ere.

Zalantzarik gabe, asko zor diete ikertzaileek fede-heziketak eragin zituen testuei. Eliz agintarien jokabidea gehienetan ikuspegi praktiko hutsak gidatu bazuen ere —eta ez euskaltzaletasunak— beharrezko zuten euskara, beste hizkuntzarik ez zekien herria ebanjelizatuko bazuten; eta filologoentzat oso baliagarriak diren lekukotasun idatziak ekarri zituen behar horrek. Edonola ere, begi-bistakoak dira lekukotasun horien mugak: erlijio-lanak doktrinak direnean, erreferentzia-testu berberaren edo bertsuen itzulpenak dira sarritan. Konparaziorako interesgarria izan daiteke hori, baina aniztasunaren aldetik ez da albiste ona: ez dute testu-ondarea asko aberasten. Itzulpen hutsak ez, baizik eta norberaren uztakoak diruditen hango eta hemengo prediku ugari ere heldu zaizkigu, baina ez dute halakoek ere mugarik falta. Esate baterako, erabilitako estilo jasoak haietako hainbat herriko mintzotik urrundu zituelako susmoa; edota eskaintzen duten hiztegia, neurri handi batean, esparru jakin batzuetara mugatua egotea.

Erlijio zereginek eragindako testu-ondarearen mugak agerikoak badira, zer esango dugu agintari zibilek sorturiko euskal idazkiei dagokienez? Aurrekoen aldean halakoak hagitz gutxi direla, hasteko. Badakigu  administrazioak, salbuespenak salbuespen, ez zuela euskarazko izkribuak ekoizteko inolako beharrik sentitu. Ezinbestekoa zen euskara, haatik, notario baten aurrean konpondu beharreko gorabehera gehienetan, agiriren bat eskuratu beharra edo auzi batean deklaratzeko agindua zutenek huraxe baitzuten usu hizkuntza bakarra. Notarioak erdaldunak zirenean, hartara, nahitaezkoa zen itzultzailea; eta euskaldunak izanez gero haiek arduratzen ziren paperean gaztelaniaz idatzi zuten hura euskaldun elebakarrei jakinarazteaz:

…fuele leydo por mi el presente escrivano de verbo aberbum como en ella se contiene y dado entender en lengua bascongada a la dicha Mari Ochoa… (Agurain, 1576)

Pentsaezina zen Aro Modernoan zehar notario batek eskritura euskaraz ematea, ama-hizkuntza izanik ere. Baina hainbat prozesu zibiletan notario-zereginari berari darion zehaztasunak —nork zer adierazi duen hitzez hitz jakinaraztearen garrantziak, alegia— eragin zuen euskararentzako aukeratxoa: inork esandakoa zorrotz bildu beharrak gainerakoan transkribatzailearentzat garrantzi berezirik ez zukeen herri-hizkuntza arretagune bilakaturik, zirrikitu txiki baina ezin interesgarriago hori baliatu dezakegu tarteka erdarazko prozesuen bidez behinolako euskara mintzatura pittin bat hurbiltzeko.

Balio berezia dute, esaterako, herritarren arteko liskarrak eta irainak biltzen dituzten idazkiek. Gutxitan bezala agertzen da halakoetan eguneroko mintzoaren oihartzuna eta elkarrenganako ezinikusiak eragindako esapideen zaporea: apez alaba, apezgoitia, adaburua, ardankopa matela, erroi zaharra, andurra, apo sorgina… XVI. mendeko agirietatik ateratakoak dira horiek guztiak.

Esandakoaren erakusgarri, aipatu mendeari dagozkion Nafarroako bi adibide eder ekarri nahi ditut hona. Tafalla ondoko Puiu herrian, 1596ko igande batez, liskar gogorra izan omen zen Martin Alzorriz eta Juanes Esparzaren artean; odolik ere bai, sastakai eta guzti egin baitzioten eraso elkarri bizilagun biek, eta epaiketa eragin zuten gertakari haiek. Martin Leoz izeneko batek ikusi zuen bi puiutarren arteko borroka eta horren lekukotasuna eman zuen:

…entre otras palabras que entre ellos decian y hablaban, oyo y comprendio este testigo que el dicho Juanes de Esparza, herido, decia al dicho Martin de Alzorriz en bascuence de esta manera: heure bician estuc trataçen falçuquerietan bayçe; que quiere decir: en vuestra vida no tratais sino en falsedad.

Ameskoako Bakedanon, bestalde, hogeita hamar urte lehenago, karta jokoak eragindako beroaldi batek ika-mika latza eragin bide zuen, eta horren ondorioz auzitara eraman zituzten herriko hainbat gizaseme. Pedro de Oyarzun eta Martin Gonzalez izenekoak dira interesgarrienak: gizon noble eta zentzuzkotzat zuten Oyarzun, prozesuan eginiko deskribapenaren arabera, eta Gonzalezek, aldiz, bestearen aurkako borondate txarrak gidaturik jokatu zuela irakur daiteke behin baino gehiagotan. Oyarzunek jokoan iruzur egin izana leporatu zion Gonzalezi, eta ustezko iruzurgileak salatzaileari bota zizkionak kontu handiz jaso zituzten:

..a esto respondio el dicho Martin Gonçalez, yo puedo hablar lo que hablado y ablare aunque topase, dollorr, traidore seme, puta seme, ques deçir, suçio ruin, hijo de traydor, hijo de puta, que es la mas grabe ofensa e ynjuria que de palabra se puede hazer y mal dixo, lehenere beguietan haducat eta guero vada lehen vada ene escuetaric joanen haiz, ques deçir, yo te tengo antes de agora sobre ojos y sea antes y sea despues, tu as de morir en mis manos o por mis manos…

Argi dago agiri hauetan eta antzeko beste askotan funtsezkoa izan zela auzitara eramandakoek elkarri esan zioten hura hitzez hitz ematea. Zehaztasun behar horren faltan nekez iritsiko zitzaigun behinolako euskararen oihartzun xume bezain baliotsua, bere apalean interes handiko bitxi ederra; are interesgarriagoa gaur egun ez dagoelarik —ez Bakedanon, ez Puiun, ez beste leku anitzetan— bertako euskara inoren ezpainetan entzuterik.

Azken hitz bat. Honako hau idazteko, atzoko zehaztasun behar hura bezain ezinbestekoa da gaurko ikertzaile nekaezin asko agiri zaharretan lastoa eta bihia bereizteko egiten ari diren lan handi, isil eta sarritan esker txarrekoa. Ricardo Urrizolari zor diogu Puiuko lekukotasuna; Fernando Maiorak bildu du Bakedanori dagokiona. Mila esker haiei eta ber gisan dabiltzan gainerako guztiei.

Lapsus calami

Gorka Lekaroz Mazizior

lapsus

Psik. Hitz egitean edo idaztean hitz egokiaren ordez, beste bat, okerra, erabiltzea. Errakuntza idatzizkoa denean lapsus calami deritza.

Zorigaiztoko bidelagun ditugu denok idatzizko akatsak, baina batzuetan besteetan baino ondorio larriagoak ekar ditzake paperean edo pantailan isuritako errakuntzak. Ez da gauza bera erostekoen zerrendan garbikaria idatzi nahi zuenak garbaria idaztea —okerrenera jota, zer erosi nahi zuen ezin asmatu ibiliko da halakoa— eta ekaineko hautaproban erantzuna ongi zekien ikasleak elektroiak adierazi nahi eta oharkabean protoiak idaztea. Itzulpenak edota ikerketa-lanak prestatzen dituenarentzat, hizkuntza lanabes edo lanbide duenarentzat, gainbegiratua gainbegiratzera behartzen duen etsaia da lapsusa, areriorik gorrotatuena akaso, enegarren errebisioaren zirrikitu artetik ere agertzeko gauza baita.

Behinolako idatzizko lapsus askok, inork haien izatea ezin antzeman eta, betiko iraun dezakete. Tarteka, lapsusa baden ala ez den jakiterik ere ez dago; hapaxen inguruan, adibidez. Hizkuntza guztiek dituzte hapaxak, corpus idatzian behin besterik dokumentatu ez diren hitzak edo aldaerak. Esate baterako, 1502ko agiri baten bazterrean urte batzuk beranduago idazkera zabar samarrez esku anonimo batek idatzitako enasquea (‘el canal’) edo encapelua (‘el bastidor’) euskal hitzei dagokienez, nahiko lan izan omen dute adituek idatzitakoa hori dela, eta ez beste zerbait, erabakitzeko. Sekula ez dira gaur arte hitz horiek beste inon agertu. Guztiz zuzenak izan daitezke; baina tartean idatzi zituen eskuaren balizko akatsen bat egon bazen ere, nekez argudiatu ahal izango da horrelakorik lekukotasun berriek argitu ezean.

Beste batzuetan, lapsus calami baten eraginez sortutako uste erdi ustelak betiko ez, baina luzaroan iraun dezake, eta okerreko ondorioetara eraman, harik eta zerbaitek errakuntza agerian jarri arte. Horren erakusgarri, euskarazko egile zahar batekin lotuta dagoen adibidea ekarri nahi dut gaur hona.

Duela ia bi mende, hogeita sei urteko euskaldun bat apaiztu zen beste asko bezala Iruñeko gotzain-jauregian: 1827ko ekaina zen. Apaizgintza ostean, Orlagatu mendiaren magalean hazitako gazte nafar hark sorterritik gertu burutu ahal izan zuen lehendabiziko abade-lana: mendiaz bestaldeko Itzalle herrian, Zaraitzu ibarrean. 1827ko azaro partean ekin bide zion egitekoari. Apez gaztearen izena Francisco Benito Gil Tabar zen.

Herri euskalduna zen artean, gaur ez bezala, Gilek ezagutu zuen Itzalle hura; bere sorterria baino are euskaldunagoa. Itzallen gazteek bazekiten oraindik euskaraz, eta heldu zein adineko askok ez zuten beste hizkuntzarik erabiliko. Hori dela eta, ziur asko, euskarazko doktrina baten beharra sentitu zuen abade gazteak eliztarrak hezitzeko. Gustukorik eskura ez nonbait, eta Gilek berak ekin zion doktrina paperean jartzeari. 1827ko abenduaren 14an, lanaren izenburua izkiriatu zuen Itzalleko bikario berriak doktrinatxoaren lehendabiziko orrialdean:

Doctrina uscaras Dn Benito Gil escrivituric vere governuaren daco. Yzallen Avenduaren amalaurgarrenean, urte mila zazpitan eun eta ogei eta zazpietan.

Errakuntza potoloa utzi zuen ordea aurkezpen hartan, lehendabiziko lerroko ergatibo faltaz haratago. Idazkiaren data zehaztu nahi eta oharkabean ehun urte atzerago joan zen Gil, 1727ko abendura. Ondoren idatzi beharreko ogei eta zazpietan horrek aldez aurretiko akatsa eraginda? Hanka sartzea ez da arrazoitzen erraza… baina hanka sartzea bada, izan, eta ez nolanahikoa: Benito Gil 1801ean jaio zen, 1824tik aurrera hartu zituen eliz ordenak eta 1827tik 1833ra aritu zen Itzalleko abade, hainbat urte beranduago herri hartara bertara itzuli zelarik. Gilen inguruko albiste guztiak bezain XIX. mendekoa da erabili zuen hizki dotorea ere. Letra ez da noski artxiboetako albisteak bezain argudio objektiboa, baina harexek eragin zuen Gilek data oker eman izanaren lehendabiziko susmoa.

Itzalleko abadeari buruz ez genekien gaur arte hark doktrinatxoan idatzitakoa besterik; horrenbestez, Gilen lapsusak hura okerreko parametroen arabera sailkarazi digu. XVIII. mendekotzat genuena XIX.ekoa da, ez dagokio euskara zahar eta klasikoari (1600 eta 1745 bitartean idatzitakoari, alegia), ordutik 1890era arteko lehen euskara modernoari baizik.

Lapsusa ilunpetik atera izanak badu beste ondorio kronologiko bistakoa: aurrerantzean ezin esan Itzalleko doktrina zaraitzueraz idatzitako testurik zaharrena denik, badirelako XVIII. mendeko lekukotasun zenbait orain dakigunaren arabera Gilen testu hura baino aspaldikoagoak direnak. Baina denboran ez ezik, espazioan ere ekarri du ondoriorik lapsusa argitu nahirik idazlearengana hurbiltzeak: izan ere, Benito Gil ez zen ez Itzallekoa ez zaraitzuarra, pardixa baizik, Urraulgoitin sortua. Adoaingo Aita Esteban baino zazpi urte eskas zaharragoa, eta predikari kaputxino ezagunaren herri bereko kaleetan kozkortua. Egun hamar biztanle ere biltzen ez dituen Adoainek, bere txikian, bi idazle eman zizkion beraz euskarazko literaturari.

Benito Gilen biografia osatze bidean dago gaur. Egilea hobeto ezagutzeak eta hark idatzi testua datu berrien arabera berraztertzeak eman lezake agian Zaraitzu eta Urraulgoitiko mintzoen arteko harremanari buruzko argitasun berririk. Nolanahi ere, eta gaurko mintzagaira itzuliz, bada nire ustez honetan guztian hausnarketa interesgarria egiterik: zortzitik zazpira letra gutxi batzuk baino ez daude, zinez tarte txikia. Baina handia da batzuetan halako tarte txiki batek eragin dezakeen ustearen okerra.

Ferminen oroitzapenak

Gorka Lekaroz Mazizior

Zaraitzuko mintzo zaharra galdua da gaur. XX. mendearekin batera jaio ziren herririk euskaldunenetan zaraitzuera aise emateko gauza izan ziren hondar labealdiko hiztun gehienak. Haien hizkera gizaldi hartan zehar eskastu, ahuldu eta itota, XXI.aren hasieran ari dira itzaltzen gurasoen euskararen kondar batzuk nola edo hala gorde dituzten azken lagunak. Jaurrietako Nieves, esaterako, joan den udan bertan.

Haranaren hegoaldeari aurretik egin zion ihes bertakoak, Zaraitzu ibaian gora zabaldutako erdararen uholdeak aspaldiko mintzamoldea lehenago higaturik. Ez askoz lehenago, ordea.

Herri txiki-txikiek osatua da Zaraitzu hegoalde hori. Otsagabia, Irati… jende askok ezagutzen dituen toki-izenak dira. Ezezagunagoak dira Sartze, Gorza, Igari, Itzalle, Izitze edo Uskartze, herrixka eder eta azken hamarkadetan penagarri hustuak: amaitzear den negu hau hogei bat herritarrek baino ez dute eman Itzallen; hamabostek-edo Igarin edota Sarzen; apenas zazpik Gorzan. Lauk Galozen.

Horietako batean jaio zen eta bizi da Fermin. 90 urte ditu eta bere herriko adintsuenetakoa da; asko da hori egunerokoan ia gazterik ez duen inguru hartan.

Ferminek gaztelaniaz baino ez zuen ikasi. Gaztea zelarik itzali zen euskara bere sorterrian, beste hainbat tokitan bezala isil-isila, lotsak nonbait, bertakoek ere unearen kontzientzia garbirik izan gabe. Ferminen adinkide guztiak erdaldun huts hazi ziren, ordurako hizkuntzaren jarraipen-katea betiko etenda, nahiz eta azken belaunaldi euskalduna ezagutzera iritsi; bizi da oraindik Ferminen herrian Rekalde edo Tejedor etxeetako hondar hiztun izan zirenen berri eman dezakeenik. Gogoan du berak aiton-amonak euskaldunak zituela, baina gogorapen lausotuak dira euskarari buruz dituenak, asko eta asko joan baitzaizkio igarotako denboraren eta hizkuntza itzal artean iraungi izanaren maldan beheiti.

Orain, hainbat urte beranduago, Ferminengana hurbildu eta herriko azken euskaldunak zein izango ote ziren galdetzeak akuilaturik, euskararen inguruko oroitzapenak pizten saiatu da eta paper batean bildu ditu behinola ikasi eta atzendu ez dituen euskal hitzak. Hiztegi xumea itxuraz, paper-orri apalean idatzia. Garai batekoa gogora ekartzeko ahalegina, denborak eta ahanzturak den-dena eraman baino lehenago.

Berrogei bat hitz atera ditu oraingoz memoriaren barrunbeetatik. Arruntak eta kolore berezirik gabeak batzuk, ia edonongo euskaldunak eman zitzakeenak: elurra, hotza… Nola edo hala gordetakorik ere bai tartean: gariko, adibidez, ‘trigo’ itzultzeko. Eta baita zehatzagoak edo zaporetsuagoak direnak ere: txakurtegui, ‘rincón de perros’ erdaldunaren ordain.

Captura de pantalla 2015-03-08 a las 19.40.52

Fermin hiru-lau urtez aritu zen lanean Aezkoako Abaurregainan, Zaraitzu ibarra baino euskaldunagoa izateaz gain bertakoa oraindik ere zeharo galdu ez duen herrian. Han ikasiak ote dira, eta ez jaioterrian, Ferminek paperean isuri dituenak? Lagunduko zion beharbada Abaurregainako egonaldiak euskarari arreta handiagoa ematen, baina gogoan duen guztia behintzat ez da aezkoarra, ezta hurrik eman ere. Mendiguiblea ‘monte de atras’ dela gorde du gogoan. Gorza herriko toponimoa da, eta bigarren osagaiko giblea ‘gibelea’ horri, sinkopa eta guzti, Zaraitzuko lexikoaren eta fonetikaren zaporea dario, Ugalderna ‘al lado del rio’ hitzaren amaierari bezala. ‘Amona’ eta ‘aitona’ esateko ikasi zituen Amurcia eta aitaborce ere (eta ez aitautxi, amatto edo amiña) nekez ikasi ahal izan zituen Aezkoan: Otsagin horiexek berak jaso ziren eta iparraldean bezala Zaraitzu hegoaldean ere erabiliko zituztela esan nahi du seguru asko.

Hiztegitxo apala da Ferminena, baina Sarze-Gorza-Galoze inguruko euskara entzun zuten azkenak oraindik bizi direla ari zaigu gogorarazten; Espartzatik beheitiko euskaldunen izenak orain arte jaso ez badira edo haien jarduna grabatzera garaiz iritsi ez bagara, ez duela horrek esan nahi Zaraitzuko Atabean euskara Erdi Aroko edo XVIII. mendeko kontua denik.

Hainbat zaraitzuarrek, nola edo hala, haien hizkuntza-ondarea zeharo galtzen ez uzteko ahalegina egin izanaren erakusgarri ere bada. Ez da Ferminena azken hilabeteotan ezagutu dudan bilketa-saio bakarra. Ezkarozeko Pichón etxeko amurtzia Simonak, 1979an hil baino lehen, euskarazko hitzak jarrarazten zizkion ilobari koadernotxo batean, ahaz ez zitezen. Penaz, agian, bazekielako Simonak bere alaba zaharrena zela amaren euskera ulertzeko gai zen bakarra, eta gainerako seme-alabak horretarako ere ez zirela gauza.

Zaraitzuko uskarara galdu egin zen, bai. Isil-isilik hainbat herritan, garaiz kanpoko erlikia balitz bezala. Baina ez galera horrek oinazerik eragin gabe. Azken hiztunetako askori, eta hiztun bihurtu ezinik gelditutako hainbat ondorengori.

Antzinako egileak itzultzaile eta moldatzaile

Gorka Lekaroz Mazizior

Aspaldiko euskal idazleek utzitako testu-ondarea XXI. mendean ere apurka-apurka hedatuz doan arren, badakigu ez dela nahi genukeen bezain zabal, aspaldiko eta anitza. Urria da, hainbatetan konparagaiak falta direlarik; berriegia, Aro Modernoaz aurretiko gau luzean apenas argi-txinparta batzuk eskaintzeko modukoa; eta neurri handi batean literaturatik urrun ziren interesek eragindakoa, gainera. Are urriagoa litzateke, jakina, itzulpen-moldaketa diren lekuko idatziak alde batera utziko bagenitu. Besteren baratzekoa norberarenera eramate hori ohikoa da mundu zabalean, baina gurean itzulpenerako joera horrek badu zerikusirik testugintza eragin zuen arrazoi nagusiarekin: herri xehea fedean aitzinatzearren hainbat eta hainbat elizgizon euskaraz idaztera bultzatu zuen orduko erlijio-ikuspegi hertsiak berak ezinbestean eragin zuen ustez aldagaitza zen Jainkoaren hitza eta eliz autoritateen esanak zeuden-zeudenean ematea.

Leizarragaren lana da horren guztiaren adibiderik zaharrena. Testamentu Berriaren itzulpenari lotu zitzaionean, euskararen aniztasunak eta ordura arteko itzulpen-eredu ezak ulertarazi zioten aurrez aurre zuen erronkaren handitasuna. Lanari uko egiteko adinakoa, ia:

Guti falta zedin non ezpainendin xoil gibelera, nakusanean hanbatez ene entrepresa handiago, zenbatez nik eskribatu dudan lengoaje mota baita, esterilenetarik eta dibersenetarik: eta oraino, translationetan behinzat, usatu gabea.

Bazekarren ordea Leizarragaren egitekoak bestelako desafiorik ere, eta ez nolanahikoa: interpretaziorik edo desbideratzerik txikiena onartzen ez zuten testuinguru hartan testu sakratuak ortodoxiatik inola ere aldendu gabe euskaratu beharra, itxaronez horrela Joana erreginak emandako enkargua behar bezala beteko zuela,

Iainkoaren hitz purak ukanen luela sartze eta abanzamendu Heuskal-herrian: eta hunetakotzat zu Andrea, hunez zerbitzaturen zinadela tronpeta baten anzora, zeinez Iainkoak deitzen baitzaitu hala zure Nafarroako resuman ere Satani gerla egitera, nola egin eta egiten ere baitraukazu zure dominationeko berze leku guzietan.

Beskoiztarraren zenbat lan-ordu hartuko zituen agindutakoari zerion zorroztasun maila gehigarri hura eman eta Iainkoaren hitz pura zegoen-zegoenean itzultzeak? Arroxelan 1571n argitaratu liburuaren hasierako Heuskaldunei atalean lapurtarrak bere burua zuritu beharra sentitzeko bezainbeste bai, behintzat:

Iainkoaren hitz purari iarreikiteko desira dutenek, esporzu dugu eridenen dutela (suporturekin) zerzaz kontenta.

Jainkoaren hitza hedatzea eta Elizako doktore nagusiek emandako ikasbidea zabaltzeari horrenbesteko garrantzia eman zion gizarte hartan, Leizarraga bezala, ondorengo elizgizon idazle ugari izan ziren sortzaile baino itzultzaileago; eta moldatzaile ere bai haietako asko, eredua hitzez hitz isuri beharra hain ezinbestekoa (edo katekesirako hain komenigarria) ez zenean.

Hamaikatxo euskal itzulpen eragin duen ebanjelizazio testu klasikorik bada, Gaspar Astete jesuita gaztelarraren doktrina izango da beharbada. XVIII-XIXetan Irazustak, Mendiburuk, Elkanoko Lizarragak eta beste askok eta askok baliatu zuten eredu gisa. Asteteren egunetan Inkisizioak ezarritako mugarik hertsienak malguturik (debekatua zegoen XVI. mende amaieran herri-hizkuntzetako testu-sorkuntzan edo itzulpenetan ebanjelioetako pasarterik idaztea) askatasun handixeagoz jokatu ahal izan zuten geroko euskal idazle zaharrek, baina eliztiarrek galdera-erantzun bidez ikasi beharreko doktrinek ez zuten itzultzailearen moldaketa-lanerako tarte handiegirik uzten.

Doktrinak bezala buruz ikastekoak ez ziren beste testu mota batzuetan, ordea, komenigarriagoa izan zitekeen jatorrizkoa hitzez hitz isuri beharrean tokian tokiko fededunen egoera kontuan hartzea, eta moldaketarako tarte handiagoa egongo zen. Horrelakoak dira, esaterako, ezkontzera zihoazenentzako testuak. Rituale Romanum izeneko erlijio-idazki multzoak biltzen zituen, beste askoren artean, ezkontideei irakurri beharreko deiak, baina Espainiako tradizioan dei haiek eliztiarren hizkuntzan irakurtzeko ohitura zegoen, ez latinez; eta herri euskaldun elebakarretako bikarioek horren araberako euskal bertsioak behar zituzten. Testuinguru horretan txertatu beharra dago ezkontideentzako dei horien hainbat euskal moldaketa agertu izana, garai eta inguru bertsuari dagozkionak; Erritualaren edizio ezberdinak izango zituzten ausaz oinarrian, baina horretaz gain egileen moldaketa-borondatearen isla ere badirudite:

Ematendu gracie errecibitcinduenari conciencie garbierequi; garaizentu ezconduen ertean izeten diren dificultade, eta pesadumbre guciec, eta ematendu gracie cumplizeco Matrimonio sanduec dituen cargac, eta obliguecioac (Nuin, Txulapain, 1826)

Lan ontara conciencia garbiequi, ta ongui prestatuta elduderenei, ematen diote Jaung[oico]ac elcarren artean baquean vicitzeco, vici modu ontan izan oi deren neque, trabaju, ta naigabeac ariñ eremateco, ta beren gain arcen duten obliguecioari cobru emateco, behar duten gracia (Untzu, Txulapain, 1800 ingurua).

Anima garbiarequin recibizen duenei, ematen diote gracia garaiceco Estadu-onec verequin dacazquien gaiz, eta nequeac (Sorauren, Ezkabarte, 1800 ingurua).

Komenigarria zen testu haietan unean uneko entzuleen nondik norakoa kontuan hartu eta esan beharrekoak haiei egokitzea; baina aldi berean ez ziren gutxi izango (zehaztasun beharrak, zuzentasun-egarriak edo erosotasun hutsak eraginda) ebanjelizazio lanean besteren esanak ziren-zirenean ematera joko zuten elizgizonak. Horrexegatik, XVIII-XIX. mendeetako sermoigintza-lanetan itzulpen eta moldaketa ugari dago, zalantzarik gabe. Zaila da ordea jakitea zein testu edota egile izan zituzten eredu ohikoago guregana iritsi diren lan haien guztien idazleek.

Honekin guztiarekin lotu daiteke Miguel Ignacio Armasa nafarraren adibidea. Domingotarra zen Armasa (Labaien, 1770-1814), eta ezaguna da Santo Domingok sortu zuen ordenak (ordo prædicatorum delakoak) predikaziorako isuri handia izan duela betidanik. Alcalan ikasle ibilitako Teologia-irakaslea zen gainera labaiendarra, eta pentsatzekoa da gizon irakurria eta ikasia izango zela: ez da harritzekoa, horrenbestez, leku eta hizkuntza ezberdinetan —Kantabrian, Araban, Nafarroan, gaztelaniaz zein euskaraz— esan zituen sermoiak agertu izana.

Bistakoa da euskarazko idazkietan eredu bat baino gehiago izan zuela; haien artetik XVI. mendeko Frai Luis de Granada da nik hona ekarri nahi dudana, Armasaren inspirazio-iturri argia izateaz gain sarritan aipatu delako egile hark Axularrengan izan bide zuen eragina ere. Domingotarra zen Granadakoa, Armasa bezala, eta aspaldikoa izan arren ordenakideen artean itzal handikoa zenez ulergarria litzateke Labaiengoarentzat lehen mailako erreferentzia izatea. Erraz eskuratuko zituen Armasak Granadakoaren lanak, Alcalan ikasi zuenean edo baita Iruñeko komunitatean bertan ere: XVII. mendean ez bezala, argitalpen ugari izan zuten XVIII.enean Frai Luisen testuek, eta guztiak eman zituzten argitara Nafarroako hiriburuan bertan 1780 eta 1800 bitartean.

Granadakoak Armasaren predikuetan utzi zuen oihartzuna hainbat eratakoa izan zen. Batzuetan Labaiengoak maisuak erabilitako irudi batzuk kopiatu besterik egin ez zuela ematen du —eragin hauek dira nire ustez harrapatzen zailenak, lausoagoak eta dudazkoagoak baitira—. Beste batzuetan Frai Luisen meditazio-obretako pasarte osoak hartu eta haien moldaketa egin zuen domingotar nafarrak, jatorrizkoa bere uztako gaiekin osatuz; tarteka, azkenik, zorrotzago eman zituen Granadakoak idatzitakoak, itzulpen hutsetik askoz ere hurbilago:

Durará este galardon tantos millares de años, quantas estrellas hay en el cielo, y mucho mas. Durará tantas centenas de millares de años, quantas gotas de agua han llovido y lloverán sobre la tierra, y mucho mas. Durará mientras Dios durare, que será en los siglos de los siglos (F. L. Granadakoa, 1554).

Premio arc, bada, gloria arc iraunen dú amberce milla urte cembat izar diren ceyruan, tá gueyago. Yraunen dú amberce milla urte cembat ur tanta erori diren lurrara, tá gueyago. Ytz batean, iraunen dú Jangoycoac berac iraunen duen adiña, iraunen dú eternidade gucian (M. I. Armasa, 1810).

XVII. mendeko Axularren testugintzan bezala, XIX.aren hasierakoan ere Granadakoak, eta oro har Urrezko Mendean literatura aszetikoa landu zuten idazleek gurean izan zuten eragina erakusten digu Miguel Ignacio Armasak. Zuzeneko eragina, baina zeharkakoa ere bai: 1830eko hamarkadan, domingotarra ordurako hilik, Jose Ignacio Armasa iloba apaiztu berriak osabaren testu batzuk hitzez hitz kopiatuz sortu zituen bere lehendabiziko sermoiak, Frai Luisen arrastoa bertan eramanez. Gai interesgarria litzateke erdaratiko erlijio-itzulpen haietako askok euskararen baitan egin zuten ibilbidea aztertzea, ibilbide hori argitzen erraza ez den arren: Labaiendik hurbil, Bertizaranako Lakoizketa apaizak berean gorde zituen XIX. mendeko predikuen artean, bada Armasak Granadakoari hartuta moldatu zituen irudiak dakartzanik ere. Erdarazko original klasiko bera izango zuen eredu Bertizaranakoak, ala Labaiengo oihartzun berriagoaren eraginez sortuko zen?

Testu zaharrak baliatzeko arazoez

Gorka Lekaroz Mazizior

Aspaldi erdaldundutako eremuetan nolako euskara mintzatu izan zen antzemateko lanabes preziatuak dira testuak; itzali den mintzotik dagoeneko atera ezin denaren isla behintzat ager dezakete, leku-izenek edota aspaldiko agirietan bildutako esaldi solteek beren labur-mugatuan nekez eskainiko duten bezainbeste. Hainbat eskualdetan, ordea, ez da horrelako testurik gorde; eta badirenetan ez dituzte denek baleko lekukoak izateko baldintzak betetzen, eta ematen duten isla hori zenbateraino den zuzena ez da erraza igartzen.

Tarteka ibar bateko euskarak halako herritan topatutako prediku bat besterik ez digu utzi, eta bakarra izanik ez dago iturriaren fidagarritasuna beste inongo idazkiren argitan zehazterik. Gainera, ez dago beti argi testuak nork edota noiz paratuak diren, eta ezin da orduan hizkuntzaz kanpoko testuingururik baliatu lekukoaren balioa finkatzeko. Noiz edo behin, harako autore hark euskarazko testuak sortu zituela jakin bai, baina idatzi zuena ez da agertu; eta behin baino gehiagotan, lekukotasuna eta egilea ezagunak direnean ere, idazleak edota idatzitakoak hainbat motatako lokalizazio-arazoak dituzte. Kasu horietan guztietan datuak falta izaten dira eta horrexegatik galdutako mintzo batzuen ezaugarri askok lausopean diraute, gehiago ala gutxiago, ezusteko aurkikuntza batek noiz ezagutaraziko. Egoera horien adibide egokia iruditzen zait gaur hona ekarri nahi dudan eskualdea: Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkaritik beheitiko ekialde nafarra.

Nolakoa zen XVII, XVIII edo XIX. mendeetan Iruñea eta Zangoza bitarteko eremu zabalean hitz egin zen euskara? Joakin Lizarragaren lan oparoari esker bistakoa da hiriburuaren sortaldean mintzo zena sartaldekoa bezain nafarra zela baina ez bete-betean eite berekoa. Tamalez, Goñerrik edo Gesalatzek emandako testu-uztaren aldean alerik ere ez digute utzi Itzagaondoak, Urraulbeitik, Untzitibarrek eta beste haran batzuek; eta Elkanotik eskuin abiatuta etsigarria da zinez Agoitz-Irunberri inguruko lekuko idatzien urritasuna. Ezin da inola ere sortu ziren testu batzuen balioa neurtu, galdu egin baitira (Tomas Fermin Artetarenak edo Jose Aresorenak) eta iraun dutenak ere gisa askotako mugek kamustuta daude: Elortzibarko Zabalegin idatzi omen zen 1785eko predikua anonimoa da, eta ibarreko lekukotasun bakarra gainera; Urraulgoitiko Aita Esteban Adoaingoa Lapurdin ibili zen eta ez zuen bere sermoietan jaioterriko nafarrera garbirik eman; Francisco Benito Gil apez gazteak Itzalleko parrokiaren ardura hartu bezain laster prestatu zuen euskarazko doktrinatxoa, eta Zaraitzuko eliztiarren mintzoa izango zuen oinarri nagusi, berea baino gehiago.

Artzibarkoa da —Eguesibarko Elkanokoa alde batera utzita, jakina— bailara osoan hobekien ezagutzen den aldaera, eta beranduagora arte iraun baitu aldez edo moldez bertatik bertara jaso ahal izan dena. Bada ordea lokalizazio-hutsunerik Artzibarko testuetan ere. Bonaparte printzearentzat 1865ean-edo doktrina itzuli zuen Juan Cruz Elizalde Arrietako maisua da iturririk fidagarriena; hark berak adierazia da bere itzulpenean Valleco uscara erabili zuela. Baina erreferentzia nagusia izanik ez da oraingoz argitu gizon hau haranekoa bertakoa edo inguruko herriren batekoa ote zen. Ez da garrantzirik gabeko xehetasuna: Beintza-Labaiengo doktrina eman zuen Mariano Erbiti, esaterako, ez zen herriko semea, Udabekoa baizik, eta Labaiengoa leial islatzen saiatu arren bestelako oihartzunik ere badu hainbatetan bere lanak. Prediku bat utzi digun Lakabeko seme Javier Ibarra Murillo artzibartarra zela, aldiz, ez dago dudarik. Orreagako kalonje izandakoaren euskarazko sermoiak bestelako muga du: egilea gizon ikasia eta heziketa jasokoa zelarik kultismoak eta hitz garbizaleak erabili izana, eta horrek herriko hizkera xehetik neurri batean behintzat aldendu zuela.

Hirugarren lekuko idatzi bat oparitu digu Artzibarko euskarak; ez baliatzeko trabarik gabea hura ere, baina aski interesgarria. 1916ko urritik 1917ko apirilera bitartean zazpi kronikatxo idatzi zituen Napartarra astekarirako Eki ezizenaz sinatu zuen egile anonimo batek: Artzibartik izena eman zien ekarpenei. Jatorria lehendabizikoan bertan utzi zuen agerian berriemaileak, ibarreko albisterik ordura arte astekarira inork bidali ez izanak sortarazten zion samina adieraztearekin batera:

An ta ortik, baserki orotik “NAPARTARRA” maite orri maiz-maiz igorten dabezte berridun idazki edo earta ederrak, emen, Arzibar-tik ez, Artzibar-arren artean euskal idazlerik ez! Zergatik unela? Eskualdunak ez ote gare?

Kronika haietako euskara, zoritxarrez, ez da XX. mendearen hasieran Artzibarren erabili bide zutenaren ispilu garbia. Hizkera arruntetik urrun ibiliko zen erregistro jasoa baliatzeaz gain, Garraldako Lapitzea lankideak ere ohi bezalako hitz garbizale ugari tartekatu zuen Ekik (aberri, abesti, Amaneskutza, elgaro, idatzki, ikastola, neurkin, orlegi, txadona…) eta baita ibarrekoak nekez izango ziren beste zenbait ere, bedar, zerate edota illabte lekuko. Gainera, polimorfismoa da nagusi ele batzuetan, eta arazorik gabe erabili zituen illabte nahiz illabete, eskuaraz zein euzkeldun. Horrekin guztiarekin batera badira artikuluetan Artzibarrekin lotu daitezkeen hamaikatxo osagai ere (dakote, duzie, nindan edo nagotan bezalako adizkiak; eben, ebetako gisako erakusleak; egu, irur edo zamari moduko hitzak…) baina azken batean Artzibarko berriemailearen euskarak hainbat iturritatik edan zuen eta sortu zituen testuak ezin dira dialektologia-lanerako erreferentzia garbia izan.

Artzibartik

Nolanahi ere, kroniken irakurketatik bestelako ondorio interesgarriak atera daitezke. Esate baterako, ibarra hiru eremutan banatu ohi zela, edota euskararen egoerari buruz emandako albisteak:

Beko errietan zaarrak baizik gere eskuaraz mintzaten direla egia da, ordez Irati-errekaldean ta seierrietakoak ze mintzoa erabiltzen dute? Ez eskuara? Bai, egiaz alege-ituna da egunerik egunera gutiago entzuten dela, ta, castellano, erdeldun berorrek aditu ezlizaken, erdara mordol-mordollez mintzaten direla guziak, apaiz, irakasle, gizon ta emakume…

Ibarraren iparraldeko Saragueta, Arrieta, Hiriberri, Lusarreta, Imizkotz eta Urdirotz izango ziren noski Seierriak; erdalduntzat jotako Beko Erri haranaren hegoaldea zen, eta Irati-errekaldea Orotz-Azparren ingurua dela ematen du. Euskalduntzat jo zuen Ekik eremu hura, Seierriak bezala, eta horiexek izan dira euskarari beranduagora arte eutsi diotenak. Nongoa ote zen bera? Pentsa daiteke, idatzi zuena kontuan hartuz, ez Arrietakoa ez Lusarretakoa ez zela; bada ibarrean Orotz-Betelurekin lotu duenik. Garai bereko Javier Ibarra eta Eki pertsona bera zirenik ez du ematen, bataren eta bestearen testuak erkatuta desberdintasun aipagarriak daude eta.

Aberasgarria da halaber 1917ko martxoko kronikan Urrizkideei buruz emandako azalpena, Erronkari-Zaraitzuetan ere deskribatuta dagoen usadio hura Artzibarren nola betetzen zen jakiteko balio duena.

Eki bezalako berriemaile asko izan ziren euskarazko aldizkarietan XX. mendeko urte haietan. Ez horrenbeste, ordea, euskara ordurako galtzen hasiak ziren eremuetan; eta are gutxiago zegokien hizkera nahi bezain sakon dokumentatu gabe ditugunetan. Tamalez, euskalkia ikertzeko balio mugatua duten testuen adibide dira Ekirenak, Nafarroako ekialdea bera, dialektologiaren aldetik, iraun duten testuen urritasun eta egokitasun ezaren adibide den bezala.

Dena dela, baliteke etorkizunean artxibo, eliza edo baserriren batean topatutako altxor zaharrek urritasun hori arintzea. Izaten da tarteka halako albiste pozgarririk. Adibide bat: duela urtebete eskas, Itzagaondoa Ibarra Elkarteak herritarrei galdeginik etxeren batean euskarazko paper zaharrik izango ote zuten, berean eskuizkriburik ez baina Axularren Gero liburuaren ale bat topatu zuela jakinarazi zuen itzagaondoar batek. Non egongo ote dira gaur lozorroan ikertzaileen biharko lanari bultzada emango dioten euskarazko prediku edo eskutitz zaharrak?

Izango ahal da haien artean Nafarroako ekialdeko euskararen ibilbidea argituko duenik!

Oraiengo Gregoria

Gorka Lekaroz Mazizior

Larunbe izeneko herrixka Irurtzundik hurbil dago; bost minutu eskas, errepide zaharrean barrena Iruñerantz abiatuta. Urrun ditu hala ere hiriguneko kale-giroa eta autobideko ibilgailuen orroa.

50 bat biztanleko herri txiki baketsua da Larunbe. Are txiki eta baketsuagoa ondoko Oraien, aspaldian herria izanik gaur Larunbeko auzunetzat doi-doia jo daitekeen etxe-multzo apala, ia eraitsia. Hantxe bizi izan zen Gregoria, herriko azken euskaldun zaharra; Itza bailara osokoa ere bai, antza.

Itza ez da ibarra, zendea baizik; latinezko centenam omen du izenak oinarri, Erromari ehun gizaseme emateko gauza zen eremua biltzen zuelako-edo. Bost zendea izan ditu mende luzez Nafarroak Iruñe inguruan: Itza, Oltza, Antsoain, Galar eta Zizur; bakar batean ere ez da berezko euskara gogoan duenik gelditzen eta Itza izan zen euskalkia ahaztu zuen azken-azkena. Zia eta Aginaga herriak hain zuzen ere; eta haiekin batera, Larunbe. 70 urte inguruko herritarren umetako oroitzapenetan Larunbeko eta Oraiengo emakume bana ageri dira, euskaraz solasteko igande eguerdiak baliatzen zituztenak, mezatan baino ez baitzuten aste osoan elkar ikusten. Larunbeko anderea —herriguneko hondar euskaldunetako bat— eta Oraiengoa ehunka metro batzuk baino ez zituzten banantzen; baina egiaz sakonagoa izan zen XX. mendean zehar herrigunearen eta auzunearen arteko aldea, hizkuntzari dagokionez behintzat.

Gregoria duela 102 urte Oraiengo Seonserenan jaio zenerako ez zen haur ez gazte euskaldunik Larunben, puska bat lehenago erdaldundu baitzen gunea hurbileko auzoa baino. 1935ean herri osoko 24 etxeetarik euskaraz lautan mintzo zirela jaso zuen Aingeru Irigaraik, eta gainerakoetan 50 urtetik gorakoek baino ez zekitela, eta erabili ere ez zutela erabiltzen. Oso litekeena da euskarari hobekien eusten ari zitzaizkion lau etxe haiek Oraiengo laurak izatea. Seonserena, behinik behin, bazen haietako bat.

Izan ere, Larunbeko herrigunean XIX. mendea amaitu aurretik eten zen euskararen jarraipena; horrenbestez, XX. mendean munduratutako lehendabiziko larunbearrek euskaraz entzuten zituzten tarteka aita-amak baina arrotz sentitzen zuten haiengandik jaso ez zuten hizkuntza hura, herrian azkar asko gibelka zihoana. Hala ziurtatu didate egungo adinekoek, 1910eko hamarkadan jaiotakoen seme-alabek: gurasoak erabat erdaldun hazi ziren XX. mende hasierako Larunbe hartan.

Ez ordea herrikoek begi-bistan zuten auzunetxoan. Baserrikotzat zituzten Larunben Oraiengoak haien euskararengatik —nahiz eta kanpotar batentzat, seguru asko, batzuk besteak bezain ‘baserriko’ izango ziren—. Auzoak apenas eutsi zion aspaldiko hizkuntzari herriak berak baino belaunaldi pare bat gehiago; aski izan ziren, ordea, erdaldunduek euskaldunak desberdin sentitzeko; baita, antza denez, haiek desberdin sentiarazteko ere.

Horixe gertatu zitzaion Gregoriari. Eskola bakarra zuten Larunbe eta Oraiengo neska-mutilek; Larunben, jakina. Hara joaten zen 1920 aldera Oraiengo neskatoa, Seonserenako alaba bakarra. Eskolan zer irakatsi zioten ez dakit; erakutsi bai behintzat besteen mesprezuak eragindako lotsa zer zen. Burla egiten omen zioten Larunbeko umeek Gregoriari, eskolaratzen zen haur euskaldun bakarrari; eta maistrak berak ere bai. Hark Gure Aita esateko eskatzen zionean euskaraz ematen zuen Gregoriak, aita-amek irakatsi bezala, eta irri egiten zioten denek. Izango al zen eskola-umeen artean ordurako erdaldundutako bizilagun oraiendarrik? Hori ez dakit. Bai, ordea, goiz ikasi zuela Gregoriak etxetik atera orduko euskaragatik barregarri sentitzen.

Gregoriaren semeak kontatu dizkit hemen idatzi ditudanak; gizon hau erdaldun hutsa da, amak ez baitzien seme-alabei euskararik irakatsi nahi izan. Ez da harritzekoa. Zoritxarrez, Larunbekoa bezalako jokabide haiek –sarritan eskola inguruan gorpuztuak, baina ez han bakarrik- arrasto sakona utzi zuten herri askotako azken belaunaldi euskaldunak etxeko hizkuntzari begiratzeko moduan eta euskararen jarraipenean. Gauza ezaguna da hori eta adibide ugari daude. Duela 70-75 urte, Erronkariko Bidankozen, azken labealdi euskalduneko aiton-amonekin hazi zen Lengorna etxeko Evaristo haurtxoak euskaraz irakasteko eskatu zion inoiz edo behin aitonari. El vasco no te va a servir para nada, erantzuten zion hark. Arriasgoitiko Urrizelkin bizi den Luisek ere gogoan ditu Anueko Etsainen jaiotako amona euskalduna, eta Esteribarko Erreara ezkondu ostean izandako alaba, Luisen ama, urteen joanean erdaldun eta euskararen aurkako hazi zena. Aipatu ditudan herri guztietan bertako euskararenak egin du. Horrelako zenbat adibide bildu ote dira, eta zenbat ote daude oraindik biltzeko!

Duela hamarkada bat hil zen Oraiengo Gregoria Itzako hondar euskalduna izan omen zen, baina ez Itzako euskara ahaztu zuen azkena: burua zeharo galduta eman zituen hil aurreko urte luzeak. Gaixotasunak harresi bat eraiki zuen Gregoriaren eta bere oroitzapenen artean; euskaragatik bestek eragindako ondoeza eta lotsa ere eramango zituen behintzat.

Hizkuntza gizakion arteko zubiak eraikitzeko sortu dugun tresna paregabea da, baina hizkuntzak harresi bihurtzen ditugu sarritan, haiek ere gaixotasunak bailiran.

Zakulunpairun

Gorka Lekaroz Mazizior

Auzo etorkin-hartzaile eta zeharo erdaldundu batean hazi nintzenez, etxean jaso nuen lehenbiziko hizkuntzaren sozializazioa eskolan bideratu zen. Hainbat tokitan bizi izandako ama eta amonaren mintzamoldeei hiriguneko ikastolako hizkera-anabasan hartu nuena gehituz gorpuztu zen nire euskara, kalearen eragin handirik gabe; nekez jasoko nuen herriko mintzorik bertako baino kanpotar gehiago zituen eremu hartan. Aberri biribilik gabeko mintzoa nirea, sorlekuan berezkoa garbi jaso eta eman dezaketen horien bekaitz dena, tarteka.

Kale-giro hurbilak bertako euskararik eman ez eta Bidasoaldeko izeba zaharrek ordezkatu zuten neurri batean hutsune hura; izatekotan haien mintzoa dut gaur egun ere —afektibotasunean, gutxienez— beste edozein baino neureago: ematten, deus ere, tor’onat!, aunitz, kartzen al duzu, bazuzi uatzira?… umetan haiekin ikasitakoak, nire euskararen ontzian nekerik gabe eta goxo-goxo sarturikoak, egunerokoan beste inori entzuten ez nizkion arren. Maite ditudan hitz-hotsak.

Bazen haien guztien artean ele bat, denetan politena, beteena, adierazkorrena iruditzen zitzaidana, agian nire euskal hitzik gogokoena: ‘zakulunpairun’. Hura entzun eta ganora handirik gabeko pertsona zabar eta utzi samarra datorkit gogora; horixe da niretzat esan nahi duena. Ez dakit zergatik iraun didan gogoan, beharbada horren hanpatsu eta biribil sentitzeagatik, edo entzun orduko izeba haiek ekartzen dizkidalako gogora. Eta denen artean Sunbilara ezkondutako bat, hari entzunda ikasi bainuen hitza. Gorpuzkera desorekatu samarreko senide herrena bazuen izebak, gizaseme baldar askoa ere bazena, gerrikorik eskura ez eta galtzak soka-zati batez lotuta ager daitekeen horietakoa. Gogoan dut nola erabiltzen zuen hartaz ari zenean ‘zakulunpairun’ adierazkor, bizi, durunditsu hura.

Urteen joanean hizkuntza bera hausnargai bihurtzen hasi eta piztu egin zitzaidan halako batean umetako berba hari buruz zerbait jakiteko gogoa, nondik zetorren edota non erabiltzen zen, orduan ohartu bainintzen familia-giroan baino ez nuela entzun, are gutxiago irakurri. Hiztegietan aurkitzen saiatu, eta alferrik; ezin inon topatu. Amari galdetu nion ea hitza gogoan ote zuen; baita ongi asko oroitu ere, harako izeba hark erabili ohi zuela, hau eta hura esan nahi zuela, halakoetan botatzen zuela…. Dena den, hitzaren arrasto idatzirik topatu gabe jarraitzen nuen. Hiztegietan ez, baina eskualdeko hiztunen artean beharbada? Bortzirietako senide batzuei eta Sunbilan bertan bati baino gehiagori galdetuta, ez dut gaur arte hitza ezagutzen duenik aurkitu. Inork argibide hoberik eman ezean (eta eskertuko nuke), amak adierazi zidan susmoa eman behar dut ontzat: ez ote zen izebak berak asmatua izango. Pena eman zidan hasieran ondorio hartara heltzeak, hain gogoko nuen ‘Zakulunpairun’ hura euskaraz existitzen ez zela pentsatuta.

Ez dakit ordea aurreko esaldi hori egokia den. Demagun izebak edo beste edonork ezerezetik sortutakoa dela; azken batean, ez da sorgunerik gabeko hitzik. Kosta egiten zait nolanahi ere luzaroan Bidasoaldeko esamolde garbitzat izan nuen ‘zakulunpairun’ hori euskarazko hitzen artetik egoztea. Hiztegien beharra izaten dugu hizkuntza bateko lexemak ordenatu, bildu eta antolatzeko; baina nola kudeatu haietan bilduta ez dagoenaren hiztasuna? Eta horrenbestez, zeren arabera erabaki behar dugu hiztegietan jasota ez dagoen hori baden ala ez den hizkuntza bateko hitz, izateari noiz utzi zion edo zergatik ez den? ‘Zakulunpairun’-ek ez du fonologiaren edota morfologiaren aldetik inolako trabarik; balio semantiko zehatza ere badu eta komunikazio-funtzioa bete ez duenik ezin esan, apal-apal eta gizatalde mugatu baten barrenean izan arren. Gizatalde horren neurrian ezarri behar ote da muga? Hapax bati hizkuntzaren baitan lekua aitortzen badiogu, zenbat pertsonak ezagutu behar dute egungo hitz baten esanahia hizkuntza-komunitate oso baten ondaretzat hartzeko modukoa izan dadin? Ezjakintasunak sortutako galderak direla uste dut, baina neure buruari behin baino gehiagotan egin izan dizkiodanak.

Eta bestalde, nola sortzen ditugu gizakiok hitzak, fonetikoki hau bezain adierazkorrak direnak batez ere? Zer antzeman zuen ‘zakulunpairun’ lehenbiziko aldiz ezpainetaratu zuenak erabilitako hotsetan, haien kokapenean, bokalen konbinazioan, aukeratutako kontsonanteen artikulazio-moduan, aditzera eman nahi zuen ideiaren irudi egokia eskaintzen zionik? Beti begitandu izan zait —ohitu naizelako akaso— hitzak ederki asko islatzen duela bere baitan biltzen duen pertsona-tankeraren imajina.

Euskarazko aspaldiko hitz ezaguna ez eta beharbada nire senide baten ateraldi hutsa izan zitekeelako susmoa hartu nionetik are kuttunago dudan hitz honek gogoeta atseginak eragin izan dizkit tarteka. Azkena, honako hau: ‘zakulunpairun’ ez da hiztegiratu, baina gaurtik aurrera Google-en egongo da. Hiztegietan balego baino ikusgarriago bihurtuko da hartara, puska baterako bederen. Hitzek hedatzeko eta irauteko bide berriak urratu dituzte, Sunbilako izebaren garaikideek nekez antzemango zituzten bideak.

Haurrak irakasle

Gorka Lekaroz Mazizior

Hainbat lekutan galdu den berezko euskararen antzinako arrastoak ezagutu nahi dituenak ez du sarritan erabateko pozik hartuko; argiak baino gehiago izan daitezke ilunak eta ariketak halako masokismo-ukitu bat ere baduela pentsa liteke. Saiatu arren tokiren bateko euskararen behinolako bizitasunari buruzko idatzizko frogarik ez aurkitzeak dezepzioa sorrarazten du; frogak badirenean, bestalde, mintzoren baten galerari buruzko albisteak, albiste tristeak dira; eta han edo hemen aspaldi batean euskara sasoiko zebilela erakusten duten pasadizoek irakurtzeaz batera poza ematen badute ere, denboraren joanean sendo zirudiena desagertu izanari darion kutsu mingotsa nagusitzen dela uste dut.

Mingostasun-arrasto hori ez ezik, bestelako gogoeta ere eragin didate hemen aipatuko ditudan bi lekukotasunek.

XVII. mendean erdalduna zen Lerin, Lizarraz hegoaldera dagoen herri nafarra. Hantxe jaio zen 1600 baino lehen Miguel Gómez izeneko bat, urteak igarota konderriko handiki bihurtu eta espetxeko alkaide izatera heldu zena. Ez zegokion berez euskaraz jakitea; erdaldunak ziren garai hartan aztarna utzi zuten arellanoar, sesmar eta eskualdeko gainerako seme-alabak. Gómezek, ordea, bazekien euskaraz, neurri batean behintzat. Ez herrian jasota; zekiena umetan Iruñean hazi zelako ikasi zuela deklaratu zuen 1648an. Ez zuen Iruñeko eskoletan ikasiko, karriketan baizik; hiriko jendearekin, eta adin berekoekin batez ere, gora eta behera ibiltzearen ondorioz.

Mende eta erdi beranduago Agoitzera eraman zituzten hamar bat urteko lau gaztetxo zangozar. Euskalduna zen artean Agoitz; zeharo erdalduna ordea Zangoza, eta baita haur haiek ere, herriratu zirenean behintzat. 1790ean Francisco Arano izeneko benefiziadu batek jakitera eman zuenez bizileku berrira heldu eta bi urtera primeran hitz egiten zuten lau zangozarrek euskaraz, ‘bitarteko eta eskola bakarra adinkideekin ibiltzea izan delarik’.

Aldez edo moldez, umeak eta ikaste-prozesua dituzte hizpide bi adibideok. XVII-XVIII. mendeetan Nafarroako erdialdean nagusi zen euskarak ez zuen lekurik eskolan —gaurkoa baino hagitzez apalagoa zen eskola hartan—, baina ez zuen irakaskuntzaren beharrik belaunez belauneko jarraipena bermatzeko; aitzitik, kalea bera zen ikasleku, eta adiskideak zituzketen derrigorrezko maisu Lerindik edo Zangozatik bertaratutako haur erdaldunek. Jolasteko, hartu-emana biribila izateko, euskara ikasi behar. Haurrak irakasle.

XXI. mendean gaude eta gibelka egin du ordutik euskarak eskualde askotan; baita hizkuntzaren gotorlekutzat hartutako zenbaitetan ere. XVII eta XVIII. mendeetan karrikak jolastoki eta euskara jolas-hizkuntza zituzten haur iruindar eta agoiztarrek ez jaiolekua, ez beharbada egungo herrikide gehienen mintzoa bera ere ez lituzkete ezagutuko. Joan zen leku askotatik euskara (ordu hartan hainbatek oraindik arrotz zuten eskola tarteko, besteak beste) eta laguntzaile berriak bilatu behar izan ditu hizkuntza gutxituak, egungo gizartean bizirik iraungo badu. Irakaskuntza bera izan da horietako bat: eskolan jarri du euskarak itxaropena, halabeharrez, eremu batzuetan. Erantzuten ari al zaio itxaropen horri?

Ni hiri-giroko auzo aski erdaldunduan bizi naiz, eta guraso erdaldun kopuru hazia duen ikastetxe batean egiten dut lan; horren araberakoa da ezinbestean hemen agertuko dudan pertzepzioa.

Haur-hezkuntza etxe ondoko eskolatxoan hasi zuenean, euskara berezkoa zuen haur bakarra zen nire seme zaharrena gelakoen artean, eta etxetik gaztelania baino euskara gehiago eraman arren laster ikasi zuen haur eta erdaldun kontzeptuak identifikatzen. Berez etorri zitzaion, inork irakatsi gabe. Nahiz eta nirekin dena euskaraz egin gaztelania hartu zuten naturaltasun osoz nire semeek beste haurrekiko harremanetan. Egun ere, ingurune euskaldunagoetako adinkideekin ari direla, erdara-emaileago dira besteen euskara-hartzaile baino. Euskaraz ongi asko dakite, baina automatismoa gaztelaniaz dator.

D ereduan ari dira biak, eta ni ere D zein B ereduetan ibili ohi naiz eskolako lanean; A eredua desagertu egin da gurean, ofizialki behintzat (errealitatea, ordea, legea baino setatsuagoa delakoan nago). Batean zein bestean nire ikasle askotxorentzat euskara ikasketa-lanerako tresna hutsa da, beste aukerarik ez dagoelako eta ahal den moduan —tirriki-tarraka, maiz— erabili eta kudeatu behar dena baina gelako lanetik kanpo ibilbiderik (ia) ez duena. Nabarmenago B ereduan, baina D ereduan ere ez gutxitan; ereduak eredu, pentsatu ohi dut nekez aldaraz dezakeela aise letra batek familia askoren edo inguruaren nondik norakoa. Etxean euskara ematen duten ikasleek ere gaztelania berenganatu ohi dute eskolako harreman-hizkuntza gisa. Zenbait gaztek (hizkuntza etxean errotuago dakartenek ia beti, eta DBH ostean, eskuarki) euskara gehiago erabiltzeko ahalegin kontzientea egiten dute batzuetan; oso gutxi izan ohi dira, nik uste. D ereduan bertan gaztetxoenak entzun izan ditut sarriago euskaraz lehen hezkuntzan; hauetako asko hazi eta erreferentzia nagusi adinkideak —ez maisu-andereñoak— bihurtu ahala, ingurukoen mintzoa jarraibide bilakatu eta olatuak eraman ohi du halakoen sustrai sendorik gabeko euskarazko jarduna. Kideek erakusten dute bidea. Haurrak irakasle, beti ere.

Ideia hauek buruan, errealitatea aldatzea luzea eta nekeza dela pentsatu ohi dut, eta ezkutatzea, aldiz, denbora galtzea. Zenbait diskurtso ofizialentzat baztertu nahi den egia ezatsegina izan arren, behinolako erdialde nafar hura, Iruñea, Agoitz eta beste, euskalduna zen; erdaldunek ere egokituko baziren kaleko hizkuntza ikasi behar izateraino euskaldun. Egia ezkutatzeak ez du inondik ere desagerrarazten. Gaur, nire inguru hurbilean bederen, errealitatea oso bestelakoa da, baina hura bezain tematia hau ere. Irakaskuntzak hedatu egin du euskara hiriguneetan; egin beharrekoa zen. Errotzea besterik da, ordea.

Baliagarri sentitzen duguna erabiltzen dugu. Zentzuzkoa da, gainera. Nire ikasle askok euskara ikasi bai, baina horixe egiten dute, ikasi. Ez dute erabili beharrik sentitzen, aukera izan arren; baliorik ikusten ez dioten seinale? Ez guk nahiko genukeen balioa, agian.

Ingurua da beti hezibide. Irakaskuntzak urrats garrantzitsuak eman ditu (eta ematen ari da) bestela inola ere euskaraz jabetuko ez liratekeen gazte asko hizkuntzara hurbiltzea bermatuz. Goia jo ote du hainbat eremutan benetako erabilpena sustatzeari dagokionez? Nire errealitateak baietz esaten dit.

Zein da euskararen etorkizuna hizkuntza bizi gisa, hemen aipatutakoa bezalako giroetan batez ere? Izango al dira egungo ikasle hiritarren bilobak, haien jolasetan, Iruñeko haur haien antzekoak? Ez dakit, baina mezuak ez du derrigorrez guztiz ezkorra izan behar. Gauza asko egin dira; sinestezina izango zen ikastetxe askotan duela hogei urte D eredua nagusi izango zela entzute hutsa. Errealitatea burugogorra da hala ere, lehen bezala orain: haur eta gaztetxoek elkarri zer irakasten dioten eta zertan egiten duten, haiek ari zaizkigu apal eta tolesgabe beraien gaurko lehentasunak erakusten; eta gure erronkak agerian jartzen ere bai. Errealitate hori ahaztu gabe eta den bezala onartuz, egunero ereiten jarraitu beharra dago, euskararen irudi baikor eta baliagarria egunez egun sortzen eta helarazten, euskaldun hazterik izan ez duten gazteei bidean laguntzen, aurrera begira. Azken batean, artxibo-lanean bezala irakaskuntzan, aspaldi galdutakoaren nostalgian trabatuta geratzea masokismotik hurbil dagoen ariketa hutsala iruditzen zait.

‘Herriko maisua, eta euskalduna’

Gorka Lekaroz Mazizior

Oinarrizko hezkuntza gutxi batzuen bereizgarri izateari utzi eta askorengana hurbiltzen hasteko urrats garrantzitsuak egin ziren gurean XVIII. mendearen erditik aurrera; Nafarroako hainbat ibarretan, urrutira gabe, 1800 inguruan agertu ziren lehendabiziko maisu laikoak. Ordura arte herri gutxi izan ziren eskoladunak; 1780-81etako Gorteek ezarri zituzten Nafarroan handik hara gorpuztu zen irakaskuntza-egituraren oinarriak.

Zoritxarrez, hezkuntza zabaltzeko asmo hark ez zuen euskara eskolaratu, ez hurrik eman ere. Ikasketa-araudietan euskarak ez zuen ez aipamenik ez arretarik merezi izan, non eta ez bazen hura erauzten ahalegintzeko, herritarren artean jakintza eta kultura hedatzekotan herritar haien hizkuntza bera trabagarri balitz bezala. Ordura arte aspaldiko euskal mintzoari eutsi zion Nafarroako eremu aski zabalean batera etorri ziren haurrak eskolan hastea eta euskararen jarraipena zartatzea: Gorraitz eta Badostain, esaterako, Iruñe ondoko herri txikiak ziren XIX. mendearen hasieran. Gorraizko abadeak 1820an adierazi zuenez, hamabost urte lehenago maisua ekartzearekin batera hasi ziren Badostainen gaztelaniaz hitz egiten.

Jimeno Jurio ikertzaile artaxoarrak jaso zuen agiri zaharretan Badostaingo adibidea, eta baita urte haietako eskolaratze-prozesuak leku frankotan eragindako hizkuntza-aldaketaren froga gehiago ere. Lizarra ondoko Deierrin, XVIII. mendearen hondarrean, eskola-umeei oinarriak irakasten hasi aurretik ‘hartzen duten lehendabiziko neurria [maisuek] euskara debekatzea da’, azaldu zuen funtzionario erdalzale batek. Neurriak hartzen zituzten haurrek euskarara jotzen bazuten, ‘adinaren arabera zigortuz’. Hurrengo mendearen amaierarako Deierriko euskararenak egin zuen.

Euskara alferreko eta are oztopo sentitu zuen hezkuntza-behar hura ez zuten, ordea, agintari arrotzek bakarrik sustatu. Herri euskaldun-euskaldun zenbaitetan ere, ezaguna da nolako irrikaz lotu zitzaizkion bertakoak haurren gaztelaniazko eskolaratzea bultzatzeari. Etxarri-Aranatzen, 1806an, bilera-deia egin zuten alkateak eta gainerako herri-agintariek; kezkatuta zeuden, mutikoek ez omen ziotelako probetxurik ateratzen maisuaren ahaleginari: gaztelaniaz jakin ez eta ez zioten ulertzen. Neurriak hartu zituzten bada, 5 eta 12 urte bitarteko gaztetxo guztiak eskolara derrigortzeko; esate baterako, herritar batek falta zirenen izenak idatzi eta alkateari jakinaraztea. Gaztelania hutsezko hezkuntza hura baitezpadako sentitu eta erabakia hartu zuten etxarriar gehienak ez ziren bilera-agirian sinatzeko gauza izan. Agian horrexegatik irudituko zitzaien egin beharrekoa egiten ari zirela.

Pentsa liteke, beraz, Nafarroako herritar euskaldunek beti utzi izan zutela eskola-asmotik bazter berezkoa zuten hizkuntza, kanpokoaren indarra eta heziketaren garrantzia antzemanda, ondorengo belaunaldien balizko ongizatearen mesedetan. Horregatik iruditu zait aipatzeko modukoa Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan dagoen 1782ko prozesu bat, 1780-81etako Gorteak elkartu eta berehalakoa.

Zaraitzuko Otsagabia ondoko Ezkarozen izan ziren gorabehera batzuk ditu kontagai. 1781ean bilera egin zuen herriko kontseiluak. Organoa nahi zuten ezkaroztarrek San Roman elizarako, eta erosteko proposamena egiteaz batera organo-jole lanpostua sortu zuten. Ordurako bazterrak harrotuz zihoan heziketa-beharraren haizeak eraginda beharbada, organojolea aldi berean herriko maisu izan zedila erabaki zuten. Ez da harritzekoa: leku askotan egokitu ohi zitzaizkion pertsona berberari bi zereginak. Basaburu Txikiko Labaienen, esaterako, XIX. mendearen erdialdean.

Azpimarratzekoa da Ezkarozekoen hezkuntza-interes hark ez zituela neskak kanpoan utzi. Organo-joleak nesken maisu ere beharko zuen, ez mutikoena bakarrik. Prozesu hartan herrikoen ordezkari aritu zen Nicolas Munarriz prioreak argi utzi zuen nolako garrantzia zuen heziketak orduko agintari ezkaroztar zibil zein erlijiosoentzat (jatorrizkotik neuk itzulia):

‘…kontuan hartuta (…) gazteen hezkuntza eta heziera ona, zeinaren eskuetan dagoen neurri handi batean —bistakoa den bezala— herrien zoriontasuna, haren bidez lortzen baitute beste herri batzuetarako aterabidea eta haietan aitzinatze hobea…’

(Iturria: IEA, 1993 kaxa, 8. zkia [1782] -Idazkaria: Moreno)

Baina are deigarriagoa iruditu zait organo-jole eta maisu-lanerako hautagaiaren profila zela-eta hartu zuten erabakia, dagoen-dagoenean utzi nahi izan dudana, itzuli gabe:

‘…prefiriendo como es justo y razonable en la obtencion de esos empleos al hijo del lugar con respecto a los estraños y a los bascongados respecto de los que no lo son.’ (Idem)

Ez du honek esan nahi XVIII. mendeko gizon haiek euskarazko irakaskuntza eskatzen ari zirenik; baina euskararen garrantzia aipatze hutsarekin, eta maisuak haurren hizkuntza bera jakitea irakaskuntzaren mesederako zela iradokiz, senak agindutakoari leial izateaz gain, XX. mendera bitarteko Nafarroako hezkuntza-araudi guztietan baino gehiago egin zuten.

Luze jo zuen auziak, Gotzaitegiko fiskal nagusiak entzungor egin baitzien hasieran ezkaroztarren eskariei. Munarrizen temak behartuta erantzun zuen azkenean San Roman parrokiak ez zuela organoa ordaintzeko adinako aberastasunik sortzen. Urtebeteko ika-mikaren ostean, zaraitzuarren asmoaren aldeko sententzia izan zen. Ez dakit 1780 inguruko herritarrek organoa eskuratu zuten ala ez; egungoa behintzat 1913koa da. Errazagoa izango zuten nolanahi ere hura lortzea, ondorengo berrehun urteetan zehar Ezkarozeko maisuek euskaraz irakastea baino.